Era berean, Euskal Herriko gainerako unibertsitateekin lankidetza handiagoa izango duen unibertsitate-sistema propioaren eskumenak indartzea proposatu dugu.
Joan den ekainaren 12an amaitu zen Nafarroako Unibertsitate Sistemaren Foru Lege Aurreproiektuari ekarpenak egiteko epea, eta LABetik gogor aritu gara hori hobetzeko lanean. Horrela, 75 proposamen aurkeztu ditugu Nafarroako testuinguruari eta NUPeko beharrei erantzungo dien lege bat lortzeko.
Gure ekarpenekin bilatu nahi izan ditugun helburu nagusiak honakoak izan dira: Nafarroako unibertsitate-eskumen osoetan aurrera egitea, Euskal Herriko gainerako lurraldeetako unibertsitateekin eta erakundeekin lankidetza egituratzea, NUPek Nafarroako unibertsitate sistemaren erakunde nagusi gisa duen funtzioa indartzea, unibertsitateko zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzea, finantziazio nahikoa eta egonkorra bermatzea, politika feminista eraginkorretan aurrera egitea, euskararen erabilera indartzea, unibertsitateko langile guztien lan baldintzak duintzea, unibertsitateko bizitzan parte-hartze sozial eta demokratikoa zabaltzea, eta unibertsitate publikoko ikasleen prestakuntza-beharrei erantzuna emateko lehentasuna izan dezatela funts publikoekin sostengatutako baliabideek.
Hona hemen gure ekarpenekin hobetu nahi izan ditugun alderdiak:
- Unibertsitate publikoa sistemaren ardatz: NUP indartzea Nafarroako unibertsitate sistemaren zutabe gisa, finantzaketa nahikoa bermatuz eta aukera berdintasunean, ikerketan, gizarte kohesioan eta euskararen sustapenean duen papera sendotuz.
- Finantziazioa: BPGren % 1eko helburura iritsi arte progresiboki aurrera egingo duen finantziazio publiko egonkorraren alde egitea.
- Euskararen sustapena: hizkuntza eskubideak bermatzea eta euskararen presentzia areagotzea, plangintza espezifiko baten eta baliabide egokien bidez.
- Kanpoko praktika akademikoak funts publikoekin sostengatutako zentroetan: funts publikoekin sostengatutako hezkuntza-, osasun- eta gizarte-zentroek Nafarroako unibertsitate publikoetako ikasleen curriculum-praktiken beharrei lehentasunez erantzutea bermatzea.
- Gizarte Kontseilu pluralagoa: jendartearen eta unibertsitatearen ordezkaritza zabaltzea, horrela parte-hartzea, gardentasuna eta unibertsitatearen autonomia indartuz.
- Ezagutzaren ikuspegi zabala: jakintzaren arlo guztien balioa aitortzea eta transferentziaren kontzeptua zabaltzea, berrikuntza soziala, kulturala eta instituzionala ere har ditzan.
- Nafarroako gizarte osoarekiko konpromisoa: eragile sozial, kultural eta komunitarioekiko harremana bultzatzea, horrela ingurumenaren, jendartearen, kulturaren eta ekonomiaren jasangarritasuna sustatuz.
- Politika feministak: genero-ikuspegia zeharka txertatzea irakaskuntzan, ikerketan eta unibertsitate-kudeaketan.
- Unibertsitate-sistema propioa izatea eta lankidetza handiagoa Euskal Herriko gainerako unibertsitateekin: Nafarroako unibertsitate-arloko eskumenak sendotzea, bai eta Euskal Herriko gainerako unibertsitate eta erakundeekin egiten duen lankidetza akademikoa, zientifikoa eta kulturala ere.
- Langile guztien lan-baldintzak hobetzea: behin-behinekotasuna murriztea, plantillak egonkortzea, ordezkapenak betetzea, gainkargak prebenitzea, kontziliazioa, lan osasuna bermatzea, berdintasuna, giza baliabideen nahikotasuna eta negoziazio kolektiboa.
- Irakasle eta ikertzaileei: irakasle eta ikertzaileen kasuan funtzionarioen eta lan-kontratudun irakasleen artean parekatze akademikoa, bai eta neurri espezifikoak ere barne-sustapenari, jarduera akademiko guztiak aitortzeari, irakaskuntza- eta ikerketa-dedikazioa antolatzeari eta lan-ondorioak dituzten erabaki akademikoak langileen legezko ordezkarien parte-hartzearekin eta negoziazioarekin artikulatuko direla bermatzeari dagokionez.
Eta ikertzaileei dagokienez, unibertsitate-sistemaren barruan duten aintzatespena indartzea, haien ibilbideen egonkortasuna hobetzea, lan baldintza egokiak bermatzea eta ikerketa langile figura prekarioetan edo unibertsitatearen ohiko plangintzan behar bezala txertatuta ez daudenetan oinarritzea saihestea. Era berean, karrerari, sustapenari, egonkortzeari, ordainsariei, prestakuntzari, mugikortasunari, kontziliazioari, berdintasunari eta laneko osasunari buruzko neurrietan ikertzaileak ere sartzea proposatzen da. - Teknikariei, kudeaketako langileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei: NUPen funtzionamenduan duten funtsezko eginkizuna aitortzea, eta plantilla handitzea, egonkorra izatea eta eskubide profesional aitortuak izatea. Gainera, teknikarien, kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen eta irakasle eta ikertzaileen arteko proportzioa pixkanaka indartzea proposatzen da, lehenengoen plantilla handituz, eta ez bigarrenena murriztuz. Helburua da zerbitzuen kalitatea hobetzea, kudeaketa profesionalizatzea eta gaur egun irakasle eta ikertzaileek jasaten duten karga burokratikoa murriztea.
Era berean, planteatzen da langile horien jardunaren eta karrera profesionalaren ebaluazioa ordezkaritza sindikalarekin negoziatuz eta adostuz egitea. Prestakuntzan, mugikortasunean, lanpostuen horniduran, sustapen profesionalean eta ordainsari osagarrietan eragin zuzena duten gaiak dira, eta, beraz, behar besteko bermeekin ezarri behar dira.
- Irakasle eta ikertzaileei: irakasle eta ikertzaileen kasuan funtzionarioen eta lan-kontratudun irakasleen artean parekatze akademikoa, bai eta neurri espezifikoak ere barne-sustapenari, jarduera akademiko guztiak aitortzeari, irakaskuntza- eta ikerketa-dedikazioa antolatzeari eta lan-ondorioak dituzten erabaki akademikoak langileen legezko ordezkarien parte-hartzearekin eta negoziazioarekin artikulatuko direla bermatzeari dagokionez.
- Gardentasuna eta etika: giza eskubideekiko konpromisoa, gardentasuna, kontuak ematea eta praktika akademikoak indartzea.
Jakitun gara, hala ere, lana ez dela amaitu eta aurreproiektu honek oraindik ibilbide luzea duela. Beraz, LABetik oso gertutik jarraituko dugu tramitazio honen garapena, eta tentuz aztertuko dugu gure ekarpenak zein neurritan onartzen dituzten. Nafarroako unibertsitate-sistemarentzat funtsezkoa izan daitekeen une batean gaude, eta ez dugu amore emango NUP ardatz eta erdigune izango duen sistema unibertsitario bat eraikitzeko; finantzaketa nahikoa eta egonkorra izango duena, genero-ikuspegia eta hizkuntza-eskubideak kontuan hartuko dituena, eta unibertsitate-bizitzaren parte-hartze sozial eta demokratikoa zabalduko duena, Nafarroako herritarren beharrei erantzuteko.

