2026-06-30
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzari eskatzen diogu irakasle zuzentzaileak babesteko eta euskararen kontrako oldarraldia ez...

Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu irakasle zuzentzaileak babesteko eta euskararen kontrako oldarraldia ez elikatzeko

Bide beretik, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu egiturazko neurriak ezartzeko ikasle guztiek DBH bukatzean B2 maila eskuratu dezaten eta D ereduan oinarrituriko ikas-eredua orokortzeko.

LABen iritziz oso larria da azken asteotan UsaPeko euskarazko proba dela-eta sortu den egoeraren aurrean Eusko Jaurlaritzak, eta zehatzago, Perez Iglesias eta Pedrosa Sailburuek izan duten jarrera. Jaurlaritzak EHUko egungo errektoretzaren kontra duen jarrera politikoak bultzatuta gaur egun arte selektibitateko frogen zuzenketek sortzen ez zuten arazo bat hauspotu eta elikatu du. Hezkuntza Sailak eta EHUk, biek ala biek, ardura partekatua duten eremu batean.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren diskurtso eta jarrerak zein itunpeko ikastetxe konkretu batzuetako A ereduko ikasle batzuen zein euren gurasoen mezu euskarafoboen aurrean izan duen erreakzioak edo eskuhartze ezak, ondorio kezkagarriak uzten ari da:

  • Ikasleen aukera berdintasuna urratu da. Familia horiek hauspoturik epaileek euskararen kontrako kautelazko neurri bat ezartzea erabaki dute; ikasleek azterketa zuzentzea eskatu eta zuzenketa prozedura berme guztiekin eginda ere, konforme egon ez diren ikasle horiei euskara unibertsitaterako sarbidetik salbuesteko erabakia. Oldarraldi judizial-politiko eta mediatikoaren adibide lazgarria.
  • Hezkuntza-sistema publikoko euskarazko irakasle unibertsitario zein ez-unibertsitarioen eta gainerako pertsonal teknikoen lana auzitan jarri da eta haien kontra egin da. Ebaluazio-sistema osoa auzitan jarri beharrean eta UsaPen aurretik hobekuntzak adostu beharrean, langileak jarri dira jo-puntuan, Hezkuntza Sailak eta Unibertsitate Sailak babestu ez dituen langileak. Aurreko legegintzaldi arte inolako arazorik egon ez den eremuan, arazo bat sortu nahi izan du Jaurlaritzak. LABek oso argi du zer dagoen horren atzean, EHUko egungo errektoretzaren kontrako jarrera politiko argia.
  • Itunpeko ikastetxe konkretu horietako A ereduko ikasle horiek zein haien familiek darabilten euskararen kontrako diskurtsoak pasabidea eman dio batetik, euskararen kontrako oldarraldi judizial-politiko eta mediatikoari, eta bestetik, euskararen kontrako jarrera erreakzionarioei. Kasu honetan eskuina eta ultraeskuina hauspotu egiten duten diskurtso eta jarrerei bide ematen ari zaie eta ez da kasualitatea ikasle horien mobilizazioetan alderdi horietako kideak egon izana.

Egoera honen aurrean LABek urgentziazko neurri batzuk zein egiturazkoak diren beste batzuk eskatzen dizkio Eusko Jaurlaritzari. Batetik, urgentziazkoa da Eusko Jaurlaritzak EHU zein irakasle zuzentzaileak eta errebisiorako erabili den bermedun prozedura babestea zein ikasleen aukera berdintasuna bermatzeko EHUrekin batera elkarlana egitea.

Eta bestetik, agerian geratu da A ereduak ez duela euskalduntzen eta ez duela bermatzen Hezkuntza Legeak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren bukaerarako ezarritako B2 maila eskuratzea. Beraz, egiturazko neurriak eskatzen dizkio LABek Hezkuntza Sailari ikasle guztiek DBH bukatzean euskarazko B2 maila eskuratu dezaten baliabide eta neurri gehigarriak ezartzeko, ikaskuntza-prozesuan etengabeko ebaluazioaren egokitzapenarekin batera. LABek argi du hori hizkuntza-ereduen desagerpenak eta euskararen murgiltze ereduan oinarrituriko ikas eredu orokortuaren ezarpenak ekarri eta bermatuko duela soilik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

UGTk EHUko ordezko irakasleen lan baldintza prekarioak betikotu nahi ditu

Salatu egiten dugu ordezko irakasleek pairatzen zuten egoera larria zuzentzeko hartutako erabakiak bertan behera uzteko UGTk hasitako bidea.

Maderas de Llodioko enpresa batzordeak eta Garnica enpresak akordioa erdietsi dute 284 greba egunen ostean gatazkari amaiera emateko #LortuDugu

Gaur, ekainak 29, Maderas de Llodioko langileek eta enpresa batzordeak Laudioko Herriko plazan agerraldia egin dute 283 greba egunetan zehar aurrera eramandako borrokaren balioa nabarmentzeko. Maderas de Llodion enplegua defendatzeko eginiko borroka izan da, baina baita Aiaraldea eskualde osoan lanaren eta industriaren etorkizuna defendatzekoa ere.

Salatzen dugu segregazio mahaiak ez duela balio izan eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala lortzeko

EAEko Hezkuntza Sailak prozesua baliatu du Hezkuntza Legea legitimatzeko eta bere erabakien propaganda egiteko