2026-10-10
HomeEkintza SindikalaOsakidetzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte lehen arretako zentroetan beren aldarrikapenei erantzungo dieten...

Osakidetzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte lehen arretako zentroetan beren aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatzeko

Irailaren 30ean egindako bileran, Osakidetzako zuzendaritzak mahai sektorialeko sindikatuoi bidalitako proposamena aurkeztu zigun. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborroa bat da eta dokumentuak ez du jasotzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak. Gai horiek sindikatuen aldarrikapenen artean daude. Gaur, lehen arretako langileek beraien haserrea plazaratu dute gaur osasun zentroen aurrean egindako elkarretaratze ugarietan.

Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatu gehienok elkarretaratzeak deitu ditugu gaur lehen arretako zentro guztietan, behingoz eta 17 urte baino gehiago Lan Baldintzak Arautzeko Akordioa berritu gabe igaro ondoren, zuzendaritzak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak egin ditzala eskatzeko. Lehen arretako langileek beraien haserrea plazaratu dute gaur osasun zentroen aurrean egindako elkarretaratze ugarietan.

Sindikatu deitzaileok, berriro ohartarazi diogu Osasun Sailari ez dugula simulaziorik elikatuko, eta proposamen zehatzik eta benetako aurrerapenik gabeko bilerak deitzea ez dela negoziatzea. Negoziatzea da proposamenak mahai gainean jartzea, hobekuntzak planteatzea, aldarrikapenak entzutea eta akordioak lortzeko prest egotea.

Bada, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok salatu dugu, Osakidetzak Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren dokumentu bat aurkeztu duela, eta dokumentu horrek ez duela jasotzen sakoneko hobekuntzarik, batez ere kontuan hartuta zein den langileen errealitatea eta zenbat denbora daramagun akordioa berritu gabe; gogora dezagun 2009tik iraungitako akordio bat dugula. Orain arte, Osakidetzako zuzendaritzak ez du mahai gainean jarri gai tronkalei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi-murrizketa edo lan-kargak.

Osakidetzako zuzendaritzak abendura arteko negoziazio-egutegia zehaztu du, hurrengo mahai sektoriala abenduaren 19rako aurreikusita dagoelarik. Gehiengo sindikalak ohartarazi dugu egutegi horrek aurrera egitea ahalbidetuko duela soilik Osakidetzak proposamen zehatzak eta sakonekoak egiten baditu eta planteatutako aldarrikapenei erantzuten badie. Irailaren 30ean egindako bileran, proposamen zehatzik egon ez zen heinean, ez ez inolako aurrerapausorik egon.

Aurretik lortutako akordioek garbi erakusten dute Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzea borondate politikoko kontua dela. Besteak beste, honako gai hauek jorratu behar dira: ordainsariak hobetzea, lanaldia murriztea eta hobetzea, benetako aurrerapenak lizentzietan eta baimenetan, enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea, plantillak indartzea, belaunaldi-erreleboari aurre egiteko neurriak, arreta-gainkarga murriztea, hobekuntzak lan-osasunean eta kontziliazioan, berdintasun neurri eraginkorrak eta euskaraz bizitzeko eta lan egiteko bermeak. Era berean, lehen arreta sendoa eskatzen dugu, pribatizazioari ateak ixtea, emakumeen* eta gizonen arteko benetako berdintasuna, hizkuntza-eskubideen bermea eta Osakidetzako profesional guztientzako baldintza duinak.

Dei egin diegu langileei urriak 30eko lehenengo greba egunarekin eta mobilizazio dinamikarekin bat egiteko, aldarrikapenak ez badira negoziatzen eta adosten eskatutako terminoetan. Osakidetzako zuzendaritza presionatzeko unea da, kolektibo guztientzat benetako hobekuntzak abian jar daitezen; izan ere, kolektibo guztiak ezinbestekoak dira Osakidetzak egunero funtziona dezan.

Halaber, Osasun Sailari ohartarazi diogu, 17 urte baino gehiago zain egon ondoren, ez dugula onartuko proposamen partzialik edo garrantzi gutxiko hobekuntzarik. Horrela, mobilizazioek benetako hobekuntzak lortzeko beharrezko iraupena eta intentsitatea izango dute. Konponbidea Osakidetzaren esku dago, eta proposamen zehatzak beharko dira horretarako, benetako negoziazioa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.

Intersindikalak salatu du Correosen langile falta dagoela eta azaroaren 29ko hauteskunde deialdiaren aurrean langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen dela

Intersindikala osatzen dugun erakunde sindikalok (LAB, CIG, ESK, Intersindikal Canaria, ELA eta CNT) oso kezkatuta gaude datorren azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen eta Correosek gaur egun pairatzen duen langile faltaren egoeraren aurrean.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri, Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...