Bost langiletik batek 1.500 euroz azpiko soldata du Hego Euskal Herrian, eta azken 15 urteetan 3 puntu jaitsi da soldatek Barne Produktu Gordinean duten pisua. Horregatik, martxoaren 17an euskal langileek āargi hitz egingo duteā, GarbiƱe Aranbururen arabera.
Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propiorik ez izateak langileentzat dituen ondorioak aztertu ditu Ipar Hegoa fundazioak, EHUko Ekonomia eta Kudeaketa saileko irakasleekin lankidetzan, eta argigarriak dira emaitzak: bost langiletik batek 1.500 euroz azpiko soldata dauka. Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean eta etxeko langileen erregimenean diharduten langileak izan dira azterketarako lagina.
Jagoba Zulueta Ipar Hegoa fundazioko arduradunak xehetu ditu azterketaren emaitzak. LGS Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propio bat ezartzeari uko egiteak Hego Euskal Herriko milaka eta milaka langile zuzenean kaltetzen dituela azaldu du, eta langileria osoa zeharka. Izan ere, soldaten zorua 1.500 eurotan kokatuta egon beharrean 1.184 eurotan egoteak (%21,07 beherago) langile guztiei eragiten die, soldata egitura osoa desitxuratu eta debaluatu egiten delako.
Azterketak erakusten du Hego Euskal Herrian BPG Barne Produktu Gordinarekiko pisua galdu dutela soldatek. Izan ere, Zuluetak azaldu du Espainiako Estatuan LGSa igo egin dela azken urteetan, baina, hala ere, horrek ez duela inpakturik Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoan. Zehazki, azken 15 urteetan soldaten pisuak 3 puntu egin du behera Hego Euskal Herriko BPGean. Aldiz, goranzko joera antzematen da Europako Batasunean estatu egiturak dituzten nazioetan. Estatu egiturarik ez izateak edo gutxieneko soldata propiorik ez izateak, hortaz, soldaten pisua galtzea dakarrela ondorioztatu du azterketak.
1.500 euroren azpitik lan egiten duten langileen artean, hirutik bi (%66,91) emakumeak* direla zehaztu du Zuluetak, eta emakume* enplegatu guztiena artean herena baino gehiago direla gutxieneko horren azpitik daudenak. Halaber, langile migranteek nozitzen dituzten baldintza kaskarren erakusle ere bada argazkia: 1.500 euroren azpitik jasotzen duten 239.535 langile horietatik 118.999 Hego Euskal Herritik kanpo jaiotakoak dira; alegia, bitik bat. Gazteei ere egin die aipamena. 30 urtez azpikoen kasuan, aztertutako laginaren laurden bat (%25,84) dago 1.500 euroko soldataren azpitik: 61.896 pertsona.
1.500 euroren azpitik lan egiten dutenek jasotzen duten solataren eta LGS propio batekin jasoko luketenaren arteko tartea ere aztertu dute. Argia izan da Zulueta: āDirua ez da arazo bat. Enpresen mozkinak gorantz doaz; gorantz doaz, langileen soldatak igo direna baino askoz goragoā. Izan ere, 2024ko abenduko soldatak erreferentziatzat hartuta, ikusi dute 461 milioi eurokoa litzatekeela zenbateko hori; alegia, urteko soldatetan langile horiek 1.500 euroko soldata ez izateagatik irabazten ez dutena hori dela. Ondorioa argia da, Zuluetak gogoratu duenez: 461 milioi euro gehitu dituzte enplegatzaileek, enpresari pribatuek eta administrazio publikoak, euren mozkinetara. Edo, bestela esanda: 461 milioi euroko plusbalia erantsia atera diete langile zaurgarrienei Hego Euskal Herrian.
Horrenbestez, 1.500 eurotik beherako soldatak ez daude Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoaren, bizi mailaren eta prezioen arabera doituta, eta langileak erosahalmena galtzen ari dira.
Zentralizazioarekin, prekarizazioa
GarbiƱe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak azken urteetako lan harremanei erreparatu die, eta azaldu du Espainiako Estatuko erregulazioak ālan harremanak zentralizatzeko grinaā duela, ābatez ere, azken lan erreformen ondoriozā. Horrek ābeheranzko uniformizazioa eta soldaten eta lan baldintzen prekarizazioaā dakartza berekin, haren esanetan.
Horregatik, LGS propio bat ezartzeko gaitasuna izatea āestrategikoaā dela gogorarazi du, bertako errrealitate sozioekonomiko eta sindikalaren araberako soldatak izateko, eta baita āaberastasunaren banaketa ekitatiboagoa izan dadin eta langileen prekarizazio eta pobretze prozesuari aurre egitekoā ere. Hori dela eta, gutxieneko soldata propioa lortzeko euskal gehiengo sindikalak hainbat iniziatiba martxan jarri dituela oroitu du, āguztiak bideragarriak eta osagarriakā. Ordea, orain arte aukera guztiak itxi zaizkiela eta, martxoaren 17an greba orokorrera deitu du gehiengo sindikalak, azaldu duenez.
Edozein kasutan, itxitako ateak irekitzako aukerak egon badaudela nabarmendu du Aranburuk. Batetik, EAEn eta Nafarroan, lan harremanetarako gutxieneko soldata bat ezartzeko Gai Zehatzeko Akordio Marko bat negoziatu daiteke patronalarekin EAEn eta Nafarroan. āHori da Confebasken aurka sartu genuen demandaren sententziatik ondorioztatzen dugunaā adierazi du LABeko ordezkariak. āPatronal esplotatzaile eta harroputza dugu aurrean, lehenago edo beranduago negoziazio mahai batean esertzera behartuko dugunaā, gaineratu du.
Bigarrenik, aipatu du LGS propioa ezartzeko eskuduntzak eskuratzeko, legebiltzarretan lege proposamenak egin daitezke. Aranburuk nabarmendu du EAJ eta PSE-PSNk eztabaida ukatu nahi dutela, ājarrera antidemokratikoa erakutsi duteā, zehaztu du, baina gaineratu du beste talde batzuek lege proposamenak eraman ditzaketela parlamentuetara. āNafarroan dagoeneko EH Bildu eta Geroa Baik erregistratu dute eta EAEn era aukera hori mahai gainean dagoā, gogoratu du.
Hirugarrenik, Langile Estatutua aldatu daiteke. Katalunia eta Galizako sindikatuekin Madrilera egindako bidaia izan du hizpide. Honela, PSOE, Sumar, Podemos eta nazio bakoitzeko alderdiekin egindako bilerak aipatu ditu eta adierazi du Langileen Estatutuaren 27.en artikulua moldatu eta LGS propio baten aukerari babes legala emateko proposamen oso zehatza eraman dutela sindikatuek bertara. āTalde politiko batek baino gehiagok iniziatiba hartu eta eztabaida Espainiako Diputatuen Kongresura eramateko aukerak irekiak daudeā, nabarmendu du.
Aukera badagoelako, āeuskal langileek argi hitz egiteakā duen garrantzia azpimarratu du, gogorarazita martxoaren 17an horretarako aukera izango dutela: āgrebara atera, mobilizazioak indartu eta gutxieneko soldata propio bat nahi dutela adierazteko, soldata guztiak hobetu nahi ditugula argi uztekoā.
Azkenik, gutxieneko soldata sexuaren araberako lan banaketak sortzen dituen arrakala matxistei aurre egiteko neurria ere badela adierazi du koordinatzaile orokorrak, eta, horregatik, otsailaren 22aren (Soldata Arrakalaren kontrako Nazioarteko Egunearen) testuinguruan, LABek gutxieneko soldata propioaren beharra kalera aterako duela aurreratu du. Bi mobilizazio egingo ditu otsailaren 20an sindikatuak, Bilbon eta IruƱean.

