2026-09-26
HomeEkintza SindikalaGasteizko kale garbiketan absentismoa pizgarriekin gutxitu nahiak langileen osasunaren eta lan-baldintzen merkantilizazioa...

Gasteizko kale garbiketan absentismoa pizgarriekin gutxitu nahiak langileen osasunaren eta lan-baldintzen merkantilizazioa baino ez dakar

Onartezin eta lotsagarritzat jotzen dugu lan-absentismoa tratatzeko foroaren esparruan sindikatuen ordezkariei helarazitako azken proposamena, pizgarri ekonomikoak ezartzean oinarritzen dena.

Plantillarentzako pizgarriok ausentzia eta absentismo-mailen batura (taldekoa zein banakakoa) ehuneko jakin batera iristen bada aplikatzeko proposamena egin du zerbitzuaren emakidaduna den enpresak, PREZERO-ONAINDIA ABEEk. Gogoratu behar da ausentismoak barne hartzen dituela hitzarmen kolektiboan langileek eskubide osoz aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak. Absentismoak, bestalde, aldi baterako ezintasuneko prozesu guztiak hartzen ditu bere baitan, gaixotasun arrunt baten ondoriozkoak edo lanpostuari berari lotutako arrazoiengatikoak.

Hala, proposatutako neurri horrek langileen lan-baldintzak eta osasuna merkantilizatzea dakar, eta plantillari egozten dio lan-absentismoko egungo ehunekoen errua. LABen ustez, benetan langile horien segurtasun eta osasun baldintzak hobetzea helburu duten prebentzio-politikak ezarri behar dira. Enpresa erakusten ari da ez diola inolako garrantzirik ematen Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordearen lan-esparruari, eta ez die erantzunik ematen prebentzio-ordezkariek duela zenbait hilabetetik egiten dituzten ohiko bilera-deialdiei.

Enpresa-zuzendaritzak erakutsitako jarrerak erakusten duena zera da: Gasteizko Bide Garbiketa Publikoko Zerbitzuko plantillaren osasuna baino, aldi baterako ezintasun-prozesuetatik eta Hitzarmen Kolektiboan itundutako gizarte-estalduratik eratorritako kostua dela haien kezka nagusia. Azken horri dagokionez, zehaztu behar da Gasteizko Udalak kontratatutako zerbitzua izaki, Hitzarmen Kolektiboan jasotako estaldura guztien kostua beren gain hartzeko ardura dutela.

Absentismoaren aurka halako neurriak ezartzearen aurka dago LAB, pertsonen osasuna bezalako gai delikatu baten bueltan arinkeria sustatzen baitu. Horregatik, prebentzio-arloko benetako politikak aldarrikatzen jarraituko du, bai eta negoziazio eremuak ere, laneko segurtasunaren eta osasunaren funtsezko gaietan eztabaidatu eta aurrera egin ahal izateko..

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.