2026-09-28
HomeEkintza SindikalaSalatzen dugu patronalaren proposamena sinatzeak Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak pobretzea...

Salatzen dugu patronalaren proposamena sinatzeak Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak pobretzea dakarrela

Gaur, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko (EELZ) langileen erosteko ahalmenaren galera historikoa adostu dute. LABek baztertu egiten du akordio hau, eta iragarri du borrokarako eta mobilizaziorako espazioak irekiko dituela sektoreko 1.200 langileek beren lan-baldintzak hobetu ditzaten eta egiten duten lan publikoa aitor dakien.

Sinatutako akordioa oinarrizko soldatarekiko

2016- 2022

EELZko langile baten erosteko ahalmenaren galera, 2022ko abendura arte, hilean, 289,1 eurokoa da gutxienez. Sinatutako akordioak, hilean, 0 €-ko igoera dakar. Hau da, akordio horrek hileko 289,1 euroko soldata pobretzea ezartzen du. Sinatutakoaren arabera, galera hori ez litzateke inoiz berreskuratuko.

2023-2027

Aldi horretako erosahalmenaren galera kalkulaezina da, datuak ezagutzen ez direlako; hala ere, 2023an soldaten pobretzea are gehiago handituko dela ikus daiteke:

– Ez da egia, ezta aldi horretan ere (2023-2027), berrikuspen-klausularen bidez langileen hauen eros ahalmena bermatzen denik, klausula horrek % 2,5eko erregularizazioa baino ez baitu bere gain hartzen.

– Soldata-igoeraz gain, akordioak, 5. puntuan, hilabete dinamikoa aztertzeko asmoa jasotzen du, eta, zehaztera ausartu ez badira ere, beldur gara sinatzaileen batzorde horrek ez ote duen langileen egoera okertuko duen neurriren bat ezarriko.

Sinatutakoaren azterketa amaitzeko, salatzen dugu ez duela kontuan hartzen langileek lan-osasunari dagokionez pairatzen duten egoera larria, eta ez dela horri buruzko neurririk jasotzen.

LABen balorazioa

Akordio horrek prekarizatu egiten ditu Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko 1.200 langileak. Langileei pobretzea inposatzearen erantzule egiten dugu patronala. Gogoan izan enpresa horiek, batez beste, % 20 gehiago kobratzen dietela erakunde publikoei orduko prezioa. Diru hori non dagoen galdetzen diogu geure buruari.

Sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu ez dezatela patronalaren proposamena babestu eta atzera egin dezatela. Bizkaiko ELZko langileek 70 greba egun inguru egin dituzte. Duintasun handia erakutsi dute eta ez zuten enpresen inposaketetara makurtzen den akordiorik merezi. Lan-baldintzak larriki okertzen dituen akordioa da hau.

Prekarizazio horren erantzule egiten ditugu udalak eta mankomunitateak, zerbitzu publiko hori pribatizatuz, enpresei poltsikoak betetzea ahalbidetzen baitiete, langileak pobretzearen truke.

Azkenik, LABek, akordio hori arbuiatzeaz gain, borrokarako eta mobilizaziorako espazioak irekiko dituela iragarri nahi du, langileek beren lan-baldintzak hobetu ditzaten eta egiten duten lan publikoa aitor dakien.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

LAB Sindikatuak ez du Gipuzkoako Enpresa Transitarioen sektoreko hitzarmena sinatu ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez dielako sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...