2025-12-05
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaCortesko kale garbitzaileen kaleratzea salatu dugu, subrogaziorako eskubidea urratzeagatik

Cortesko kale garbitzaileen kaleratzea salatu dugu, subrogaziorako eskubidea urratzeagatik

Cortesko Udalak ekainaren 1etik aurrera kaleak garbitzeko zerbitzua mankomunatzea erabaki ondoren, zerbitzua egiten ari ziren bi langileak isilbidezko kaleratze-egoeran daude, ez Erriberako Mankomunitatea, ez eta kontrataren adjudikaziodun FCC Medio Ambiente-Grupo Rubio ABEE ere, ez baitira haiekin harremanetan jarri haiek subrogatzeko. LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur goizean Tuteran, Erriberako Mankomunitatearen egoitzaren aitzinean, bi langile hauei eginikoa salatzeko eta administrazio publikoei inplikazioa eskatzeko enpleguaren eta lan eskubideen defentsan.

Enplegua suntsitu eta lan-baldintzak prekarizatzen dituen bertze adibide bat. Eskutik helduta doazen eta elkar elikatzen diren bi fenomeno. Izan ere, alde batetik, enpleguaren suntsipena lan-baldintzak prekarizatzeko erabiltzen da, eta, bertzetik, sektore prekarizatuenak dira ahulenak eta enpleguaren suntsiketa horrek erraz zigortzen dituenak. Suntsipen hori, gainera, kasu askotan, eta bereziki zerbitzuen sektorean, ez da nabarmen gelditzen, tanta-jario isil gisa gertatzen baita. Eta kontua ez da langileak kaleratzeak merke ateratzen zaizkiela, baizik eta ekonomikoki errentagarria ateratzen zaiela.

Kasu honetan, gainera, afera bereziki lazgarri egiten duten zenbait inguruabar salatu behar ditugu. Lanaldi partzialeko bi langile dira, eta Estatuko hitzarmen bat aplikatzen zaie. Horietako batek desgaitasunagatiko hobaridun kontratua du, eta bertzea, berriz, ospitaleratuta dago, gaixotasun oso larri batekin. Zerbitzua eskaintzetik ateratzen den enpresak egun batetik bertzera jakinarazi die Udalaren erabakia eta subrogatu egin behar direla. Hala ere, enpresa esleipenduna eta inplikatutako administrazioak ez dira haiekin harremanetan jarri, eta ez dira haietaz arduratu, hitz erdirik gurutzatu gabe. Hitzarmen aplikagarriak eta Nafarroako Kontratu Publikoen Legeak subrogaziorako eskubidea aitortzen dieten arren, eskubide hori urratu egin zaie, eta bereziki mingarria izan da tratuan.

Zentzu horretan, herritarrengandik gertuen dauden administrazioek izan beharko luketenen utzikeria eta arduragabekeria salatzen ditugu. Ez dute nahikoa zuzenean kudeatu beharko litzatekeen zerbitzu publiko estruktural bat pribatizatzea eta azpikontratatzea, eta, gainera, ez dute batere kontuan hartzen zer egin dezaketen irabazi-asmoko eta begirune gutxiko enpresek merkantzia huts gisa tratatzen dituzten langileekin. Horrela defendatzen ditu administrazioak enplegua eta lan-eskubideak?

Bihar, uztailak 2, adiskidetze-ekitaldia izanen da Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuan. Bertan espero dugu FCC Medio Ambiente – Grupo Rubio aldi baterako enpresa-elkarteak langile horiek subrogatuak izateko duten eskubidea onartzea eta berriz hartzea. Bertzenaz, LABek egoera salatzen jarraituko du, inplikatutako enpresa eta erakundeak interpelatzen eta kaleratuak defendatzen, bai juridikoki, bai eskura dituen baliabide guztiekin.

Adibide berri honek berresten digu enplegu eta azpikontratazio politika publikoetan 180ºko bira egin behar dela, enplegu-suntsiketa horri alfonbra gorria eta onura ederrak jartzen dizkioten lan-erreformak indargabetu behar direla eta lan-harremanen esparru propioa ezarri behar dela, enplegu-eskubidea gutxiengo baten interes partikularraren gainetik benetan bermatuko duen lan-kode batean oinarrituta.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...