2026-10-19
HomeEkintza SindikalaGarbiñe Aranburu: "Prekaritateari amaiera emateko ordua iritsi da sektore publikoan"

Garbiñe Aranburu: “Prekaritateari amaiera emateko ordua iritsi da sektore publikoan”

EAEko zerbitzu publikoek bizi duten egoera larriaren aurrean, greba eta mobilizazio eguna egin dugu sektore publiko osoan, sindikatuok deituta. Manifestazioak egin ditugu hiriburuetan, eta, Bilbon, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak zerbitzu publikoen defentsa egin du, mobilizazioa hasi aurretik: zerbitzu publikoak defendatzea sektore publikoan kalitatezko enplegua defendatzea da”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “kalitatezko enplegu publikoa sortu behar da. Prekaritateari amaiera emateko ordua iritsi da sektore publikoan. Sektore publikoaren behin behineko enpleguaren kontsolidazioa eta egonkortasuna eskatzeko atera gara kalera bereziki, eta, horretarako, interinitate egoera horretan, abusu egoera horretan, urteak eta urteak eman dituzten langileen egoera kontutan hartuta, hautaketa prozesuak abian jarri behar direla diogu; hau da egonkortasun prozesuak aldarrikatzen ditugunean esaten duguna”.

Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusiak lege propio bat behar dela aldarrikatu du, “kontsolidazio prozesu horiek lege berme guztiekin egin daitezen. Era berean, nabarmendu nahi dugu ezin dela erantzun orokor bat eman; lekuan lekuko egoerak aztertu behar dira. Administrazio guztietan ematen den errealitatea desberdina da. Lekuan lekuko egoerari erantzungo dioten prozesu adostuak behar ditugu, eta hori negoziazio kolektiboan adostu behar dela aldarrikatzen dugu”.

Hiriburuetako mobilizazioekin batera, goizean lantokietan eta herrietan ere zabaldu ditugu gure aldarriak, aurreko asteetan egindako mobilizazio dinamika biribiltzeko. Greba deialdiak jarraipen zabala izan du, eta oso orokortua izan da behin-behinekotasuna pairatzen duten langileen artean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.

Lan-baldintzak hobetzearen alde, beste greba ziklo bati ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek urriaren 27tik abenduaren 23ra

Greba ziklo berri honek hiru urrats izango ditu. Lehena, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara izango da. Bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko 22:00etara arte luzatuko da. Azkenik, hirugarrena, abenduaren 21eko 22:00etan hasiko da eta abenduaren 23ko 22:00etan bukatuko da.