2024-05-02
HomeEkintza SindikalaNafarroako helduen egoitzetarako hitzarmen baten aldeko kanpaina hasi dugu, eta otsailaren 27an...

Nafarroako helduen egoitzetarako hitzarmen baten aldeko kanpaina hasi dugu, eta otsailaren 27an mobilizazio bat egingo dugu Iruñean

Orain arte Estatuko hitzarmen batek araututako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena lortu ondoren, LAB sindikatuak helburutzat jarri du adinekoen egoitzen Nafarroako lehen hitzarmena sortzea. Sektore hori erabat feminizaturik dago, eta oso egoera larria du pribatizazioaren, prekarizazioaren eta bitartekoen faltaren ondorioz. Beraz, aipaturiko helburu hori lortzeko, LAB sindikatuekin, egoitzetako erabiltzaileekin eta familiakoekin jarriko da harremanetan, baita Nafarroako Gobernuarekin ere; eta mobilizazio bat eginen du Iruñean otsailaren 27an.

Nahiz eta hitzarmen berriak sortzea ez den batere ohikoa -Nafarroan hiru sortu dira azken hogei urtean-, LABek uste du zahar egoitzetan bizi den egoera larriak eta Esku-hartze Sozialeko hitzarmen sortu berriaren bultzadak beharrezko eta posible egiten dutela erronka honi heltzea.

Nafarroako zahar egoitzetako langile gehienak emakumeak dira eta egoitzen egoera oso larria da pribatizazioaren, prekarizazioaren eta baliabide faltaren ondorioz. Egoera horrek agerian uzten du erakundeek zenbateko utzikeria daukaten zaintzen esparruan; funtsezko esparrua izaki, berrantolatu eta lehentasuna eman behar zaio. Nafarroako gizartearentzat erronka estrategikoa da zaintza-sistema publiko komunitario bat sortzea, esparru sindikalak, mugimendu feministak eta pentsiodunen mugimenduak sarritan eskatu dutena.

Hitzarmenak bi urrats garrantzitsu ekarriko lituzke. Alde batetik, negoziazio-eremu hori Nafarroara ekarriko litzateke, eta, beraz, egoitzetako langileek eta haien ordezkariek lan-baldintzen erregulazioan zuzenean parte hartzeko eskubidea irabaziko lukete. Beste aldetik, sektoreko lan-baldintzak nabarmen hobetuko lirateke, Esku-hartze Sozialean gertatu den bezala. Bi urrats horiek eskutik doazela frogatu da: lan-baldintzen estatalizazioa prekarizatzeko bide bat da, eta, aldiz, negoziazio kolektiboko esparru propio batean aurrera egitea lanbidea duintzeko aukera paregabea da.

Oso adierazgarria da alderatzea, batetik, hirugarren adinekoen egoitzetan estatuko hitzarmenarekin lan egiten duten langileen lan-baldintzak, eta bestetik, desgaitasuna duten pertsonak artatzeko zentroetan Nafarroako hitzarmen berrituarekin lanean ari direnenak. Bi eremu horietan ezaugarri bertsuko lana egiten da, baina aldeak nabarmenak dira: esaterako, 11 urteko antzinatasuna duen adinekoen egoitzetako zaintzaile batek 653,13 € gutxiago kobratuko lituzke eta 32 egun gehiago egingo lituzke desgaitasuna duten pertsonentzako zentro bateko zaintzaile batek baino.

Gure iritziz, hirugarren adinekoen egoitzen hitzarmen probintziala Nafarroako egoitzetan bizi den egoera larriari aurre egiteko beharrezko hiru neurri estrukturaletako bat da. Beste neurri bat litzateke ratioen legea, lan-kargak benetan arinduko dituena eta egoiliarrek jasotzen duten arreta hobetuko duena; eta hirugarren neurria litzateke publikotasun-plan bat, gaur egun Nafarroako Gobernuak zuzenean adinekoentzako 2 egoitza bakarrik kudeatzen baititu: Iruñeko El Vergel eta Lizarrako Santo Domingo; bien bitartean, ordea, plazak kontzertatzen ditu 42 egoitza eta eguneko zentrotan, gehienak kudeaketa pribatukoak.

LABek informazio-kanpaina bat eginen du Nafarroako egoitzetan, eta, horren ostean, mobilizazio bat Iruñean, otsailaren 27an. Era berean, LABeko kideok harremanetan jarriko gara sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiekin, erabiltzaile eta senideekin eta Nafarroako Gobernuarekin, legegintzaldi honetan Nafarroako zahar egoitzen hitzarmena sortzea ahalbidetuko duten akordioak bilatzeko.

LABen iritziz, funtsezko zerbitzu publikoa denez eta zati batean Nafarroako Gobernuak hitzartua denez, Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak zuzenean inplikatu behar dute egoitzen hitzarmena lortzeko; horrela jokatu zuten Esku-hartze Sozialeko hitzarmena sortzeko prozesuan eta desgaitasuna artatzeko zentroen hitzarmena berritzeko prozesuan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:04:13

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.
00:02:19

Bazterketa sindikala gaindituta, aberastasunaren banaketa aldarrikatu du LABek Baionan

Urte luzez pairatutako bazterketa sindikala gaindituta, intersindikalarekin batera pankartan izan da LAB gaur Baionan, Maiatzaren Lehenean.

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.