2026-10-01
HomeZerbitzu PublikoakEskuhartze eta gizartegintzaNafarroako Esku-hartze Sozialeko langileek lanuzteak eta mobilizazioak egin dituzte, sektoreko lehen hitzarmenaren...

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko langileek lanuzteak eta mobilizazioak egin dituzte, sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuak deituta, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko langileek hainbat lanuzte eta mobilizazio egin dituzte sektoreko patronalak eta Nafarroako Gobernuak beren jarrerak alda ditzaten eta, beraz, Nafarroako lehen hitzarmeren negoziazioen blokeoa ken dezaten eskatzeko. Iruñeko Hezitzaile Eskolako ikasleek ere greba egin dute, Esku-hartze Sozialeko langileekiko elkartasunez.

Esku-hartze Sozialeko zentro eta zerbitzu publikoetan arreta ematen zaie adingabeei, familiei, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, egoera ahulean eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei, migratzaileei, etxegabeei, langabeei, eta abarrei. Baina zerbitzu horietako langileen egoera oso prekarioa izaten da. Ildo horretan, aipatzekoa da langileek 10 urte baino gehiago daramatzatela beren soldatak eguneratu gabe. Urte hauetan KPIaren %12ko igoerak eta soldaten izozteak langile bakoitzari erosteko ahalmenean 15.000€ baino gehiago galtzea ekarri dio.

Odoluste ekonomiko horri aurre egiteko eta Esku-hartze Sozialaren sektoreari lan-erregulazioa emateko, ANEIS patronalarekin negoziazioak hasi ziren 2019ko apirilean, non Nafarroako Gobernua behatzaile gisa ageri baita. Baina Gobernua negoziazio honetan jokatzen ari den papera negargarria da. Aurreko legegintzaldian hitzarmena finantzatzeko konpromisoa hartu bazuten ere, Maria Txibite buru duen gobernua uko egiten ari zaio aktiboki eta pasiboki. Alderdi sozialista izeneko alderdiak erraza zuen hau guztia modu egokian konpontzea, baina nahiago izan dute sektore honetako historiara pasatzea hitzarmenaren negoziazioa zapuztu nahi izan zutenak bezala. Baina ez dute lortuko.

Eta patronala ere ez da motz gelditu. Gobernuaren gibelean ezkutatzen ari da bere erantzukizuna bere gain ez hartzeko, eta mahai gainean jartzen ditu sektoreko bertze inongo hitzarmenetan -ez probintziakoetan, ez estatukoan- ez dauden eskakizunak. Eta enpresa hauek dira urtetan diru publikoa milioi askoko mozkinen formatuan pribatizatu dutenak, zuzendariei soldata inolako eskrupulurik gabe igo dietenak, ondarea eta funts propioak pilatu dituztenak, plantillak egoera jasanezinean dituzten bitartean.

LAB sindikatuak egiaztatu du erabateko blokeoa dagoela lehen hitzarmenaren negoziazioan, eta Gobernuak eta patronalak osatutako tandemaren jarrera arduragabeari egozten dio. Horregatik, aurrerapauso bat eman dugu lantokietan eta kaleetan, gure etorkizuna bermatzeko, gure eskaerei erantzuteko eta sektorea behingoz duintzeko. Eta hartara datoz egunotako mobilizazioak. Asko dugu erreklamatzeko eta, batez ere, asko dugu hobetzeko. Batasunarekin, baikortasunarekin, antolamenduarekin eta borrokarekin, zalantzarik gabe lortuko dugu.

Gutako edonor, bere bizitzako uneren batean, gizarte-zerbitzu horien erabiltzaile izan daiteke, eta egoera horretan dagoen edonori ongi zainduta egotea gustatuko litzaioke, eta zaintzailea ere ongi zainduta egotea gustatuko litzaioke. Zoritxarrez, pribatizazioak, diru publikoa onura pribatu bihurtzeaz gain, zerbitzuen kalitatearen, lan baldintzen eta erabiltzaileen eta langileen duintasunaren aurka egiten du zuzenean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...