2026-09-20
HomeEkintza SozialaLABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian gaur iluntzean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu die langileei. 

LABek kezkaz bizi du gure kaleetan ikusten ari garen jarrera xenofobo eta arrazisten areagotzea, eta irmoki gaitzetsi nahi du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi dituen erabaki politiko-instituzionala. 2026ko otsailerako iragarrita zegoen kaleratzea gaur bertan gauzatzea erabaki dute, eraikin horretan bertan bizirauten ari zirenei inolako bidezko irtenbiderik bermatu gabe. 

Donostian 500 lagunetik gora dira behartuak kale egoeran bizirautera, eta hiru hilean behin bost egunez aterpea izatea da Donostiako Udalak eskaintzen dien aukera bakarra. 

Indarrean dagoen hotzaren protokolo delakoa ere gogor salatu nahi du LABek, eta 100 plaza eskura dituen La Sirena izenez ezagutzen dugun Ondarreta Gazte Aterpetxea urte osoan zehar egunero irekia egon dadin exijitzen du.

Hausnarketa sakona egiteko unea izateaz gain, antolakuntza eta borrokarako espazioen bidez, kulturartekotasuna oinarri duten egitasmo anitzak sortu eta elikatzeko momentua ere bada. Elkar ezagutza sareak osatu, helburu komunak ezarri eta egitasmo konpartituekin ikusezintasunari aurre egin eta kalera irteteko garaia da.

Ustezko segurtasun ezak inguruko iritzi emaile gehienen diskurtsoa kutsatu du, herritar ororentzako bizi baldintza duinen aldeko jarrera hauspotu beharrean, behar gehien izan ditzaketen herrikideak jomugan ezartzeko hautua egina baitute aspaldian. Migrazioa eta delinkuentzia bateratzea hipokrisia ariketa miserablea da, errealitateari iskin egin eta aporofobia, xenofobia, klasismoa eta arrazismoa elikatzeko helburu argia duena, behartsuen arteko gerrari bide eman eta pribilegioak ukitu gabe uztera bideraturik dagoen estrategian oinarrituta. Bertan bizi garenon bizitza bizigarriak izateko eskubidea bermatu ezean, ordea, ezin izango dugu, inoiz, benetako segurtasunaz hitz egin. 

Jakina da loraldia bizi duen eskuin muturrak bere proiektu kriminalari bizia emateko beldurraren kultura sustatu nahi duela, eta egitasmo maltzur horri hortzak erakutsi eta egoera iraultzeko bere konpromiso irmoa adierazi nahi du LABek.

Elkar zaintza sareak ezinbestekoak dira, borroka konpartituak, langileen arteko elkartasun eta elkar ekintza loturak. Autodefentsarako unea da eta aliantza estuak eratzekoa. Horrekin batera, instituzioen arduragabekeria salatu nahi dugu eta horiei dagokien erantzukizun politikoa salatu, erakundeek badituzte eta egoera iraultzeko baliabideak. Autokonplazentzia alboratu eta gaiari osotasunean heltzeko momentua iritsi da. 

Horrengatik guztiagatik, LABek bat egiten du hainbat eragilek deituta 19:00etan Donostian, Egiako epaitegitik, irtengo den manifestazioarekin, eta Donostiako langileria osoari parte hartzeko deia luzatu nahi dio. Era berean, atxilotuak lehenbailehen aska ditzaten exijitzen du. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.