2026-07-31
HomeEkintza SindikalaEnplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal izatea. Herritarrei eta langileei euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izateko eskubidearen alde mobilizatzeko deia egiten die LABek, eta gehiengo sindikalak abenduaren 16an eta 17an Iruñean eta Gasteizen egingo dituen mobilizazioetan parte hartzekoa. 

EAEko Auzitegi Nagusiak Euskal Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoa iragarri du, horretarako aitzakitzat hartuta PPk eta VOXek lege hori garatzeko dekretuari ezarritako helegitea.

Kasualitate oso susmagarria da lege hori Auztiegi Konstituzionalera eramateko iragarpena egitea Eusko Legebitlzarrean aipatu legea aldatu eta administrazioaren euskalduntzea blindatzeko eztabaida prozesua ireki denean. Noiz eta aitzaki gisa erabili den dekretuaren onarpenetik eta horren aurkako helegiteak sartu zirenetik jada urte eta erdi igaro denean. Epaitegien denborak eta erritmoak baino, irudi luke erabaki hori hartu duten epaileek pultsio politiko batek gidatuta hartu dutela erabakia; beste behin ere, epaitegietatik hizkuntza-politika egiteko pultsioa. Izan ere, euskararen kontrako oldarraldi judizialak dirauen bost urte hauetan eta ehun inguru epai eta ebazpen judizialetan behin eta berriz erakutsi dute epaileek hizkuntza politika egiteko pultsioa, dagozkien eskumenetatik harago joanez, hauteskundeetatik ateratako ordezkaritza parlamentario zilegiaren eta herritarren gehiengoaren borondatearen gainetik eta horiek azpiratuz, epaileek beraien ideologia politikoa ezarriz. 

Era berean, ez da kasualitatea prozedura hau abiarazi duten helegiteen egileak PP eta Vox alderdiak izatea, oso adierazgarria izatearekin batera. Oldarraldi judizialaren sustatzaile eta defendatzaileek behin eta berriz adierazi dute epaitegietan helegiteak sartu dituztenak “egoera prekarioan zeuden langile xumeak” zirela, norbere egoera konkretuari eragiten zion lan-deialdiari sartutako helegiteak zirela. Horrelako kasu konkretuak egon, egon dira, baina zati txiki bat izan dira soilik. Aldiz, beste helegite askoren egileak auziarekin lotura zuzenik ez zuten pertsona, sindikatu eta alderdiak izan dira. Inork defendatuko al du, PPk eta Voxek helegiteak sartzen dituztenean, langile prekario xumeen interesak defendatzeagatik egiten dutela? Langile horien interesak defendatzen dituztela eta, era berean, administrazioaren euskalduntzea ere nahi dutela dioten sindikatu eta alderdi aurrerakoiek aukera dute oraingoan PP eta Voxen ekinbide hau salatzeko, eta, behingoz, langileek administrazioan lan egiteko duten eskubidea eta herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea babesteko.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartu duen erabaki honek administrazioaren euskalduntzearen aurkako ekinbide politiko-judiziala beste maila batera igotzea dakar. Konstituzionalak lanpostu publiko guztiei euskarazko hizkuntza eskakizunak ezartzearen aurkako ebazpena emango balu, EAEko administrazio publiko osoaren euskalduntzea kolokan jarriko luke. Ezer baino lehen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du ebatziko lanpostu publiko guztietan, esplizituki ala inplizituki, gazteleraren ezagutza derrigorrezkoa izan beharko denik. Gaztelera derrigorrezkoa da jada, eta euskara aukera bat; inposizio hori ez dute auzitan jarriko. Baina, hortik harago, langile publiko guztiak euskaldunak izan beharra eta funtzio publikoan euskaraz lan egin ahal izatea guztiz mugatu lezake ebazpenak. Hau da, euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal izatea debekatu.

Horregatik, Konstituzionalaren ebazpenaren zain egon gabe, herritarrak administrazioan euskaraz artatuak izateko eskubidea eta langile publikoek euskaraz lan egin ahal izateko eskubidea urratzen direlako, LABek dei egiten die herritarrei eta langileei euren eskubideen defentsan mobilizatzen jarraitzera. Zehazki, euskal gehiengo sindikalak datozen aste eta hilabeteetarako administrazio publikoan deitu dituen mobilizazioak indartzera dei egiten du: abenduaren 16an Iruñean eta abenduaren 17an Gasteizen egingo dituen mobilizazioak. 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.