2026-10-28
Blog

Bidaideak enpresako langileak hitzarmen duin baten alde borrokan ari dira

Mobilizazio bat egin dute gaur, enpresaren aurrean, negoziazio mahaia hasi baino minutu batzuk lehenago.

Bidaideak, “desgaitasuna duten pertsonen euskal elkartea”, aniztasun funtzionala duten bidaiarien garraio egokituaz arduratzen den erakunde bat da. Urte askoan, erakundeko langileek funtsezko lana egin dute hainbat kolektibori laguntza eta zaintza emateko, eta erakunde ezberdinetako erabiltzaileak diren ehunka pertsona konektatzen dituzte erakunde horien zentroetara joan-etorriak egiteko.

Enpresa honetan egoera ekonomikoa aproposa izan arren, langileen lan baldintzak prekaritateak zeharkatzen ditu. Estatuko hitzarmen kolektibo bat aplikatu dute, eta horren ondorioa da sektoreko beste erakunde batzuekin alderatuta soldata eta baldintza askoz okerragoak dituztela.

Egoera horretan, enpresa komiteak, LAB eta ELA sindikatuekin, urte hasieran negoziazioak hasi zituen enpresako hitzarmen kolektibo bat garatzeko, langileen aldarrikapenei erantzun ahal izateko asmoz.

Hainbat bilera egon dira, baina negoziazioak urrun daude langileen beharrak asetzetik. Horren aurrean, gaur, urriak 28, langileek elkarretaratzea egin dute enpresaren inguruetan, Etxebarrin, negoziazioan aurrerapenak eskatzeko. Horrez gain, beste ekintza batzuk ere planteatzen dira datozen asteetan.

Lan-arrazakeria, morofobia eta islamofobia badago, ez da benetako aniztasuna

Basquevolt enpresari lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobikoa eta islamofobikoagatik jarritako salaketaren epaiketaren aurrean elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen.

Basquevolt ez da edozein enpresa. Europako lider bihurtu nahi duen korporazioa da, I+Gn aitzindaria, eta egoera solidoko litiozko bateriak ekoizten ditu. Bateria horiek funtsezko osagaia dira garraio elektrikorako, energia biltegiratzeko eta gailu eramangarri aurreratuetarako. Horregatik, tokiko, estatuko eta Europako erakundeen babes handia du. Eta, horrela, dirulaguntza publiko mamitsuak jasotzen ditu, funtsezkoak direnak bere jarduera ziurtatzeko.

20 nazionalitate baino gehiagoko pertsonek egiten dute lan bertako instalazioetan, hizkuntza, kultura eta erlijio ugari bizi diren giroan. Hala, enpresa kosmopolita irudi lezake, baina egoera oso bestelakoa da. Basquevolten ere badago arrazakeria, morofobia eta islamofobia, eta kasu honek hala baieztatzen du. Enpresa horrek bi langileren tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ez jasateko oinarrizko eskubidea urratu du.

Apirilean leherketa bat gertatu zen kalitate-kontroleko laborategi bateko gelaxka batean. Bertan zeuden langile kaleratua, gaur epaiketa egiten ari dena, baitata berarekin batera zigortutako lankidea ere. Egun batzuk geroago, Basquevolteko zuzendaritzak barne-prozedura bat aktibatu zuen, aurreiritziz betea eta formaren aldetik ere funtsezko baldintzak betetzen ez zituena, zuzeneko lan-diskriminazioa legitimatzeko. Horrela, bere diziplina-ahalmena arbitrarioki, neurriz kanpo eta justifikaziorik gabe ezarriz, langile horien babesgabetasuna eta estigmatizazioa eragin duten jokabide urratzaileak izan ditu. Ondorio larriak dituzten erabaki batzuk hartu ditu, ustezko gertakari batzuen deskribapenean (zehaztasunik batere ez duenean) oinarrituta: ez da ustezko gertaeren datarik agertzen, ezta behar bezala frogatutako justifikazio objektibo eta arrazoizkorik aurkezten ere. Istripu hori ezkutatzen saiatu dira; izan ere, jazarriak izan diren pertsonek ez zuten inolako zerikusirik izan gertakari horrekin, eta zigor-espedientea aplikatu diete. Eztandaren unean norbait zegoela ukatzera ere iritsi da enpresa, eta hori gezurra da, bi pertsona horiek une horretan han baitzeuden.

Horrela, Basquevoltek, zabarkeriaz jokatu eta leherketa larria gertatu izanagatik duen erantzukizunari iskin egiteaz gain, bere jokabidearen benetako motibazioa ezkutatzeko pantaila gisa erabili du gertakaria. Horretarako, kaleratua izan den langileari halakoak esaten zizkion pertsona baten adierazpenak ontzat eman ditu: “Zu lasai, ez dizu lapurtuko. Ramadam-ean dago eta”.

LABek argi dauka zigor hori ez dela kasualitatea. Biek laborategi horretan egiten zuten lan, eta horietako batek eman dio leherketaren berri enpresari. Era berean, ez da kasualitatea espedienteak zuzenean eta bakarrik haiek seinalatzea. Emakume langileak, migratuak, arabiarrak eta musulmanak dira. Honek izen bat du: lan arrazakeria; kasu honetan, gainera, morofobiaz eta islamofobiaz betea.

Horregatik, LABek elkarretaratzea egin du gaur, urriak 28, Gasteizko epaitegietan, kaleratzeagatiko epaiketaren egunean, kaleratutako pertsona babesteko eta eraso hori salatzeko.

Urriaren 30eko grebari eusten diogu, Osakidetzarekin negoziatzeko beharrezko aurrerapenik ez dagoelako

Gehiengo sindikala osatzen dugunok proposamenak eskatzen ditugu plantillaren beharrei erantzuteari dagokionez, eta Osakidetzari gatazka-egoera konpontzeko borondatea eskatzen diogu. Onartezina da Osakidetzak gaur egun inolako soldata-proposamenik egin ez izana.

Ostiral honetarako, urriak 30, Osakidetza osoan deitutako grebak aurrera jarraitzen du. Mahai Sektorialak gaur Gasteizko Zerbitzu Zentraletan egindako bileraren ondoren, LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk mobilizazioen ibilbide-orriari eutsi diogu, lan-baldintzak arautzen dituen akordio berriaren negoziazioan aurrerapauso garrantzitsuak eman behar direlako.

Greba deitu dugun bost zentralek funtsean bat egiten dugu gaurko bileran gertatutakoari buruzko balorazioarekin: jorratutako gaiak lehentasunezkoak dira langileentzat, eta benetako aurrerapenak behar dituzte, anbizio handikoak eta profesionalen beharrekin bat datozenak. Akordioaren negoziazioari buruzko Mahai Sektorialean orain arte landutako akordio-tituluek aldaketak edo neurri zehatzak baino askoz haratago doazen erantzunak eskatzen ditugu.

Osakidetzak aurrerapauso bat emateko unea iritsi da. Langileek urte gehiegi daramatzate lan-baldintzak eguneratzeko zain. Ez da nahikoa mahai batean eseri eta arazoei buruz hitz egitea: euskal osasun publikoa egunero sostengatzen dutenen errealitateari erantzungo dioten proposamen zehatzak, aurrerapen garrantzitsuak eta konpromisoak behar ditugu.

Ildo horretan, onartezina da Osakidetzak gaurkoan inolako soldata-proposamenik egin ez izana, batez ere bizitzaren garestitzea etengabe areagotzen ari den testuinguru honetan.

Gatazkaren giltza Osakidetzaren esku dago

Gehiengo sindikalaren ustez, negoziazioa desblokeatzeko ardura Osakidetzako Zuzendaritzari dagokio. 17 urte baino gehiagoz Akordio Arautzailea osorik berritu gabe egon ondoren, profesionalek hobekuntzak behar dituzte, beren lanaldian, baimenetan, kontziliazioan, ordainsarietan eta lan-baldintzetan eragina izango dutenak. Osakidetzak du aurrera egiteko eta gatazka ez luzatzeko giltza. Bere langileei entzuten diela eta bere arazoak konpontzeko benetako borondatea dagoela erakutsi behar du. LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk azpimarratzen dugu ezen, Medikuen Sindikatuarekiko erakutsi duen sentsibilitatea eta erantzuteko gaitasuna profesional guztien proposamenei erantzuteko ere erakutsi beharko luketela.

Negoziazioak kolektibo guztien beharrei erantzun behar die, bidegabekeriarik sortu gabe eta taldeen funtzionamenduari eta arretaren kalitateari eragiten dieten aldarrikapenak kanpoan utzi gabe. Ez dugu hitzik edo promesarik eskatzen. Negoziazioa Osakidetzako lanbide-kategoria guztietarako hobekuntza ukigarri bihurtzea eskatzen dugu. Lan-baldintzek ezin dute jarraitu duela ia bi hamarkadako errealitatean ainguratuta.

Lanaldia eta lizentziak eta baimenak lantzeak langileen bizitza profesionalerako eta pertsonalerako funtsezkoak diren gaietan sartzea dakar. Asistentzia-gainkargak, kontziliatzeko zailtasunek eta absentzien estaldura eskasak ezinbestekoa egiten dute negoziazioak langileengan zein herritarrengan eragina duten egiturazko arazoei erantzutea.

Urriaren 30ean, lehen greba eguna Osakidetza osoan

Aurrerapausorik ez dagoenez, LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk ostiralean Osakidetzako langile guztientzako deitutako greba deialdiari eutsiko diogu. Bost sindikatuok bultzatutako mobilizazio-egutegiaren barruan aurreikusitako bost grebetatik lehenengoa izango da aste honetakoa.

Deialdiek abenduan jarraituko dute, eta hilabete horretako 9an greba egingo da Araban, 10ean Bizkaian eta 11n Gipuzkoan, eta abenduaren 14an beste greba bat egingo da Osakidetza osoan. Ibilbide-orri bat markatuta daukagu eta aurrera egingo dugu. Langileek gogaituta daudela erakutsi dute, eta beren aldarrikapenak aurrerapenak direla egiaztatu behar dute. Hilaren 30eko greba aukera bat da lan-baldintza duinak eta osasun publikoaren egungo beharren mailan egongo den akordioa irmotasunez eskatzeko.

Gogorarazi behar da mobilizazio horien helburua dela Osakidetza osatzen duten pertsona guztientzako lan-baldintza duinak defendatzea eta osasun-sistema publiko baterantz aurrera egitea, pribatizazioak geldiaraziko dituena eta plantilla nahikoak izango dituena, asistentzia-kargari aurre egiteko eta arreta segurua eta kalitatezkoa eskaintzeko gai izango direnak. Harreman zuzena dago langileen lan-baldintzen eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatearen artean.

Profesionalek ezin dute sistema sostengatzen jarraitu beren ahaleginaren eta bizitza pertsonalaren kontura. Horregatik, gure lana aitortu eta gure baldintzak hobetuko dituen akordio bat behar dugu.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk Mahai Sektorialaren bilerak aprobetxatu ditzala eskatu diogu Osakidetzari, anbiziosko proposamenak aurkezteko eta akordiorako benetako borondatea erakusteko. Aurrerapen nahikorik egiten ez den bitartean, mobilizazioen ibilbide-orriak aurrera jarraitzen du eta urriaren 30eko greba deialdia mantendu egiten da.

Ernaik eta LABek etxebizitza eta soldata duinen aldeko borrokara batzeko deia egiten diogu euskal gazteriari

Gazteen prekarizazioaren datuak argiak dira: 25 urte baino gutxiagoko langileen ia erdiak ez dira iristen 1.600 euroko soldatara, eta adin tarte horretako gazteek diru sarreren %78 bideratzen dute alokairura. Aldaketarako aukerak daudela sinetsita, azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deia egin dugu Ernaik eta LABek.

Pobretzearen eta prekarizazioaren aurrean, antolakuntzarako eta borrokarako deia egin dugu gaur Ernai gazte antolakundeak eta LAB sindikatuak Bilbon, eta euskal gazteriari azaroaren 11ko greba orokorrean aktiboki parte hartzeko eskatu diogu.

Bizitza izugarri garestitu da, eta gorakada handia izan dute elikagaien, erregaien eta energiaren prezioak. Bizitza garestitu bai, baina soldatak ez dira neurri berean igo, eta, horrez gain, miseriazko soldaten geroz eta zati handiagoa bideratzen dute langileek etxebizitzara. Langileak pobretzeko eta euren arteko arrakala matxistak eta arrazistak sakontzeko elementu nagusiak dira, beraz, soldatak eta etxebizitzak, eta modu berezituan pairatzen dute egoera hori gazteek.

Soldatei dagokienez, adibidez, Hego Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldatak 1.600 eurokoa izan beharko lukeela uste dugu LABen, eta, atalasea kopuru horretan jarriz gero, argia da emaitza: 25 urte baino gutxiago dituzten eta lanean ari diren ia erdiak (%48,25) ez dira iristen bizitza duina garatzeko gutxienekoa den kopuru horretara.

Gainera, lan baldintzak urteekin zertxobait hobetu badira ere, soldaten bilakaerak ez du, inondik ere, etxebizitzaren prezioen hein berean egin gora. Hala, gazteek euren diru sarreren kantitate geroz eta handiagoa bideratzen dute etxebizitzara, eta, era berean, etxebizitza bat lortzeko behar duten denbora beste adin tarteetan baino handiagoa da. Babes ofizialeko etxebizitza sozialak ordaintzeko, adibidez, batez beste 19 urte behar dira; 25 urtez azpikoen kasuan, berriz, 30 urte. Etxebizitza libreen kasuan, horiek eskuratzeko batez besteko tartea 35 urte dira; 25 urtetik behera, aldiz, 53 urte.

Gazteen portzentaje handi bat alokairuan bizi da, eta diru sarreren zati handi bat hartzen du alokairua ordaintzeak gazteen kasuan, eta zati hori urtetik urtera handiagoa dea. Egun, 25 urtetik beherako gazteek diru sarreren %78 bideratzen dute alokairua ordaintzera.

Datuak argiak dira. Soldatak eta etxebizitza adin arrakala iraunarazteko elementuak dira egun. Horregatik, azaroaren 11ko greba orokorrerako deia berretsi diegu Ernaik eta LABek gazte guztiei. Azken asteetan buru-belarri ari gara bi antolakundeak greba prestatzen, eta Euskal Herriko ehunka herri eta auzotan elkarguneak, batzarrak eta asanbladak egin ditugu. Datozen egunetan lan hori areagotuko dugu, eta azaroaren 11n lantokiak eta heziguneak hustu eta kaleak beteko ditugu.

Azaroaren 11n pobretzeari eta errentismoari aurre egiteko egiturazko neurriak eskatuko dizkiegu instituzioei eta patronalari: alde batetik, Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzeko; gutxienez, 1.500 eurokoa. Horrekin batera, soldata guztiak duindu daitezela ere eskatuko dugu, langileen arteko arrakalekin amaitzeko; hala nola, adin arrakalarekin. Bestetik, etxebizitzari dagokionez, errentismoarekin eta negozioarekin amaitzeko egiturazko neurriak exijituko ditugu Ernaik eta LABek: alokairu kontratu mugagabeak; alokairuen prezioak jaistea eta merkatuan esku hartzea; etxegabetzeekin amaitzea; putre funtsak desjabetzea eta Euskal Herritik kanporatzea; espekulazioa debekatzea; eta parke publikoa defendatu eta handitzea.

Neurriok Euskal Herrian bertan hartzeko baldintzak badaudela uste dugu bi antolakundeok, eta Euskal Herrian etxebizitzaren auziari bertako behar eta baldintza propioetatik erantzuteko, burujabetza gehiagoren beharra dagoela aldarrikatzen dugu. Etxebizitza politika horiek, Euskal Herrian diseinatzeaz gain, norabide sozialistan diseinatuak behar dute, zentroan ideia bat izanda: etxebizitza duin baterako sarrera oinarrizko eskubidea dela. Beraz, norabide horretan diseinatutako politikekin, etxebizitzak negoziorako eta espekulaziorako bitarteko izateari utzi behar dio.

Eraldaketarako aukerak eta baldintzak Euskal Herrian

Egungo testuinguru ezegonkorra ere aipatu dugu agerraldian. Sistema kapitalista zisheteropatriarkala, bere aurpegi autoritario eta basatiena erakusten ari da, eta ukaezina da hori sostengatzeko indartzen ari den oldarraldi erreakzionario eta faxista. Talka bat bizi dugu, bizi baldintza duinen eta oinarrizko eskubideen agendaren eta ultraeskuinaren agenda erreakzionarioaren artekoa.

Testuinguru horretan, ordea, Euskal Herrian badira aukerak eta baldintzak beste norabide batean indar egiteko, lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka erdigunean jarrita eraldaketa sozialean eta nazionalean aurrera egiteko. Horren erakusle da ezker independentismoa sendo dagoela, eta badirela baldintzak kapitalaren interesen kontra lantokietan, kalean eta instituzioetan borrokatzeko.

Ernai, gazteek bizi duten testuinguruaren jakitun, Urrats bat aurrera kanpaina aurkeztu du, eta Euskal Herriko gazte oro duintasunez bizitzeko ezinbestekoak diren auziak mahaigaineratu ditu. Orain, Euskal Herriko milaka gazterekin osatuko du diagnostikoa.

Bestetik, etxebizitzaren eremuan egiten ari den ekintza sindikalean urrats berriak egin ditu LABek. Hainbat gatazka kolektibo piztu ditugu, baita mobilizazioak areagotu ere. Hain justu, etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioak indartu, eta horrek greba orokorrerako baldintzak sortu ditu. Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorraren aldeko lanean inplikatu da LAB, etxebizitza eta soldata duinen alde ahalik eta erantzun zabalena emateko asmoz.

Aurrerantzean ere euskal herritar oro duintasunez bizi dadin antolatzen eta lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi dugu bi eragileok.

Gazteen argazki sozioekonomikoa

Aurkeztutako datuak LABek eta Ernaik elkarrekin ondutako Gazteen argazki sozioekonomikoa txostenean daude sakonduta. Jarraian kontsulta daiteke:

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Jarraian osorik irakur dezakezue deialdia egin dugun eragileok sinaturiko testu bateratua:

“Euskal Herriko biztanleak gara, hainbat gizarte esparrutatik gatozenak (elkarteak, sindikatuak, politika mundua, prentsa, argitaletxeak, laborantza, gastronomia, kirola zein kultura).

Gu, faxismoaren eta frankismoaren biktimen zein gudari eta erresistenteen ondorengook;
Gu, auzitegietan auzipetzeko Pierre-Edouard Stérinek jazartzen gaituen euskal militanteok;

Miarritzen antolatua den Frantses Kanona egitea eta ekitaldi horrek Euskal Herrira inportatzen ahal duen gorroto eta zatiketa dinamika errefusatzen dugu. Horregatik, heldu den azaroaren 28an, larunbatarekin, 11:00etan Miarritzeko Irati aretoan eginen den mobilizazio herritar, jendetsu, alaitsu eta determinatu batera deitzen dugu, baita izpiritu eta helburu berak partekatzen dituzten beste ekimenetara ere.

Ezin ditzakegu onartu Frantses Kanonaren asmoak:

Gurera etorri nahi dute “bizikidetza eta lurraldea biziarazteko”, baina hemen aspalditik jorratzen dugu hori, izan herrietako bestetan, Herri Urratsen, Nafarroaren Egunean, Korrikan, Lurraman, gaztetxeetan, zikiroetan, peñetan edota kaleko giroan. Eta hori guztia “saltxitxoi eta ardo gorri” aperitif haien kutsua duten otordurik gabe edota “frantses lurraldearen eta ondarearen balioa nabarmentzea” bezalako formulen beharrik gabe; izan ere, ongi dakigu halako ekimenek biztanleriaren ze zati baztertzeko helburua duten.

Bazterketa eta diskriminazioa praktikatzea eta aldarrikatzea, komunikazio itxura atsegin baten eta, aitzinetik, otordu horietan egiazki ikusten diren jokabideei buruzko kritiketatik babesteko prestatutako gutun baten gibelean ezkutatuz: beso luzatzeak, adierazpen arrazistak, jarrera sexistak nahiz agresibitate alkoholizatuak bazkari batzuei lotuak:

– Hegemonia kulturalagatiko bataila estaltzeko aitzakia da, zerga-ihesa egiten duen Pierre-Edouard Stérin miloidunak fatxosferaren zati handi batekin batera sustaturikoa Frantses Estatuan eskuin muturreko ideiak errotzeko asmoz.

-Euskal Herrian ere ospatu nahi izatea, Euskal Herriak 40 urte luzez faxismoa eta frankismoa bere eta herriaren ariman ezagutu eta pairatu zituenean, irain hutsa da.

Inoiz baino determinatuagoak gara Frantses Kanonaren aitzinean mobilizatzeko:

– Euskal Herria erbeste eta emigrazio-lurraldea izan zelako, eta egun harrera herria delako, non elkarbizitza Pierre-Edouard Stérinek sustatzen dituen ideiak nagusi diren lurraldeetan baino ainitzez hobeto gauzatzen den. Ez dugu onartuko batzuek hemen beste leku batzuetan loratzen laguntzen duten tentsio, liskar eta diskriminazio giroak inportatu nahi izatea.

– Bazterkeria operazioa baino ez delako, sinetsarazi nahi duena ustez arriskuan legokeen frantses identitatea babestea premiazkoa dela. Guri dagokigunez, geure lurraldean benetan gertatzen diren errealitateak aurrez aurre ikusten ditugu egunerokoan: horietako bat, noski, euskarak bizi duen mehatxua da, baina kinka larrian daude, era berean herrian bizitzeko eskubidea, eros-ahalmena, lan eta bizi baldintza duinak, justizia soziala eta fiskala, klima-egonkortasuna eta biodibertsitatea, laborantza-lurrak eta ura baliatu ahal izatea, bortizkeria sexual eta matxisten biktima diren emakume eta haurrak, sexu-orientazioagatiko, azal koloreagatiko edota beren erlijioagatiko erasoak pairatzen dituztenak, osasun eta hezkuntza sistema publikoa, haurren nahiz adineko pertsonen zaintzarako baldintzak, eta abar.

– Frantses Kanonaren sustatzaileak, hala nola, Pierre-Alexandre de Boisse, Géraud Du Fayet De La Tour edo Pierre-Edouard Stérin, arazo eta kezka horietatik milaka kilometrora direlako; eta sustatu nahi dituzten balio eta programak, haatik, arazo horiek larriagotzera heldu direlako.

Idatzi honen sinatzaileok gizarte inklusiboa, abegikorra eta aurrerakoia aldarrikatzen dugu: Euskal Herri bizia, aniztasunarekin eta elkartasunarekin konprometitua. Gizartean bazterkteta, beldurra eta gorrotoa zabaltzen dutenek beti izango gaituzte aurrean, halako jokamoldeek ez baitute lekurik ez Euskal Herrian, ez beste inon.

Frantses Kanonaren aitzinean, bil gaitezen eta osa dezagun giza harresi irmo bat, demokrazia, berdintasuna eta elkartasuna azkeneraino defendatzeko.

Frantses Kanona ez Euskal Herrian, ez nihun! Herri harresia!

Bil gaitezen eta osa dezagun giza-harresi bat demokrazioa, berdintasuna eta elkartasuna irmoki defendatzeko.”

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.

Euskara larrialdi egoeran dagoen honetan, LABek ez du onartzen murgiltze ereduari egoztea emaitza kaskarren errua. Are gehiago, euskarazko gaitasuna indartzeko neurriak eta baliabideak lehenetsi behar dira; besteak beste, EHIko (Entzumen eta Hizkuntza Irakasleak) irakasleak esleitzeko adostutako irizpideak ezarri, EUSLE hizkuntza- murgiltze programa zabaldu, hizkuntza proiektu integralak bultzatu eta hezkuntzako langileentzako euskara planak ezarri.

LABentzat, baliabideak, estrategikoak izateaz gain, ezinbestekoak izan ziren akordioa adosteko. Horregatik, Hezkuntza Sailari exijitu dio hartutako konpromiso guztiak bete eta adostutako baliabideak lehenbailehen ikastetxeetara bideratzeko, oraindik falta diren gainerako baliabideekin batera.

Era berean, irakurketa-idazketa prozesua indartzeko sailak ezarritako neurriak behar bezala aplikatzeko, ikastetxe guztiei baliabide gehigarriak emateko eskatu du LABek.

Bestalde, ikasle guztiek aukera berdinak izan ditzaten, jatorria edo egoera ekonomikoa edozein dela ere, hezkuntza sistemaren plangintzak gizarte-kohesioan oinarritu behar duela adierazi du sindikatuak.

Horretarako, LABek hainbat neurri proposatu ditu: D ereduko sare publikoa indartzea; ikaspostuen eskaintza tokian tokiko errealitatera egokitzea; matrikulazio-irizpide komunak ezartzea eta udal-matrikulazio bulego bakar eta lotesleak sortzea; euskaraz ikasteko eta euskal kultura ezagutzeko aukera bermatzea; egoera sozioekonomiko desberdinak dituzten auzoak eskola-eremu berean biltzea, bizitoki-segregazioa eskolan erreproduzi ez dadin; eta egoera zaurgarrian dauden ikasleei baliabide gehiago eskaintzea. Horrez gain, kuota bidegabeak eragozteko kontrola eta ikuskaritza areagotzea ezinbestekotzat jo du.

Azkenik, LABek ohartarazi du 2012an abiatutako digitalizazio-prozesua berrikusi beharra dagoela. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistema gailu digital gehien dituzten sistemen artean dago. Horregatik, ikastetxeetan desdigitalizazio edo deshazkunde digitalerako neurriak hartzea proposatzen du.

Digitalizazio-eredua berrikusteko orduan, LABek kezka agertu du Google multinazionalarekin egindako akordioaren inguruan. Sindikatuaren esanetan, akordioak ez ditu Hezkuntza Legean jasotakoak betetzen, eta Hezkuntza Sailak ez dio behar bezala erantzun Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren ohartarazpenari.

LABek ezinbestekotzat jo du adimen artifizialaren erabileraz hausnartzea eta neurriak hartzea. Profesionalek ohartarazi dutenez, ikasleen kontzentrazioari eta arretari buruzko kezkei pentsamenduaren delegazioarena gehitu behar zaie.

Eztabaida ez datza teknologia berrien edo adimen artifizialaren alde edo kontra egotean. Gakoa ikasleak erabilera digitalean ahalduntzea eta pertsona kritikoak heztea da, teknologia modu etiko, arduratsu eta egokian erabil dezaten eta ikaskuntza-prozesuari benetako ekarpena egin diezaion.

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.

Ez da lehen aldia Kapitalak langile kolektiboaren aurka CCOO sindikatua baliatu duena. Izan ere, uztail erdialdean negoziazioak bertan behera uzteko saiakera egin zuen. Orduan, Moevek eta CCOOk Enpresa Batzordeari leporatu zioten CCOOren negoziazio eskubidea urratzen ari zela. Ordea, Enpresa Batzordeak gerora frogatu ahal izan zuen bezala, CCOOri ez zion negoziazio eskubiderik urratu CCOOk ez zuelako ordezkaririk enpresa batzordean.

Hori gutxi ez eta, gainera, gogoratu beharra dago AEGAk, sektoreko patronalak, CCOO erosi eta CCOOk zerbitzuguneen sektoreko langileak saldu zituela duela hilabete. Izan ere, CCOOk sektorean %20,73ko ordezkaritzarekin, eragin mugatuko akordioa erdietsi zuen sektorearen gehiengo zabalak zuen borrokatzeko grina pikutara bidalita.

Bada, orain, ekintza antisindikalak baliatuta, berriz ere heldu da CCOO Moevera. Ordezkaritzarik eta inolako legitimitaterik gabe, enpresarekin hauteskundeak egitea iragarri eta oraindik indarrean dagoen Enpresa Batzordea, eta berau babesten duten langile kolektiboa, berriz ere traizionatu dituzte.

Tamalgarria da, zinez, bere burua langile klasearen eskubideen defentsaren alde kokatzen duen sindikatu batek Kapitalarekin konfrontazioa bilatu beharrean, azken horren mesedetan ari dela ikustea. Are gehiago aintzat hartuta hori guztia etekin partidistak ateratzeko egiten dituela jakinda.

Gipuzkoako Moeveko langileei negoziazioaren ateak itxi badizkiete ere, LABek eta ELAk osatzen duten Enpresa Batzordeak argi du hauteskundeak egiterakoan euren ordezkaritza indartuko dutela eta, Konpainiak eta CCOOk langile kolektiboa berriz ere zangotrabatu badute ere, hauteskundeak igarota, Moeveko langileek indar gehiagorekin ekingo diotela berriz enpresa paktu duina konfrontazioaren bidez negoziatzeari.

LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.

Berriki hedabideetan publiko egin da EHUko zuzendaritzak CAF enpresarekin duen hitzarmena ez berritzeko erabakia hartu duela, urriaren 8ko gobernu kontseiluan jakinarazi zena. LABek bat egiten du Joxerra Bengoetxeak gidatzen duen taldeak hartutako erabakiarekin.

Israelgo Estatuak palestinar herriaren aurka daraman genozidio politika komunikabideen lehen orrietatik desagertu den garai hauetan, LAB pozten da unibertsitate publikoak eman duen pausoaren ausardiaz. Zinez, Palestinarekiko elkartasunaren garaipena da.

CAF enpresak urteak daramatza estatu sionistaren mesedetan den azpiegitura lanetan. Horrela salatu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak 2025eko irailean, eta aurtengo irailean berretsi du, Israelgo Estatuaren kolaboratzaileen zerrendan mantenduz.

Gainera, CAF enpresaren zuzendaritzak behin eta berriz uko egin dio bertako enpresa batzordeak eta langileek lanuzteen eta mobilizazioen bidez exijitutakoari; estatu sionistarekin harremanak puskatzeari, alegia.

Ikuspegi merkantilisten gainetik, EHUko komunitatearen gehiengo zabal batek partekatzen dituen gizalegezko baloreak lehenetsi dira. 2024ko otsailean, gobernu kontseiluak, aldeko 40 botorekin eta 2 abstentziorekin, adierazpen bat onartu zuen Palestinako egoeraren harira. Nazioarteko zuzenbidea, giza eskubideak eta NBEren ebazpenak errespetatzen ez dituztenekin harremanak apurtzean datza adierazpena.

Horrez gain, unibertsitateak gerra ekimenak ez garatzeko eta ez bultzatzeko konpromisoa dauka jasota, bai bere kode etikoan, bai 2026an onartutao EHUren estatu berrietan ere, zeinak klaustroaren botoen % 74rekin onartu baitziren. EHUko komunitatearen borondatea argi dago gai honen inguruan, unibertsitate barruko sektore zehatz batzuen interesen eta EHUtik kanpoko esku hartzearen gainetik.

Ustez mundu mailan unibertsitateen bikaintasuna neurtzen duten sailkapenetatik harago, koherentzia eta erantzukizun sozialaren rankingean jauzi handi bat eman du EHU osatzen duen komunitateak. Arlo akademikotik, munduaren aurrean harro aurkezteko modukoa dela uste du LABek.

Halaber, LABek salatu egiten ditu Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburuk eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egindako adierazpenak. Perez-Iglesias Unibertsitate Sailburuak, erabateko arinkeriaz, zalantzan jarri du genozidioa CAFekin kontratu bat ez berritzeko arrazoi eta muga nahikoa denik. Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak ez betetzeaz, ordea, ez dio ezer.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak CAFen erabakiak zuritu nahi izan dituzte beste behin ere. EAJko ordezkari instituzionalentzat genozidioaren aurrean zein da muga, orduan? Gogoratu dezagun lehendakariak berak aurreko urtean, Euskal Herrian Palestinaren kontrako genozioaren kontra egin zen lanuzte eta mobilizazio erraldoien testuinguruan, CAF enpresari hausnarketa etiko bat egiteko eskatu ziola. Bada, agerian utzi dute hausnarketa etiko hori EAJk ere egiteko daukala.

Aurrerantzean, hartutako norabideak sakontzera animatzen ditu LABek Joxerra Bengoetxea errektorea, EHUko zuzendaritza eta unibertsitateko komunitate osoa. LAB bidelagun izango dute. Konpromiso hori berresteko aukerak izango dira, eta LABek lanean jarraituko du EHU publiko, kritiko eta sozialki arduratsu baten alde, Palestinako herriaren eskubideen defentsa eta elkartasun internazionalista oinarri hartuta.

Sionismoaren aurka, Palestinako herriaren eskubideen alde eta herrien askapenaren alde, jarrai dezagun lanean.

Olaberriako Arcelor Mittalen negoziazio esparru propioa errespetatzeko eskatzen diogu zuzendaritzari

Joan den ostiralean, zuzendaritzak negoziazio mahaia hautsi eta hiru egun lehenago azken proposamen gisa landurikoa mahai gainetik kendu zuen. Erabili zuten aitzakia “Olaberriaz kanpoko mahaien presioak eta esku-sartzeak” izan ziren. Dirudienez, Asturiasko lantegiren batean, sindikatuek Olaberriako balizko akordioa erakutsi dute presio neurri gisa.

Olaberriako zuzendaritzak, bere aldetik, modurik okerrenean erantzun du: bere proposamena erretiratu eta mahaitik bueltako datarik gabe altxatu dira.

LAB bere afiliazioarekin bildu da egoera aztertzeko eta zer egin erabakitzeko:

* Langileei azaldu behar zaie zer gertatu den, eta bakoitzak har ditzala bere erantzukizunak.

*Olaberriako negoziazio mahaia oso gertu dago akordiorako.

* Gure akordioa negoziatzea eta 63an jaiotakoak etxera bidaltzea lortzeko ahalegin handia egin behar izan dugu (lanuzteak, batzarrak, presioak…). Ez dugu onartuko lortutakoa kentzea.

* Akordio markorik egon ezean, estatuko enpresa bakoitza bere enpresa-ituna negoziatzeko libre.

* Zuzendaritzari emandako erantzunak irmoa eta aho batekoa izan behar du lantegiko langile eta sindikatu guztien aldetik.

* Horregatik guztiagatik, presio-neurriak hartu behar dira berriro, egoera zuzendu arte.

Gaur lanuztea eta elkarretaratzea egin ondoren, datorren asteazkenean enpresa-batzordea bilduko da
aurrerantzean eman beharreko urratsak erabakitzeko.

LABek argi dauka parte-hartze ildo berari eutsi behar diola, baita honaino ekarri dituen langileen batasuna ere; beraz, erabakiak hartzeko batzarrak sustatzen jarraituko du.