2026-10-28
HomeEkintza SindikalaLABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk...

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea.

Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu da berriro ere Udalhitzeko mahaia, uztailaren 6ko mahaiaren blokeoaren aurrean alderdiek proposamen berriak ekarriko zituztela adierazi eta gero. Alta, mahaira ekarritako berritasun bakarra konpromisorik gabeko asmo hipotetikoak eta lege ezberdinek araututa dituzten artikuluak kopiatzea izan da.

LABentzat aurreakordioak jaso beharko lituzkeen hurrengo puntuetan ez dago oraindik orain adostasunik:

  • Indarraldia: 5 urteko indarraldiarekin tematuta jarraitzen dute. LABek asko jota 4 urtekoa izan behar dela adierazi du, langileek lehenago jaso ditzaten lan-baldintzen hobekuntzak.
  • Publifikatuko diren zerbitzuetako langileen subrogazioa jasotzea. EAJ-PSE-Alderdi Independienteak aurkezturiko proposamenean subrogazioa ez da bermatzen, aztertuko dela jaso du soilik. LABetik adierazi diegu pribatizaturiko zerbitzuetan dauden langileen enplegua bermatzeko berme bakarra lan-hitzarmenean jasotzea dela. EHBilduk mahaian aldarrikapen hau jasotzen duen proposamen berria aurkeztu du, hurrengo mahaian lantzeko geratu dena.
  • Euskararen gaian EAJ-PSE-Alderdi Independienteak aurkezturiko proposamenak langileen ordezkaritzaren %83ak babestu gabe jarraitzen du, ez baitute euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko tokiko administrazioetan neurri gehigarririk hartu nahi, ez eta sarbidean euskara gaztelaniarekin parekatu nahi ere. LABek behin eta berriz adierazi die euskara gaztelaniaren pare jartzeko garaia dela eta sarbidean euskararen hizkuntza-eskakizuna ere derrigorra izan behar dela, tokiko hizkuntza-plangintzaren arabera lanpostu batzuk salbuetsiz eta hizkuntza eskakizuna eskuratzea kasu horietan geroratuz; horretarako, udalek langileak euskalduntzeko baliabide eta liberazioak eskaini behar dituzte. Hori da, hain zuzen ere, EHBilduren proposamenak jasotzen duena, baina gainerako alderdiek oraindik ontzat eman nahi ez dutena.
  • Lanaldiaren jaitsiera handiagoa adostea, kolektibo espezifikoen errealitatea ere jasoz (euskaltegi, musika eskola, udaltzain zein oinarrizko lanbide heziketan). Antolaketa-plan bati lotuta dagoen esfortzu handiago bat eskatu du LABek, eta txandaka lan egiten duten langile-kategorientzat berariazko neurriak adostea.
  • Enpleguari lotuta: lanaldi partzialek %10 ez gainditzea jaso behar da, lehentasunez sektore feminizatuetakoak %100ean osagarrituz. Horrekin batera, hautaketa prozesu propioak eta mankomunatuak bultzatzea eta hauek ordezkari sindikalekin adostea jaso behar da.
  • Gazteberritze planetan egun administrazio ezberdinetan dauden neurri eta aukera guztiak jasotzea falta da. Hala ere, LABek lortu du Jaurlaritzako langileentzat adostu zuen Belaunaldien Erreleborako plana udalei eredu gisa proposatu dakien.
  • Soldatak berreskuratzeko, zorra onartzeko eta erosahalmena bermatzeko igoerak egiteko tresna ezberdinak nola baliatu adostea falta da eta indarraldiaren bukaeran zein helmugara iritsi nahi den zehaztea.

Negoziazio egutegian finkaturiko hurrengo mahaia irailaren 25ean izango da. Alderdiek gaur erakutsi duten borondate ezak mobilizazioak indartzea beste aukerarik ez dauka LABek, alderdi politikoak mugiarazi eta beharrezko edukiak mahaira ekar ditzaten. Zentzu horretan, sindikatuaren azpimarratu du garrantzitsua dela irailaren 24ko tokiko mobilizazioetan parte hartzea eta urriaren 8an udaletako eta tokiko administrazioetako langileak grebara eta kalera ateratzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.