Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.
Azken urteetan euskal langileek euren eskubideak irmoki defendatzeko hautua egin dute. Hamaika izan dira borroka sindikalak, eta horri esker hainbat hitzarmen berritzea lortu da. Gainera, 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko Greba Orokor arrakastatsua egin genuen martxoaren 17an. Urrats garrantzitsua izan zen soldaten etengabeko debaluazioari muga jartzeko, aberastasunaren banaketaren auzia agendan kokatzeko eta negoziazio kolektiborako baldintza zailagoak dituzten sektore prekarioak (horietako asko feminizatuak eta arrazializatuak) babesteko.
Bai Confebaskek eta bai CENek uko egin diote negoziazio mahaian esertzeari. Eta, Greba Orokorra egin eta sei hilabete igaro direnean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute iniziatibarik hartu, ez patronalak mahaian eser daitezen lortzeko, ez gutxieneko soldataren eskumena eskuratzeko, ezta administrazio publikoak azpikontratatutako eremuetan 1.500 euroak bermatzeko ere.
Edozein kasutan, egindako urratsak ez du atzera bueltarik: Hego Euskal Herrian ezarria dago 1.500 eurotik gorako soldata beharrezkoa dela eguneroko bizitzan aurrera egiteko. Zinez eskertzekoa da martxoaren 17an ehunka mila langilek egindako ekarpena, hauspoa eman baitio sektore prekarioen borrokari eta, oro har, aberastasunaren banaketaren aldarrikapenari. Ordutik hona, LABek sinatutako hitzarmenetan 1.500 euroko gutxieneko soldata bermatu da eta LABek gehiengoa duen esparruetan ia ez dago 1.500 euroz azpiko soldatarik. Horixe da LABek negoziazio kolektiboan hartu duen konpromisoa: 1.500 euroko gutxieneko soldata hitzarmenez hitzarmen errealitate izan dadin ekarpen egitea. Horrekin batera, interpelazio politikoari eutsiko diogu, bai Hego Euskal Herriko bi gobernuei begira eta baita Madrilgo Gobernuari begira ere: goizago ala beranduago, gutxieneko soldata ezartzeko ahalmen legegilea eskuratuko dugu.
Era berean, aipatzekoa da enpleguaren defentsan euskal langileak erakusten ari diren konpromisoa. Maderas de Llodiokoa eta Tubos Reunidosekoa bezalako gatazketan argi ikusi da patronalak etekinak baino ez dituela lehenesten eta langileak direla enpleguari eta ehun industrialari eustearren borrokan ari direnak. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren jarrera ulertezina eta inkoherentea da: industria lurraldean errotzeaz mintzo dira, baina, horren alde egiten duten langileen bidelagun izan ordez, enpresen zuzendaritzekin lerratzen dira maiz.
Hirugarrenik, zerbitzu publikoen egoerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren apustu estrategiko baten falta nabarmena da. Biek ala biek uko egiten diote enpresarien eta errenta altuen pribilegio fiskalekin amaitzeari eta, ondorioz, uko egiten diote zerbitzu publikoen garapena ahalbidetuko lukeen aurrekontu politikari. Era berean, sektore pribatuaren aldeko ildoari eusten diote hezkuntza, zaintza, osasuna edota etxebizitzaren eremuan, Nafarroan zenbait urrats eman badira ere (anbulantzien publifikazioa eta babes ofizialeko etxebizitzen blindajea, kasurako). Salatzekoa da, halaber, euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzen duela administrazio publikoan. Azkenik, deitoragarria da Eusko Jaularitzak, Nafarroako Gobernuak eta Eudelek (Udalhitz udaletako hitzarmenaren kasuan) negoziazio kolektiboan ezarritako blokeoa, Sindikatu Medikua delakoarekin aldebiko negoziazio (eta EAEren kasuan, akordio) baztertzaileak egiten dituzten bitartean.
Aipatutako hiru horiek dira, hain zuzen ere, ikasturte honetarako LABen lehentasunak: gutxieneko soldataren aldeko borrokari jarraipena ematea, enpleguaren defentsa irmoari eustea, zerbitzu publikoetan negoziazio kolektiboa desblokeatzea, euskara hizkuntza ofiziala izatea eta zerbitzu publikoak indartzea, etxebizitza, hezkuntza, osasuna eta zaintzaren eremuetan. Azken horri dagokionez, zaintzako langileen bizi baldintzak hobetzearekin batera (ekiparazioa, ratioen hobekuntza, hitzarmenen berrikuntza), Euskal Herriko mugimendu feministak zaintza sistema publiko komunitarioaren alde antolatutako dinamika berrian parte hartuko du LABek.
Funtsean, politika publikoetan egiturazko aldaketak egin daitezen aldarrikatuko du LABek eremu guztietan, eta hori da, hain justu, indartzen ari den oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko modua ere. Izan ere, fase kapitalista geroz eta bortitzago honek autoritarismoan eta faxismoan topatzen du bizirauteko bidea, langileak langileen kontra jarriz, migranteen kontrako jazarpena sustatuz; Ceutan, manteroen kontra… LABek aldarrikatzen dituen neurriek politika publikoen norabidea aldatzea eskatzen dute, kapitalari mugak jartzea, aberastasunaren metaketaren ordez birbanaketa politiken aldeko apustua egitea. Hori da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko bidea.
Gobernua eta patronala: herri ikuspegirik ez eta langileei bizkarra emanda
Bistan da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dutela borondaterik edota gaitasunik eskari hauen aldeko neurri esanguratsuak hartzeko. Are eta gehiago: kontrabotere sindikalismoak egiten dituen eskariak gustuko ez dituztenez, nahiago dute CCOO eta UGTrekin elkarrizketa sozialaren antzezpena egitea.
Jarrera hori bereziki larria da Eusko Jaurlaritzaren kasuan. Greba Orokorraren biharamunean, elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioan urrats berria emateko asmoa iragarri zuen gobernuak, Confebask eta UGT-CCOOekin batera. Gutxieneko soldataren inguruan negoziatzeari ezezkoa ematen dion patronala zilegiztatu eta ordezkaritza sindikalaren %27,6ren babesa besterik ez daukaten sindikatuak instrumentalizatu zituen horretarako.
Ildo berean, Confebaskek “lehiakortasunerako euskal ituna” proposatu du. Confebaskek ez du herri ikuspegirik, ez du herri itunik bultzatu nahi. Etengabeko hazkundean oinarritzen den ikuspegi produktibista kapitalista dago bere gogoetaren oinarrian, eta planteatzen dituen errezetak betikoak dira: batetik, instituzioak interpelatzea birbanaketa politika oro baztertu eta neurri fiskal erregresiboak har ditzaten; bestetik, sindikalismo borrokalaria indargabetzeko presio egitea.
Nafarroan ere gobernua eta patronala elkarrizketa sozialaren eskemari eusten saiatzen ari dira, gero eta zailtasun handiagoekin. Nafarroako testuinguru politikoa aldatu egin da, sindikalismo abertzalearen eragiteko gaitasuna handitu egin da eta hauteskunde sindikaletan indar harremanak aldatzen ari dira: UGTk eta CCOOk ordezkaritzaren %47,9 baino ez dute, sindikatu abertzaleek %41aren langa gainditu duten bitartean.
Hauteskunde sindikalen garai trinkoa
Testuinguru horretan hasiko da hauteskunde sindikalen garai trinkoa. Aukera ezin hobea izango da langileei bizkar ematen dieten patronala eta gobernuari mezu argia helarazteko. Langileek LAB sindikatuari emandako babesa erabakigarria izan da garaiz garai: LAB zenbat eta indartsuago, orduan eta aukera handiagoa euskal langileon aldeko aldaketak eragiteko. Eragin izango da, hain zuzen ere, hauteskunde sindikal hauetako lelo nagusia. Eta, horrekin batera, Kontraboterea gara, LABek ordezkatzen duen eredu sindikala aldarrikatuz.
LABek inoizko ordezkaritzarik handienarekin eta hazten jarraitzeko anbizioarekin eta aukerarekin ekingo dio garai trinko honi. Azken datu ofizialen arabera (2026-6-30), honako hau da LABen ordezkagarritasuna: Nafarroan, %18,53; EAEn, %20,89; eta Hego Euskal Herrian, %20,25. Epe luzeko ikuspegiarekin aztertuta, LABen hazkundea ikusgarria ari da izaten:
| NAFARROA | 2010eko abenduaren 31 | 2026ko ekainaren 30a |
| LAB | %12,59 | %18,53 |
| ELA | %21,03 | %23,23 |
| CCOO | %25,27 | %23,34 |
| UGT | %30,69 | %24,62 |
| EAE | 2010eko abenduaren 31 | 2026ko ekainaren 30a |
| LAB | %16,24 | %20,89 |
| ELA | %40,50 | %40,30 |
| CCOO | %20,07 | %17,38 |
| UGT | %12,91 | %10,25 |
| HEGO EH | 2010eko abenduaren 31 | 2026ko ekainaren 30a |
| LAB | %15,33 | %20,27 |
| ELA | %35,54 | %35,82 |
| CCOO | %21,36 | %18,94 |
| UGT | %17,37 | %14,02 |

