2024-05-07
Blog

Bi greba egun deitu ditugu Nafarroako ANFAS-en, hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Greba egingo dute maiatzaren 8an eta 11n, zuzendaritzari soldata igoerak eta erosahalmena berreskuratzea eskatzeko, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko, azken 4 urteetan Gobernuak ANFASi bere aurrekontuaren bi heren dirulaguntzetan eman arren, lan baldintzak ez direlako hobetu.

Desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Nafarroako Elkarteak (ANFAS) 141 langile ditu (ELAk eta LABek ordezkatuta), eta, 700 boluntario baino gehiagoren laguntzarekin, 1.700 pertsona baino gehiago artatzen ditu Nafarroa osoan arreta goiztiarreko, zahartzaroko, aisialdiko, terapiako, logopediako eta abarreko arloetan, eta Zangoza, Sarasate, Sarriguren eta Tafallako etxebizitzak kudeatzen ditu.

ANFASeko lan baldintzak prekarioak dira, partzialtasun asko, asteburuetan lana, lan karga handiak eta erantzukizun handiarekin. Soldatak 1.000 euro garbi ingurukoak dira lanbide kategoria jakin batzuetarako, hala nola aisialdiko begiraleentzat edo zaintzaileentzat jardinaldi osoan arituz gero, baino ia guztiek 4 edo 5 orduko jardunaldia dute astean, eta horrek hilean 100 edo 200 euroko soldata suposatzen du. Arreta espezifikotasun oso zorrotzak dituzten lanak dira, eta erabiltzaile motaren arabera espezializatutako profesionalak. Hain prekarioak diren lan baldintzek langileen mugimendu handia eragiten dute, lana ez baita behar bezela ordaintzen.

Hitzarmena negoziatzen bi urte baino gehiago eman ondoren, ANFASeko zuzendaritzak proposamen bera egin du azken bi bileretan, eta batzordearen iritziz, ez da nahikoa. Azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea da puntu kritikoa. Oinarrizko soldata da plantillaren sostengu nagusia, plusik ez dagoelako. Horregatik, soldatek gora egitea eskatzen dute, bizitza igotzen denaren arabera, plantilla urtez urte pobretu ez dadin.

Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna zuzena da. ANFASen egiten den zainketa lanaz gain, azpimarratu behar da 2020tik 2023ra ANFASen guztizko diru sarreren bi heren ordaindu dizkiola.

Egoera honen aurrean, ANFASeko langileek mobilizazio dinamika berri bati ekitea erabaki dute, eta greba deitu dute maiatzaren 8rako eta 11rako. Maiatzaren 8ko ekitaldi nagusia Nafarroako Gobernuaren parean izanen da (Karlos III.a Etorbidean) 12:00etan, eta 11n 18:00etan Iruñeko Udaletxe plazan. Hitzarmenaren edukiak aurrera egin ezean mobilizazioak areagotuko dituztela iragarri dute.

Munduko Federazio Sindikalaren Herrien Koordinadorak garai berri bat hasi du

Maiatzaren 2an, arratsaldez, Munduko Federazio Sindikalaren Herrien koordinadorak bilera egin zuen. Sindikatu berriei ongi etorria emateaz gain, fase berri baten hasiera ekarri du bilera horrek, MFS-an afiliatutako estaturik gabeko nazioetako sindikatuen presentzia eta indarra gero eta handiagoa delako.

Osteguneko bileran, LAB sindikatuaz gain, Galiziako CUT, Aragoiko CUT, Intersindical Catalana, Intersindical Valenciana, CSI Asturies, IAC Catalunya eta Andaluziako SATek parte hartu zuten. Sindikatu guzti hauek elkarrekin parte hartzen dugun lehenengo aldia da, CUT Aragoi, Intersindical Valenciana, SAT, IAC eta CSI, Munduko Federazio Sindikalak Brasilgo Sao Paulo hirian eginiko Kontseilu Presidentzialean afiliatu baitira. Sindikatu guzti hauek, Intersindical Canaria eta Herrialde Katalanetako COSekin batera, Herrien Koordinadora osatuko dugu.

Hemendik aurrera Herrien Koordinadorak 140.000 langile ordezkatuko ditu Munduko Federazio Sindikalean. Kontutan izanik sindikalgintza soberanistak eta koordinadoran parte hartzen dugun sindikatuok hazkunde prozesu bat bizi dugula, herrien burujabetzaren alde eta justizia sozialaren alde borrokatzen dugunen presentzia geroz eta handiagoa da.

Bada, Herrien Koordinadorak Espainiar Estatuari nahiz Europako egoerari buruzko manifestu bateratu bat adostu du, zeinetan, irakurketa bateratua plazaratzeaz gain, etorkizunerako aldarrikapen zehatzak egiten dituen. Hementxe ikus daiteke adierazpena:

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Osakidetzako Larrialdi zerbitzuan gero eta gehiagotan pairatzen ari gara halako egoerak. Oinarrizko zerbitzua bada ere, egun askotan ez da iristen ezarrita dauden gutxienekoak betetzera. Emergentziazko deiak hartzen diren koordinazio zentruetan ohikoa da ezarritako mediku guztiak ez egotea, eta geroz eta egun gehiagotan anbulantzia medikalizatuak mediku gabe geratzen dira.

Guzti honek, Euskadiko Larrialdien Sarean hutsune larriak egotea dakar. Mediku baten arta behar duten gaixoak medikurik gabe artatuko dira edo gehiago itxaron beharko dute. Gainera, aintzat hartzekoa da halako kasu askotan premutasunak eragin handia duela gaixoaren egoeran.

LABek denbora darama Osakidetzako Larrialdietako zuzendaritzari pertsonen kudeaketa politika alda dezala eskatzen eta aldarrikatzen. Bada, herritarren beharrizanak era egokian artatuak izan daitezen borrokan jarraituko du sindikatuak, eta Osakidetzari eskatzen dio egoera hauek ekiditeko esku hartu dezan.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Emakumeen Mundu Martxaren irakurketa:

Emakume honek apirilaren 14an Ziburuko hotel bateko bostgarren pisutik salto egin zuen eta egoera larrian ospitalean egon zen maiatzaren 1era arte.

Behin eta berriro exijitzen dugu indarkeria matxista kasuen aurrean, epaileek “iragazki bereziki zehatza” izan behar dutela, eta biktimak ezin dituztela babesgabe utzi. Are gehiago, halako kasuetan, non biktimaren bizitza argi eta garbi arrisku larrian dagoen eta indakeria matxistaren zantzuak oso agerikoak diren. Kasu hau bezalakoekin, argi geratzen da egungo justizia ereduak ez duela funtzionatzen.

Erailketa hau 2024ko indarkeria matxistaren ondorioz gertatutako lehen hilketa izan da. Aski da! Nazkatuta,amorratuta eta haserre gaude! Dei egiten dugu elkarretaratzeetan parte hartzera. Adi! ASKI DA! AUTODEFENTSA FEMINISTA!

DONIBANE LOHITZUNE: Maiatzak 6 arratsaldeko 19:00etan Louis XIV Plazan

IRUÑEA: Maiatzak 6, 20:00etan Udaletxean

GASTEIZ: Maiatzak 8 arratsaldeko 19:00etan Andra Mari Zuriaren Plazan

Bilbo eta Donostiako deialdiak zehazteke.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.

Osakidetzako hitzarmen kolektiboan honako hau irakur daiteke:

Osakidetzak, akordio hau sinatuta, bere gain hartzen du Bizkairako ikuztegi zerbitzu propioa sortzeko konpromisoa. Konpromiso horren arabera, zerbitzua akordio honen indarraldian zehar abiaraziko da eta Osakidetzako zentroek azpikontratatutako zerbitzuak arian-arian hartuko ditu Osakidetzak bere gain, dagozkien kontratuak amaitu ahala.

EAJ-PNVk argi hitz egin du horri buruz, eta hauteskunde-programan ere irakur ziteken Osakidetzako milaka lankideren zereginak “lan osagarritzat” jotzen dituela, osasuna pribatizatzen ez dela justifikatzeko. Izan ere, lan osagarri horiek dira gehien pribatizatzen direnak. Baieztapen horietan dagoen mehatxu inplizituak zuzenean eragiten die langileen %20 baino gehiagori. Argudio hori faltsua da guztiz, bistan baitago deribazioak areagotu egiten direla, baita autokontzertazioa ere, eta osasunaren kudeaketa ekonomizistara bideratutako beste formula batzuen erabilera.

Desegite-estrategia horren aurrean, LABek duela 2 urte jarri zuen abian plan horiek desegiteko fronte bat. Orain arte, fruituak asko izan dira, eta esternalizazioetara bideratzekoak ziren 163 milioi euro baino gehiago geldiarazi ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian jasotako epaia oso garrantzitsua da; izan ere, Osakidetzako zuzendaritzak berak alegazioetan onartzen duen bezala, ehunka lanpostu sortuko lirateke, gehienak Bizkaiko zerbitzuetako langileei dagozkienak.

Bizkaian ikuztegia publifikatzeko konpromisoa jasotzen zuen akordioa 2007koa da eta argi dago 17 urtetan zuzendaritzak konpromiso hori alde batera utzi duela, ikuztegiko zeregin horien kudeaketak dakarren dirusaria hainbat enpresari esleituz.

LABek lortutako epaia irmoa eta esanguratsua da:

  1. Pribatizazioa ez dago behar bezala justifikatuta sektore publikoko kontratuen legearen arabera
  2. Osakidetzak aurkeztutako justifikazio horrek, onartua izan ezkero, zerbitzu guztiak pribatizatzeko balio dezake.
  3. Inolako oinarririk gabe, giza baliabiderik eta baliabide materialik ez dagoela alegatzea ez da nahikoa
  4. Lan horiek Osakidetzaren gain hartzeak ekarriko lukeen “kostu” altua alegatzea ere ez da baliozko argudioa, hori baloratu behar izan baitzen 2007an askatasunez sinatutako konpromisoa hartu zenean
  5. Osakidetzak ez du konpromiso hori betetzeko egutegirik edo plangintzarik landu, ezta aurkeztu ere.

Guzti hauek kontuan hartuta, zerbitzuko langileen kategoriako gure lankideen profesionaltasuna eta gaitasuna nabarmendu nahi ditugu beste behin ere; izan ere, Osakidetzako zuzendaritzak enpresa pribatuei ezartzen die zeregin horiek egiteko beharrezko espezializazioa, langile publikoei ukatu egiten dien bitartean. Esternalizazio guztietan errepikatzen den argudioa da hori, hau da, plantillaren gaitasunik eza argudiatzea lanak kanpoko enpresei esleitzeko.

Azkenik, LABek Osakidetzako zuzendaritzari eskatzen dio osasun publikoa ahultzeko eta enpresa pribatuei saltzeko darabilen estrategia alde batera uzteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia onartu eta Auzitegi Gorenean errekurtsorik ez jartzeko ere eskatzen dio, baita plangintzari ekin diezaiola ere, hartutako konpromisoak betetzeko eta berehala publifikazio prozesuei ekiteko.

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

Bada, mehatxu eta jazarpen horiek ez dute lortu langileak gerarazterik, kontrakoa: are gehiago ahaldundu dira eta lan-baldintza duinen alde borrokatzen jarraitzeko prest daude.

Enpresak hobekuntza gutxi batzuk proposatu dituen arren, gaur egun Endaneako langileek dituzten beharrizanak asetzetik oso urrun dago oraindik ere proposamen hori. Bada, elkarretaratzeak egiten hilabete igaro ostean, nazkatuta, grebaren aldeko hautua egin dute langileek.

Bada, salatu beharrekoa da grebalarien lanpostu horiek ordezkoekin betetzen ari dela enpresa.

Guk borrokan jarraituko dugu lan eta bizitza duinen alde.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Irailean 40 kolektibo sozial baino gehiago bildu ginen Ozaetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak antolatutako “Su txikien itsasoa” izeneko topaketan. Bertan, Euskal Herriko lurralde ezberdinetan hainbat mugimendu eta kolektibo sozialek egunero garatzen dituzten borrokak batuko zituzten aldarrikapen komunen eraikuntzan aurrera egin genuen. Borroka horiek guztiak dira beharrezko aldaketa ekosozialaren oinarriak, eta beharrezkoa den alternatiba ekosozial hori elkarrekin bultzatu nahi dugu.

Eredu ekonomiko, politiko eta sozialaren aldaketa horretarako adostutako 7 ardatzak honako hauek dira: Pertsona guztientzat bizitzeko moduko planeta bat, pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko bat eta ez gutxi batzuen onurak lehenesten dituenak, lanaren birbanaketa eta aitortza (batez ere funtsezkoak, zaintza-lanak, etab.), subiranotasunen sustapena (elikadura, enegetika, telekomunikazioetakoak, etab.), pertsona guztientzako eskubideak (atzerritartasun legea indargabetzea), gerrari eta gastu militarraren igoerari uko egitea eta plangintza eta parte-hartze demokratikoa.

Ziur gaude norabide horretan ibiltzeko ezinbestekoa dela gizartea aktibatzea. Beraz, maiatzaren 11n, milaka pertsona aterako gara Bilboko eta Iruñeko kaleetara, bidezko alternatiba ekosozial baterantz jo behar dugula sinetsita, gaurko errealitateak ez baitie beste aukerarik ematen langile klaseari.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.

Bilerak bi zati izan ditu. Lehenengoan sindikalgintza soberanistaren eta herrialde guztietan bizi dugun egoera aztertu dugu eta bigarren zatian Frantziar Estatuari begirako proposamen zehatz eta espezifiko bat landu dugu.

Plataformak 2006ean hasi zuen bere ibilbidea eta ordutik hona hainbat kanpaina eta dinamika jarri ditu martxan. 2022-ko martxoan, Europako sindikalgintza soberanista Bilbon elkartu eta aurrera begira hausnarketa prozesu bat abian jarri zuen etorkizunean gure lana hobetu eta sindikalgintza soberanista saretzen eta indartzen jarraitzeko. Bilboko topaketek, Valentzian eta Belfasten izan zuten segida eta horrela Foro Sindikal Soberanista osatzen joan da. Gaur Estaturik gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataformak, ibilbide berri bat hasten du plataformako sindikatuak Foro Sindikal Soberanistan integratuz. Sortu zenetik hemezortzi urte pasa direnean, plataformak aro berri bati irekiera eman dio.

Beste aldetik, gaurko bileran erabaki garrantzitsu bat hartu du. Frantziar estatuaren pean gauden sindikatuok, hauteskunde ezberdinetan lehiatuko den herrien intersindikal bat osatzeko erabakia hartu dugu. Prozesu honek bi helburu ditu; alde batetik gure lana hobeto koordinatu eta norabide berdinean jartzea, eta beste aldetik poliki-poliki Frantziar estatuan, estatu mailako sindikatuei alternatiba izango den espazio berri bat sortzea.

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.

Komisariatik eta Iruñeko epaitegietatik igaro ondoren, aske utzi dute Reina. LABeko talde juridikoaren laguntza izan du, eta epaitegien aurrean babesa ematera bildutako militante talde batek txalo artean hartu du atera denean.

Sevillako epaitegi batean ustezko “kalumnia” batzuengatik jarritako salaketa batengatiko epaiketaren data jakinaraztea zen atxiloketaren helburua. Zehazki, 2015ean enpresa bati “esplotatzaile” deitzea leporatu diote, Reinak eta SAT sindikatuak aurrera eramandako jarduera sindikalaren testuinguruan.

LABetik gogor salatzen ditugu polizia-jarduera horren forma zein funtsa. Moduari dagokionez, onartezina da sindikalista bat atxilotzea haren aurka jarritako salaketa bat ikertzen ari epaitegitik ia 1.000 kilometrora, epaiketaren data jakinarazteko aitzakipean.

Funtsari dagokionez, salagarria da, era berean, sindikalista bat atxilotzea bere lana egiteagatik, hau da, lan-esplotazioa salatzea. Patronalak lan-legeria eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko legea zigorgabetasun osoz urratzen dituen bitartean, arau-urraketa horiek salatzen dituzten sindikalistak jazartzen dituzte poliziak eta epaitegiek.

Bada, hain zuzen ere, Oscar Reinak eta Andaluziako SATek etengabeko jazarpena jasaten dute beren lan sindikalagatik. Patronalaren lawfarea da hori, klase sindikalismoa desaktibatu nahi duen lawfare mota berezi bat. Esparru politikoa demokratizatzeko beharra berbagai den honetan, LABek lan-esparruaren demokratizazioa ere aldarrikatzen du, hau da, lan-eskubideekiko eta askatasun sindikalekiko errespetua.