2024-04-16
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaZerrenda Bakarraren inguruko eztabaida publiko bat egin dezala proposatu diogu Izquierda-Ezkerrari

Zerrenda Bakarraren inguruko eztabaida publiko bat egin dezala proposatu diogu Izquierda-Ezkerrari

Gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan LAB sindikatuak adierazi du, Irakaskuntzako Zerrenda Bakarraren inguruko azken egunetako gertaerak eta jarrera hartzeak ikusita, Izquierda-Ezkerrak bizkar emanen diela gehiengo sindikalari, aldaketaren gainontzeko alderdiei, gizarteko ahotsik progresistenei eta irakasle gehienen iritziari, baldin eta azkenean PSNren lege proposamenari baiezkoa ematen badio. Hori dela-eta, LABekin eztabaida publikoa izateko deia egin dio.

Lehenik eta behin, Kontseiluak Iruñean eginiko manifestazio jendetsua nabarmendu nahi du LABek. Zerrenda Bakarraren auzia nafar gizartean txertatzen joan da azken hilabeteotan eta larunbatekoa horren beste erakusgarrietako bat izan zen. Egungo egoeraren zentzugabetasunaren jakitun da gero eta jende gehiago Nafarroan. Aldi berean, I-E koalizioaren barnean den Batzarre alderdiak, gaiaren inguruan eztabaidatu eta gero, Zerrenda Bakarraren alde agertu izana izugarri estimatzen dugula adierazi nahi dugu. Eztabaida honetan mahaigainean ideien eta argudioen lehia besterik ez dagoenean agerian geratu da Zerrenda Bakarraren aldeko iritziak gailentzeko aukera gehiago dituela, ez baitago aldeko argudioak biltzen dituen beste alternatibarik.

Pozgarria da LABen aldarrikapen historikoetako batek nafar gizartean jadanik lortu duen atxikimendua ikustea, baita egunotan Zerrenda Bakarrak gure eztabaida politiko zein sozialean izan duen garrantzia egiaztatzea ere. Atzean, ezkutuan, jende askoren lan eskerga dago, eztabaida saio luzeak, gai hau argi ez zuen hainbat hiritar eta talderekin eginiko bitartekaritza, kalean zein instituzioetan eginiko lana… gure zeregin nagusia nafar Hezkuntzan hizkuntzen araberako zerrenda bereiziak egotea dakarren diskriminazioari buruzko kontzientzia piztea izan da.

Horrexegatik, Izquierda-Ezkerraren egoitzaren aurrean eginiko kontzentrazioari koalizio horrek egin dizkien kritikak neurrigabeak iruditzen zaizkigu. LABen ekintza erabat zibikoa eta baketsua izan zen. I-Eko jarraitzaileek euren parlamentu-ordezkariek azalduriko jarreraren inguruko hausnarketa egin zezatela eskatzea zen. Zerrenda Bakarra Parlamentuan lege bidez eragozteko PSNk aurkeztutako mozioaren alde egingo zuela iragarria zuen I-Ek eta horrek izan zitzakeen ondorio larriez ohartarazi genuen. Gai horren inguruan UPN, PSN eta PPrekin bat egiteak gauza askori bizkar ematea suposatzen du, besteak beste Hezkuntzan eta Administrazioan gehiengo sindikalak adierazitako iritziari. Harritzekoa, Nafarroako Polizien Legeari buruzko auzian I-Ek gehiengo sindikalaren iritzia horren aintzakotzat hartu zuenean. Harrigarria baita ere I-Ek hemen zerrenda bananduak defendatzen jarraitzea, Galizia, EAE, Katalunia edo Valentzian justu kontrako jarrera duen bitartean.

Kasu honetan, erregimenarekin bat egiteak, horrek dituen sakoneko ondorioak kontuan izan gabe, Aldaketaren aurka egin nahi den higatze saioarekin elkarlanean aritzea suposatzen du. Herritarrak hizkuntza bat baino gehiago jakiteagatik zigortuak izaten jarraitzea suposatuko luke. Estatu osoan Zerrenda Bakarra ez duen lurralde bakarra Nafarroa izaten jarraitzea suposatuko luke. Nafarroako Adiministrazioaren barnean Zerrenda Bakarra izango ez lukeen arlo bakarra Hezkuntza izaten jarraitzea suposatuko luke. Eta batez ere, eztabaida hori elikatzen jarraitzeak irakasleriaren artean benetan existitzen ez den konpetentzia artifiziala berpiztea suposatuko luke. UPNk horren gustuko duen “que vienen los vascos” leloaren bertsio berria, orain Hezkuntzan.

Hari horretatik tiraka hamarka argudio bildu ahal ditugu. Egungo egoera ulertezina dela eta horren aurrean Zerrenda Bakarraren aukera onena dela gero eta agerikoagoa da. Gustatuko litzaiguke guk gai horren inguruan gure argudioak plazaratu ditugun bezalaxe I-Ek ere berdina egitea, euren jarraitzaileek sarritan egin dituzten tankerako ekintzak egiteagatik “faxistak” eta antzeko irainak jasotzen ibili beharrean. Horregatik guztiagatik, LABek I-Eri dei egiten dio berarekin batera Zerrenda Bakarraren inguruko aurrez aurreko eztabaida publikoa egitera. Bakoitzak bere argudioak defenda ditzala modu ireki eta demokratikoan.

Amaitzeko, galdera bat. Enplazamendu honi, gehiengo sindikalaren gehiengoari, aldaketaren aldeko gainontzeko alderdiei, gizarteko ahotsik progresistenei, irakasle gehienen iritziari… horri guztiari I-Ek bizkar ematen badio, zein lobbyren interesak defendatzen ari da orduan?
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ernaik gazte blokea osatuko du Maiatzaren Leheneko Iruñeko manifestazioan

Ernai gazte antolakundeak gazteentzat bizi baldintza duinak aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean, eta bat egingo du LABek deitu duen mobilizazio nazionalarekin. 11:00etan Trinitarios plazatik abiatuko den gazte blokean parte hartzera dei egin diete gazteei. Gazteen mobilizazioak Sarasate pasealekuan egingo du bat LABen manifestazioarekin.

Envases Metalurgicos de Álava enpresan bi langile kaleratu dituzte azken 6 hilabeteetan

Pasa den martxoaren 27an egin zuen Laudioko enpresak azken kaleratzea.

Kontzentrazioa Bizkaiko Grafikagintza sektoreko patronalaren aurrean

Apirilaren 29an eta 30ean eta maiatzaren 22an eta 23an greba deitu dugun LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok CEBEKi eskatu diogu datorren osteguneko bileran sindikatuen plataforma bateratuari erantzun positiboa emateko.