Alokairuan dauden 120 familia baino gehiago beren etxebizitzetatik kanporatuak izateko arriskuan daude Mosaic putre funtsak erosi dituenetik eta urte luzez haien bizitzak hantxe eraiki dituzten pertsonen kontura negozioa egiteko asmotan dabilenetik.
Etxebizitza horien jabea InmoCaixa zen lehen, hau da, La Caixa bankuaren higiezinen kartera kudeatzen zuen enpresa. Bada, berriki etxe horiek denak lotean saldu zizkion Mosaic funtsari, eta azken honek uko egiten dio indarrean dauden alokairu kontratuak berritzeari. Horrenbestez, gaur egun han bizi direnak kanporatuak izateko arriskuan daude.
Maizterretako askorentzako ordainezina den prezioan saldu nahi ditu etxebizitzak putre funtsak, eta presioa egiteaz eta mehatxuez baliatu dira etxeok lehenbailehen hutsik gera daitezen lortu nahian.
Gaur Los Ochos plazan eginiko agerraldian maizterrek azaldu dutenez, gertatzen ari zaiena bidegabekeria hutsa da, eta, ondorioz, ez daude onartzeko prest. Hori dela eta, LAB sindikatuarekin batera kolektiboki antolatzea erabaki dute beren etxebizitzak defendatzeko: “Enpresa hauentzako zenbaki hutsak gara estatistika-taula batean. Nola joango gara bada hemendik, auzo honetan , herri honetan, eraiki badugu gure bizitza? Hemen egiten dugu egunerokoa, gure seme-alabak hemengo eskolara doaz, hemen bizi eta lan egiten dugu. Guk argi daukagu: bidali egin nahi gaituzte, baina ez goaz inora. Hemen geratuko gara”.

Putre funtsari exijitu diote mahaian jar dadin eta egungo maizterren diru-sarrerekin bat etorriko diren alokairu-kontratuen berritze kolektiboa negoziatu dezan.
Langile jendeak jakin badaki zer den lan prekarioetan aritu eta eros-ahalmena galtzen joatea eta patronala aberasten den bitartean beren bizi-baldintzak eta eskubideak murrizten doazela ikustea. Izan ere, etxebizitzaren auzia langile asko pobretzearen arrazoi bihurtu da, eta egoera horren aurrean elkarrekin erantzuteak duen garrantzia azpimarratu du LABek.
Hori dela eta, honako mezu hau helarazi diete higiezinen patronalari eta etxebizitzarena bezalako oinarrizko eskubide batekin etekina atera nahi duen orori, kasu honetan Mosaic funtsari: “Gure bizitzak zuen negozioen gainetik daude eta ez gaude amore emateko prest”.
Hala, Erandioko nahiz inguruko herritarrei dei egin diete kalera ateratzeko eta parte hartzeko datorren ostegunean, irailak 24, 19:30ean Los Ochos plazatik abiatuko den manifestazioan.
Erakundeei zuzendutako deia
Erakundeen ardura ere azpimarratu dute bizilagunek gaurko agerraldian. Duela bi urte Erandioko udalerria gune tentsionatu izendatzeko aukera egon zen, baina ez zen hala egin, eta udalak ez du inolako neurririk hartu etxebizitzaren prezioa txikitzeko eta sarbidea errazteko. Premiazkoa da putre funtsei galaraztea nahi dutena eginez segi dezaten eta maizterren aldeko neurriak hartzea.
Eusko Jaurlaritzari dagokionez, hizlariek nabarmendu dute orain arte etxebizitzaren arloan hartu dituen neurri gehien-gehienak etxejabeen aldekoak izan direla.
Horregatik guztiagatik, Los Ochos-eko bizilagunek Erandioko Udalari eskatu diote Gune Tentsionatuaren izendapena azkartu dezala, luzapenaz baliatu ahal izateko eta, hartara, Mosaic-ekin negoziazio prozesua aurrera eraman ahal izateko kaleratze mehatxua tartean egon gabe.
Era berean, udalari zein Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote bitartekari gisa jarduteko gatazka honetan eta konponbide batera iristeko beharrezko neurriak hartzeko. Behin betiko konponbidea, hain zuzen, Los Ochos-eko etxeak jabego publikokoak izatera pasatzea eta, ondorioz, alokairuko parke publikoaren baitan sartzea izango litzateke.

