2026-08-05
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaUdalak interpelatzen jarraituko dugu Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan hobekuntzak lortzeko

Udalak interpelatzen jarraituko dugu Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan hobekuntzak lortzeko

Atzo, hilak 28, bigarrenez elkartu da Bizkaiko etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari den mahaia. Zerbitzu hau udalen eskuduntza da eta ekimen pribatuak kudeatzen du. Aldez aurretik patronalari bi proposamen igorri bazaizkio ere ez ditu haintzat hartu. LAB ez da geldirik egongo eta zerbitzuaren titularrak direnak, udalak alegia, interpelatuz jarraituko du.

Aldez aurretik, sindikatuek bi plataforma igorri zizkioten patronalari. Horietako bat CCOOena, eta bestea ELA, LAB eta UGT sindikatuena. Bigarren hauek osatzen dute mahaiaren gehiengoa.

Patronalaren bozeramaile batek ez ditu plataformak aintzat hartu eta Bizkaian ematen den etxez-etxeko laguntza zerbitzuaaren sektorea aztertzera mugatu da. Hark esan duenez, udalek azken 5 urteotan eskaini dituzten orduak, %20an baino gehiagotan urritu dira. LAB bat dator azterketarekin eta %25ean kokatzen du murrizketa. Honez gain, ordu bakoitzari dagokion tarifa izoztu egin da, edo gutxitu. Enpresek argudiatzen dute zailtasunak dituztela zerbitzuak eragin kostuak estaltzeko.

LAB sindikatuaren ustez, erabateko arduragabetasunez jokatzen ari dira zaintzaren krisialdiko egoera honetan. Ohiko oinarrizko jarduerei aurre egiteko zailtasunez diharduten pertsonen eskaria gero eta handiagoa da orain. Horrela soilik uler daiteke egoera, biztanleriak dituen premien aurkako jendarteko politikak babesten eta ezartzen dituztenen logika erabiliz.

Honek elkar loturik dauden bi egoera sortzen ditu. Arretari dagokionez, gero eta jende gehiagori urritu zaio babes maila. Lanorduak berriz, urritu egiten dira, eta zerbitzuaren kalitatea ere bai. Lanorduak urritu arren, eginkizun gehiago betetzen dira lanaldian. Horren ondorioz, herritarren babesgabetasuna handitu egiten da, langile kopuruari eta kalitateari dagokionez.

Lan arloari dagokionez, aspalditik oinarrizko zerbitzua betetzen ari direnak, etxeko laguntzaileak, ia guztiak emakumeak dira eta, urtez urte, enplegua eta lan eskubideak galdu dituzte, behin-behinekotasuna jasan dute, kaleratzeak bizi izan dituzte, lanaldi partzialetan lan egin behar izan dute, soldatak izoztu zaizkie eta zerbitzuaren prestazioa erabat desarautu dela nozitu dute.

LAB sindikatua egoeraz egiten duen analisian berresten da eta sektoreko langileekin batera, sindikatu legez egiten ari den dinamikan zerbitzuaren titularrak direnak, udalak alegia, interpelatuz jarraituko du. Batetik, sinadurak bilduz eta bestetik udaletan mozioak aurkeztuz, lan egindako orduak berma daitezen eta lan baldintzak hobetu. Horrela, funtsezko zerbitzu hau behar dutenei eskaini behar zaien laguntza hobetzea nahiko genuke.
 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko

Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa...

Greba egingo dute abuztuaren 14tik 16ra Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde

Abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...