2026-10-30
HomeEkintza SindikalaUdal langileek gaurko greba egunean argi utzi diete alderdi politikoei haien lan...

Udal langileek gaurko greba egunean argi utzi diete alderdi politikoei haien lan baldintzen aldeko borrokan tinko jarraituko dutela

Eudelek pasa den astean helarazitako proposamena ez da nahikoa, aldarrikapen batzuk eta zehaztasunak falta dituelako. LABek eta ELAk positiboki baloratzen dugu sektoreko greben eta mobilizazioen ondorioz eduki batzuk mahaira ekartzea lortu izana. Era berean, adierazten dugu, aurrerapauso gehiago egin ezean, sektoreko greba eta mobilizazio dinamikan sakontzea baloratuko dugula.

EAEko udaletan urte asko daramatzate lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe, eta, ondorioz, udaletako langileen lan baldintzak asko okertu dira. Azken hilabeteko Udalhitzeko mahaietan ez dira aurrerapausoak egon, baina, greben eta mobilizazioen eraginez, pasa den asteko mahaian Eudelek proposamen berri bat helarazi zuen.

Testu berriak eduki batzuk jartzen ditu mahai gainean, eta LABek eta ELAk aurrerapauso bezala hartu ditugu, baina ez dira nahikoa, sektoreak dituen aldarrikapenak falta direlako. Izan ere, besteak beste, aldarrikapen hauek falta dira: erosahalmena berreskuratzea eta etorkizuneko soldatak Madrilen ez erabakitzea; pribatizazioak ekiditeko neurri zehatzak eta zerbitzu horien publifikazioa, bertako langileak subrogatuz; gazteberritze planetarako neurri zehatzak; jardunaldi murrizketa handiagoa; euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea; eta hautaketa prozesuetan aurrerapausoak.

LABek eta ELAk momentu erabakigarri batean gaudela uste dugu. Grebak eta mobilizazioak ondo ateratzen ari dira, Eudelen eragitea lortu da eta pilota alderdi politikoen teilatuan dago. Gaurko greban udal batzuk guztiz itxi eta hainbat eta hainbat udal zerbitzu baldintzaturik daude, eta, beraz, grebak EAEko udaletan desnormalizazioa sortu duela baieztatu daiteke. Udal langileek gaurko greba egunean ozen adierazi diete agintariei euren lan baldintzak hobetzeko garaia dela eta hemen erabaki nahi dituztela. Bilbon eginiko mobilizazio bateratuan milaka udal langilek borrokarako prest daudela adierazi dute.

Beraz, LABek eta ELAk zuzenean interpelatzen ditugu EUDEL osatzen duten EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteak. Aukera bat dute hurrengo asteko ekainaren 12ko mahaian greban dagoen EAEko udalen sektoreak dituen aldarrikapenak mahaian jartzeko. Gainera, alderdi politikoei exijitzen diegu ekainaren 11n duten Eudeleko Batzorde Iraunkorrean Udalhitzeko mahai negoziatzailean gehiengo sindikal zabalak adierazitakoa errespetatu eta onartzeko, euskaran eta zerbitzu publikoen kudeaketan gehiengo sindikalaren iritzia errespetatzetik etorriko baita adostasuna. Hala egiten ez badute, baloratuko dugu greba eta mobilizazio dinamikan sakontzea hurrengo hilabeteetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....