2024-04-27
HomeZerbitzu PublikoakEskuhartze eta gizartegintzaSalatu dugu CCOOk eta UGTk arriskuan jarri dutela Esku-hartze Sozialeko Nafarroako lehen...

Salatu dugu CCOOk eta UGTk arriskuan jarri dutela Esku-hartze Sozialeko Nafarroako lehen hitzarmena, negoziazio mahaiaren irekitzea eragotzi baitute

Kontu tekniko batzuen inguruko gezurrak zabalduz, eta nahiz eta Nafarroako Esku-hartze Sozialeko sektorean oso ordezkaritza txikia duten, CCOO eta UGT lortu zuten ANEIS patronalak ez eratzea negoziazio mahaia 2019ko martxoaren 27an, eta sektoreko lehenbiziko hitzarmenaren negoziazio prozesua arrisku larrian utzi dute. Hala eta gutiz ere, heldu den apirilaren 11n egonen da negoziazio mahaia irekitzeko beste saialdi bat.

Ez dugu oso garbi zergatik bi sindikatu horiek saboteatu nahi duten Nafarroako esku-hartze sozialeko lehenengo hitzarmenaren negoziazioaren hasiera. Oso argi dugu, ordea, ez dugula onartu behar Madriletik negoziazio gaiak ezartzea edo mugatzea, ez eta inork ere boikoteatzea negoziazio mahaiaren eraketa halako arduragabekeriaz, eta funtsik gabe gainera. Horregatik erabaki dugu informazio hau argitaratzea, sektoreko langile guztiek jakin dezaten zer gertatu den.

LABen urte asko daramatzagu borrokan Nafarroako esku-hartze sozialeko lehenengo hitzarmena sina dadin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin duten bezala. Hitzarmen hori gure lana aitortua izateko behar dugun tresna da, sektore honetan Nafarroan aritzen garen langile guztiek egonkortasuna eta baldintza duinak izan ditzagun.

Urteak eman ditugu sukaldeko lana egiten entitateekin eta administrazioarekin, gainerako sindikatuekiko ekintza-batasuna bilatuz, betiere gardentasunaren eta erantzukizunaren bidetik. Kalean mobilizatu gara eta besoz beso lan egin dugu gure delegatu eta afiliatuekin, baita hitzarmen hori etorkizunaren sinonimoa dela uste duten sektoreko langile askorekin ere.
Martxoaren 7an, LAB, CCOO, UGT eta ELA sindikatuek patronalarekin adostu genuen martxoaren 27an negoziazio mahaia eratzea, eta hala jakinarazi genien formalki bai Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioari (CEN) baita ANEIS ugazaben elkarteari ere.

Azken gertakarien kontakizun kronologikoa
Martxoaren 26an, negoziazio mahaia eratzearen bezperan, bilera batera joan ginen Lan Auzitegira, lau sindikatuok ordezkagarritasun ziurtagiriak konparatzeko eta negoziazio egutegi bat proposatzeko (tramite horiek ezinbestekoak ziren biharamunean negoziazio mahaia eratzeko). Finkatutako ordua baino lehen iritsi ginen, eta ikusi genuen CCOOren eta UGTren ordezkariak bilduta zeudela hango gela batean guri ezer esan gabe.

Lau sindikatuon bilera hasi zenean, CCOO eta UGT, besotik helduta, ordura arte ezagutzen ez genituen datu batzuk ematen hasi ziren, eta esan zuten baldintza batzuk bete gabe ezin zela mahaia eratu hurrengo egunean:

1. Esaten digute, estatuko hitzarmenaren arabera, beharrezkoa dela hitzarmen horretako batzorde paritarioari baimena eskatzea (kasualitatez CCOOk eta UGTk osatzen dute batzorde hori) eta haien baimenik gabe legez kontrakoa dela Nafarroako negoziazio mahaia eratzea. Hitzarmenaren 11.6 artikuluak zera dio Batzorde Paritarioari buruz: “lurralde-eremu txikiagotan irekitzen diren negoziazioei buruzko informazioa jasotzea”. Ez du ezer esaten lehenago jakinarazi behar zaionik, eta, are gutxiago, baimena eskatu behar zaionik. Une horretan berean, hitzarmena eskuan genuela, gezurretan ari zirela esan genien.

2. Esaten digute badagoela Txertatze Soziolaboraleko Enpresen (EIS direlakoen) patronal bat, eta haiekin bildu direla, eta jakinarazi dietela beren eremurako negoziazio prozesu bat ireki nahi dutela. CCOOren eta UGTren iritziz, horrelako enpresetarako aplikazio eremua Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmena litzateke, eta, hala, haiei negoziazio mahaiaren irekieraren berri eman ezean, aurkaratzen ahalko dutela eta legez kontrakoa deklaratu. LABek EIS enpresa mota horien ordezkari batekin hitz egin zuen, eta esan ziguten ez daudela patronal gisa eratuak. Beraz, ez gaude behartuak haiei ezer jakinaraztera.

3. Esaten digute estatuko hitzarmenak galarazten duela Nafarroan eremu funtzionala negoziatu ahal izatea, estatuko hitzarmenarena bezalakoa izan behar delako (4 sindikatuok, prozesuaren hasieratik, eremu funtzional bat finkatua genuen). Badaezpada ere, estatuko hitzamenera jo genuen horri buruzko informazio bila: 3. artikuluan, sektoreko negoziazio kolektiboaren egiturari dagokionez, hirugarren eta bosgarren paragrafoetan, CCOOren eta UGTren argudioak desmuntatzen dira. Hona zer dioen hitzarmenak hitzez hitz: “hitzarmen autonomikoetan edo probintzialetan konkurrentzia arauek eragina izanen dute baldin eta eremu funtzionalak partez edo osorik berdinak badira”. Eta aurrerago: “eremu autonomikoa edo probintziala duen hitzarmen batean edozein gairi buruz xedatzen denak eragina izan dezake hitzarmen honen gainean, indarra duen bitartean, baina, kasu horretan, hitzarmen honetan araututakoa errespetatuko da, gutxieneko baldintza gisa”. Ez du ezer esaten eremu funtzionalari buruz.

CCOOk eta UGTk azaldutakoa gure aholkulari juridikoekin eztabaidatu ondoren, berretsi genuen ez dagoela ezer galarazten duenik gure hitzarmenaren negoziazioari hasiera ematea. Berme guztiak genituela egiaztatu genuen, eta hurrengo egunerako deialdiari eutsi genion.

Martxoaren 27an, alderdiak bildurik, bilera hasi zen. LABek ordezkagarritasun ziurtagiriak * eraman zituen (LAB % 72, CCOO % 16, UGT eta ELA % 3), baita sektoreko langile kopuruari buruzko hainbat datu eta negoziazio mahaia eratzeko akta ere. CCOOk eta UGTk bezperan erabilitako argudio faltsu berberak azaltzen dituzte (segurtasun juridikoaren izenean, gezurrak esanez). ANEISeko ordezkariak zalantzan hasten dira.

LABek beste bi proposamen egiten ditu (biak ala biak legezkoak) mahaia egun horretan berean eratu ahal izateko, baina CCOOk eta UGTk ez dituzte onartzen, eta azkenean lortzen dute patronalak atzera egitea eta eraketa akta ez sinatzea.

LABeko ordezkariek adierazi genuen tramite hori atzeratzea oso arriskutsua zela; izan ere, apirilaren 3an estatuko hitzarmenaren Batzorde Paritarioa elkartuko da, eta CCOOk, UGTk eta estatuko patronalak negoziatzeko eskumenak kentzen ahal dizkigute, bi sindikatu horiek beste negoziazio probintzial batzuetan egin duten bezalaxe.

Apirilaren 11n, arratsaldeko 16:00etan, negoziazio mahaia eratzeko beste bilera bat eginen dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.