2024-04-19
HomeEkintza SindikalaSAE, ELA eta CCOO sindikatuen gehiegizko antzezpen tamalgarria kritikatzen dugu, interes korporatibo...

SAE, ELA eta CCOO sindikatuen gehiegizko antzezpen tamalgarria kritikatzen dugu, interes korporatibo eta elektoralek gidatuta izan dutena

Harriturik gelditu gara SAE, ELA eta CCOO sindikatuen antzezpen tamalgarri eta hiperbentilatua dela-eta. Izan ere, Osasunbidean lorturiko akordioarekin ados ez daudenez —eta hori guztiz zilegi da, noski—, berotu egin dira, ez dute deskalifikatiboetan aurreztu eta gure erabakia “antidemokratikotzat” jo dute. Ez dugu halakorik onartuko.

Edo SAE, ELA eta CCOO sindikatuek ez dakite zenbatzen, edo ez dakite zein den funtzionatzeko modu demokratikoa, edo badakite eta bortz axola zaie, orain egiten ari direna guztiz elektoralista den erasoa baita. Une honetan, LAB da Osasunbideko lehen indar sindikala, 13 ordezkarirekin. SAEren ordezkari kopurua bikoiztu egiten du (6 ditu), eta ia hirukoiztu ELAren (5) eta CCOOren (4) kasuan. Bertzalde, UGTk sei ditu.

Zenbaki testuinguru horretan, LABek bazekien zaila izanen zela sindikatu guztiak inplikatuko zituen akordioa lortzea. Izan ere, foru administrazio osoko hauteskundeen atarian, logikoena da bertze sindikatu guztiek lehenbizikoa higatzen saiatzea.

Hala eta guztiz ere, nahiz eta arriskua izan, LABek erabaki zuen klaseko bere praktika sindikal egiaztatu, koherente eta langile guztien zerbitzura dagoenari jarraitzea, eta apustu zintzoa eta irmoa egin zuen mobilizazio eta greba bateratuen alde, guztion artean aurre egiteko PSNk lobby korporatibo, kontserbadore eta erreakzionario baten aitzinean eginiko amore emateari. Ez zen erraza izan: ELAk ez zuen greba ikusten, eta SAEk eta CCOOk zalantzak zituzten. Hala ere, LABen erabaki irmo eta lan zintzoari esker, Nafarroako gizarteak hainbertzetan eskatzen duen batasun sindikala lortu zen. Osasunbidean gehiengoa zuen talde intersindikala osatzea erdietsi zen, 34 delegaturekin (denetara 63 daude).

Otsailaren 15eko greba deialdia Osasunbideko intersindikal horrek egin zuen hasiera batean, baina LABek proposatuta —lehen indarra baita Foru Administrazio osoan—, foru langile publiko guztiei zabaldu zitzaien.

Bada, zerbitzu publikoen aldeko eta guztiontzako lan baldintza duinen aldeko greba jardunaldi arrakastatsuak, eta LABek sustaturiko geroko greba eta mobilizazio dinamikak ekarri dute sindikatu honek eta UGTk hobekuntza laboralak eta ekonomikoak sinatzea, hala nola, karrera profesionalaren garatzea, langile guztiei jaiegun bereziak berdin ordaintzea, eta esklusibotasuna dagoen bezala uztea eta hura kontrolatzea eta monitorizatzea.

Talde intersindikal batean, edo Enpresa Batzorde batean, ordezkaritza duten sindikatu guztien adostasunik ez dagoenean, gehiengoek agintzen dute. Horretan ez dago ezer antidemokratikorik, eta kontrakoa erratea gezurra erratea da eta Nafarroako gizartea engainatu nahi izatea da. Kasu honetan, talde intersindikaleko gehiengoak (34tik 19k) akordio bat sinatzea erabaki du eta, horrekin batera, intersindikalak berak deituriko greba bertan behera uztea. Eta berriz diogu: horretan ez dago ezer antidemokratikorik. Antidemokratikoa litzateke gutxiengoan zerbait sinatzea, eraginkortasun mugatuko hitzarmenak adosten dituztenek egiten duten bezalaxe.

Akordio ona

Osasunbidean lorturikoa akordio ona da, eduki zehatzak eta nahikoak ditu, langile guztiendako aurrerapena suposatzen dutenak, eta borroka sindikala aktibatu izanaren ondorio izan da. Alde horretatik, harrigarria da SAEren jarrera; begi onez ikusten zuen akordioaren edukia, baina ez zuen sinatu nahi izan, ez baitzuen lortu Erizaintzako Zaintza Osagarrien Teknikariendako eta Osasun Teknikariendako soilik izanen zen soldata osagarri bat; sinadura horrekin bat egiten omen zuten ELAko ordezkari batzuek. Eta CCOOren kasuan, telefonistentzako maila igoera bat estaliko lukeen funts gehigarrien gauzatzea behin eta berriz proposatzeak urrutiratu egin du edozein sinaduratatik.

LAB ez da nekatuko errepikatzeaz grebak deitzeaz gain, landu eta egin egin behar direla. Eta, kasu honetan, erran behar dugu martxoaren 23ko grebaren deialdia egin ondoren, SAE, ELA eta CCOO sindikatuek ez dutela batere landu. Aldez aurreko mobilizazio guztien erantzukizuna eta grebaren prestaketa LAB sindikatuaren sorbalda gainean erori da bakarrik. Alde horretatik, etsigarria izan da berriz ere egiaztatzea CCOO eta ELA sindikatuek Osasunbidean lanerako eta mobilizaziorako duten gaitasun eskasa. Sindikatuoi hauteskunde-emaitzak eta bien arteko hauteskunde-lehia bertzerik ez zaizkie axola. Horrela, beren ezintasunetik, Osasunbidean praktikatzen duten sofako sindikalismotik uler daiteke soilik orain LABen aurka erakusten ari diren oldarkortasuna.

Autonomiaz mintzo zaizkigu, eta autonomia falta leporatzen digute, ELA eta CCOO sindikatuak benetan autonomoak balira bezala. EAJko politikari kontserbadore eta neoliberal ospetsuak ELAn afiliatzea, Andoni Ortuzar bera adibidez, fenomeno meteorologikoa balitz bezala. Kasualitate bat balitz bezala ELAren isiltasun konplizea Nafarroako EAJ ukitu duten “Davalor” eta “Maskaren” auzien aurrean. Eta CCOOren kasuan, Nafarroako gizarteak gogoratuko ez balu bezala CCOOk bere egiturak finantzatzeko hainbat hamarkadatan kobratutako diru publikoa, eta UPN eta PSN alderdiek Nafarroako Urrezko Dominaren bidez emandako zerbitzuengatiko saria.

Akordioak kritika daitezke, jakina. Berez, anitzetan kritikatu ditugu CCOOk eta ELAk Nafarroan lortu dituzten akordio penagarriak; adibidez, Zurgintzako hitzarmena, KPIren igoera bermatu ez zuena. Hala ere, borroka eredugarri baten eta lortutako batasunaren ondoren, seguru asko Nafarroako gizarteari eta gehiengo sozialari frustagarria eginen zaie SAE, ELA eta CCOO sindikatuak orain, interes korporatibo eta elektoralak gidatuta, erakusten ari diren gehiegizko antzezpen tamalgarri hau.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

24 orduko jardunaldiaren ostean bi orduko lanuztea egingo dugu gaur Ugaon, Envases enpresako langileek eta gizarte eragileek deituta

Envases enpresako langileak greban daude apirilaren 8az geroztik, multinazionalak duela hilabete baino gehiago aurkeztu zuen enplegu-erregulazioko espedientea dela eta.

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.