2026-09-21
HomeEkintza SindikalaCAFeko zuzendaritzak hitzarmenari buruzko negoziazio erreala ahalbidetu bitartean borrokari eutsiko diogu

CAFeko zuzendaritzak hitzarmenari buruzko negoziazio erreala ahalbidetu bitartean borrokari eutsiko diogu

Beasain eta Irungo lan zentroetan hitzarmena berritzeko martxan den prozesuan zuzendaritzak bi proposamen aurkeztu baditu ere, ez da adostasunik lortu; ondorioz, enpresa batzordeak eta langileek mobilizazio eta lan‑uzteen dinamika mantenduko dugu.

Hirugarren mobilizazio astean murgilduta, atzoko lan‑uzteekin batera, CAF Beasaingo biltegi nagusiko sarrera egun osoan blokeatu genuen, kamioien sarrera-irteerak eragoztea lortu genuelarik. Gaur, asteazkena, lan‑uzte tartean manifestazio jendetsua egin dugu Beasaingo lantokiaren inguruan.

Langileen asanbladek 67 orduko lan‑uzteak babes zabalez berretsi zituzten. Zuzendaritzak langileen beharrak jasoko dituen hitzarmenik proposatzen ez badu, borrokan jarraitzeko prest gaude.

Zuzendaritzaren azken proposamenaren ostean, enpresa batzordeak bere eskaerak egokitu ditu, eta orain zuzendaritzari dagokio negoziazio mahaia berriro deitu eta prozesuan aurrera egitea. LAB lehen indar sindikala da lan zentro hauetan, eta dagokigun erantzukizunarekin, negoziatzeko prestutasuna berresten dugu.

Hala, LABen honako hauek jotzen ditugu funtsezkotzat hitzarmenaren negoziazioan, besteak beste:

-Lanpostuen defentsa lana kanpora ateratzen den kasuetan

-Enplegu sorrera eta egonkortasuna

-KPIaren gainetik egongo diren soldata‑igoerak

-Plantilla osoarentzako 1.592 orduko urteko jarduna ezartzea

-Lanaldia murrizteko bideak irekitzea

-Azpikontratazioaren aurkako neurriak

-Atzerrirako bidaietako baldintzen hobekuntza

-Azkenaldian berrituak izan ez diren langileak berronartzea

-Antzinatasunaren ordainketan lan egindako epe osoa kontabilizatzea

-Lizentzia eta baimenen hobekuntzak

-Errelebo kontratuaren aplikazioa

Gauzak horrela, zuzendaritzaren esku dago negoziazioan urrats errealak ematea eta langileen eskaerei erantzutea, lan‑harreman bidezkoagoa ahalbidetze aldera. Horrela ez bada, LABek argi dauka: negoziatzeko dugun prestutasun bera erakutsiko dugu borrokarako ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.