Azkenaldian areagotu egin da patronalak elikatzen duen mezu bat: langileak iruzurgileak direla, bajak ez direla benetakoak eta absentismoaren arazoa larriagotzen ari dela. Lan merkatuaren arazo nagusia, ordea, beste bat da: lan eta bizi baldintzen prekaritatea, Hego Euskal Herrian bi herritarretik batek pairatzen duena.
Ipar Hegoa Fundazioak egindako Ikusmiran azterketak absentismo deitzen diotenaren atzean dagoen errealitatea erakusten du. Azterketa horren bidez, fundazioak baieztatu du absentismoa kapitalaren interesak defendatzen dituen patronalak asmatutakoa eta eragindakoa dela, patronala baita istripuen eragile masiboa eta laneko gaitzen sortzaile nagusia. Era berean, eskubideetan murrizketak egiteko edota benetako gaitza den prekaritatea ezkutatzeko baliatzen den ke lainoa da absentismoa.
Azterketak argi uzten du absentismoa patronalak kapitalaren alde erabiltzen duen tresna ideologikoa dela, lan eta bizi baldintzak prekarizatzeko.
Absentismo tasa residuala da: benetan azalpenik gabe lanetik huts egiten duten langileen kopurua ez da esanguratsua. Absentismo deiturikoaren zati handiena, ordea, langileek eskubide gisa erabiltzen dituzten egunak dira: lan osasunari lotutako bajak, gurasotasun baimenak, ordu sindikalak… 2024ko datuen arabera, aldi baterako ezgaitasunek absentismoaren %75 osatzen dute, gurasotasun baimenek %11,7 eta ordu sindikalek %0,4.
Bestalde, aipatzen ez den errealitatea da beste hau: langileek aparteko orduak sartzen dituzte, baina ordu horietako asko ez zaizkie ordaintzen. 2020ko datuen arabera, lan egindako aparteko orduetatik %63,58 ordaindu gabe geratu ziren. Soldatapekoen artean, %26,8k egiten dituzte ordu estrak ordaindu gabe. Horrek patronalari 3.893 langileren soldatak aurreztea dakarkio; beste era batera esanda, banatzen ez duten lanagatik ia 4.000 langilek ez dute gizarte segurantzan kotizatzen.
Lan merkatuaren benetako arazoa ez da absentismoa, prekaritatea baizik. Lan eta bizi baldintzak prekarizatu egiten dira, eta horrek eragiten du osasun arazoak eta lan gatazkak areagotzea. Hego Euskal Herrian bi pertsonatik batek bizi du prekarietate egoera, nahiz eta enplegua izan. Osasun sistema publikoaren murrizketek egoera okertu dute, itxaron zerrendak eta itunpetze sanitarioek zerbitzuaren kalitatea okertzen dute, eta lan gaixotasunek gora egiten dute.
Prebentzio sistemak ez du behar bezala funtzionatzen. Osalanen arabera, 2025eko apirilean lan gaixotasunen igoera %8,8koa izan da. Hala ere, prebentzio zerbitzuek gero eta gutxiago jakinarazten dituzte kasu horiek. Kanpo prebentzio zerbitzuek, zehazki, isilarazi egiten dute lanaren ondoriozko kaltea.
Horrez gain, mutualitateek enpresen interesak babesteko duten rol aktiboa salatu behar da: laneko gaitzak kontingentzia arrunt modura sailkatzen dituzte, langileari kalte eginez. Kontingentzia aldaketa bat eskatzea erabakitzen duen langileak urtebete pasa dezake epaiketan, bere patrikatik mediku eta abokatuak ordainduz, mutualitatearen aparatu juridiko boteretsuaren aurka. Hori da benetako iruzur masiboa: ez langileena, patronal eta mutualitateena baizik.
Presentismoa ere salatu beharra dago: langile askok ez dituzte beren eskubideak erabiltzen, ez dituzte baimenak hartzen edo gaixo egon arren lanera joaten dira, enpresaren errepresaliak saihesteko. Absentismoari buruz hitz egiten den bitartean, presente dagoen errealitate horrek isilpean jarraitzen du, nahiz eta osasunean eta lan harremanetan ondorio larriak izan.
Ipar Hegoak aurkeztutako azterlana, LAB sindikatuak salatzen duen egoerarekin bat dator eta bere aldarrikapenak indartu egiten ditu. Absentismoa ez da soilik langileen huts egitea, baizik eta patronalak erabilitako tresna bat eztabaida kapitalaren interesetara eramateko eta langileen eskubideetan murrizketak egiteko. Tresna ideologikoa ere bada, lan baldintzak prekarizatzeko. Benetako arazoa lan merkatuaren egiturazko prekaritatea da, gure osasuna, bizi baldintzak eta aukerak kaltetu eta arrakalak sakontzen dituena; eta, azkenik, egoera horren atzean erantzukizun politiko argiak daude, baina erabakiak aldatu daitezke eta, hala eginez gero, langileon bizi eta lan baldintzak hobetzeko aukera erreala dago.
Azterketak argi erakusten du absentismo deitzen dioten kontzeptuaren atzean dagoen errealitatea oso bestelakoa dela, esaten denarekin alderatuta. Patronalak sortutako ke laino bat da, langileon eskubideak murrizteko tresna bat, eta enpresen lan osasunaren prebentzioan hutsuneak ezkutatzeko estalkia.



