2026-08-04
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaPAI Dekretua, hezkuntza ereduz mozorratutako euskararen aurkako atentatua Nafarroan

PAI Dekretua, hezkuntza ereduz mozorratutako euskararen aurkako atentatua Nafarroan

Hezkuntza Departamentuak bilera bat deitu du bertaratutako eragileek PAI programa hezkuntza-eredu bihurtzeko ekarpenak egin ditzaten. LABek, mahaitik altxatuta, alde egin du. Guk eleaniztasuna babesten dugu, baina betiere berezko hizkuntzen aurka egiten ez badu, hau da, euskararen aurka.

Hezkuntza Departamentuak abian jarri du PAI programa (Hizkuntzen Ikaskuntzarako Programa) Hezkuntza Eredu gisa arautuko duen foru dekretua lantzeko egitasmoa. Nafarroako herritarrengan interes pedagogiko handia sortzen duela, eskaera ere aparta duela eta  Foru Komunitatean esperientzia zabal bezain positiboa duela argudiatuz, hainbat hezkuntza-eragile deitu ditu –LAB sindikatua besteak beste– hauek beren ekarpenak egin ditzaten. Azaldu dutenez, jarraian, kanpoko aholkularitza-enpresa batek aztertuko ditu, eta horrela, hizkuntzak ikasteko programetarako arau bat sortuko dute.

LABen ordezkariek bileratik alde egin dugu, ez baitugu babesten orain arte programak zirenak gure berezko hizkuntzetako baten kalterako diren eredu bihurtzen dituzten proiektuak (ez dugu ahaztu behar PAI programa D ereduari eraso egiteko asmo nagusiarekin sortu zutela). Hau da, lege horren bitartez, atzerriko hizkuntzen programa horiek D, G eta A ereduekin parekatu nahi ditu Hezkuntzak; aldi berean euskara erasotuz, Nafarroako berezko hizkuntza dena.

LABen eleaniztasunaren eta hizkuntza-murgiltzearen aldeko apustua egiten dugu, baina atzerriko hizkuntzak modu orekatu eta koherentean landu behar direla uste dugu, gainerako gaitasunak eskuratzeari eta berezko hizkuntzak menderatzeari kalterik eragin gabe; eta horixe da gaur-gaurkoz programa horiek egiten dutena.

Horrez gain, LABetik Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu eman diezazkigula behin eta berriz aipatzen dituzten datu objektibo horiek, zeinek ziurtatzen omen duten PAI programa hain pedagogikoa dela, halako eskaera handia duela –gogoratu, Kastejoneko ikastetxeak egin zuen bezala, azken urteotan beste zenbait zentruk ere programatik ateratzeko eskatu dutela– eta halako esperientzia positiboa duela. Non daude hezkuntza-eredu bat sortzeko lege-aldaketa bermatzen duten txosten horiek? Are gehiago; Madrilgo hezkuntza-sistemaren txosten batzuek horrelako programen aurka egiten dute zuzen-zuzenki, ematen zaizkien bertute pedagogiko horiek ez direlako inondik inora ere frogatutzat eman.

Azkenik, LABek gogor kritikatu du Departamentuak proiektu hau garatzeko kanpoko aholkularitza kontratatzea erabaki izana. Ez al du Departamentuak kanpoko gasturik egin beharrik gabe lan hori egin dezakeen langilerik?

LABen izugarria eta onartezina iruditzen zaigu PAI hezkuntza-eredu bihurtzea; batetik, gure nortasunaren aurka egiten duelako, eta bestetik, frogatutako onura pedagogikorik gabeko programa delako. Horregatik, gure haserrea eta gaitzespena erakusten jarraituko dugu, eta EZ esango diogu PAI Dekretuari, eta BAI, aldiz, hizkuntza-murgiltze eredu bati, Nafarroako ikasle guztiek beren hizkuntzan ikasi ahal izan dezaten.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...

SOS Nafarroako langileek ohartarazten dute polizien deiak 112ra bideratzeak arriskuan jarriko duela larrialdien arreta

Informazio eta komunikazio falta langileei Lehenik eta behin, SOS Nafarroako langileen ordezkari den Langileen Batzordeak bere haserrea, kezka eta harridura adierazi nahi du komunikabideen bitartez...

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute Araban abuztuaren 5ean

Joan den ekainaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-egun deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako...