Beste batzuen artean LABek babesten duen Pentsionistak Martxan plataformak sustaturiko Herri Ekimen Legegilea eztabaidatu eta bozkatu da gaur Nafarroako Parlamentuan. Jakina denez, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk aldeko bozka eman dute baina Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerrak UPN, PP eta PSNren blokearekin bat egin dute.
Garoña itxi, orain eta betiko
LABek bat egiten du larunbatean Gasteizen Garoña orain eta betiko ixtea exijitzen duen manifestazioarekin, eta dei egiten langile guztiei eta jendarte osoari Andra Mari Zuritik 19:00etan irtengo den mobilizazio honetan parte hartzera, eta aurrerantzean deituko direnetan ere.
Garoñako zentral nuklearraren bizitza luzatzeko aukera zabaldu da, aukera hau, euskal herritarron segurtasunaren, osasunaren eta ingurumenaren aurkako mehatxu garbia da, eta aukeraren alde egiten duten administrazio eta enpresak, genozidak direla deritzogu.
Zentral nuklear hau Euskal Herritik hurbil dago, Bilbotik 60 kilometrotara eta Gasteiztik 47 kilometrotara, Ordunteko urtegitik 37 kilometrotara, eta Arabako urtegitik ere hurbil. Garoñako zentral nuklearra zaharkitua dago, Fukushimakoa bezalakoa da. Beraz, Japonian ikusi genuen bezala, ez da batere segurua. Garoñako zentralak korrosio arazoak dauzka. Argi eta garbi diogu, berriz irekitzea kriminala litzateke, gobernu genozida baten erabakitzat hartuko genuke. Istripua izanez gero milaka euskal herritar hilko ginateke, eta Bizkaia eta Arabako eremu handitan ezin izango litzateke sekula inor bizi.
Euskal Herrian energia burujabetza behar dugu. Eredu energetiko berriak garbia eta demokratikoa izan behar du. Euskal herritar bakarra ere ezin da energiarik gabe gelditu, pertsonok derrigorra dugulako beroa bizirik irauteko. Beraz, energiak kontrol eta jabetza politiko eta publikoa izan behar du. Eredu energetiko berriak garbia izan behar duela ere badiogu. Aire garbia eta osasun publikoa bermatu behar ditu, eta horretarako lehen urratsa, energia nuklearra baztertzea da.
Euskal Herriko jendarteak argi dauka energia nuklearra baztertu beharra dagoela eta ez dela erregai fosilen alternatiba. Horri esker ez zen eraiki Lemoiz, eta ordutik hona, hainbat izan gara Garoña behingoz ixteko exijitzeko mobilizatu garen eragile sindikal, sozial eta politikoak.
LABen apustua energia nuklearra baztertzea da, eta energia aurrezteari eta eraginkortasunari benetako bultzada ematea, energia berriztagarri garbiak eta instalazio sakabanatuak sustatzeaz gain. Ildo horretan, herri industrialdunok aurrerapausu handiak eman ditzakegu energia aurrezteko, batez ere, elektrizitateari dagokionez.
DEIALDIAK ZERRENDA
{module [671]}
Bat egingo dugu zamaketako lanpostuen defentsan deitu dituzten grebekin, portuak Euskal Herrian kudea daitezela eskatzeko
Espainiako Parlamentuan gaur bozkatuko dute PPren Zamaketa lanetako Errege Dekretua. Uste dugu, PSOE, Ciudadanos eta EAJ bezalako alderdien gardentasun ezak milaka enpleguren etorkizuna zalantzan jarriko duela, eta sortuko diren lanpostu berriei erabateko prekarizazioa ekarriko diela. Hori bai, portuetan diharduten enpresen irabaziak ez dira zalantzan jartzen, eta enpleguaren eta langileen lan baldintzen kontura areagotu nahi dituzte.
Errege Dekretu honen bidez Zamaketa sektoreko milaka langileen iraizpen masiboa bilatzen dute bakarrik, jarduera are baldintza prekario eta kaskarragoetan egin dadin.
Langileria osoa pobretzea nahi dute; oraingoan, langile hauei egokitu zaie tenorea. Erreformaz erreforma, hauen asmo bakarra esku gutxi batzuetan mozkin gehiago pilatzea da, eta aberastasun banaketa handiagoa egiten den lekuetan, legeak egiten dituzte hau suntsitzeko.
PPren gobernuak sektore oso baten kaleratzea legeztatu nahi du, Enplegu Espediente Erregularziorik gabe, galdetzeko eperik gabe, eta kalte-ordainak funtsa publikoen bidez ordainduko direla ezarriz, portuetan diharduten enpresa pribatuak kalteordainak ordaintzetik ere salbuesten dituzte. Hortaz, altxortegi publikoari egiten zaion lapurreta berri baten aurrean gaude.
LABek arbuiatu egiten du Errege Dekretu hau eta Parlamentuan ordezkaritza daukaten euskal alderdi politikoei eskatzen diegu hura arbuia dezaten. Santurtziko eta Pasaiako portuetako langileekin dugun atxikipena erabatekoa da, baita Ezkerraldeko eta Oarsoaldeko ekonomiekin ere.
LABek eutsi egiten dio “bertan lan egiten dugunez, bertan erabaki dezagun” esaldiari. Baina hori gauza dadin, portuen kudeaketak gure esku egon beharko luke, eta horrela adostu ahal izango genituzke, berriki sinatu den Lanbide arteko Akordioaren babesean, lan baldintzak Euskal Herrian, burujabetasun ariketa eginez. Horixe da hain zuzen euskal langileriak haren ordezkaritza politikoari eman agindua.
LABek bat egingo du Santurtzin nahiz Pasaian deitu diren grebekin, lanpostuen alde nahiz oraingo eta etorkizuneko lan baldintza duinei eustearren.
Metro Bilbao eta Euskotreneko tarifen igoera bertan behera uzteko eskatu dugu
LAB sindikatua kalera irten da gaur, Metroaren 3 lineako Zazpikaleak/Casco Viejo geltokia izango denaren aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari Metro Bilbao eta Euskotrenen hileko txartelaren erabiltzaileei eman dien tarifazoa bertan behera utz dezaten eskatzeko.
Hileko txartel horien ordez orain BIDAI ORO txartela saltzen da joan den martxoaren 8tik. Horrela, tarifak % 30eraino garestitu dira Metro Bilbaon eta % 50eraino Euskotrenen.
Orain arte, adibidez, Metro Bilbaoko hilekoa, gune batekoa, 35,3 € ateratzen zen. Tarifa berriarekin, berriz, 46 € ordaindu behar da, % 30 garestiago, edo 10,70 euro gehiago. Neurri horrekin BIDAI ORO txartelaren erabiltzaile bati 125 eta 175 euro artean garestitu zaio orain egiten duen bidaia.
Neurri horrek metroz egiten diren bidaien % 14ri eragingo die, eta Euskotrenen egiten direnen % 23ri. LAB sindikatuaren kalkuluen arabera, 100.000 pertsona baino gehiagori garestituko zaie bidaia. Kasualitatez, hileko txartelen erabiltzaileak dira garraio publikoaren bezero fidelenak eta, horregatik ere, LAB ez dago ados garraio publikoan gehien ibiltzen direnek jasan behar izatea TARIFAZOA
Bestalde, LABek Bizkaiko Garraio Diputatu Vicente Reyesek saltzen duen tarifa-bateratzea ere kritikatzen du. Tarifak 3 linearen 7 geltoki berrietan soilik batuko dira, Euskotreneko gainerako geltokiak kanpoan utzita. Ondorioz, metro geltokiren bat duten udalerri eta auzoek tarifa sistema merkeagoa izango dute, hiriarteko trenik heltzen ez zaien gainerakoen aldean. Gauzak horrela, lehen eta bigarren mailako garraio-erabiltzaileak izango ditugu aurrerantzean, trena izan arren metro sisteman sartuta daudenak eta ez daudenak, hurrenez hurren.
Azkenik, LABek azpimarratu nahi du azkeneko 10 egunetan ehunka direla egunero ipintzen ari diren kexa eta erreklamazioak, idatziz, geltokietan eta bezeroen arretako bulegoetan, sare sozialetan eta garraiobideen web orrialdeetan. Puntu horietan aritzen garen langileok ere etengabe jasotzen ditugu ahoz horrelako kexak. Argi eta garbi utzi nahi dugu Metro Bilbao eta Euskotreneko langileok tarifa igoera horren berri ematen dugula, besterik ez. Benetako arduradunak, tarifa-gehiegikeria hau lepo gainera etorri behar zaiena Bizkaiko Foru Aldundia eta Garraio Partzuergoa dira.
Horregatik guztiarengatik, LABek dei egiten dio jendarteari oro har, eta bereziki eragile sozial eta sindikalei mobilizatzera eta TARIFAZOA eta txartel bakarretik eta tarifak bateratzetik urrunduz doan garraio publikoaren eredua errefusatzen dituztela erakustera.
PESAn lortutako akordioa onuragarria da
Arrasaten, hilak 6an, gure afiliatu eta aldekoekin egindako bi bileretan erabakitakoarekin bat eginez erabaki dugu behin-betiko akordioa sinatuko dugula eta greba bertan behera utziko dugula. Akordioa sinatzera eraman gaituzten lorpenen edukiak honako hauek dira:
1. Enpleguan egonkortasuna, 32 behin-behineko kontratuak finko bihurtu dira.
2. Aparteko orduen kobrantza ezabatu da, eta horrek lanpostu berriak sortzea ekarri behar ditu.
3. Eros ahalmena hobetu da, igoerak KPIren gainetik.
4. Gizarte Segurantzak lanekoak ez diren bajak kudeatuko ditu.
5. 1200 €tako laugarren ordainsaria.
6. Larunbatetako plusa kobratzea.
7. Hobekuntzak, oporrak esleitzeari eta lanaldiaren iraunaldiari lotuak, lana eta familia uztarketa hobetuz.
Honez gain, indarrean dagoen aurreakordiori buruzko hobekuntzak lortu ditugu ere, Arrasaten egin batzarretan proposatu zenaren harira.
a) 300 € ordainsari-atzerapen kontzeptuan, zeina 2016. urtean kobratuko den.
b) %0,5eko gutxiengo zorua bermatuko da, KPIa negatiboa bada.
c) Kobratzen ziren 80 orduak ezabatzen diren artean, hauek ohiko lanorduez ordainduko dira.
d) Irizpide objektiboak behin-behinekoak finko bilakatzean, adibidez, antzinatasuna.
Ontzat jotzen ditugu edukiak eta uste dugu, enpresari aurkeztu zitzaizkion bitariko plataforman jasotzen diren eskariak, Arrasateko batzarrean berretsi zenituenak, portzentaje handi batean, betetzen dituela. Akordio honetan, gainera, PESAko langile guztientzako hobekuntzak jasotzen dira (bulegariak, tailerreko, txartel-leihatiletako langileak, gidariak). Gure asmoa, beti izan da, gure lan baldintzak hobetzea (eskubideei eta soldatei dagokienez); akordio honen bidez lortu ditugulakoan gaude.
Elkarretaratzea egin dugu BEC-en, sexu erasoen aurrean zero tolerantzia eskatzeko
Protesta egin dugu Barakaldoko BEC-en, suhiltzaile-gidarien deialdi publikoaren azken azterketa dela eta. Hain zuzen ere, hautagaien artean sexu erasotzaile bat dago, indultatua izan dena. Bizkaiko Foru Aldundiari ohartarazi diogu erasotzaile matxista hori mehatxu bat dela.
Duela hilabete bat Bizkaiko Foru Aldundiko LABen atal sindikalak salatu zuen indultatutako sexu erasotzaile bat (ez du jasotako zigorra bete) foru funtzionario izateko aukerekin dagoela, suhiltzaile-gidarien deialdi publikoa dela eta.
Honetaz gain, LABek exijitzen zuen Bizkaiko Foru Aldundiak erantzun azkar eta argia eman zezala gai hauen inguruan, posible delako erasotzaile matxista bat sartzea emakume suhiltzaileek lan egiten duten langile-taldean, emakume bizkaitarrak ere jasotzaile diren zerbitzu publikoa eskainiz. Pertsona hau ez da laguntza bat, mehatxu bat baizik. Aldundiak ez du oraindik erantzun.
Gaur, suhiltzaile-gidarirako 60 plazetako bat lortzeko azken azterketa egin dute. Epaimahaiko kideak, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari bezala eta funtzionariogai guztiak, erasotzaile indultatua barne, BECen elkartu dira. Hortaz, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du BEC kanpokaldean, sexu erasoen aurrean zero tolerantzia eskatzeko, datozen lekutik datozela.
Ainhoa Etxaide: “ELA eta LAB batera borrokatu behar dira murrizketen aurka”
AEKren aldizkaria da "Aizu!", eta LABeko idazkari nagusia elkarrizketatu berri du, maiatzeko Biltzar Nagusiaren atarian. Kongresuaren ostean, egun duen ardura postuaren lekukoa pasako du Etxaidek; hala, azken urteotako ibilbideari buruz galdetu diote. "Azken zortzi urtean, inoiz ikusi gabeko eraso politiko eta ideologikoa egon da sindikatuen aurka", adierazi du.
Ainhoa Etxaideri egindako elkarrizketa Aizu! aldizkariaren webgunean irakur daiteke.
Prekarietatearen aurkako elkargunea Iruñeko San Frantzisko plazan egokituko dugu ostiralean
Ostiral Duinak dinamika Iruñera iritsiko da ostiralean. Hain zuzen ere, hainbat jarduera egingo ditugu 17:00etatik aurrera: tele-kontsultak, prekariometro versus borrokametro izeneko tailerra, pilkete informatiboak… LAB elkarguneak antolatzen ari da Euskal Herriko hainbat txokotan, prekarietateari aurre egiteko. Gasteizen egon ginen joan den otsailaren 10ean, eta Iruñean izango gara orain, martxoaren 17aren etorrerarekin.
Prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin antolatu ditu LABek elkarguneak, lan prekarioa betetzen dutenek bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Dinamika honetan parte hartzera animatzen zaitugu, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.
Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:
. 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu
. Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztuta
. Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko
. Gutxiengo orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian
. Laneko ikuskaritzak kontrol eragingorra egitea enpresei
Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokitan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunik. Euskal Herrian langile txiroak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.
Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez, LABek egoera honetara ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu, eta emaitza latza da: langileen %80ek lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi dute, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.
Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen dizugu, denon eskubideen alde eragiteko!

