2026-09-10
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaMetro Bilbao eta Euskotreneko tarifen igoera bertan behera uzteko eskatu dugu

Metro Bilbao eta Euskotreneko tarifen igoera bertan behera uzteko eskatu dugu

LAB sindikatua kalera irten da gaur, Metroaren 3 lineako Zazpikaleak/Casco Viejo geltokia izango denaren aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari Metro Bilbao eta Euskotrenen hileko txartelaren erabiltzaileei eman dien tarifazoa bertan behera utz dezaten eskatzeko.

Hileko txartel horien ordez orain BIDAI ORO txartela saltzen da joan den martxoaren 8tik. Horrela, tarifak % 30eraino garestitu dira Metro Bilbaon eta % 50eraino Euskotrenen.

Orain arte, adibidez, Metro Bilbaoko hilekoa, gune batekoa, 35,3 € ateratzen zen. Tarifa berriarekin, berriz, 46 € ordaindu behar da, % 30 garestiago, edo 10,70 euro gehiago. Neurri horrekin BIDAI ORO txartelaren erabiltzaile bati 125 eta 175 euro artean garestitu zaio orain egiten duen bidaia.

Neurri horrek metroz egiten diren bidaien % 14ri eragingo die, eta Euskotrenen egiten direnen % 23ri. LAB sindikatuaren kalkuluen arabera, 100.000 pertsona baino gehiagori garestituko zaie bidaia. Kasualitatez, hileko txartelen erabiltzaileak dira garraio publikoaren bezero fidelenak eta, horregatik ere, LAB ez dago ados garraio publikoan gehien ibiltzen direnek jasan behar izatea TARIFAZOA

Bestalde, LABek Bizkaiko Garraio Diputatu Vicente Reyesek saltzen duen tarifa-bateratzea ere kritikatzen du. Tarifak 3 linearen 7 geltoki berrietan soilik batuko dira, Euskotreneko gainerako geltokiak kanpoan utzita. Ondorioz, metro geltokiren bat duten udalerri eta auzoek tarifa sistema merkeagoa izango dute, hiriarteko trenik heltzen ez zaien gainerakoen aldean. Gauzak horrela, lehen eta bigarren mailako garraio-erabiltzaileak izango ditugu aurrerantzean, trena izan arren metro sisteman sartuta daudenak eta ez daudenak, hurrenez hurren.

Azkenik, LABek azpimarratu nahi du azkeneko 10 egunetan ehunka direla egunero ipintzen ari diren kexa eta erreklamazioak, idatziz, geltokietan eta bezeroen arretako bulegoetan, sare sozialetan eta garraiobideen web orrialdeetan. Puntu horietan aritzen garen langileok ere etengabe jasotzen ditugu ahoz horrelako kexak. Argi eta garbi utzi nahi dugu Metro Bilbao eta Euskotreneko langileok tarifa igoera horren berri ematen dugula, besterik ez. Benetako arduradunak, tarifa-gehiegikeria hau lepo gainera etorri behar zaiena Bizkaiko Foru Aldundia eta Garraio Partzuergoa dira.

Horregatik guztiarengatik, LABek dei egiten dio jendarteari oro har, eta bereziki eragile sozial eta sindikalei mobilizatzera eta TARIFAZOA eta txartel bakarretik eta tarifak bateratzetik urrunduz doan garraio publikoaren eredua errefusatzen dituztela erakustera.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT-k bost greba egun deitu ditugu Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzen hobekuntza eskatzeko

Deialdia egin dugun sindikatuok Osasun Sailari ohartarazi diogu ez dugula simulaziorik onartuko. Bilerak hilero deitzeak ez du esan nahi benetako negoziazioa dagoenik, eta benetako edukiak dituzten proposamenak eskatu ditugu. Uztailaren bukaeran SMErekin sinatutako akordioak agerian uzten du lan-baldintzak hobetzea borondate politiko kontua dela.

Mikel Torresek uko egin dio LABekin eta ELArekin biltzeari LGSri buruz hitz egiteko

EAEko lehendakariorde ere baden Lan sailburuak apirilean LABi eta ELAri mehatxu egin zigun ez genuelako Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte-hartzen; bada, hilabete gutxiren ondoren uko egin dio langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin biltzeari.

Bizkaiko esku-hartze soziala borrokan: benetako negoziazioaren alde!

LABek, ELAk eta ESK-k salatu dugu Gizardatz Bizkaiko Esku Hartze Sozialeko patronala blokeo egoerara eramaten ari dela negoziazio mahaia.