2025-12-30
Blog Page 986

LABek helegitea aurkeztuko dio hizkuntz eskakizuna egiaztatzeko Osakidetzaren ez-ohiko deialdiari

0


Osakidetzak berriki jakinarazi du euskarazko 2. Hizkuntz Eskakizuna egiaztatzeko ez-ohiko deialdia egingo duela, langile finkoei zuzendua. Ez-ohiko froga honen bidez, eguneroko laneko ahozko jardunean euskara erabili arren ohiko Hizkuntz Eskakizunen deialdiak gainditzerik lortzen ez duten langileen egoerari konponbidea eman nahi zaio. LAB sindikatuak bat egiten du neurri honen helburuekin, baina gure ustez, neurria erabat motz geratzen da, ez baita onargarria langile ez finkoak deialdi honetatik kanpo uztea.

Osakidetzak berriki jakinarazi du euskarazko 2. Hizkuntz Eskakizuna egiaztatzeko ez-ohiko deialdia egingo duela, langile finkoei zuzendua. Ez-ohiko froga honen bidez, eguneroko laneko ahozko jardunean euskara erabili arren ohiko Hizkuntz Eskakizunen deialdiak gainditzerik lortzen ez duten langileen egoerari konponbidea eman nahi da, ez-ohiko deialdi bat eginez, moldatua, ahozko froga idatzizkoaren aurretik eginez, besteak beste. Honela, Osakidetzan euskara normalizatzeko planaren helburuak eguneroko jardunean bete arren, plan horretatik kanpo geratu diren langileak normalizazio lan horretan baliatu nahi omen dira.

LAB sindikatuak bat egiten du neurri honen helburuekin, baina gure ustez, neurria erabat motz geratzen da, ez baita onargarria langile ez finkoak deialdi honetatik kanpo uztea. Osakidetzako langile guztiek, finkoek eta ez finkoek, izan behar dute Hizkuntz Eskakizuna egiaztatzeko ez-ohiko deialdi honetan parte hartzeko aukera. Ohiko jardunean euskara erabiltzen duten langile ez-finkoak Osakidetzan euskara normalizatzeko eta hizkuntz eskubideak bermatzeko ezinbesteko baliabide dira, probestu beharrekoak. Ez-ohiko deialdi honen asmoak lortu ezinak dira langile ez-finkoak kanpoan utziz. Bestalde, langileen eskubideei dagokienez neurri hau diskriminatzailea da erabat.
Guzti honengatik, langile ez-finkoak kanpoan uzten dituen Hizkuntz Eskakizuna egiaztatzeko deialdi honi helegitea aurkeztuko dio LABek, deialdia diskriminatzailea izanik legez kontrakoa delakoan. Hizkuntz Eskakizuna egiaztatzeko ez-ohiko deialdia langile guztiei egitea, finko eta ez-finkoei, eskatuko du sindikatuak.

Euskararen egoera normalizatzeko neurrietan motz geratze hau arazo orokorra da Osakidetzan: Langileen parte-hartzerako aukerak, buruzagi eta gainbegiraleen erantzukizuna, euskalduntzeko bitarteko nahikoak edota lana euskaraz egin ahal izateko beharrezkoa den sustapen lana bezalako gai garrantzitsutan Osakidetzak ez ditu beharrezko ekimen eta neurriak hartu. Ondorioz, behar eta ahal baino askoz motelago doa euskararen garapena Osakidetzan, zoritxarrez.

 

 

 

Sektore publikoa indartzeko mesedetan eta lanpostuak egonkortzeko baliatu nahi ditugu Europako epaiak

0

LAB sindikatuak prentsaurrekoa egingo du berriki publikatu diren Europako sententziek sektore publikoan izango duten eraginaren berri emateko agerraldia eskaini dugu. Behin-behineko langileek jaso behar dituzten kalte ordainetatik harago, prekarietatean eta iruzurrean eraikita egon den kontratazio sistemaren porrota irudikatzen dute sententzia hauek ere, sindikatuaren ustez. Sententziek argi uzten dute zerbitzu publiko batek ezin dituela bere oinarrizko eginkizunak behin-behineko langileekin bete. LABen iritziz, plantilak finkatzeko garaia iritsi da; egiturazkoak diren lanpostu guztiak aitortu eta sektore publikoan ematen den prekarietate egoerekin amaitu behar da. Sindikatuak bere proposamenak jakinaraziko ditu.

Irailean zehar publikatutako Europako sententziek eragin handia izango dute esparru publikoan. Behin-behinekotasunean oinarritzen den iruzurrean eraikitako sistema kolokan jartzen dute langile interino zein behin-behinekoei kalte ordainak onartzen dizkien sententziak. Ukaezina da erabaki honek administrazio ezberdinetan eragina izango duela, astero ehunaka langileek ikusten baitute beraien lan harremana etenda, gaur egun arte, inongo kalte ordainik jaso gabe.

Europako sententziek beraz, banakako eskubide berriak sortu dituzte behin-behineko langile publikoentzat. Sententzia hauek izaera laborala duten langileeek, finkoek jasotzen duten kalte ordain berdina jasotzeko eskubidea argia jasotzen dute eta funtzionarioei erreklamazioak egiteko aukera irekitzen die. Egoera honetan dauden langileak erreklamazioa egin beharko luketela pentsatzen du LABek eta horrela sustatuko dugu.

Sententzia sorta hauen eragina hala ere ez da soilik kalte ordainaren onarpenera mugatzen. Urteetan iruzurrean eraikitako sistemari kolpe latza ematen zaio. Ezin dira estrukturalak diren lanpostuak behin-behineko langileekin bete. Baieztapen honen harira, eginkizun berdinerako behin eta berriz behin-behineko kontratuak edo kontratu interinoak izaten dituen langileak, lanpostu horretan finkatzeko eskubidea dauka EPEa deitu bitarte. Langile horrek beraz, finko ez mugagabe izaera izango du eta lanpostu horretan gelditzeko eskubidea dauka lanpostua deialdi publikoan ateratzen den arte, edo eta lekualdatze lehiaketa bidez betetzen den arte

Langile hauek norbanako erreklamazio eskubidea izango dute. Ez dira gutxi baina; irakaskuntzan estrukturalak diren 6.000 lanpostu baino gehiago betetzen dira finkatuak ez dauden langileekin. Osakidetzan, esate baterako estrukturalak izan baina finkaturik gabe dauden lanpostuak 15.000 baino gehiago izan daitezke. EAEko administrazioan 2.000 baino gehiago izango lirateke. Adibideekin jarraituko bagenu kopurua beldurgarria dela ohartuko ginateke. Langile bakoitzaren egoeran daukan eragin pertsonalarekin batera, zerbitzu publikoen kalitatean sekulako eragina daukala ukaezina da.

Egintzat eman dezakegu Europako hiru epaiek ondorioak izango dituztela Euskal Herriko administrazioetan. Ezin dugu ahaztu zerbitzu publikoen etaldura sistema iruzurrean dagoela oinarrituta, funtzionarioetan zein laboraletan. Harremana amaitzerakoan kalteordaina eskatu ahal izatea edo EPEra arte estrukturaltzat jotako lanpostuan gelditzea eskatu ahal izatea mugarri berria da funtzio publikoko lan harremanetan.

Milaka langilea ari dira administrazio publikoen ebentualitatearen itsasoan igerian. Urte batean ikastetetxe batean eta hurrengoan beste batean dauden irakasleak, edo Euskal Herriko ospitale desberdinetako kontratuak kateatzen dituzten erizainak. Hauxe da Euskal Herriko administrazioetatik gero eta gehiago zabaltzen den prekarietatea eta zerbitzu publikoen kalitateari ere eragiten dio.

Ezin dugu ahaztu urte hauetan zerbitzu publikoak kudeatzen ibili direnen erantzukizuna. Pertsona hauek beharrezko konplizeak izan dira ebentualitatean oinarritutako iruzurrezko eredu hau ezartzerako orduan. Administrazio publikoa hezurretan uzteko formula perfektua eta zerbitzu publikoak erraztasun handiagoarekin pribatizatzeko. Badakigu epai hauek aukera paregabea ematen dietela administrazioei zerbitzu publikoen aldeko bide propioan aurrera egiteko; epaiak prekarietatea eta lapurretararen amaiera exijitzen du sektore publikoan.

Plantilak finkatzearen garaia heldu dela pentsatzen dugu beraz. Bukatu behar da inon aitortu nahi ez dituzten lanpostuak, etengabe ziurgabetasunean dauden langileen kontura betetzea. Europako sententziak garbi uzten du; zerbitzu publikoa eskaintzen duen administrazio batek ezin du beharrezkoak dituen eginkizunen %25etik gorako lanpostu defizita izan. Euskal Herriko administrazioen kasuan askotan ematen da egoera hau eta Europako sententziak garbi esaten du lanpostu defizit hori enplegu publikorako eskaintza batekin bete behar dela. Ziur gaude administrazio hauek aukera itzela ematen dietela administrazioei zerbitzu publikoen defentsarako bide propioan aurre egiteko

Horregatik zerbitzu publikoetan aro berri bat irekitzen dela uste dugu eta administrazio guztietan sententzia hauen aplikazioaren alde egingo du LABek:

● Kontratuak eteterakoan langileei beraien kalte ordaina ordaintzea eskatuko diegu administrazioei.

● Behin-behineko kontratazioetan gehiegikeriekin bukatu behar da; behin-behineko langileen ziurgabetasunarekin bukatu behar da.

● Administrazio bakoitzaren errealitatearen arabera iruzurrean betetzen ari diren lanpostuak finkatzea eskatuko dugu.

● Epe ertainera administrazioa publikoek Enplegu Plan Integrala martxan jarri beharko dute, administrazio bakoitzean beharrezkoak diren eginkizunak deialdi publikoen bidez beteak izan daitezen.

● Finean, Euskal Herriko instituzioei zerbitzu publikoen defentsarako sententzia hauek eskaintzen dituzten tresna juridikoak erabili ditzaten eskatuko dugu.

 

 

 

Basaurin prekarietatearen kontrako tresna eraginkorrak aldarrikatu ditugu: 35 ordu eta 1.200€

LAB sindikatuak 35 ordutako lan-astea eta 1.200 eurotako gutxieneko soldataren aldeko eta prekarietatearen kontrako 7 orduko mobilizazioa egin du gaur Basaurin. Ekimena sindikatuaren aldarrikapenetarako bozgorailua izan da: 35 ordu eta 1.200 euro. Eta aldi berean, giro eroso eta desberdin batean esperientziak zein gogoetak elkar trukatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, eguraldi txarrak batere batere lagundu ez duen arren.

Goiz osoko egitaraua mantendu da, zazpi ordukoa (35ko lan-astea bada, egun bateko lan orduak), eguraldiagatik, ekintzak Trintxera plazatik Solobasoko karpara eramanda.

Goizeko 09:00etan abiatu da mendi-martxa, 7 kilometrotakoa, herritik Malmasineraino, AHTko proiektua inguruan izaten ari den eragina bertatik bertara ezagutzeko aukerarekin.

Prekarietatearen kontrako Ideia faktoria zabaldu da ondoren. Prekarietateaz, arlo ezberdinetatik dakarrenaz eta beroni aurre egiteaz aritu dira 8 hizlari dinamizatzailearen galderei erantzunez. Prekarietatearen aurpegi ezberdinetatik jaso ditugu lekukotzak, gazteria, Indusaleko emakumea diskriminazioaren inguruan, etxeko langileen egoera, autonomo faltsuak, pentsionistak, Incoesatik kaleratutako langabetua. 

Ainhoa Etxaide LABeko Idazkari Nagusiak ere parte hartu du solasaldian eta langileok boterea lortu behar dugula, politika publikoetan determinante bilakatuz. Parte hartzaile guztiek onartu dute 35 ordutako asteak eta 1.200 eurotako gutxieneko soldata itzelezko neurria izango zela duintasunaren alde eta prekarietatearen kontrako bororkan.

Bideo desberdinak proiektatu dituzte solasaldian zehar, LABen urteko ekimenik nabarmenenak jasotzen zituena eta lan osasunaren ingurukoa, besteak beste. Aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako 50 langileek ere lekua izan dute gaurkoan. Argazki eta propaganda euskarrien erakusketa ere ikusgai egon da egun osoan zehar.

Ondoren, mosaiko erraldoia osatu dute bertaratutakoek, “Zure ESKUbideak, actívate por tus derechos” esaldiarekin.

Barrikotea eta bertsolariak izan dira ondoren. Mokadu bat eta salda beroa hartuaz bertsoez gozatzeko aukera. Eta amaitzeko, rumba doinuak. 17:30etan Bilbon izan beharreko TTIP eta CETAren aurkako mobilizaziorako deia eginez amaitu dute 7 ordutako mobilizazioa Basaurin. 
  

 

 

TTIP eta CETAri EZ

0


Udazken osoan zehar nazioarteko merkataritza libreko TTIP eta CETA hitzarmenen aurkako mobilizazioak egin ostean, gaur, azaroak 5, Hego Euskal Herriko hirburuetan mobilizatu gara. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA EZ kanpainak deituta ‘Herriek erabaki. Defendamos nuestra tierra y nuestros derechos’ lelopean kalera irten gara hitzarmen hauek bertan behera utz ditzaten exigituz.

Nazioarteko itun komertzial hauek, Estatu Batuak eta Europaren arteko TTIPa zein Canada eta Europaren arteko CETAk, herritarron eskubideak kaltetuko dituzte. Multinazionalek, beraien negozioa, merkatu askea eta konkurrentzia askearen logika gailentzea nahi dute eta horretarako eskubide sozial, laboral zein ingurugirokoak behetik homologatu nahi dituzte. Bestalde, azpimarratu behar dugu itun hauek guztiz antidemokratikoak direla, bai formen aldetik baita haien edukietan ere. Hain zuzen ere herritar eta herriei bizkar emanez egin dira eta elite txiki baten mesedea bilatzen dute soilik, gehiengo oso baten kaltetan.

Sindikatuak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta TTIP/CETA EZ kanpainarekin batera, lanean jarraituko du gisa honetako nazioarteko merkataritza itunak baztertuak izan daitezen eta alternatiba baten eraikuntzaren alde non ingurugiroa, pertsonak eta herriak erdigunean egongo diren.

 

 

 

Zapuztu nahi duten bake prozesuaren alde egiteko aukera eman behar diogu euskal jendarteri

0

LAB Mikel Irastorzaren atxiloketaren aurrean

Azken hilabeteetan ugariak eta oso interesgarriak izan dira eremu zibiletik hartu ditugun iniziatibak Euskal Herrian benetako bake egoera bat eraikitzeko. Hainbat eragile sindikal eta sozialek bat egin dugu gatazka garaiak atzean uzteko funtsezkoak diren gauzen inguruan. 

Urriaren 22an Donostian eratu zen Foro Sozial Iraunkorrean esandakoetatik, hiru konklusio nagusi atera ziren: armagabetzea egiteko baldintzak daudela, garaia dela preso politikoak etxeratzeko bidearen inguruan akordio zabalak egiteko; eta hainbeste urtez luzatu den gatazkak utzitako zauri latzak sendatzeko derrigorrez egin behar dugula bide bat guztien artean.

Bertan ginen eragileak eta norbanakoak bakearen alde lanean jarraitzeko prestutasuna adierazi genuen. Jendartearen aurrean konpromiso berriak bereganatu genituen bakea eraikitzeko agenda zehatz batekin lan egiteko. Eta alderdi politikoei eskatu genien euren eskutan zeudenak egiteko bake prozesuaren mesedetan, beraiei dagokielako euskal instituzioak bakearen alde lanean jartzea.

ETA Foro Sozialak marraztutako bidean urratsak emateko prest agertu delarik, erabaki horrekin lotzen dugu guk bart gaueko atxiloketa; ziur gaude horrela ikusten eta ulertzen dugula Donostian elkartu ginen guztiok, baita euskal herritar gehienak ere. 

Bake prozesua zapuztea Estatu helburu dute Estatu frantses eta espainolak, bistakoa da. Horrek eraman gaitu bakea eraikitzeko gure bide propioa marraztera. Erabaki zuzena hartu dugu. Baina zaila izango da bidea egitea ez baditugu eraso hauek salatzen, ez badiogu euskal jendarteari mobilizazio sozialaren bidez bake prozesua babesteko eta defendatzeko aukerarik ematen.

Hori dela eta, atxiloketa berri honek bakearen eraikuntzan laguntzeko prest gauden eragile sozial, sindikal eta norbanakoen erantzun bateratu eta sendoa eskatzen duela pentsatzen dugu LABetik. Eman ditzagun urratsak hori posible egiteko.

Afiliatuei eta euskal langile guztiei dei egiten dizuegu atxiloketa salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzera. Baita astelehenean salaketa hau lantokietan zabaltzera ere.

  

 

 

Azaroak 5: TTIP eta CETAren aurkako mobilizazioak Hego Euskal Herrian

0

Bihar, azaroak 5, Hego Euskal Herriko hirburuetan nazioarteko merkataritza libreko TTIP eta CETA hitzarmenen aurka mobilizatu gara. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA EZ kanpainak deituta ‘Herriek erabaki. Defendamos nuestra tierra y nuestros derechos’ lelopean kalera irtego gara hitzarmen hauek bertan behera utz ditzaten exigituz.

MOBILIZAZIOAK
BILBO: 13:00etan kalejira eta 17:00etan manifestazioa
DONOSTIA: 17:00etan manifestazioa
GASTEIZ: 12:00etan kalejira
IRUÑEA: 13:00etan manifestazioa

 

 

 

50 dira jadanik aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak

Gehiengo sindikalak deituta gaur konzentrazioa egin dugu herenegun Bilbon lan-istripuz hildako langilearen heriotza salatzeko. “Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” lelopean Albia eraikinean mobilizatu gara, istripua izan zen lekuan.

  

 

 

Vicrilako langileek mobilizazioak iragarri dituzte lantegiaren etorkizuna eta langileen bizitza-proiektuaren defendan

0

Vicrilako langileek lantegiaren etorkizunaren aldeko mobilizazioak iragarri dituzte, gogoratu behar da lantegia hartzekodunen lehiaketan dela eta isteko arriskua handituz doala. Zuzeneko 300 lanpostuetatik haratago daude jokoan eta Vicrilako langileak prest agertu dira lantegiren etorkizuna eta haien bizitza-proiektua defendatzeko.

"VICRILAKO ENPRESA BATZORDEAREN OHARRA HARTZEKODUNEN LEHIAKETAREN AURREAN

Historia
Vicrila, 125 urtetako historiarekin, Bizkaian bizirik dagoen enpresa zaharrenetakoa da. Mahaiko beira ekoizten du eta Leioako Lamiako inguruan kokatzen da. 300 familiari ematen die lana zuzenean eta beste hainbesteri zeharka.

Urte hauetan zehar gure lan eskubideen eta soldaten zati bati uko egitera behartu gaituzte, aldi baterako bi EEEtik pasatzera eta gure poltsikotik enpresari dirua emateraino iritsi gara. Azken finean, behin baino gehiagotan euskal enpresa eredugarritzat saldu izan den operazio industrial hori geuk ordaindu dugu gure lan eta diruarekin. Inork ezin du esan gurea bete ez dugunik. Asko eta ondo ekoiztu dugu, jarri genuen dirua ere bueltatu ez diguten arren. Egun, estatuko kontsumo-merkatuaren %30aren jabe da Vicrila gure ahaleginari esker.

2014an, hauteskunde kanpaina betean, berriz agertu zen Eusko Jaurlaritza enpresaren Zuzendaritzarekin batera, Lamiakon plateren bigarren labe bat ezarriko zutela jakinarazten, 50 lanpostu sortuko zituena eta aberastasuna bere inguruan. Zergatik ez zen egin? Hauteskunde kanpaina izan zen soilik? Egin izango balitz bestelakoa izango litzateke egoera orain.

Egungo egoera
Interes zehatzek bat egin dutelako sartu da Vicrila hartzekodunen lehiaketan. Batetik, ARCrena, oso merke erosteko edo, batek daki, likidaziora eramateko… bigarrenik, egungo Zuzendaritzarena bere erantzukizuna eta eraginkortasun falta nabarmena ez onartzeko eta azkenik, Eusko Jaurlaritzarena, beste alde batera begiratu dueña, babestu eta parte den proiektuaren porrotaren aurrean.

Eta orain, beste behin, langileon bizkarretan utzi nahi dute etorkizunaren inguruko erantzukizun osoa.

Zer egitera goazen
Vicrilako langileok prest gaude lantegi honen etorkizuna eta gure bizitza-proiektuena defendatzeko. Egungo 300 enplegu zuzen baino gehiagotaz ari gara hitz egiten. Eta gizarteari eskatzen diogu lagun diezagun Vicrilak etorkizuna izan dezan eta berau duina izan dadin. Vicrilan, gure seme-alaben etorkizuna ere badago jokoan.

Gure etorkizunaren defentsan mobilizazioari ekitea erabaki dugu.

– Mobilizazioa Eusko Jaurlaritzari exijitzeko konponbidean duen erantzukizuna onar dezan eta langileon enplegu eta lan-baldintzen bermatzaile izan dadin.

– Mobilizazioa ARCri exijitzeko Vicrilaren erosketa ez merketzea gure lanpostu eta lan- baldintzen lepotik.

– Mobilizazioa egungo jabeek eta Vicrilako zuzendaritzak euren kudeaketa negargarria onar dezaten eta proiektu berri baternazko trantsizioa onartu.

– Mobilizazioa Leioako herri eta Udalarekin guztion artean industriaren alde egin dezagun eta proiektu espekulatzaileak uxatu.

Nola egingo dugu
Datozen egunotan gure jarrera berretsiko dugu eta mobilizazioen egutegia martxan jarri.

Iritzi publikoari jakinarazten diogu Vicrilako etorkizun duina defendatzera goazela eta babesa eskatzen diogula gizarteari, Vicrila defendatzea guztion ehun industriala defendatzea dela.

Lamiako (Leioa), 2016ko azaroak 04"
 

 

 

CIE Alfa Deco lantegian despidorik ez! etorkizunari oztoporik ez!

0


Alfa Decok Elgetan duen lan zentruan 2 orduko lanuztea eta Abadiñon CIE INYECTAMETAL enpresaren aurrean konzentrazio burutu dute gaur langileek kaleratzeak izango diren mehatxuaren aurrean. 2016a amaitu aurretik 4 langile kaleratu behar dituela iragarri du zuzendaritzak.

CIE AUTOMOTIVE multinazional handi bat da, empresa berriak erosten eta 5 kontinentetan zehar hedatzen ari dela behin eta berriz dioskuna. Bere irabaziak ugaltzen doaz hilabetez hilabete, eta urteko lehen 9 hilabete hauetan 123 miloitako irabazi garbiak izan ditu.

Hau horrela izanik ere, bere egoera pribilegiatuak ez du hemengo enpresa eta langileengan eraginik. Adibide garbia dugu ALFA DECO koa, Elgetan kokatuta dagoen eta mekanizatuan jarduten duen 25 langiledun enpresa. Makinarian ez inbertitzearen ondorioz eta proiektu berriak bere talde berdineko enpresa batzuetara desbideratzearen ondorioz, enpresa hau hainbat urte daroa fakturazioa jaisten. Orain, 4 langile kaleratu behar dituztela esan dute 2016a amaitu aurretik, eta egoerak aldatzen ez baldin badu, beste hainbeste edo gehiago kaleratuko dituzte datorren urtean. Kaleratuak izango diren langile hauek CIE taldeko beste enpresa batzuetan birkokatzea ere ukatu digute.

Datozen hilabeteotan CIE ALFA DECO ko langileok aurkitu gaitezkeen ziurgabetasunaren aurrean, azalpenak eskatu ditugu behin eta berriz zuzendaritzan, baina erantzun gabe jarraitzen dugu oraindik, eta horrek dauzkagun kezkak are eta larriago bilakatzen ditu.