2025-12-29
Blog Page 978

PNV-PSE akordioak ez die urrundik ere heltzen zerbitzu publikoek dituzten beharrei

0

Aste honetan PNVk eta PSEk datozen urteetan Eusko Jaurlaritzaren norabidea zehaztuko duen akordioa erdietsi dute. LABen iritziz, bi alderdiek kaleratu duten akordioaren bertsioa oso anbiguoa eta eskasa da, eta zerbitzu publikoen eta langileen lan baldintzen joera okerrera izango da.

Anbiguoa dela diogu, hitz hutsal eta orokorregiaz beteta dagoelako, ondorioz testuaren pasarte gehienak interpreta daitezkeelako bai onerako zein txarrerako. Ez da proposamenetan eta hauek gauzatzeko zehaztasunik eta ausardiarik antzematen. Eskasa ere badiogu, PNV-PSE akordioak ez dielako urrundik ere heltzen zerbitzu publikoek dituzten beharrei, eta gai zentralak direnak aipatu ere egiten ez dituelako: euskararen erabilera, zerbitzuen kalitatea, negoziazio kolektiboaren eskubidea, enpleguaren sorrera, pribatizazioak atzera botatzea, arreta ratioak…

Hezkuntzari dagokionez, konpromezuetan erreferentzia egin aurretik oinarriei so egiten badiegu bi dira ardatzak, bikaintasuna bata eta kalitatea bestea baina hauek zer , zertarako, nola eta noiz zehaztu gabe. Eta egiten den aipamenetan ekonomia, lan munduarekin…lotzen dituzte.

Neurrietan esan bezala zehaztasun eza da nabaria, ideia orokor eta ponpoxoak baina nora eramaten gaituzten azaldu gabe helburu ez baitira azaltzen. Betiko erreferentziak PISA (ikuspegi integrala eta hezitzailea kontutan hartu gabe, irakasleen prestigioa (hezkuntza langile guztion funtzio hezitzailea aintzat hartu gabe), LEPak urtero (hau nola egingo duten zehaztugabe)…

Azpimarratu nahi dugu:

  • Hezkuntza Legeari ekiteko hezkuntza ituna egotea proposatzen da. Ideia bezala interesgarria izan daiteke baina nolakotasunean dago gakoa eta guretzako itun hau parlamentutik at egotea beharrezkoa da, hezkuntza eragile guztion eta oro har herritarren parte hartzea eta ekarpenekin oinarritutako ariketa beharko luke izan. Euskal Herri osorako Hezkuntza sistema Propioa eraikitzerako bidean kokatuta beharko luke akordioa eta bi erkidegoen arteko urratsak emateko baliogarria izan beharko luke ituna bera.
  • Hizkuntzen trataerari dagokionez orain arte bezala ez dute helbururik finkatzen eta euskara normalizatutako hizkuntza balitz kokatzen dute. Ez dugu ikasle euskaldun eleanitzak garatzeko proposamen seriorik ikusten.
  • Akordio hau egungo eredua iraunkortzeko eta sakontzeko bidea da.
  • Hezkuntzaren kalitatean aurrera egitea ezinezkoa izango da murrizketei buelta emateko ez bada inolako planteamendurik egiten.

Beraz, eta bai PNV zein PSEko kargu publiko eta politikoen hitzen balioa eta ekintzen eragina ezagututa, datozen urteek Euskal Herriak behar dituen zerbitzu publikoei eta bereziki hezkuntza sistema propioari bultzada emateko ez dute batere aurrerapausurik ekarriko. 
 

 

 

Ekintza egin dugu Iruñean, jai egunetan irekitzearen aurka

0


Jai eguna da gaur Iruñean, azaroaren 29aren etorrerarekin. Bada, jai egunetan irekitzearen aurkako ekintza egin du LABek Arrotxapea auzoan, Simply-Sabeco supermerkatuan.

LABen arabera, jai egunetako irekierekin ezinezkoa da bizitza laborala familarekin edo aisiarako denborarekin uztartu, merkataritza zentru handien onurako baino ez da. Neurri honek denda txikiak kaltetu egiten dituela salatu du sindikatuak: "Gehiegizko kontsumoa bultzatzen du. Ordutegi komertzialak jada nahiko zabalak dira erosketak egin ahal izateko. Honengatik, erosleei dei egiten diegu jai egunetan ez erosteko, merkatari txikien itxieran eta egun hauetan lan egiteko behartuak gauden langileen prekarietatean ez laguntzeko".

 

 

 

Ainhoa Etxaide: “Ekintza sindikala zigortu nahi dute”

David Gonzalez eta Alexis Rodriguez epaitu dituzte gaur Bilbon, eta saioaren atarian elkarretarate bat egin du LABek, ‘Alexis eta David libre. Langile borrokaren kriminalizaziorik ez’ leloarekin, sindikatuko bi kideei elkartasuna adierazteko. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek salatu du epaiketarekin askatasun sindikala murrizteko beste urrats bat eman nahi dutela.

TMAren itxieraren inguruko gatazkaren lotuta dago epaiketa. 2013 urte bukaeran, 8 hileko greba baten ondoren, Etxebarriako Talleres Mecánicos Arakistain (TMA) enpresa itxi eta langileak kale gorrian utzi zituzten milaka euroko zorrarekin. Enpleguaren defentsan eta beraien soldatak jasotzeko egindako greba eta borrokaldiaren ondoren, enpresariak hainbat langileren kontrako salaketak jarri zituen. Hala, enpresariak bi langile ohirentzat, Alexis Rodriguez eta David Gonzalezentzat, 5 urte eta 6 hileko kartzela zigorra eta 9.000 euroko kalte-ordaina eskatu du, eta fiskalak 2 urte eta 3 hileko kartzela bakoitzarentzat.

Epaiketa gaur egin dute Bilbon, eta epaitegiaren atarian elkarretaratzea egin du LABek. Sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek babesa eskaini die bi auzipetuei: “Epaiketa honekin ekintza sindikala, langileok gure eskubideak defendatzeko eskubidea, zigortu egin nahi dute. Berriro ere askatasun sindikala murrizteko beste urrats bat eman nahi dute”.

Etxaidek gogoratu du Alexis Rodriguezek eta David Gonzalezek langileen eskubideak defendatzeagatik epaitu dituztela: “Epaituko duten gauza bakarra da langile batzuk euren lanpostuak defendatzeko eduki zuten aukeraren aurrean urrats bat eman izana. Ez zuten beste ezer egin, baina hori guztia egin zuten. Lanpostuak suntsitzen ari ziren momentu batean, enpresariei aukera eman zitzaienean, inolako mugarik gabe, inolako kosturik gabe, lanpostuak eta enplegua suntsitzea krisia baliatuz, hainbat eta hainbat langilek urrats bat egin zuten aurrera, hainbat eta hainbat langilek beraien lanpostua eta Euskal Herrian lan egiteko eskubidea defendatu zuten. Hori da gaur epaitegi honetan egoteko arrazoia”.

Euskal sindikalgintza, borrokalaria den neurrian, ilegalizatzen saiatu direla nabarmendu du; euskal sindikalistak borrokalariak direlako salatu dituztela, alegia. “Kriminalizazioa badago, diziplinatzeko helburuarekin, baina ez dugu onartuko”, esan du LABeko idazkari nagusiak.

“Zer da eskatzen duguna? Oso oinarrizko gauza bat. Botere publikoa den neurrian, behingoz langileen alde jar dadila, behingoz herritarren alde jar dadila, behingoz eskubide sozialen alde jar dadila. Hori da eskatzen duguna, absoluzioa. Horrek esan nahiko luke badagoela botere publiko bat enpresariei mugak dituztela esaten diena, eta langileak eta herritarrak babestu behar direla aitortzen eta onartzen duena”, erantsi du Etxaidek.

Manifestazio jendetsua
Epaiketaren harira, ehundaka herritarren babesa eta elkartasuna jaso zuten igandean Alexis Rodriguezek eta David Gonzalezek, Markinan egindako manifestazio batean.

Epaiketa eginda, ebazpenaren zain geratu dira bi auzipetuak. Fiskalak zein akusazio partikularrak mantendu dituzte euren zigor eskaerak.
 

 

 

LAB eta ELAk lan mundua euskalduntzeko egitasmo berri bat martxan jarri dugu

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuingurua baliatuz, ELA eta LAB sindikatuek eskaini dute gaur, hilak 29. Berta lan mundua euskalduntzeko elkarlanean garatuko duten egitasmo baten berri eman dute, euskararen normalizazioarekiko bi sindikatuok dugun konpromisoa berretsiz. Urola Kostan jarriko dugu martxan ekimen pilotu hau eta lan mundua euskalduntzeari begira, LAB eta ELAko militanteek elkarrekin garatuko dugu. Eskualdeko 10-15 enpresatan garatuko dugu egitasmoa, eskualdeko herri nagusi guztiak bustiz eta enpresa tamaina zein izaera anitzak inplikatuz.

LAB eta ELAren irakurketa:

Euskararen Eguna gure hizkuntzaz, euskaraz, harro egoteko eguna da; euskarak gure bizitzetan duen tokiari erreparatzeko eguna; atzera begiratu eta euskararen normalizazioak egindako ibilbideaz gogoetatzeko eguna; eta baita aurrera begiratu eta erronka berrien aurrean, konpromiso berriak hartzeko eguna.

Horregatik, Euskararen Nazioarteko Egunaren testuingurua baliatuz, ELA eta LAB sindikatuak prentsaren aurrean elkarrekin atera gara, lan mundua euskalduntzeko elkarlanean garatuko dugun egitasmo baten berri emateko, euskararen normalizazioarekiko bi sindikatuok dugun konpromisoa berretsiz.

Egitasmoaren ezaugarri nagusiak, langileon ikuspegitik:

• Langileok protagonista izango garen egitasmoa, euskararen normalizazio prozesuaren subjektu eta eragile aktibo izan behar baitugu lan munduan. Era berean, lan munduko gainerako subjektuekin zubi lanak egingo dira.

• Langileok ditugun hizkuntza eskubideak lan eskubideen baitan ulertzen ditugun neurrian, gure Ekintza Sindikalaren bidez eragitea izango da helburua.

• Euskararen normalizazioan konpromisoa hartu nahi duen langile guztiei zabalik egongo da egitasmoa. Langileon artean, euskalduntzearen aldeko jarrera hegemonikoa bilakatzea dugu helburu.

• Lan munduaren euskalduntze integrala da gure erronka: helburuak definitu eta prozesu arautu, sistematizatu, ordenatu zein partekatuen bidez betetzea sustatuko dugu.

• Ezagutza eta erabileraren arteko jauzia lineala ez dela gauza jakina denez, erabilera ardatz, euskararen aldeko sustapena egingo dugu.

Ingurumari honetan, bi sindikatuok HAKOBA-ren (Hizkuntza Politika gaietarako, Herri Aginteen arteko Koordinazio Batzordearen) gonbidapena jaso genuen, “edonork sinatzeko moduko Adierazpen bati atxikimendua eman” eta argazki batean ateratzeko proposatuz. Zinez uste dugu euskarak konpromisoak behar dituela eta horregatik honako 4 hausnarketa plazaratu nahi ditugu:

• Bi sindikatuok ez dugu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin hartu emanik Hizkuntza Politika gaietan, LanHitz akordioa apurtu eta Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzen kudeaketa hutsera mugatu zuenetik egitasmoa. EAE-ko Hizkuntza Politikan ez dituzte langileon hizkuntza eskubideak kontutan hartzen eta langileon ordezkariak garen sindikatuen ondoan argazkia atera nahi dute, zertarako? Langileok lan mundua euskalduntzeko konpromisoak hartu ditugu eta gure bidea egiten ari gara.

• Adierazpenak norberak hartu ditzakeen konpromiso indibidualak azpimarratzen ditu, Herri Aginteek eta kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak, duen erantzukizun politikoa maila berean jarriz. Euskararen normalizazioak izan duen bultzada eraginkorrena herri ekimen zein langileen aldetik etorri dela kontutan hartuta, ezin ditugu maila berean kokatu instituzio eta herritarron erantzukizuna, hizkuntza eskubideak bermatzeko orduan. Ezta euskararen egunean ere.

• Gonbidapenean, edonork atxikimendua emateko dokumentua proposatu dutela azpimarratzen dute. Honek testuaren edukia erabat lausotu du eta Jaurlaritzak ez du egiazko konpromiso politikorik hartzen. Bada, Euskararen Legeak 34 urte bete dituen honetan, normalizaziotik urrun egonik, euskarak konpromiso eta borondate politikoa behar dituela aldarrikatu nahi dugu.

• Lan mundua euskaldunduko bada, subjektu guztion elkarlana ezinbesteko da. Langileok baldintzak sortzen jarraituko dugu bide horretan aurrera egiteko, konpromisoen gaineko bide berriak indartuz.

Euskara egoera minorizatuan dago, euskaldunon hizkuntza eskubideak etengabe urratzen dira. Egoerari honi buelta emateko guztion hizkuntza eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politika berri bat behar dugu, ahalik eta adostasun maila zabalenean oinarrituko dena baina inori beto eskubiderik onartuko ez diona. Guztiok argazki batean kabitzeko garaiak dira edota euskararen aldeko konpromisoak gehiengo zabal batek hartzeko garaiak?

Langileok prest gaude lan mundua euskalduntzeko prozesu, dinamika edota ekimen errealetan subjektu eta eragile aktibo izateko; langileok prest gaude konpromiso berriak hartzeko; langileok prest gaude euskararen normalizazioaren aldeko gehiengo sozialarekin konpromiso berriak hartzeko. Eta horretara goaz!

Norabide horretan, gaurkoan, ELA eta LAB sindikatuak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin elkarlanean, lan mundua euskalduntzeko martxan jarriko dugun egitasmo pilotua aurkeztu nahi izan dugu.

Lan mundua euskalduntzeko egitasmo pilotua:

• Euskara Erakundeen Gizarte Kontseiluak, ELA eta LAB sindikatuak elkarlanean garatuko dugun egitasmoa.

• Urola Kosta eskualdean praktikan jarriko dugun egitasmo pilotua da.

• Eskualdeko 10-15 enpresatan garatuko dugu egitasmoa, eskualdeko herri nagusi guztiak bustiz eta enpresa tamaina zein izaera anitzak inplikatuz.

• ELA eta LAB sindikatuetako militanteek (eskualdeko ordezkaritza kontutan hartuta) elkarrekin garatuko dugu ekimena lan zentroetan eta horretarako gune bateratuak sortuko ditugu. Langile guztiei ateak zabalik.

• 2017. urtarriletik aurrera garatuko dugu ekimena: formazio tailerra, enpresaren diagnosia, lehentasunak identifikatu eta lan mundua euskalduntzeko ekintza sindikala martxan jarriko dugu.

• Dinamika honen protagonistak langileak izango badira ere, lan munduko gainerako eragileekin hartu emanean arituko gara. Zubi lan hori Kontseiluak egingo du.

• Lan mundua euskalduntzeko nahia eta aldarria, herritar eta eragileekin partekatuko dugu. Lan mundua euskalduntzeko aldarria enpresatara eta herrietara eramango dugu.

• Egitasmoaren baitan adosturiko plangintza betetzean, balorazioa egin, sorturiko baldintza berriak landu eta urrats berriak aztertuko ditugu.

 

 

 

SIDENORen EEEa baztertu eta industria plana lantzea eskatzen dugu

0

Atzo, azaroak 28, Sidenorreko zuzendaritzak bere “Lana egokitzeko plana” aurkeztu zuen. Plan hau lantoki guztietarako EEEa (Enplegua Erregulatzeko Espedientea) gehi hainbat malgutasun neurriz baino ez dago osatua, hala nola, malgutasunezko 80 ordu, langileak lanpostu batetik beste batera bidaltzea, lantoki batetik beste batera bidaltzeko aukera, oporren zatiketa… finean, malgutasun osoa enpresarentzat. LAB sindikatuak enpresak lantoki guztietarako aurkeztutako EEEa baztertu du.

Lehenik eta behin, enpresak informaziorik eman ez digula salatu dugu, baita EEEa aurrera eramateko enpresak erakutsitako ez ohiko azkartasuna ere. Ez da ulergarria gaurkoan ehunka orritako dokumentazioa jaso eta negoziazioak ostegun honetan bertan hastea. Hau esanda, ez dago inolako arrazoirik holako planteamendua luzatzeko, Euskal Herriko lantoki gehienak beren jardueraren %100an daudenean. Beraz, EEEa arrazoitua ez egoteaz gain, ezinezkoa da hau aurrera eramatea.

Honengatik guztiarengatik, EEEa bertan behera uzteko exijitu diogu zuzendaritzari eta, honen ordez, epe bat ireki dezala langile batzorde bakoitzari eman beharreko informazio eta datuak helarazteko eta, honen arabera, dagozkien neurriak hartzeko.

Enpresak proposamena baztertu du. Honek ez gaitu harritu, bai ordea, UGT, CCOO eta USO sindikatuen jarrerak. Sindikatu hauek ez dute inongo oztoporik jarri, eta aldiz, EEEa negoziatzeko mahaiaren eraketa erraztu diote enpresari.

Sidenorreko langileek “Lana egokitzeko plan” gutxiago eta industria plan gehiago behar dute. Ez ditugu ezagutzen zeintzuk diren Sidenorreko planak beren lantokietarako, zeintzuk izango diren beren inbertsioak, aurrerantzean egin beharreko produktuak, euren apustuak… Ez dago eskubiderik, Sidenorreko zuzendaritza berriak huts egin digu. Gaurdanik badakigu ze asmo duen langileekiko, baina ez ditugu ezagutzen enpresarako dituen planak. Agian instituzioei kontatuko dizkiete, langileei, ez ordea.

LABek Sidenorreko zuzendaritza berriari Sidenorreko Euskal Herriko lantokietarako etorkizuna eta enplegua bermatuko dituen industria plan bat aurkez dezala exijitzen dio. EEE gutxiago, industria plana gehiago.

 

 

 

Greba mugagabe partzialari ekingo diote ostegunean Jasoko langileek

0

Jaso Itsasondo enpresako langileek mobilizazioei ekingo diete ostegunean, enpresa-itun duin baten alde. Hain zuzen ere, enpresa batzordeak jakinarazitakoaren arabera, greba mugagabe partziala egingo dute abenduaren 1etik aurrera. Batzarrean, langileen %70ek eman diote babesa erabakiari.

Urtebete pasa da jada negoziaketak hasi zituztenetik, eta soldataren igoeraren gainetik eskubide sozialak lehenetsi dituzte Jaso Itsasondoko langileek. Enpresa batzordeak alternatiba ezberdinak proposatu dizkio zuzendaritzari akordio batera iristeko helburuarekin, baina zuzendaritza ez da bere posiziotik mugitu.

Joan den martxoan bost eguneko greba egin zuten, eta, orduz geroztik saiakera ezberdinak egin dituzten arren, ez dira akordio batera heldu. Hala, greba mugagabe partzialera deitu dute datorren ostegunerako.
 

 

 

Gaitasun legegilerik ez duen plana eta enpresen lehiakortasunean oinarritutakoa, ez da nahikoa enplegu duina sortzeko


LAB sindikatuak “ez nahikotzat baloratzen ditu egungo langabezia eta prekarietate egoerari buelta emateko Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen 2016-2019 Enplegu Planean jasotako 140 neurriak. Zentzu honetan eta benetako helburua lortzeko –guztiontzako enplegu duina lortzea-, LABek proposatzen du “Nafarroaren burujabetzan aurrera egitea eta akordio intersektorialak lortzea lanaren banaketa (35 orduak) eta soldatari dagokionez (1.200 eurotako gutxieneko soldata)”. Gainera, “zerbitzu publikoetan 1.000 lanpostu sortzea planteatuz eta enpleguaren kalitatea bermatuz Lan Osasunaren kudeaketa publikoa eta klausula sozialei esker”, “igande eta jai-egunetan ez zabaltzea” ere exijituz.

Garbiñe Aranburu, LABeko Ekintza Sindikaleko arduradunak eta Imanol Karrera LABek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan duen ordezkariak komunikabideen aurrean aurkeztu dute Nafarraoko Gobernuak aurkeztutako 2016-2018 Enplegu Plan berriaren inguruko balorazioa.

Imano Karreraren arabera, “lehenik eta behin, gure ustez positiboa da Nafarroako Gobernuak Enplegu-Plana bezalako tresna baten kudeaketa publikoa berreskuratzea, orain arte Gobernua, Patronala, UGT eta CCOOen arteko “holdingak” kudeatzen zuena”.

Hala ere, nabarmendu du “Gobernua egiten ari den kudeaketa ez da egokiena. Udan Enplegu-Planerako ekarpenak eskatu zizkiguten eta irailean, bere osaketan parte hartzen ari ginen eragileoi eta komunikabideei aldi berean aurkeztu zitzaigun dokumentu luze baten aurrean aurkitu genuen gure burua. Positiboagoa izango zen eragile ezberdinen arteko lanerako mahaia martxan jartzea, pasa den artean Parlamentuan sortu zern Enpleguaren Mahaiaren antzera”.

Egia da LABek, neurri handi batean partekatzen duela Nafarroako lan-merkatuari buruzko diagnostikoa (langabezia handia, batez ere gazteen artean eta iraupen luzekoa, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak, laneko prekarietatea, nahikoak ez diren babes sozio-laboraleko babes sistemak etab), “ondoren aurkezten diren 140 neurriak ez dira nahikoa, LABen iritziz, diagnostikoan jasotako egoerari buelta emateko”, Karreraren esanetan.

LABetik ulertzen dute Nafarroako Gobernuak Enplegu-Planaren bidez lortu beharreko helburuak guztientzako enplegu duina izan behar duela “eta helburu honen arabera gainontzeko politika ekonomikoak eta bestelako neurriak antolatu eta martxan jarri, eta ez alderantziz. Nafarroako Gobernuarentzat ordea, helburu nagusia ez da kalitatezko enplegua sortzea, Nafarroako enpresen lehiakortasuna handitzea baizik mundo mailako ekonomiaren testuinguruan, gainontzeko enplegu politikak lehiakortasun helburuan oinarrituta diseinatuz, eta ez enplegu duinaren sorreraren arabera. Ondorioz, aipatu lehiakortasunaren izenean enplegua suntsitu egiten da eta eskubide laboral eta sozialak murriztu”, laburtu du Karrerak.

LABen iritziz, lehenik eta behin eredu berri horretaz hitz egin behar da eta zer nolako jendartea nahi den aztertu, ondoren eta abiapuntu honetatik, erabakitzeko ia nahi dena pertsonen beharrizanak lehenetsiko dituen Enplegu-Plana nahi den edo bestela, enpresarien irabaziak ahalik eta gehien handitu nahi dituena.

LAB sindikatuarentzat, Enplegu-Planean jasotzen den laguntza ekonomikoen politika edo/eta kenkari fiskalenak Nafarroak duen eskuduntza faltan dauka bere justifikazioa. “Lan eta enplegu gaietan dagoen eskuduntza falta diru-laguntzetan oinarritutako neurriekin ordezkatu nahi dute Enplegu Planean. Horrela, Nafarroako Gobernuak pisu garrantzitsua ematen dien pizgarri fiskal eta laguntza ekonomikoei. Hori bai, patronalaren gustukoak dira, apostu horren egungo faktura fiskala eta esplotazio kosteak murriztea dakarrelako, enpresen azken emaitza hobetuz, baliabide publikoak jarriz euren zerbitzura”, azpimarratu du Karrerak.

Azkenik, ezaguna den moduan, LABetik berriro salatu dute Nafarroako Gobernuaren enegarren ahalegina Eztabaida Sozialaren egitekoa indartzeko, kasu honetan Enplegu-Planaren bidez. Apostu honen aurrean “guztiz kontra dagoela” erakutsi du LABek, eta zuzenean eskatu dio Nafarroko Gobernuari, aipatutako Eztabaida Sozialeko Kontseiluaren edozein erreferentzia ken dezan Enplegu-Planetik. Honen inguruan, eta alternatiba moduan, proposatzen dute “Nafarroan lan harremanen eredu berri bat zehaztu, lehenik eta behin ZER zehaztuz (lan harremanen edukiak) eta jarraian NOLA (aipatu edukiak garatzeko tresnak”, amaitu du Imanol Karrerak.

8 proposamen enplegu duina sortzeko

Beste alde batetik, Garbiñe Aranburuk LABetik Enplegu-Planari egingo zaizkio proposamen eta ekarpenak nabarmendu ditu, 8 puntutan laburtu dituenak.

Lehenik eta behin, “funtsezkoa da Nafarroako Gobernuak lan eta enplegu gaietan legeak egin ahal izateko gaitasuna eta eskuduntza aldarrikatzea, eta baita politika pasiboak ere, bere gain hartzeko urrats efektiboak emanez. Era berean, ezinbesteko irizten diogu Lan-Ikuskaritza propioa martxan jartzeari.

Bigarrenik, LABek 35 ordutako asteko lanaldia aldarrikatzen du soldata murrizketarik gabe, inposatutako lanaldi partzialekin (bereziki emakumeei) eta aparteko orduekin amaituz. “Gobernuak irizpide hauek ezari ditzake enplegatzaile den esparruetan eta baita azpikontratetan ere, klausula sozialen bidez. Esparru pribatuan ere bultzatu ahal eta behar du”.

“Beste horrenbeste planteatzen dugu gutxieneko soldataren inguruan. Nafarroako Gobernuak ez du soldaten inguruan legislatzeko eskuduntzarik baina susta dezake Gutxieneko Soldata Nafarroan 1.200 eurotan kokatzearen aldeko Akordioa. Badakigu patronalak ez duela borondaterik txikiena ere, baina esparru guztietatik egin beharko da presioa, beharrizan sozial bat delako”.

Laugarrenik, sektore publikoak 1.000 lanpostu sortzea planteatzen du LABek: “esparru publikoak enplegu-sorreraren motore izan behar du, gutxienez azken urteetan suntsitutako enplegu publikoa berreskuratuz (500 lanpostu inguru) eta beste 500 sortuz azpigaratuta dauden zerbitzuetan”, adierazi du Aranburuk.

Ekonomia sozialari dagokionez, LABen ustez, esparru honetan milaka lanpostu sortzearen aldeko apustua arriskutsua izan daiteke, beste neurri batzurekin batera ez badator: gardentasuna, fiskalizazioa arlo publikotik eta egungo eredua benetan aldatuko duen filosofia berri bat duten langile eta erabiltzaileen partehartzearekin. “Sentsazioa ematen digu enplegu zentro berezien esparruan lehentasuna ematen zaiola alde kuantitatiboari (enplegu kopurua) kualitatiboaren aurrean (euren kalitatea). Zentzu honetan, gutxieneko soldata ezarri beharko litzateke esparru honetan, maila orokorrean defendatzen ditugun 1.200 euroetarantz joz”, adierazi du Aranburuk.

LABek egiten duen seigarren proposamena lan osasunaren kudeaketa publikoa da, Lan Osasuneko Nafar Zerbitzua indartuz eta gertakari arrunt zein profesionalak mutualitateetatik Gizarte Segurantza/Osasunbidera aldatzea sustatuz.

Zazpigarrenik, LABek irizten dio Kontratazio Publikoaren Legearen aldaketan, datorren hilabeteotan garatuko dena, Nafarroko Gobernuak klausula sozialen %100 zehaztea proposatu beharko duela.

LABek proposatzen duen zortzigarren neurria da igande eta jai-egunetan saltokiak ez irekitzea (0 irekiera), “langileen lan-baldintzen kaltetzean, enplegu suntsiketan, merkataritza txikian eta jendarte ereduan eragin zuzena duelako”

Azkenik, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du “kalean zein Nafarroako Enplegu Zerbitzuan lan egitera goaz, Enplegu-Plana Nafarroako langileen eskubideen aldeko tresna izan dadin benetan, hauei enplegu duina eskainiz, ondorioz aldaketaren gobernuak LABek aurkeztutako proposamenak aurrera eraman ditzan”.

 

 

 

Ehundaka herritarren babesa eta elkartasuna jaso dute Alexis Rodriguez eta David Gonzalez TMAko langile ohiek


Atzo, hilak 27, TMAko langile ohiek deituta manifestazioa egin zen Markinan “Alexis eta David LIBRE. Barriro be egingo geunke” lemarekin. Alexis Rodríguez eta David González, datorren asteartean epaituko dituzte, azaroaren 29an. Enpresariak 5 urte eta 6 hileko kartzela zigorra langile bakoitzarentzat eta 9.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du, eta fiskalak 2 urte eta 3 hileko kartzela.

TMAren itxieraren inguruko gatazkaren lotuta dago epaiketa eta langile hauen kontrako jazarpena. 2013 urte bukaeran 8 hileko greba baten ondoren TMA itxi eta langileak kale gorrian utzi zituzten milaka euroko zorrarekin. Enpleguaren defentsan eta beraien soldatak jasotzeko egindako greba eta borrokaldiaren ondoren, enpresariak hainbat langileren kontrako salaketak jarri zituen. Bi langile ohi, Alexis eta David, auziperatu egin dituzte eta azaroaren 29an epaituko dituzte Bilbon.

Lanpostuak eta soldatak lapurtu ondoren enpresariak kartzelara bidali nahi ditu. Eta hori gutxi balitz, fiskalak ere enpresariaren interesen aldeko jarrera hartzen du eta ez kale gorrian geratutako diren langileen alde. Are gehiago, kontutan izanik, enpresa hori hainbat ikerketetan susmagarria izan denean, hala nola: “Hiriko” auzian tartean egondako enpresatako bat izan da.

Langileek argi izan dute hasieratik patronalak isilik behar gaituela eta horretako mekanismo guztiak martxan jarriko dituela. Gainera, botere publikoek patronalaren interesen defentsarako ere, bitartekoak indartu ditu azken urteetan.

Ekimenaren barri ematen duen blogean alexistadavidlibre.wordpress.com honela adierazten dute: “Baina, horrek ez digu arrazoia kentzen, badakigu langileok gure eskubideen defentsan lan egiten jarraitu behar dugula eta borroka ezinbestekoa dela. Horregatik, gure lanpostuen defentsan egin zuten borrokaren aldeko atxikimenduak eta auziperatuak babesteko dinamika martxan jarri” zuten TMAko langile ohiek: “BARRIRO BE EINGO GEUNKE. ALEXIS ETA DAVID LIBRE!”.

Horixe izan zan atzoko manifestazioko pankarta bakarra, TMAko langile ohiek zeramatena, euren artean bi auziperatuek. Eta atzean 350 herritarretatik gora, Alexis eta Daviden aldeko elkartasun kanpainak lortu dauen zabalkunde handiaren erakusgarri. 

Amaieran, Arkupean jarrita zegoen oholtzara igo zuten pankarta, eta bertatik, bertaratutakoei eskerrak eman zizkien TMAko langile ohi batek, gauzak aldatu zein eskubideak defendatzeko borrokak daukan garrantzia azpimarratuz. Azken asteotan martxan jarri duten elkartasun kanpainaren arrakasta aipatu zuen, zabaldutako ehundaka argazkiak, enpresa-komiteen atxikimendua zein kolore ezberdinetako Udaletako mozioak aipatuz. Alexis Rodriguez eta David Gonzalez gerturatu ziren ondoren mikrofonora eta lehenengoarenak izan ziren ekitaldiko azken hitzak.

Alexis Rodriguezen interbentzioa:
"Se pensaban que nos iban a doblegar, que cederíamos, que nunca llegaríamos hasta aquí, que íbamos a quedarnos sólos. Acobardados, asustados y sin ningún apoyo y sin embargo, estáis todos y todas aquí. Con nuestra lucha, por nuestra causa, ayuntamientos, obreros, trabajadoras… mila esker etortzeagatik! ¡Muchas gracias por vuestro apoyo!

El martes seremos juzgados por el único delito de luchar por nuestros derechos laborales. Por desgracia hemos comprobado cómo Rafael Zabala Fernández nos cerró la empresa, no nos pagó las indemnizaciones y tampoco 4,5 nóminas. Aún así, el Estado español le da todas las herramientas para enjuiciarnos. Los obreros a la cárcel y los sinvergüenzas de paseo.

Para acabar quiero decir una frase de un gran hombre: “Quien no se capaz de luchar por otros, no será nunca capaz de luchar por sí mismo”. Hoy vosotros y vosotras hacéis realidad esta frase. Seguid caminando a nuestro lado que les vamos a plantar cara. Les vamos a decir bien clara una cosa “barriro be egingo geunke”."

Txalo artean amaitu zuen Rodriguezek. Hurrengo hitzordua, epaiketa. Azaroaren 29an izango da Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegietan. LABek protestarako kontzentrazioa deitu du 09:30etatik aurrera.
  

 

 

Agur eta ohore Komandante ¡Hasta la victoria!

0

Gaur denok inoiz entzun nahiko ez genuen berri batekin esnatu gara. Fidel Castro Ruz hil egin da 90 urte zituela, Kubako iraultzaren lider historikoa, historiaren norabidea aldatu zuen iraultzailea. Lehenik eta behin gure doluminak adierazi nahi dizkiogu Kubako herriari momentu triste hauetan.

Munduko iraultzaile guztiontzat Fidel inspirazio bat izan da, lider iraultzailearen erreferentzia bere herriarekin batera inperialismoari aurre egiten ziona bere herriaren alde dena ematen zuen iraultzaile baten duintasunarekin.

Bere garaia eta historiaren joan etorriak inork baino hobeto ulertzen jakin zuen pertsona batez ari gara solasean, Kubako Iraultza munduko iraultzaile guztiontzat erreferiantzia izatera gidatu duena.

Euskal Herrian bere figura erreferentziazkoa da eta izanen da gure herria eraldatu nahi dugun herri sektoreentzat, eta honek aldi berean, gure mundua eraldatzen lagunduko duela sinesten dugunontzat.

Fidelek, txikiak izanda ere, inperialismoari aurre egin ahal zaiola erakutsi digu. Gu guztioi eguneroko borrokak merezi duela erakutsi digu. Fidelek utopia posible dela erakutsi digu, bai Kuban eta bai mundu osoan ere.

Hau izan da Fidelek gizarteriari egin dion ekarpen handiena. Mundu justu baten utopia, non berdintasunean, esplotatu eta esplotatzaile gabe, bizitzea posible den. Fidelek, Sozialismoa munduko gizon-emakumeak askatzeko modu bakarra dela erakutsi digu guztioi.

Guzti honengatik, Euskal Herritik gure azken agurra eman nahi diogu, dizugu, Fidel. Laster arte, Komandante, garaipenaren egunean ikusiko dugu elkar.

Agur eta ohore Komandante! ¡Hasta la victoria siempre Comandante!