2026-02-05
Blog Page 975

26 lanpostu gutxiago Gurutzetako Ospitalean

0

Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) LABeko atal sindikalak salatu nahi du Zuzendaritzak ospitaleko Otorrino eta Plastika zerbitzuak lekuz aldetzeko erabakiaren ondorioz 26 behin-behineko langile kalera joango direla.Honek ondorio larriak izango ditu, hala nola urgentzietako pilaketa kronikoak, itxaron zerrenda luzeagoak eta zerbitzu txarragoa.

Aipatutako zerbitzuak beste zerbitzu bitan integratuko dira: Plastika zerbitzua Traumatologian ezarriko da, 15 ohe gutxiagorekin eta 6 erizain laguntzaile eta 7 erizain gutxiagorekin. Bestaldetik, Otorrino zerbitzua Kirurgian integratuko da, 14 ohe gutxiagoarekin, 4 erizain laguntzaile eta 9 erizain gutxiagorekin.

Aldaketa hauek zerbitzu hauetako lan-karga handitzeaz gain, ohe gutxiago izanik, itxaron zerrendak luzatuko ditu. Beraz, zerbitzuek kalitatea galduko dute eta lanpostuak desagerraraziko dira. Zoritxarrez, Urdulizko Ospitale berria aitzakitzat hartuta, Gurutzetako Ospitalean isilpeko “hustuketa”n urrats bat gehiago da zuzendaritzaren mugimendu hau. Gurutzetako ospitalean gero eta ohe gutxiago, pertsonal gutxiago eta zerbitzu gutxiago izango dira, baina erreferentziazko ospitalea izaten jarraituko du. Honek ondorio garbiak izango ditu: urgentzietako pilaketa kronikoak, itxaron zerrenda luzeagoak eta zerbitzu txarragoa.

Hau guzti hau ikusita zuzendaritzari atzera pauso bat ematea eskatzen diogu eta benetako negoziazioa egin dezatela, denon artean irtenbidea bilatu dezagun Osasun Publikoa bermatzeko.

 

 

 

APDEMAko Enpresa Batzordeak Arabako aurrekontuak kritikatzen ditu

APDEMAko (Adimen-Ezintasuna duten Pertsonen aldeko Arabako Elkartea) Enpresa Batzordeak, EAJk, PSEk eta EH Bilduk datorren urterako adostutako aurrekontuak kritikatzen ditu. Bartzordearen iritziz aurrekontu hauek langileen lan baldintzak prekarizatu besterik ez dute egingo.

APDEMAko Enpresa Batzordearen oharra:

APDEMAko Enpresa Batzordeak, EAJk, PSEk eta EH Bilduk datorren urterako adostutako aurrekontuak kritikatzen ditu.

APDEMA elkarteari emandako diru kopuruari buruz ez dago aurrerapenik eta honenbestez, APDEMAko langileen lan baldintzak prekarizatzen ditu beste urte batez. Ildo honetan, onartezina iruditzen zaigu, nola EAJ, PSE eta EH Bildu ados
jartzen dira Alderdi Popularrak aurkeztutako emendakin bat aurrera ez ateratzeko,

zeinek ahalbideratzen zuen, Gizarte Eskuhartze I Hitzarmenetik kanpo geratu diren langileei %2a soldata igotzea. Ostera, gainontzeko alderdiek emendakina babestu egin dute. Langile askok daramate 8 urtez lansaria kongelaturik.

Onartutako aurrekontuek ez dute konpobidetzen, GOFEk eta APDEMAk kudeatzen dituzten etxebizitzetan arretaren ezberditasuna eta APDEMAn dauden adimen urritasun duten pertsonak kaltetuak izaten dira. Pasa den maiatzean, APDEMAko
Enpresa Batzordeak egindako eskaerak kontuan ez baitira izan.

Beste aldetik,2016ko GOFE eta APDEMA arteko hitzarmenak ez direla sinatu salatzen dugu. Gogoratu behar da, Foru Aldundiko egindako auditoriek gomendatzen dute gutxienez urte hasieran aipatutako hitzarmenak sinatzea, hitzarmen hauen jarraipena ahalik eta hobe egiteko. Gure ustez , beste urte batez,
APDEMA elkarteak ez du egingo prozedura egokia, diru laguntza emateko legea betearazteko.
 

 

 

Osakidetzak gaixo kronikoen arreta murriztuko du gripeari aurre egiteko

0

LAB sindikatutik lehenengo gripe kasuen ondorioz Lehen Arretan bizi den egoera prekarioa salatu nahi dugu.Gabonetako kanpaina bete-betean eta dagoeneko zerbitzu guztiak murriztuta egonda (ospitaleetako oheak itxita, medikuen agendak itxita, langileen ordezkapenik ez, anbulatorioak ixteko ordua aurreratuta…) Osakidetzak “gripearen ondorioz asistentziaren balizko igoera bideratu” nahi du langile gehiago kontratatu gabe, ez dauden langileak ordezkatu gabe eta mota guztietako murrizketak indarrean daudelarik.

Hainbat lekutan Osasun Zentroetara bidalitako “interbentzio-ildoak” detektatu ditugu, zeinetan halako prozedurak agintzen diren: “gaixo kronikoei eskainitako denbora murriztea, eta euren zitak atzeratzea, etxeetara programaturiko bisitak ere atzeratzea, langileak mostradoretik kendu eta arreta telefonikoan ipintzea, etxerako abisuak filtratu eta erabiltzaileei ohartarazi profesionalen arreta atzerapenez doala”, beste gauza batzuen artean.

LABek honako “interbentzio ildoak” atzera bota dezaten exijitzen du eta langileon eskubideak zein erabiltzaileei ematen zaien osasun arretaren kalitatea bermatzeko behar besteko kontratazioa egin dezaten. Ez dugu onartuko gaixo kronikoen (zeinak bereziki kalteberak diren, are gehiago gripearen aurrean) osasun eskubideak murriztea, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu zentzu honetan.

 

 

 

Arcelor Mittal Zumarragako langileen kontrako epaiari helegitea aurkeztuko diogu

0

Eibarreko Sozialeko 1. Epaitegiak eman berri duen ebazpenean ontzat eman ditu Arcelor MIttal Zumarraga enpresatik Asturiasera derrigortuta lanera joango diren langileen lan baldintzak aldatzea, Asturiaseko langileen lan baldintzak ezarriz.

LABek ez du inolaz ere bat egiten epaiarekin, eta Arcelor Mittal Zumarraga enpresaren itxierak suposatu duen injustiziari zigor erantsi bat gehiago suposatzen du langileentzat. Lantokia isteko arrazoirik ez zegoen, orain Arcelor Mittalek berak publikoki onartu du sektorearen egoeraren hobekuntza nabarmena.

Asturiasera bidalitako langileen lan baldintzak aldatzeko inolako argudiorik ez ziguten prozesu osoan zehar eman, eta horretaz, LABek epai honi helegitea aurkeztuko dio, prozedura bera bertan behera gera dadin.

 

 

 

Sidenorreko akordio markoak enplegu galera dakar

0

LABentzat oso txarra da Zuzendaritzak UGT, CCOO, USO eta CSIFekin gaur Sidenorreko Akordio Markoko negoziaketan hitzartutako aurreakordioa. Inuxente egunean horrelako berri bat azaltzea ez da erraza, LABentzat, ez baita sinistekoa hitzartu dutena.

Ez da sinestekoa langileak euren lanaldiaren %50an ERTEra bidaltzeko akordio bat sinatu duen enpresa batek, orain bere lan baldintzak arautzeko akordioan lanorduak ikaragarri haunditzea:

• 2021an 5 egun gehiago lana egin beharko dute.
• Formakuntzarako beste 8 orduz lanaldia igo dute.
• Malgutasuna 72 ordu arte erabili ahal izatea lanaldia igotzeko.

%13tik gorako langabezia tasa dugun honetan gustu txarreko inozentada bat dirudi, baina ez, egiazkoa da.

Gure azterketaren arabera, ERTE adostu berri duen Sidenorrek, bere lanaldi handitzearekin 72 lanpostu desagertuko dira gutxienez, eta disponibilitatea erabiltzen badu, 181 lanpostu arte desagertaraziko lirateke. Guzti hau ezin da ulertu ERTE bat oraintxe adostu dutenean. Eta are gutxiago ulertzen ditugu akordioa sinatzeko prest egotea sindikatu batzuk.

5 urteko lanaldia adostu dute, 5 urtetan zuzendaritzak nahi duena egiteko, soldata igoera baxu batzuen truke. Ze, gogoratu nahi dugu, Sidenorrek %5ko soldata jeitsiera ezarri zuela 2013an.

Akordioa antisindikala da, lantokiaren etorkizunaren inguruko bermerik ezartzen ez delako, eta langileek soldatarekin enpresa finantziatzeaz gain lan gehiago egin beharko dutelako, baina akordioa antisoziala da baita ere, enplegua desagerrarazten duelako.

 

 

 

Mikel eta Begoña askatu!


Mikel Zuloaga eta Begoña Huarteren euskaldunak atxilotuak izan dira Grezian, errefuxiatuekiko elkartasun lanetan ari zirela. Euskal Herrira bidean ziren, zortzi errefuxiaturekin batera. Ekimen solidarioa egitea zuten helburu, Europako migrazio legeak salatuz. Gertaera honen harira eragile sozial, sindikal eta politiko ugarik bat egin dugu Bilbon, agerraldi jendetsu batean, bi aktibista euskaldunen ekimen solidarioarekin bat egin eta lehenbailehen aske utz ditzatela eskatzeko.

Komunikatu bateratu batean gogoratu dugu eskubide sozialak direla gure iparrorratza, ez lege injustuak. Horregatik, Europak migranteei ematen dieten tratu krudelaren aurrean, Zuloagak eta Huartek egin bezala, desobedientzia zibila aldarrikatzen dugu.


 

 

 

Pentsio sistema publikoaren defentsan dinamika abiatzera goaz


Madrilgo Gobernuak pentsioen arloan daraman politika antzua salatu du gaur LABek, politika horrek sistema publikoa suntsitu eta likidatzea dakarrela ikusita. Hala salatu dute prentsaurrean LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek eta politika sozialetako idazkari den Bea Martxuetak. Ondoan izan dituzte Joxean Urkiola, batzorde sozioekonomikoko kidea, eta Carlos Ruiz, LABeko pentsiodunen arloaren izenean. “Sistema txikitzen ari dira, errekurtso horiek beste helburu batzuetarako baliatuz”, salatu dute.

Eta horrela da. Kotizazioak erasotuz —diru-sarrera iturri nagusiak— pentsioen finantziazioa galarazten ari dira. LABek irmoki gezurtatzen du sistemaren bideraezintasuna bere izaera publiko eta unibertsalaren lotzen dutenen argudioa. “Hori ez da horrela. Politika neoliberalak dira sistema bideraezin egiten dutenak, publikoa dena suntsitzen dutelako. Publikotasunak aberastasunaren birbanaketa dakar, eta hor murritzagoa da espazio eta negozio pribatua. Sistema publikoa likidatzen ari dira jendeari gezurra esanez eta engainatuz, jendarteari bizkar emanda”, diote LABeko bozemaleek.

Horri, gainera, patronalen estrategiak gehitu behar zaizkio, “soldatak erasotzeko egindako lan erreforman oinarrituak”. Alegia, egungo soldatak dira sistemaren jasangarritasuna ezinezko egiten dutenak, ez adinekoen kopurua eta haien bizi itxaropena.

“Urteetan entzun dugu Espainiatik banatzeak euskal herritarron pentsioak arriskuan jarriko lituzkeela; orain, Espainiako Erreinua da likidazioaren bidea egiten ari dena”, salatu du Etxaidek. Ez du, gainera, benetako ekimen politikorik ikusten euskal instituzioen eremutik.

Madrilek bai ala bai bide hori egingo badu ere, LABek posible ikusten du Euskal Herrian bestelako bide bat urratzea. Hala ere, sindikatuaren kezka agerikoa da EAJk egingo duenaren aurrean, hari entzundakoak entzunda, “sistema pribatu osagarriak hemen garatzeko interes handiagoa dutelako, sistema publiko unibertsalaren alde (hemen eta Madrilen) borrokatzeko baino”.

LABetik diogu garaia dela pentsio sistemaren etorkizunari buruzko eztabaidari ekiteko euskal eragile politiko, sindikal eta sozialen artean. Ez dugu Espainiako sistemaren etorkizunaz hitz egin nahi, benetako eztabaida bat egin nahi dugu, Euskal Herrian guztiontzako pentsio duinak bermatzeko eztabaida, alegia.

Horregatik guztiagatik, LABetik “ekimen politiko eta instituzional erreal bat” aldarrikatzen dugu, gizarte segurantzako euskal sistemaren eraikuntzarako, enpleguaren sorrera helburu duen politika erreal eta eraginkor batekin. Eta ekimen berriak iragarri nahi ditugu: Gobernuak interpelatuko ditugu eta beren programetan sistema publikoa defendatu duten aldardiei aurkeztuko diegu gure proposamena, “ordua delako agenda neoliberalari aurre egingo dion eremu politiko eta sozial bat eratzeko”.

Pertsonen bizi kalitaterako hain erabakigarria den kontu bat ezin du “gaiari heltzeko asmorik adierazi ez duten” instituzioen esku geratu. Ordua da “eztabaida sozial erreal bat” egiteko etorkizuneko euskal pentsio sistemaren ereduaz eta bideragarritasunaz. Halaber, mobilizazio soziala berreskuratzeko deia egiten dugu, pentsio sistema publikoaren defentsan.
Horretarako ekimen berriak abiatzera goaz, “eztabaida soziala sustatu eta pentsio sistema publikoaren defentsa lantokietako agenda sindikalean berriro kokatzeko”.
 

 

 

Gobernuko proposamenak Europako sententziak eta gehiengo sindikalak defendatzen duen zerrenda bakarra ez ditu kontutan hartzen

0

2016ko abenduaren 27ko Nafarroako irakaskuntzako Mahai Sektorialean, Administrazioak datorren ekainean Irakaskuntzako oposizioak burutzeko duen egitasmoak azaldu dizkigu. LABen, aurreko asteetan esan dugun bezala, eta egun aurkeztu dizkiguten oposizioen edukiak ikusi ondoren, berriz ere denbora gutxiarekin deituko dituztela eta izan daitezkeen beharrak asetzeko baliagarriak ez direla uste dugu.

Aldi berean, Europako sententzien harira etor daitezkeen ondorioak kontutan hartu gabe, LEPa ateratzea, arriskutsua iruditzen zaigu.

Bukatzeko zerrenda bakarra ez dela betetzen gogor salatu nahi dugu, hau gehiengo sindikalaren ustez negozia ezina delarik. Zerrenda Bakarra ez onartzeak Hezkuntza Departamentuak bere horretan jarraitzen duela argi eta garbi erakusten du, Irakasle euskaldunen eskubide linguistikoak ukatuz. Napartheid-ek bere horretan darrai.

2017ko bigarren hezkuntzako oposaketen Administrazioaren proposamena

 

 

 
 

LABek euskal administrazioan 35 orduko lanasteari eusteko erabaki irmoa har dezan dei egiten dio Eusko Jaurlaritzari

Euskal Administrazioan 35 orduko lanastea berrezartzen zuen dekretua indargabetzen duen TSJ-ren epaiaren aurrean, LABek Espainiar Estatuaren inposizioen aurrean gehiengo sozial eta sindikalaren borondatea defendatu eta errespetatu dezan dei egiten dio Eusko Jaurlaritzari.

2012an lanaldia luzatzea ekarri zuen estatu araua euskal administrazioan ere ezarri zen, eta honen ondorioz milaka lanpostu suntsitu ziren, lan kargak handitu, eta aurrez ere oso kaltetuak ziren zerbitzu publikoen kalitateak are okerrera egin zuen, Osakidetzako itxaron zerrendak gehiago luzatu ziren, ikasgeletan irakaslearen ordezkorik ez egotearen ondorioak larritu, …

Langileok gogor azaldu ginen inposizio berri horren aurrean. LABek 37 ordu eta erdiko lanaldia ezarri ez zedin lanuzte deialdia egin genuen 2012ko uda aurreko hartan, sindikatu denak altxatu ginen negoziazio mahaitik, eta presio horren ondorioz Jaurlaritzak atzera egin zezan eta 35 orduko lanastea berrezartzea lortu genuen.

TSJ-ren epai berri honekin garbi geratzen da enplegu publikoa defendatu nahi badugu, gure zerbitzu publikoak defendatu nahi baditugu eta kalitatezkoak izan daitezela nahi badugu, gure herritargoaren beharrizanak defendatu nahi baditugu, eta herri honetako gehiengo sozial eta sindikalak adierazitako borondatea defendatu nahi badugu ezin garela behin eta berriz espainiar estatuak hartzen dituen erabakien menpe, eta lan harremanetarako euskal esparrua eraikitzea jada premiazko kontua zaigula.

Gaurko Gobernu Kontseiluak hartzen duen erabakiaren zain, oraingoz Gobernuaren hainbat eledunek egindako adierazpenek asko kezkatzen gaituzte, izan ere epaia etsigarria dela esan arren espainiar estatuari aldebiko harremanetarako, eta ekarrizketarako deia berriro ere egitea kaltegarria iruditzen baizaigu. Izan ere espainiar gobernuak behin eta berriz erakutsi baitu esparru laboral zein sozialen hartzen ditugun erabakiak ez errespetatzeko borondatea.

Zentsu honetan gure zerbitzu publikoak sendotzeko eta garatzeko euskal herritarrok dugun beharrizana defendatu dezan, gehiengo sozial eta sindikalak dituen aldarrikapenak eta behin eta berriz adierazia dugu borondatea defendatu ditzan, eta 35 orduko lanastea mantendu dezan dei egiten diogu Eusko Jaularitzari. Inondik ere ez dugu epai hau onartuko, eta lanaldia luzatzeko egon daitekeen edozein saiakeraren aurrean mobilizatuko garela iragartzen dugu.