2025-12-30
Blog Page 974

Ordubeteko lanuztea egin dugu Edesa Industrialeko Arrasate, Eskoriatza eta Basauriko zentroetan

0


Gaur, abenduak 12, Geyser eta Edesako langile komiteek deituta ordu beteko lan uzteak egin dituzte Edesa Industrialek Arrasate, Eskoriatza eta Basauriko lan zentrutan enpresak egin nahi dituen kaleratzeak salatzeko. LABen iritziz, kaleratze hauek ez dira onargarriak, benetako arazoa enpresak urteetan hartu duen norabidean eta proiektu industrial faltan dago.

Enpresako zuzendaritzak gaur komunikatu behar zituen kaleratzeak, baina komitearekin zeukan bilera atzeratzea erabaki du, agenda arazoak argudiatuta, printzipioz bihar arte. Kontzentrazioak iraun duen bitartean langile asanblada bat burutu da, datozen mobilizazioak adosteko, baina enpresarekin izango den bilera egin arte ez da erabakiko zer motako mobilizazioak burutu.

LABentzat, kaleratze hauek ez dira batere onargarriak. Benetako arazoa enpresak urtean zehar daraman norabidea da (kaleratzeak, EREak, ekoizpen etenaldiak…) eta hau proiektu industrial ezaren ondorioa besterik ez da.

Instituzioek ere ardura zuzena dute eta beraz Eusko Jaurlaritzari, eta baita inplikatuta dauden betse eragileei (Mondragon, Fagor, S. Coop.) arazo larri honen aurrean engaiatu daitezen eskatzen diegu.
 

 

 

Hirugarren greba egun arrakastatsua Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmenaren alde

0

Gaur, abenduak 12, Gipuzkoako Grafikagintza sektoreak hitzarmenaren aldeko hirugarren greba eguna egin du. Orain arte bezala grebak jarraipen zabala izan du, eta berriro ere agerian geratu da sektore ia guztia hitzarmena defendatzeko prest dagoela. Grebaz gain langileek manifestazioa egin dute Tolosako kaleetatik.

Grebak jarraipen haundia izan du orain artean bezala, lantokien %75ak jarraitu du. Sektoreko ia enpresa guztiak enpresa txikiak edota oso txikiak izanda, datu esanguratsua da guretzat, eta sektoreko langileak hitzarmena defendatzeko prest daudela erakusten du.

ADEGIk erabaki bat hartu behar du: bere jarrera itxi eta arduragabearekin jarraituko duen, ala hitzarmen justu eta duin bati ateak ireki. Orain arteko bidetik jarraitzen badu langileok hitzarmen duin baten aldeko borrokan urrats berriak emango ditugu.

 

 

 

UGT, CCOO eta USOk Sidenorreko zuzendaritzari eskatzen zuen guztia eman diote

0

Atzoko bileraren ostean, Sidenorreko zuzendaritza berriak badu hasieratik nahi zuen guztia, alegia, langileen lan baldintzak nabarmen kaltetuko dituen akordioa eta aldi baterako EEEa. Enpresarentzat negozio borobila, langileentzat desastre hutsa. Eta atzokoarena baditu erantzule zehatzak: UGT, CCOO eta USO sindikatuak . Sindikatu hauek Sidenorrek nahi zuen guztia oparitu diote, aldiz, langileek ez dute trukean ezer lortu: ez enplegu bermerik, ez industria planik, ezta inbertsioak egiteko konpromisorik ere. Hori guztia, gainera, ezer borrokatu gabe eta langileen iritzia ere kontuan hartu gabe. Baina akordioaren edukia onartezina eta larria bada ere, are larriagoa da enpresak eta sindikatu hauek egiten diguten xantaia: adostutako neurriak onartu ezean, EEEaren baldintzak are okerragoak izango dira. Beraz, xantai honen helburua argia da: langileak beldurtu eta desaktibatu eta adostutakoari men egin. Sindikatu batzuk hau onartu izana benetan onartezina iruditzen zaigu!

Hauek dira akordioaren nondik norako nagusiak:

Suspentsioko EEE:
2 urteko iraupena, luzatzeko aukerarekin.
Suspentzioko EEEari osagarriak. Modu orokorrean aplikatzeko: aparteko pagak kontutan hartu gabeko soldataren %75 arteko osagarria gehi aparteko pagen %75 arteko osagarria.
Modu berezian, Egokitzapen Laboralaren Plana (ELP) onartuko luketen lantegietan, soldataren %90a eta oporren eta aparteko pagen %100ª.

Egokitzapen Laboralaren Plana (ELP):
Lan egutegiak: aldaketak egiteko, aurreabisuko epea 10 egunetik 7 egunetara murrizten da. Lan egutegien gitxiengo iraupena 2 hilabeteetatik hilabete batera murrizten da.

Oporrak: orain arte 30 egun jarraian hartzeko akordioa aldatzen da oporraldia 2 zatitan banatuz. 20 egun jarraian uztaila, abuztua eta iraileko epean eta beste 10 egun, enpresak erabakita, urtarrilean, abenduan edota Aste Santuko garaian. Oporraldia aldatzeko aurreabisua 90 egunetatik 60 egunetara murrizten da

Formakuntza: langile bakoitzak 8 ordu urteka, beharrezkoak eta eguneko lanaldiaren osagarriak, ordu arrunta bezala pagatuko direlarik eta disponibilitateko kopurutik (malgutasuna) 16 ordu ere. Honek lanaldiaren handitzea Dakar.

Mugikortasun funtzionala: aurreko akordioa aldatzen da eta, hemendik aurrera, Langileen Estatutuaren 39. artikulua aplikatuko da. (erregulazio desberdina)

LABek hurrengo astelehenean lantoki guztietako ordezkariekin bilera egingo du akordioa sakonki aztertzeko eta, honen aurrean, proposatuko ditugun neurriak zehazteko eta erabakitzeko.

 

 

 

PISAko emaitzen aurrean, hezkuntza eta ebaluazio eredu berri batean sinesten dugu

0

Egun hauetan izan dugu 2016ko PISA txostearen emaitzen berri. Berriz ere, agintariak autokonplazentzian edota zurikerian ikusiko ditugu emaitzen araberako diskurtsoa fintzen. LABek bere aldetik, beste hezkuntza eta ebaluazio eredu batean sinisten dugun heinean, garbi dugu txosten honek merkatuaren eta kapitalaren interesei erantzuten diola. Ordua da, beraz, gure bide propioa eraikitzen hasteko, baita ebaluazioaren inguruan ere.

Hezkuntza, eskubidea izatetik, errentagarritasun eta produktibitate parametroen arabera neurtu beharreko ekoizkin izatera degradatzen du ELGAk (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) eta etorkizunean haien enpresetako lan-indarra izanen direnentzako entrenamendu zelaian bilakatu nahi du eskola. Behar beharrezkoa dugu bestelako ebaluazio sistema bat eraikitzea. Ikaslea ez ezik, irakasle taldea, eskola, familiak, berritzeguneak eta irakasleen laguntza zentroak, administrazioa, hezkuntza zerbitzuak….eta finean sistema guztia baloratuko duena. Beti ere hobekuntzan, ekitatean, aukera berdintasunean oinarrituko dena eta hobekuntza horretan egiteko plan, neurri zehatzak eskainiko dituena.

Ordua da beraz, paradigma errotik aldatu eta gure bide propioa eraikitzen hasteko, baita ebaluazioaren inguruan ere. Horra erronka: euskal hezkuntza komunitateak pentsatu eta adostutako, irundu eta ehundutako, ebaluazio eredu berri bat sortzea. LABen prest gaude, horretara goaz.

 

 

 

LABen elkartasun mezua Grezian abenduaren 8rako deituta dagoen greba orokorrarekin

0

LABetik elkartasun eta babes mezua bidali nahi diegu Greziako klase orientaziozko sindikatua den PAMEri, biharko Grezian deituta dagoen greba orokorraren harira. Greziako gobernuak Europar Batasunarekin, FMI eta Europako Banku zentralarekin batera, argi berdea eman dio negozio eta enpresari taldeei murrizketetan sakontzeko.

Greziako gobernuak Europar Batasunarekin, FMI eta Europako Banku zentralarekin batera, argi berdea eman dio negozio eta enpesari taldeei eta honako plana inposatu du: 

  • Kaleratzeen liberalizazio masiboa
  • Lehendik murriztutako gutxiengo soldatari murrizketa berri bat
  • Ezkerrarentzako edozein irabazien abolizioa
  • Kontratu indibidual edo kolektiboen inposaketa bataz besteko soldata oraindik ere gehiago jeisteko.
  • Malgutasunaren inposaketa lan harremanetan
  • Murrizketa berriak pentsioetan eta Gizarte Segurantzako eskubideetan
  • Enpresarien itxiera patronalaren legalizazioa
  • Araudi sindikal berri baten inposaketa non greba eskubidearekin eta sindikatuen eskubideekin bukatu nahi den, askatasunak mugatu nahi diren eta bertze hainbat neurri gehiago.

Hau guztiarengatik Greziako langile klaseari eta bereziki PAME sindikatuari gure elkartasun osoa bidali nahi diegu. Greziako langile klasea berak sortu ez duen krisi baten pisu guztia jasaten ari da, Kapitalismoak beti egoera hauek erabiltzen baititu oraindik eta kapital gehiago eskuratzeko. 

Gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da egoera injustu honen kontrako borroka eta PAME bezalako sindikatuak beharrezkoak dira Greziako langile klasearen aurkako kapitalaren eraso honi aurre egiteko.

Biharko greba orokorrak Greziako langile klasearen erakustaldi masibo bat izan dadila desio dugu. 
  

 

 

Prekarietatearekin amaitzeko irtenbideak proposatu ditugu

LABek manifestazio bat egin du gaur, Ezkerraldeko langile askoren prekarietate egoera salatzeko, Barakaldoko Megaparkeko gasolindegitik abiatuta. LABek prekarietatearen aurkako dinamika bat sustatuko du datozen hilabeteetan, eta ekimen horren lehen mobilizazioa izan da gaurkoa. Hain zuzen ere, Ezkerraldeko langileen lekukoa beste eskualdetakoek hartuko dute.

Gaurkoan, LABek nabarmendu du Ezkerraldean langile behartsuak daudela. Askok Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eskatu behar dute, pairatzen dituzten lan baldintza prekarioak direla medio. 

Ezkerraldean ez ezik, Euskal Herrian ere hedatuta dago kapitalismoak eragindako gaitza. Honen aurrean, sindikatuaren lehentasun nagusienen artean dago prekarietatearen aurka eragitea, eta, ildo honetan, urgentziazko neurri hauek har ditzaten eskatu diegu eragile politikoei:

-1.200 euroko gutxieneko soldata. -Lanaren banaketa, lanaldia 35 ordura murriztuz.

-Hitzarmen kolektibo propioak, Madriletik etor daitezkeen erreformekiko blindajearekin.

-Lanaldi partzialeko kontratazioetarako gutxieneko ordu batzuk finkatzea.

-Lan ikuskaritzaren kontrol eraginkorra enpresekiko.

LABek aldarrikapen hauek guztiak kalera eramango ditu martxoa bitartean, prekarietatearen aurkako dinamikaren harira. Gasteizen izango gara, otsailaren 10ean; Donostian, martxoaren 3an; Bilbon, martxoaren 24an; eta Iruñean eta Oarso Bidasoan, martxoaren 31n.
 

 

 

Iragarritako kaleratzeen aurka protesta egin dute Fagor CNA enpresako langileek

0

Fagor CNA enpresako langileek agerraldia egin dute goizean, Arrasateko Garagartza industriagunean, lantokiaren aurrean. Agerraldia ez ezik, ordubeteko lanuztea ere egin dute, zuzendaritza osatzen duten Geyser eta Edesa Industrial taldeek iiragarritako kaleratzeak salatzeko. Hain zuzen ere, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute. Astelehenean, ordubeteko lanuztea egingo dute, 10:15etik 11:15era, Basauri, Eskoriatza eta Garagartzako lantokietan.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako adierazpena, Edesa Industrial, Geyser Gastech-eko enpresa batzordeak eta Basauriko ordezkaritzak sinatuta: 

Fagor CNAko (Geyser eta Edesa Industrial) Zuzendaritzak egin nahi dituen berehalako kaleratzeen inguruan, honako hau adierazi nahi du langileen ordezkaritzak:

• Urriaren 26tik aurrera, enpresak suspentsioko EEE bat ezarri du. Horrela, egosketako langileak hiru astez egon dira inaktibo eta garbiketako langileak ez dira urriaz geroztik lanean hasi.

• Kontsulta epearen barnean, argi azaldu genuen EEEa ez zela enpresak omen dituen arazoen konponbidea.
• Enpresak aurrera eraman nahi dituen kaleratzeak ere ez dira konponbidea.

• Kaleratzeek ez dute zentzurik, azaltzen zaigun moduan “gastuen kontuak onbideratzeko” badira. Gure ustez, badaude beste konponbide batzuk, elkarlanean arituz konpon daitezkenak.

• Kaleratze traumatiko hauen ordez, beste neurri alternatibo batzuk ere luzatu dizkiogu enpresari, honen ezezko erantzuna jasoz, gure ustez derrigorrezkoak baitira bere etorkizuneko estrategian.

• Ez dugu enpresaren bideragarritasun planik ez etorkizuneko planik ezagutzen, ezta balizko inbertsorerik dagoen ere.
Proiektu honetan aktore estrategiko gehiago dagoela ere gogorarazi nahi dugu. Horrela, MCC bera dago, lurzoruaren jabea dena; Fagor S.Coop, marka komertzialaren jabea; eta batez ere Eusko Jaurlaritza, zeinaren Garapen Ekonomikoko Saila, sarri, CNAren proiektuaren aldeko agertu baiten.

Honengatik guztiagatik gaude hemen. Ordubeteko lanuztea egin dugu gaur, eta agerraldi eta ekintzekin jarrituko dugu kaleratze-planarekin jarraitzen badute eta enpresaren bideragarritasuna eta etorkizuna azaltzen ez badute.

Ekintzak hasteko, datorren astelehenean, abenduaren 12an, ordubeteko lanuztea egingo da 10:15 eta 11:15 artean, lantoki guztietan, Basauri, Eskoriatza eta Garagatzan. Kaleratzeak gauzatzen diren neurrian, mobilizazio gehiago egingo dugu.
 

 

 

Kalera aterako gara politikak aldatzera behartzeko


LAB eta ELA sindikatuok agerraldia eskaini dugu Hego Euskal Herrian zein Madrilen adosten ari diren aurrekontuak salatu eta hauen aurrean mobilizazioa suspertzeko beharra aldarrikatzeko. Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiaren esanetan “aurrekontu hauen aurka gauden guztiak kalera aterako gara ziur gaudelako egoera eta eztabaida soziala kontrolatzeko aukera kentzea dela egin dezakegun hoberena”.

EAE eta Madrilen osatu berri diren gobernuek azken urteetako politikak aldarrikatu dituzte, egonkortasuna jarri dute lehentasun gisa. Eta markatu duten helburu horri erantzutekoa ustezko ezkerra izan dute aliatu. Bi Gobernuek aurrera eraman nahi dituzten proiektuek “murrizketa gehieago” ekarriko dituzte langileentzat Etxaideren aburuz.

Egoera hau aldatzeko helburuz LAB eta ELA sindikatuak “kalera aterako gara”. Mobilizazioa ezinbestekoa da aurrekontu hauek egiteko eta justifikatzeko diskurtsoarekin izkutatzen duten errealitatea plazaratzeko, aurrekontu hauek bazterrean uzten dituzten guzti guztiak eztabaida politikoaren erdian jartzeko eta aurrekontu hauen atzean dagoen proiektu politiko eta ekonomikoaren kontra jende asko dagoela erakusteko.

Politika sozioekonomikoak aldatzeko Programa Sozial bat duen mugimendu bat gara eta jarduera eta agenda instituzionala baldintzatzeko asmoa dugu. Politikak aldatzera behartu nahi ditugu. Bide hori elkarlanean jorratu nahi dugu, “Karta sozialaren baitan Euskal Herri berri bat eraiki nahi duen gehiengo hori antolatu eta martxan jartzera goaz.

AINHOA ETXAIDE, LABeko IDAZKARI NAGUSIAren INTERBENTZIOA

"Kritikatu nahi dugun lehenengo gauza bi gobernuen artean dagoen parekotasuna (EAE zein Madril), PNV eta PPk egin dutenaren inguruan dagoen parekotasuna.

Biek azken urteetako politikak aldarrikatu dituzte eta egonkortasuna jarri dute lehentasun gisa. Egonkortasuna, ulertuta hori dela politika berdinak egiten jarraitzeko gehiengo instituzionala edukitzea. Alegia, aritmetika instituzionala kontrolatzea.

Madrilgo Gobernuak zein Gasteizkoak guztiz konpartitzen dute ere momentuaren irakurketa, sistema zaintzea eta babestea. Bi gobernuen arteko adostasuna eta giro ona posible da PNVren eta PPren gobernuak euren proiektuetan bat datozelako, hain zuen ere.

Bi Gobernuen sintonia hasiera hasieratik ikusten ari garen akordio ekonomikoetan atzematen da: defizit topea. PNVk adostu du Madrileko Gobernuarekin EAEko erkidego autonomo bat gehiago dela, gainontzekoen berdina. Akordio hau ote da autogobernuaren aurrean Jaurlaritzak egingo duenaren erakusle?

Guretzat horrek guztiak esan nahi du murrizketa gehiago datorkigula babes sozialaren maila gero eta txikiagoa izan dela, alegia. Eta ez aberastasuna sortzen ez delako, baizik eta sortzen denaren zati geroz eta handiagoa joango delako kapitalaren eskuetara, enpresa handietara, bankeetxetako jabeetara. Joango egingo da soldata bidez, horiek ere gainbeheran direlako. Eta joan egingo da aurrekontuen bidez, batez ere politika fiskalaren bidez, ez delako aberastasuna banatzen.

Ez ditugu PNVren aurrekontuak ezagutzen baina ikusten ari gara nolakoa izaten ari den aurrekontuak egiteko bidea:

1. Lehenengo kontuak egin ditu bertako enpresari nagusiekin politika fiskala finkatzeko. Enpresa handien interesak jasotzen dira hasieratik.

2. Bigarrenik kontuak egin ditu Estatuarekin. Estatuan eta estatu politika hauetan kabida izango duten aurrekontuak izango dira zalantzarik gabe.

3. Hirugarrenik kontuak egingo dira sistema finantzieroarekin, zorra eta interesak ordaintzeko partida zehaztuz bestelakoetan sartu aurretik. Banketxeak gastu sozialaren aurretik jarriko dituzte.

4. Inbertsio ekonomikoak izango dira laugarrenak. Ikerketan eta inbertsioetan behera egingo da eta AHTak izango du lehentasuna.

Ondoan dugu Nafarroako Gobernua ere. Haren printzipioa da aldaketa lasai eta erosoa egitea. Egoera aldatzeko azken urteetako erreformak eta neurriak atzera bota behar dira, egoera aldatzeko herriaren gehiangoaren aldeko desoreka argia egin behar da aurrekontuetan.

Ez dugu auzitan jartzen gauzak aldatzeko aldarrikatzen den borondate politikoa, baina onartutako defizitarekin eta fiskalitatea benetan ikutu gabe ez dago aldaketarik politiketan.

LAB eta ELAk mobilizazioaren bidea suspertzera goaz
Eztabaida politikoa lokartu nahi dute inposatu dizkiguten erreforma guztiak sendotzeko eta atzeraezinak egiteko. Eztabaida sozialik gabeko Herria nahi dute, horrek ziurtatzen duelako benetan egonkortasun instituzionala. Gehiengo nahikoak instituzioetan eta gehiengo isilak kaleetan. Gure eskutan dagoena egitera goaz bi gauza hauek ekiditeko.

Kalera aterako gara:

– Aurrekontu hauek egiteko eta justifikatzeko diskurtsoarekin ezkutatzen duten errealitatea plazara atera behar delako.
– Aurrekontu hauek bazterrean uzten dituzten guzti guztiak eztabaida politikoaren erdian jarri nahi ditugulako.
– Aurrekontu hauen atzean dagoen proiektu politiko eta ekonomikoaren kontra jende asko dagoela erakutsi nahi dugulako.
– Kalera aterako gara ziur gaudelako egoera eta eztabadia soziala kontrolatzeko aukera kentzea dela egin dezakegun hoberena, politikak aldatzeko bideari ateak irekitzeko.

Gure asmoa da jarduera eta agenda instituzionala baldintzatzea da, politikak aldatzera behartzea. Bide baten emaitza izango da, badakigu. Bide hori egin nahi dugu, elkarlanean, langileak batuz borroka honetara, eragile sozialekin bat eginez borroka honetan.

Bi tresna ditugu horretarako:

– 2013an karta soziala egin genuen 100tik gora eragileren artean. Mobilizazio eta ekimen asko burutu ditugu orduz geroztik. Gehiengo sozial berri bat osatzeko gai izango den mugimendu soziolaborala osatzeko tresna da. gu ziur gaude herriaren gehiengo handi batek egiten duela bat karta sozialean marraztu dugun Euskal Herri berriarekin. Gehiengo hori antolatzeko eta martxan jartzeko lan egitera goaz.

– Programa soziala. Politika sozioekonomikoak aldatzeko programa bat duen mugimendu bat gara. Programa horretan jasotzen diren politika guztiak egingarriak dira. Egoera sozialak justifikatzen ditu. Arrazoia dugu, indarra da falta zaiguna. Indarra mobilizazioak eta langileak antolatzeak emango digu. ELA eta LABen arteko elkarlana funtsezkoa izango da patronalaren politikak borrokatzeko."

 

 

 

Sidenorreko lantegietan asanbladak egitea proposatuko dugu

0

Sidenor Taldeak proposatutako lantegi guztietarako aldi baterako EEEaren negoziazioa gelditzea eta taldeko Akordio Markoaren negoziazioaren hastapenen aurrean, langile guztiak informatzeko, lan zentro guztietan asanbladak egitea proposatuko du LABek.

Egokitzapen Laboraleko Planean (ELP) proposatutako neurriak gehiegizkotzat jotzen ditugu. Zergatik? Lantegi bakoitzeko egoera ekonomiko zein produktiboa kontuan hartu gabe, talde osoko plantillari eragingo liokeen EEEa proposatzen delako eta bere ezarpenak, instalakuntza batzuk kaltetuko lituzkeelako besteen etorkizuna bermatu gabe. Gainera, neurri hauek atzerakoiak dira eta bere onarpenak ekarriko luke aurreko negoziazioetan enpresak hartutako konpromiso batzuk ez betetzea eta Akordio Markoan adostutako beste baldintzak ere kaltetzea.

Enpresak EEEaren negoziazioa eten eta Akordio Markoaren negoziazioari ekin badio helburu batekin izan da, hau da, lan baldintzak okertu eta lantegien kudeaketa esklabutza sistema bihurtzeko, non langileek enpresa eremutik kanpo bizitza pertsonala izateko eskubidea izan ez duten, bizitza laborala eta familarraren arteko kontziliazioa galeraziz.

Taldearen zuzendaritzak ez du bermatzen ELPeko neurriak gauzatuta ere lantegien arazo desberdinak konponduko direnik eta jarraitzen du uko egiten Sidenor Taldeko etorkizuna nondik norakoa markatuko lukeen Plan Industriala aurkezteari. 

Hau guztiagatik, LABek lan zentroetan asanbladak egitea beharrezkoa dela uste du, langileak eurei eragin diezaieketen neurriez informatuak izateko.