2026-10-19
Blog Page 972

Eskola jangeletarako eredu berrirako proposamena eraman dugu Gasteizko Parlamentura

LABeko Eskola-Jangeletako Batzordeko hiru kidek agerraldia egin dute Gasteizko Parlamentuko Hezkuntza Batzordean eskola-jangelen eredu berrirako proposamena aurkezteko. Gaur egun denok gaude kezkatuta elikadura eta zuzen eta osasuntsua dela eta. Hainbat sektoretatik entzuten ari gara gure ikastetxeetako jangeletan dagoen aldaketa beharra. Elikadura hobetzea eskatzen da eta bertoko, sasoiko eta ekologikoak izango diren produktuak sartzea.

Nekazaritza, arrantza edo bertoko merkataritza bezalako sektoreentzako garapen-aukera bat izatearen aldeko apustua egiten da. Elikadura burujabetza bera praktikan jartzea, eredu iraunkor eta demokratikoagoetara begira.

Ikastetxeetan eskatzen da aldaketok jangelaren lan hezitzailearen aitortzarekin batera etortzea, ikastetxeen proiektuan txerta dadila, curriculumean, gure inguru hurbilenaren, sozioekonomikoa zein politikoa, ezagutza gerturatu dadila.

LABen 2016ko martxoaren 3tik ari gara lanean gaur parlamentu honetan aurkezten ari garen aldaketa- proposamenaren inguruan.

Agortutzat emanten dugu egungo eredua eta jangelak herrigintza eta herri-eraldaketareko tresna izatea proposatzen dugu. Zergatik? Hezkuntza da elementu zentrala herri edo gizarte baten eraikuntzan, eraldatzeko transmititu. Egungo hezkuntza sistemaren arabera “zerbitzu osagarria” da jangela eta honen ondorioz, “erabiltzaile” deitzen dituzten gure umeak. Azken urteotan argitaratutako aginduek LABek bilatzen duen hezkuntza proiektu propioarekin zerikusi txikia duen jagela eredua elikatu dute.

Egungo hezkuntza sistemak bezala (LOMCE, HEZIBERRI) sistema kapitalistaren tresnak dira, inposatua, patriarkarra eta zapaltzailea. Kapitalak nahi duen gizarte ereduaren jarraipenerako erabiliak dira. Gure identitatearen aurkako filosofiak elikatzen dituzte, hainbat alderditatik.

Uko egiten zaio bertoko elikagaiak sartzeari. Horrekin gure ingurunea, gure produktuak, gure ekoizleak eta gure nortasunaren ezagutza ezerezean uzten da. Beste alde batetik, argi geratzen da bertoko eta sasoiko elikagaien aldeko apustuak eskualde eta lurraldeen garapenenerako mesedegarri direla.
LABek ulertzen du eskola-jangela espazio hezitzailea dela. Heziketa lana ezin da 12etan bertan behera utzi eta 15etan berrartu. Ikastetxe bat hezitzailea da bere proiektuan ikastetxeko atal eta jarduera guztiak integratzen dituenean, bere osotasunean.

Lan-baldintzen esparruan, jangela eta lan-aldian ezarri beharreko ratioak Hezkuntza Sailburuordetzak inposatzen ditu, negoziazio kolektiboa bezalako eskubidea ukatuz. Gainera, ez dugu onartzen langileak azpikontratzerik: funtzio berdinak, baldintza berdinak, enrpesa berdina. Banaketa egoera diskriminatzaile honekin amaitu behar dugu.

Egungo sistemak ez du patriarkatuaren patroi bat eutsi besterik egiten. Langileen %95a emakumezkoa da, eta honekin transmititzen dena da elikatzearen ekintza amaren figurari dagokiola, Sektore feminizatuko lan baldintzak ezartzen dira sektore honetan: lanaldi murriztuak, prestakuntza falta, gehiegizko ratioak, aitortza profesional falta edo soldata prearioak. Lanaldiak murriztu egiten dira ikasturte hasiera eta amaieran, dagokion enpresaren beharrizanen arabera.
Kudeaketa zuzena bezalako kontzeptuak erabiltzen dira kanpora ataratzen ari den eredu baterako. Enpresetako langileekin negozioa egiten da, ordaintzaile onenari eskainiz, neoliberalismoak bultzatutako ereduaren alderdiaren krudelena praktikan jarriz.

Ikastetxe publikoetan ukatu egiten da sukaldearen aukera hauei autonomía ukatuz, kalitatezko sistema publikoa baterako oinarrizko kontzeptua eta Euskal Eskola Publikoaren Legean eta argitaratutako zenbait agindutan jasotzen den moduan.
Eskola jangeletara langile publikoak bideratzea oztopatzen da. Horren erakusgarri dugu Laukarizgo esperientzia pilotoa, familiek kudeaketarako gaitasunik ez dutela erakusten helburuarekin.

Eredu honek eta berari eusteak catering enpresen kartela ekarri du ondorio moduan, Lehiaren Euskal Agentziak 18 miloi eurotako isuna jarriz honako enpresei: Auzo Lagun, Cocina central Goñi, Cocina central Magui, Eurest colectividades, Eurest Euskadi, Tamar Las Arenas, Gastronomía Cantábrica eta Gastronomía Vasca .

Egoera jasanezina da eta LABek proposatzen du egoera zenbait alderditatik aztertu eta hiru ardatzen inguruan ekarpenak egitea: elikadura, eredua eta lan-baldintzak, ulertuta guzti horrek gure burujabetzatik eraikitako politika publikoek lagunduta etorri behar duela (heziketa, lan eta ingurumen arlokoak, sozialak…).

LABentzat jangela ereduari buruzko hausnarketa eraikuntza prozesuaren zati bat gehiago da. Gure hezkuntza sistema iruten joan behar dugu. Eskola-jangeletako egoerak kezkatu egiten gaitu, asko. LABek eskatuko du zenbait eragileren arteko lanerako mahaia berehala martxan jartzea, 2016ko martxoaren 3an Gasteizko parlamentuan onartu zena. Gaur erein beharra dago bihar jaso ahal izateko.
 

 

 

Mobilizaziora deitzeko prest daudela adierazi dute auzitegi medikuek

0

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako profesionalak elkartzen dituen Euskal Plataformako auzitegi medikuek prentsaurrekoa eman dute gaur, Bilboko Pedro Ibarretxe plazan. Bertan, euren gatazkaren inguruko argibideak eman dituzte eta EAEko Justizia Administrazioan ordezkaritza duten sindikatuekin batera hartutako erabakiak jakinarazi. Hain zuzen ere, uda ondoren mobilizazioei ekitea ez dutela baztertzen adierazi dute, beti ere euren lan, formakuntza eta eskubide ekonomikoen defentsan aritzeko.

Auzitegi medikuek azaldu dute hogei urte eman dituztela jada euren eskubideak aitortu ditzaten eskatzen. Gaurko agerraldian, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailaren jarrera kritikatu dute.
 

 

 

Nafarroako esku hartze sozialeko hitzarmenaren alde irten gara kalera

Nafarroako esku hartze sozialeko langileek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren (PAGNA) aurrean elkarretaratze bat egin dute, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek osatzen duten gehiengo sindikalak deituta.

Sindikatuok Nafarroako Foru erkidegoan sektoreko langileen egoera egun gutxi arautua edo arautu gabe dugula salatu dugu. Bertaratutakoek adierazi dute esku hartze sozialeko sektoreak hainbat jarduera biltzen dituela, hala nola, baztertuak edo babesik gabeko pertsonekin edo kolektiboekin lan egiten, indarkeria matxistarekin, migratzaileekin, edonolako adikzio edo adikzio ohiarekiko menpekotasunak osasun-arazoak dituzten pertsonekin lanean, baita, gizarte eta osasun-arloko eremuan, gizarte eta kultura-arloko eremuan eta gizarte-hezkuntzako eremuan ere. Azken finean, gizartean ditugun premia bereziei erantzuten dizkien langileen sektorea izango genuke. Nafarroako gizartearentzat berezko garrantzia duen sektorea izanik.

Sindikatuok egun sektoreko langileek pairatzen duten prekarietatea salatu dugu eta egoera honekin bukatzeko, Nafarroa osorako arautuko duen hitzarmen sektoriala sortzeko behar diren bateratze prozesuak sortuz bakarrik lortuko dela adierazi dugu.
 

 

 

Sindikatuko zuzendaritzako sei kidek Altsasun pairatutako jazarpen poliziala salatu dugu

0
Pasa den aste amaieran, ohiko bilera bat tarteko Altsasuko egoitzara zihoazela, Guardia Zibilaren kontrol batean geratuak izan ziren, eta haietako batzuk ia ordubeteren bueltan izan ziren erretenituak. LABeko militanteon lan politiko eta sindikalari traba egitea izan zuten helburu eta, jazarpen politiko eta pertsonalarekin, tartean larriena, guardia zibilaren eskutan torturatua izandako batek jasotako iseka.

Pasa den aste amaieran, ohiko bilera bat tarteko Altsasuko egoitzara zihoazela, Guardia Zibilaren kontrol batean geratuak izan ziren, eta haietako batzuk ia ordubeteren bueltan izan ziren erretenituak.

Kontrolak iraun zuen bitartean LABeko zuzendaritzakideen dokumentazioa arakatu egin zuten. Independentismoaren kontrako espioitza da hori. Ezin argudiatu daiteke hori inolaz ere segurtasun irizpideen arabera egiten duenik Guardia Zibilak, espioitza eta jazarpen ikuspegitik baizik, berariazko jarrera intimidatorioa lagun.

Kontrolean emaniko denbora tarteko eta sortutako salbuespen giroarekin, LABeko militanteon lan politiko eta sindikalari traba egitea izan zuten helburu eta, jazarpen politiko eta pertsonalarekin, tartean larriena, guardia zibilaren eskutan torturatua izandako batek jasotako iseka. Torturaren gaia krudelkeriaz eta inpunitate osoz tratatzen jarraitzen dute, torturatuak izan diren biktimen aitortza, errespetu eta erreparaziotik urrun.

Salatzen dugun hau guztia Altsasun gertatu izana ez da ez kasualitatea. Altsasuko herria etengabe ari da nozitzen eta salatzen jazarpen poliziala, herritarren eguneroko bizitzan zuzenean eragin eta normaltasun demokratikoa oztopatzen duena. Espainiako indar armatuek salbuespen egoera ezarria dute Altsasun, eta ondorioak aski ezagunak ditugu. Ez genuke aukera hau galdu nahi beste behin ere Altsasuko herriari gure elkartasuna adierazi eta gazte altsasuarren erabateko askatasuna eskatzeko; atxilotuak kalera eta Altsasuko herria okupazio polizialetatik libre!

Jazarpen polizialak eta etengabeko mehatxuak bere horretan irautea normalizazio politiko eta demokratikoa ukatzen zaion herri baten sintoma da. Gatazkaren konponbideak eskatzen duen egoera desmilitarizatzeko urratsak egin behar dira. Gure herriak sufritzen duen okupazio polizial eta militarra indargabetzeko eta Euskal Herrian har daitezkeen erabaki demokratikoen gaineko mehatxu armatua desagertzeko erantzukizuna dute Estatuek.

Estatuen armagabetzea eman behar da Euskal Herrian eta euskal jendarteak eta instituzioek ikuskatu behar dute prozesu hori. Hala, amaitzeko, deia luzatzen diegu Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, helburu horren defentsan urratsak eman eta euren esku dagoen guztia egin dezaten, herritarren eskubide zibil eta demokratikoen bermerako eta normalizazio politikoaren bidean asko baitute esateko eta egiteko.
 

 

 

Ekainaren 20a Mundu mailako Errefuxiatuen egun bezala ezarri da

0



FSMren irakurketa

Ekainaren 20a Mundu mailako Errefuxiatuen egun bezala ezarri da


"
Inperialismoaren erasoen eta krisi kapitalistaren ondorioz Afrika eta Ekialde hurbileko milaka pertsona etorkin bilakatu ditu bizi hobe baten esperantzan.

Errefuxiatuen gaietako Nazio Batuen Erakundeko goi ordezkariak 2015ean errandakoaren arabera 300.000 errefuxiatu Mediterraneoan zehar Europa zeharkatzen saiatu ziren, eta 2500 pertsona itota hil ziren. Aurten lehenengo lau hilabeteetan bakarrik 1700 pertsona itota hil dira.

Etengabeko gerra inperialistak, pobrezia eta miseria atzean uzteko helburuarekin ihes egiten duten milaka eta milaka pertsona lan esku esklabo bihurtzen dira, eta kasu askotan Mediterraneoan hondoratzen diren itsasontzietan bizitza galtzen dute.

Haien herrialdeak kolpatu dituen hondamendi inperialisten ondorioz errefuxiatu bihurtzen diren milaka pertsona hauek ondoren Europar Batasunak inposatzen dituen politika sozio-ekonomikoak pairatu behar dituzte.

Europar Batasunak ardura handia dauka errefuxiatuen gai honetan, Estatu Batuak eta NATOrekin batera gerra interbentzioetan parte hartzen duelako edota babestu egiten dituelako, honen ondorioz Afrika iparraldea eta Ekialde Hurbila ezegonkortuz. Aldi berean ezin aipatu gabe utzi yihadistak finantzatzen Europar Batasunak izandako erantzukizuna. Gerraren hondamendia atzean uzteko haien herrialdea utzi behar izan dutenek gobernuek erakusten duten axolagabekeriari eta azpiegitura faltari aurre egin behar diote. Mekanismo errepresiboak, Frontexen eta NATOren patruilak, eta eraikitako harresiek oraindik eta ezbehar gehiago sortzen dute.

Europako klase sindikalgintzak errefuxiatu eta etorkienei bere babesa adierazteko eta hauek inbasore eta gaizkile bezala tratatzen dituen Europa kapitalista honen politika eta hipokresiaren kontra borrokatzeko betebeharra dauka. Errefuxiatu hauek behar duten azpiegitura lor dezaten eta gobernuak hauek eskubideak errespetatzeko borrokatu egin behar dugu.

Basakeria inperialistaren aurkako gure ekintzak areagotu behar ditugu, gerra inperialistak behin betiko bukatu daitezen eta NATO behin betirako desager dadin, herriaren sufrimenduaren arduradun den neurrian. Langileak zatitzen dituen arrazismo eta xenofobiaren kontra ere borrokatu behar dugu, honen bitartez kapitalak bere esplotazioa areagotu egiten duelako langilek klasearen interesen kaltetan.

Munduko Federazio Sindikalaren Europako bulegoak Ekainak 20ko data honi begira langileak gerra inperialisten biktimei elkartasuna adierazteko, herrien arteko elkartasuna indartzeko eta faxismoaren aurkako erresistentzia bat eraikitzeko deitzen ditu. "
 

 

 

Ekainak 20: Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna


Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da gaur. Milioka pertsona euren herriak, bizilekuak, lana eta familiak uztera behartuta dago arrazoi ekonomiko, ekologiko, politiko edo gatazka belikoen ondorioz. Sistemaren diru-gosearen ondorio den guzti honen aurrean LABek 9. Biltzar Nagusian aho batez egoera honekin amaitzeko onartutako ebazpenan jasotako neurriak gogora ekarri nahi ditu. Inor ez delako ilegala, bortizkeriarik gabeko mundu baten alde lanean jarraitu behar dugu.

LABen 9. Biltzar Nagusian adostutako ebazpena
Munduan zapalduta eta esplotatuta gauden herrietako langile guztiok helburu bera dugu: sistema kapitalista, heteropatriarkala eta neokolonialarekin amaitzea, gure gorputz, herri, bizitza eta planeta kolpatzen dituelako


"
Krisi global bati aurre egiten ari gara, krisi sistemiko eta zibilizatzailea, aurrekaririk gabekoa gizateriarentzat. Sistema honen ezaugarri nagusien artean krisi ekologikoa daukagu, horren ondorioz, desertifikazioa, natur baliabideen agortzea, lur eta uren arpilatzea, eta komunitateen deserriratzea ematen dira.Inperialismoak herrien burujabetza merkataritza askeko tratatu berrietara oinperatzeko estrategiak topatzen ditugu. Horrez gain, gerrak eta gatazka anitzak bultzatzen ditu, eta ondorioz, oker izendatutako errefuxiatuen krisia sortu du, migranteen heriotz zenbaezinak sortuz Mediterraneoan eta munduko muga desberdinetan, eta aldi berean, emakumeen kontrako indarkeria eta emakume eta umeen trafikoa areagotuz. Honekin guztiarekin batera zaintza-lanen krisia ematen da, emakumeek egiten dituzten zaintza lanen mundu mailako kate globalak areagotuz, migrazioak bultzatuz eta gure herrietan sortzen diren lanpostu prekarioak —batzuetan semi-esklabuak— bultzatuz. Halaber, mobilizazio sozialak kriminalizatzen dira. Hauek guztiak sistemaren diru-gosearen ondorio dira, kapitalaren metaketa ikur bilakatu duen sistemaren ondorio.

Milioka pertsona daude behartuta euren herriak, bizilekuak, lana eta familiak uztera, arrazoi ekonomiko, ekologiko edo gatazka belikoen ondorioz. Kalkulatzen da azken garaiotan 65 milioi pertsona desplazatu egon dela. Bigarren Mundu Gerrak eragin zituen kopuruetatik gertu gaude. Badakigu badaudela gerrak. Gerra hauen arrazoi eta erantzukizunak ezkutatu egiten zaizkigu, ez da interesatzen horiek ezagutzea. Milaka heriotzaren atzean dauden lotsak, delituak eta negozioak, bortxaketak eta askotariko indarkeriak argitara aterako lirateke, eta hori ez da interesatzen. Informazioa manipulatuta heltzen zaigu, bloke ekonomikoen interesak oso handiak baitira. Batez ere, mundu mailako statu quoa mantendu behar da, armagintza lobbiek (2014an, 10 armagintza npresa nagusiek 30.000 milioi dolarretako irabaziak izan zituzten), lobby ekonomiko eta finantzarioen esku utziz bizi ala hilko garen, eta nola egingo dugun erabakitzea.

Milaka pertsona pilatzen dira Europako herrialdeen ateetan, bizitzeko aukera bat topatu nahian. Europaren erantzuna, ordea, urrun dago elkartasunezkoa, eskuzabala izatetik. Segurtasunaren izenean, horma eta arantzadun hesiak jartzen dira, eta kontrol militar eta polizial zorrotzak. Europak bertan behera uzten ditu, heriotzaren atarian, pertsonak. Milaka ume Europan zehar galdurik daude, trata eta esplotazioaren mehatxupean. Europak oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu. Europar instituzioek gaur hartutako politika eta neurriek interes ekonomiko, finantzario eta beliko jakinei erantzuten diete, gurekin zerikusirik ez duten eta lotsarazten gaituzten interesei. Bestelako neurriak beharrezkoak ditugu, hala nola:

Produkzio eta kontsumo sistemaren eraldaketa. Produkzio eta kontsumo sistema gisa, Kapitalismoaren gehiegikeriak kalteak eragiten ditu ingurumenean, eta aldaketa klimatikoaren ondorioak azkartzen ditu. Honek zigor erantsi bat ekartzen du: etorkizunean, gero eta pertsona gehiagok migratu beharko dute bizirauteko, euren jatorriko eremuetatik kanpo.

Emakumeen eta adingabeen trataren kontrako neurriak indarrean sartzea. Pertsonen trata, bereziki emakume eta adingabeek pairatzen dutena, saretua dago eta interes ekonomiko hutsak bultzatuta areagotzen ari da. Egoera horren kontra borroka zuzena egin behar dugu, etekin ekonomikoak ateratzeko trata bultzatu, babestu eta sustatu egiten duten taldeen kontra salaketa publikoa egin behar da, eta neurri eraginkorrak bermatu. Lan hau aurrera eramateko gizonezkoen inplikazio aktiboa ezinbestekoa da.

Migrazio politikei buelta ematea, gerren eta multinazional eta estatu inperialisten baliabideen kontrolaren isla direlako. Pertsona guztiek eskubidea dute euren lanaren emaitzarekin duintasunez bizitzeko beren herrialdean; eskubide hori inork ez lieke ukatu beharko, gaur egun gertatzen den bezala.

Arrazakeria eta xenofobiarekin amaitzea eta migranteak eta errefuxiatuak kriminalizatzen dituzten politikak desegitea. Pertsona migranteak ez dira mehatxu bat. Gure benetako etsaiak austeritate politikak dira, segurtasunaren eta beldurraren izenean bultzatzen dituzten politikak, interes inperialisten neurrira egindako politikak. Ez gaitezen tranpan erori. Herrien eta pertsonen arteko elkartasuna bultza dezagun.

Lan arloan neurri eta politika publiko eraginkorrak bultza ditzaten eskatzen diegu Nafarroako eta EAEko instituzioei.
Esklabotza eta pobreziara eramaten gaitu bizitza eta lana prekarizatzen duen prozesuak. Erabateko erasoa pairatzen ari gara langileen bizi eta lan baldintzei dagokienez, eta, horretan, langile migranteak dira kaltetuenak: kontratu prekarioenak dituzte (kontraturik badute), soldata baxuenak ere, eta eskubide sozial eta sindikalak ukatu egiten zaizkie. Ulertu behar dugu gure borroka guztiak borroka bakar bat direla.

Politika publiko eraginkorrak emakume migranteek pairatu ohi duten diskriminazio eta kalteberetasunarekin amaitzeko. Emakume migranteak dira kaltetuenak. Laneko prekarietatearen biktima nagusiak dira. Emakume migrante asko eta asko diskriminazio eta kalteberetasun egoeran daude. Askok etxeko lanetan eta zaintza lanetan lan egiten dute, eta arazoak dituzte lan baldintza, lan jardunaldi, soldata edo kontratuarekin.

Harrerarako sistema propioa. Harrerarako baldintza propioak izateko, euren gain erabateko eskumena hartzeko eskatzen diegu euskal administrazioei, gure errealitate produktibo eta sozialaren araberakoa, nazioarte mailako elkartasun eta kooperazio gisa.

Langile guztiak eskubide berdinak eduki behar ditugu edonon. Jendarte berri bat denon arten eraikiko dugu, benetan Euskal Herri berri anitza eta justua lortu nahi badugu. Hemen bizi garenok, edonondik etorrita, paperekin edo paperik gabe, aukerak behar ditugu bizitzako esparru guztietan duintasunez aritzeko.

Inor ez da ilegala!

Bortizkeriarik gabeko mundu baten alde, bortizkeria matxistaren kontrako borroka erdigunean jarrin behar dugu

Eskubide guztiak munduko bizilagun guztiontzat!

Gasteiz, 2017ko maiatzak 25-26"

 

 

Telelaguntza zerbitzuko langileek Jaurlaritzaren aurrean egin dute protesta

Euskal Autonomia Erkidegoko telelaguntza zerbitzuko langileek lan uzteekin jarraitzen dute, kalitatezko zerbitzu baten eta lan baldintza duinen alde. Gaurko lan uztearekin batera, elkarretaratze bat egin dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Datozen egunetan protesta gehiago egingo dituztela iragarri dute.

Hain zuzen ere, lan uzte partzialak ondorengo egun eta orduetan egingo dituzte, orain arte egindakoez gain: 

-Ekainaren 24an, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

-Ekainaren 30ean, 10:00etatik 20:00etara.

-Uztailaren 1ean, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
 

 

 

Gipuzkoako ehunaren merkataritzako hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaia osatu da

0
Gaur, ekainak 19, Gipuzkoako Ehunaren Merkataritzako Hitzarmenaren negoziazio mahaia osatu dugu ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuok eta Garen eta Dendartean patronalak. Mahai osatzeko hamaika bileraren ostean, azkenean nahi izan dutenekin osatzea erabaki dugu, negoziaketari behingoz ekiteko. Izan ere, prekarizazio prozesuari mugak jarri, eta langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetzeko negoziazio kolketiboa tresna garrantzitsua da, eta beraz, Merkataritza Federazioari arduraz jokatu eta negoziazio mahaira batzeko deialdia egiten diogu. Zentzu berean, Ehuneko merkaritzarekin egin bezala gainontzeko merkataritzako hitzarmenak abian jar ditzala eskatzen diogu ELA sindikatuari.

LAB sindikatutik argi dugu gure apustua eta ehunaren mahaian bezala, Gipuzkoako gainontzeko merkataritzako hitzarmenen negoziaketan mahai gainena jarriko dugu (berriz ere) gure proposamena; Gipuzkoako Merkataritzako Hitzarmen Berria osatzea. Hau da, Gipuzkoan egun ditugun sektoreko hitzarmen guztiak berdindu eta batuko zituen hitzarmena.

Hitzarmen honen erreferentzia baldintzarik onena jasotzen duen merkataritzako hitzarmena izango da puntu bakoitzean. Adibidez, egungo metaleko merkataritzako hitzarmena izango litzateke, lanaldi eta soldatari dagokionean, baldintza hobeagoak dituelako, eta beste puntuetan, gainontzeko merkataritzako hitzarmen guztien artean aurkitzen diren baldintzarik onenak jasotzea da gure asmoa. Hau, bi urratsetan egitea proposatzen dugu. Lehenengo, lau hitzarmen hauek berdindu eta gerora, bigarren fase batean batzea.

Jakin badakigu helburua berdina izanik ere, egungo larrua eta zapata, altzari eta ehuneko merkataritza hitzarmenetatik abiatzen garela, hau da, abiapuntu ezberdinak. Beraz, egin beharreko bidea ezinbestean, ezberdina izango da.

LAB sindikatuko kideok ordea argi dugu zein den gure helburua, prekarizazio prozesuari mugak jarri,eta langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetzea. Gipuzkoako Merkataritzako Hitzarmen Berriak sektoreko langileon arteko ezberdinatasunekin amaitu eta indarrak batzeko aukerak eskaintzen dizkigu bide horretan, balia ditzagun!
 

 

 

Protesta egin dugu Osakidetzan, kontziliaziorako eskubidearen alde

0

Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeako ESIko zuzendaritzak, langile bati hiru urteko semea zaintzeko eszedentzia zatitzea ezeztatu dio. Tamalez, hau ez da kasu isolatua, egunero gertatzen da Osakidetza osoan, ESI guztietan. Osakidetzan ez dira berdintasunerako neurriak errespetatzen. Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak egoera hau salatu du gaur, Gurutzetako Ospitaleko sarreran kontzentrazioa eginez.

Gizon eta emakumeen egiazko berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoan jasotzen denez, botere publikoek benetako berdintasuna lortzeko baliabideak eta legeak sortu behar dituzte. Irizpide orokorretan lan jardunaldia murriztua eskuratzea aipatzen da, eta baita ere semea edo alaba zaintzearen ondoriozko eszedentzia edo ahaideak zaintzearen ondoriozkoa zatika izateko aukera aitortzen da. Osakidetzak ez dio lege horri jaramonik egiten, langileria horrela kudeatzea errazago egiten zaiolako.

Lege horrek dio pertsona guztiek izango dituztela tratu-berdintasunaren printzipioak eta sexuan oinarritutako bereizkeriaren debekuak ondorioztatutako eskubideak, baina errealitatean ez da gauza bera Osakidetzan laborala edo estatutarioa bazara. Lan zentro berean, pertsona batek eskubidea du eta beste batek ez. Gure ustez, diskriminazio hori ez da onargarria. Eta ez da hori bakarrik, eszedentzia ez zatitzeak berdintasuna suntsitzen du, bikotekide batek hartzen badu ezin dio besteari zati bat pasa eta gero berriz berak hartu, ondorioz, egoerak bat etxean geratzera behartzen du eta bestea lan egitera. Estatistikoki, emakumea etxean geratuko da eta bikotekidea joango da lanera.

Salatzen dugu Osakidetzak ez dituela bermatzen, gure ustez, lana eta familia kontziliatzeko gutxieneko neurriak, hau da, hiru urte baino gutxiago daukan seme-alaba zaintzeko eszedentzia zatigarria eta hamabi urte baino gutxiagoko seme-alaba zaintzeko jardunaldia murrizteko eskubidea.

Gutxieneko neurri horiek, Espainiako estatuan 2007an onartu zen legean ezarrita daude eta Osakidetzak, gaur egun, edo ez ditu ondo ezarri edo oztopoak jartzen dizkie langileei. Beraz, Osakidetzako langileei dei egiten diegu kalera ateratzeko eta eskubideak babesteko borrokatzeko.