2025-12-15
Blog Page 97

EPE bateko azterketa bere erditzea programatuta zegoen egunean egin behar zuen langileak beste data batean egin ahal izatea #LortuDugu

LAB sindikatuak Arartekoari aurkeztutako kexaren ondoren, Basauriko Etxe Maitia egoitzak aukera emango dio kaltetutako emakumeari, erditzeko programatutako egunean enplegua egonkortzeko hautaketa-prozesuan azterketarekin bat zetorren proba beste data batzuetan egiteko.

Sindikatu horrek, Z.G.G. kaltetuak horrela eskatuta, kexa bat bidali zion Arartekoari irailaren 30ean, deskribatutako egoeraren xehetasunak azalduz eta kasuarekin lotuta bere esku zegoen dokumentazio guztia aurkeztuz. LABek uste zuen zuzeneko diskriminazio-kasu bat zela, sexuarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, hala nola haurdunaldiagatik edo amatasunagatik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako 1/2023 Legeak jasotzen duen bezala.

LAB pozik dago, batetik, Arartekoak azkar aztertu duelako kasua eta bere gomendioa egin duelako. Bestalde, sindikatu hau pozik agertzen da ere Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuaren Epaimahai Kalifikatzaileak hartutako erabaki berriagatik; izan ere, Arartekoak egindako gomendioa onartu duenez, oposizio-aldiko ariketako bi probak urrian bertan egiteko aukera emango dio kaltetutako emakumeari. Era berean, Z.G.G izangaiari edoskitzea egin ahal izateko beharrezko espazioa eta denbora emango diote proba egin bitartean.

Osasun sistema publikoa indartzeko eta EAEko Osasun Mahaian eztabaida faltsuan ez ixteko lan egingo dugu

Gaur elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Areilza kaleko osasun etxean. Bertan egon da Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta honakoa adierazi du: “Osakidetzaren egoera salatzeko eta osasun sistema publikoa indartzea eskatzeko mobilizatu gara gaur. Honek egoera horretara ekarri gaituzten politiketan aldaketa sakonak egitea eskatzen du”.

Mobilizazio sindikal eta sozialari esker osasun publikoaren gainbehera agerian geratu da. Osasun Mahaia eratu da eta hori urrats garrantzitsua dela uste dugu, eta, orain, eztabaida faltsuan ez ixteko lan egingo dugu. Izan ere, Jaurlaritzaren eta Osasun Sailaren aldetik sumatzen ari garena da ez zaiola benetan heldu nahi Osakidetzak behar duen eraldaketari. Ikusten ari garena da helburua adostasunak eraikitzea baino gehiago adostasunak irudikatzea dela.

Aurkeztu diguten diagnostikoaren laburpen-dokumentuan ez dira sartu LABentzat garrantzitsuak diren gaiak. Gai horiek zerikusi handia dute Osakidetzaren gainbeherarekin. Ez dira jasotzen pribatizazioari buruzko datu guztiak, ez arrazoiak, ez kostua. Ez da politika horien baloraziorik egiten. LABentzat ondorio kaltegarriak izan ditu pribatizazio politikak. Datu asko falta dira langileen bilakaerari buruz, etorkizunerako prospekzioari buruz, behin-behinekotasun tasa altuen eraginari buruz, mediku edo erizain egoiliarren egoeraz. Eta ez da agertzen guzti horrek guztiak zerbitzuaren kalitatean izan dituen, lehen arretan esaterako, ondorioei buruzko baloraziorik. Euskararen egoerari buruzko datu nahikoa ere ez da ematen.

Aranburuk gaineratu du LAB EAEko Osasun Mahaira joango dela hobekuntzak proposatzeko. Bere hitzetan, “diagnosi on baterako jaso beharreko gai batzuetan azpimarra egingo dugu. Metodologiari ere ekarpenak egin dizkiogu, oraingoz ez dira jaso. Metodologian planteatu dugu langileei eragiten dieten eta mahaian lortu nahi diren adostasunak Osakidetzako mahaira ere eraman behar direla, hemen jarrera bat har dadin, mahaiaren gehiengoak errespetatuz”. Berriro azpimarratu behar da ezin dela osasun-itun bati buruz hitz egin langileen gehiengorik gabe.

LABen helburua osasun sistema publiko indartsu bat lortzea da, eta, helburu horrekin, mahaietan, kalean eta lantokietan borrokatuko dugu, bakarrik, beste sindikatuekin edo osasun plataformen mobilizazioak babestuz.

Bilboko Udalak berriro utzi du Etxez Etxez Laguntza Zerbitzua multinazionalen esku

Lau urterako lizitatu du zerbitzua hobekuntzetik inbertsiorik egin gabe eta langileen aldarrikapenak kontuan hartu gabe.

Bilboko Udaleko gobernu-taldeak gaur jakinarazi duenez, “etxez etxeko laguntza-zerbitzua lizitatu da, urtean 20 milioi euroren truke”. 3.300 erabiltzaile baino gehiagoren elikadura eta garbiketa beharrizanei erantzutea, medikazioa ematea, oheak egitea, komunak garbitzea eta baita “konpainia egitea eta maitasuna emateak” funtsezkoa zerbitzu bat bihurtzen dute Etxez Etxeko Laguntza.

LAB sindikatutik, azaroan onartzea aurreikusita zegoen lizitazio honetaz hitz egiteko uztailean izan genuen bilera batean, azken hilabeteetan zerbitzua okertu egin zela adierazi genuen. Izan ere, gero eta ohikoagoak dira 30 minutu edo ordubete irauten duten zerbitzuak. Norbaitek uste du posiblea dela elikadura eta garbiketa beharrizanei erantzutea, medikazioa ematea, oheak egitea, komunak garbitzea eta baita “lagun egitea eta maitasuna ematea” 30 minutu eskasetan? Bilera hartan, plegu berrien bitartez praktika hori geldiaraztea eskatu genuen, Serveo bezalako multinazionalak (egungo zerbitzu-hartzailea) arau bihurtzen ari direnak, eta 1,5 orduko gutxieneko iraupeneko zerbitzuak ezartzea. Badakigu plegu berriek ez dutela hau bezalako neurririk aurreikusten.

Albiste hau bat dator Macrosad enpresak atzo Bilbon adierazi zuenarekin. Macrosad “pertsonentzako zerbitzuetan aditua den talde andaluziarrak” Autonomia Erkidegoan lanean hasteko proiektua iragarri zuen. Enpresa pribatu honek Udalak ematen duen etxez etxeko laguntzaren zerbitzu bera eskaintzen du, baina merkatu pribatuan eta prezio baxuagoekin. Prezio horiek beren langileentzako gutxieneko soldatak jasotzen dituzten estatu-mailako hitzarmenak aplikatzearen ondorio dira. Udalak etxez etxeko arreta-zerbitzu integrala, kalitatezkoa eta doakoa eskaintzen duen hiri batean, horrelako enpresek ez lukete merkatu-kuotarik izan behar. Hala ere, kezkaz ikusten dugu etengabe hedatzen ari direla.

Nahikoa da zaintza-zerbitzuak pribatizatzeaz. Nahikoa da funtsezkoak diren zerbitzuekin negozioa egitearekin. LABek gaur ezagutarazitako pleguak geldiaraztea eskatzen du, ez dietelako erantzuten bilbotarren zaintza beharrei eta 900 emakumeren* lan- eta bizi-baldintzak prekarizatzen jarraitzen dutelako.

Ordua da zaintza krisiari behar bezala eusteko, ardurarekin eta anbizioz jokatzeko eta beste udalerri batzuetan egiten ari diren bezala, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua publifikatzeko.

Lan egiten zuen enpresaren aurrean salatu dugu astelehenean Funesen hildako langilearen heriotza

Urriaren 7an hil zen 29 urteko langilea Funesen, bezperan makina batek harrapatuta. Azken honekin, gutxienez 45 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak.

Gaur, urtarrilaren 11n, bere heriotza salatu dugu LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde, HIRU eta CGT/LKN sindikatuok lan egiten zuen Benid Food (Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro) enpresaren parean. Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hil egiten gaituztela nabarmendu dugu enegarrenez.

Jarrera aldatu eta Gipuzkoako Salgaien Errepide bidezko Garraioaren Hitzarmenaren negoziazioa ahalbidetzea eskatzen diogu GUITRANSi

Gaur egin da Gipuzkoako Errepide bidezko Salgaien Garraioaren Hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilera, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan. Bilera aurretik, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioa egin dugu patronalaren aldetik ez dugulako benetan negoziatzeko inolako asmorik ikusten.

2024 urtea hastearekin batera, Gipuzkoako Salgaien Errepideko Garraioko hitzarmen berri baten negoziazio bideari ekin genion. 2009ko abenduaren 31az geroztik hitzarmenik gabe dagoen sektorea da eta lan-baldintza zeharo desarautuan ari dira 6.000 langiletik gora Gipuzkoa osoan zehar.

Sektoreko Patronalarekin, GUITRANSekin, jarri ginen harremanetan negoziazio mahaiaren eraketa egingo genuela esateko eta deialdia helarazteko, baina enpresen elkarteak ez zuenez negoziatzeko inolako asmorik, ekaina bukaera arte, Patronalaren aurkako salaketa juridiko bat tarteko, ezin izan genion negoziazioari ekin.

Ordutik eta gaur arte lau negoziazio bilera egin ditugu, baina GUITRANSek ez du negoziazio errealerako inolako imintziorik egin. Izan ere, orain arte aurkeztutako proposamenak 2009an adostu zituen baldintzak baino askozaz ere txarragoak dira. Gainera, Gipuzkoako langileen lan-baldintzak estatuan arautzen diren edukietan oinarritu nahi ditu. Euskal lan-esparrua ezerezean utzi nahi du eta horrek berak argi adierazten du negoziatzeko asmorik eza.

Egoera horren aurrean, GUITRANSen jarrera salatu nahi dugu, Gipuzkoako negoziazioan erantzukizuna duen patronal bakarra baita. Ordea, beste Patronal batzuek, beste esparru batean, negoziatzen dutenari heldu dio aldiro.

Beharrezkoa da Gipuzkoako langileei eta, bereziki, Gipuzkoako Salgaien Errepideko Garraioaren sektoreari segurtasun juridikoa eta arau argiak emango dizkien hitzarmen bat berritzea. Gipuzkoan negoziatu eta Gipuzkoako esparrua oinarri izango duen Hitzarmena berritzea, alegia. Argi dugu hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugula.

Sektorean lanean ari diren langileek 14 urte daramate egunez egun lan-baldintza prekarioagoetan lanean eta, GUITRANSek adierazi duen axolagabekeria salatzeko ekintza sindikalari ekin diogu.

Kontzentrazioa egin dugu Gipuzkoako Foru Aldundian, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea eskatzeko

Elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko LAB eta ELAk bertako aterpetxeetako garbiketa eta jantokiko langileen egonkortze prozesuak duen derrigorrezko 1. Hizkuntza Eskakizuna “diskriminatzailea, gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa” dela dioen epaia salatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko aterpetxeetako garbikuntza jantokiko langileen egonkortze prozesuak duen derrigorrezko 1. Hizkuntza Eskakizuna “diskriminatzailea, gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa” dela dioen epaia argitaratu berri da egunotan.

Honen aurrean, Aldundiko gehiengo sindikala osatzen dugun LAB eta ELAk kontzentrazioa egin dugu eta ausart eta irmo joka dezala eskatu diogu Aldundiari, euskaraz lan eta bizi nahi dutenen aurkako oldarraldiak ez baitu etenik.

Langile eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzen ez dituzten mota honetako epaiak onartzen ez dituztelako, mobilizaziorako deia luzatu diegu Aldundiko LAB eta ELAk bertako langile, kargu politiko eta euskal eragileei.

Turismoa eta enpresen irabaziak gora doazen bitartean, Bizkaiko ikuztegietako langileen soldata eta lan-baldintzak behera egiten ari direla salatu dugu

LAB, ELA, CCOO, UGT eta USO sindikatuok Bilboko bi hotelen aurrean mobilizatu gara gaur Bizkaiko ikuztegi eta tindategietako langileentzako hitzarmen duina eskatzeko.

Sindikatuon oharra

Joan den urtean, turisten etorrerek %82 egin zuten gora Bizkaian, igarotako gau kopurua handiagoa da eta hotelen presentzia, handiagoa. Gainera, turismoa dagoeneko ez da soilik udara mugatzen.

Horrek eragin zuzena du ikuztegien eta tindategien lan-bolumenean, hotelen sektoreak zerbitzu horiek azpikontratatzen baititu. Beraz, turismoak mesede egiten die garbitegi handiei, baina aberastasun hori ez da plantilletara iristen.

Bizkaiko ikuztegietako eta tindategietako langileek 2007tik ez dute sektoreko hitzarmenik. Hainbat negoziazio-saio egin ditugu, baina ez dugu emaitzarik eman, patronalaren blokeoa dela eta, sektoreak bizi dituen zailtasun ekonomikoetan oinarritzen baita. Denbora horretan, erosteko ahalmenaren galera izugarria izan da: LGSaren %30 baino gehiago kobratzetik azpitik egotera igaro da, bizitza asko garestitu den garaietan, hain zuzen ere. Lanaldia ez da murriztu, ez da hobekuntzarik izan lizentzietan, ezta kontziliazioan ere, ez da jarduerarako plus egokirik sortu…

CECOBI-ATILAVI patronala premisa argi batekin etorzen da mahaira: soldatak desizoztea beste eskubide batzuei uko egitearen menpe egotea nahi dute. Besteak beste, honako helburu hauek dituzte: antzinatasuna mugatzea, bajak ez osatzea, soldata-igoera negargarriak, tindategietako asteburuko librantzak kentzea, etab.

Guk argi daukagu, jarrera hauen aurrean, kalera irtengo gara!

18 urte daramatzagu hitzarmenik gabe…

Miseriazko soldatei, ez! Bizitza duinen alde borrokan!

Tindategiak eta garbitegiak hitzarmen duin baten alde zutik!

Beste 5 greba egun deitu ditugu Bizkaiko grafikagintzan

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok greba egunak deitu ditugu urriaren 29, 30, 31 eta azaroaren 4 eta 5erako, patronalak negoziazioak blokeatu dituelako eta sektorearentzat hitzarmen duin bat adosteko helburuarekin.

Apirilean, maiatzean eta ekainean sektorean jarraipen handia izan zuten 7 greba egunen ondoren, patronalak proposamen berri bat egin zuen uztailaren 3an. Proposamen horrek hitzarmeneko proposamen atzerakoi asko ezabatzen zituen arren, 4 sindikatuok oso gutxiegitzat jotzen dugu edukiei dagokienez. Abuztua eta gero, negoziazio mahaiaren beste 3 bilera egin dira, eta patronalak bi mugimendu txiki baino ez ditu egin azken bileran, proposamen sindikal berri bati erantzunez. Jarrerak urrun daude alde bien artean.

Negoziazioetan benetako aurrerapenik ez dagoenez, sindikatuok 5 greba egun deitu dituzte urria eta azaroa bitartean. Greba egunak urriaren 29an, 30an eta 31n eta azaroaren 4an eta 5an.

Sektoreko langileek 2011n amaitutako hitzarmen bat berreskuratzea merezi dute, erosteko ahalmena bermatuz soldatari dagokionez, hitzarmena aplikatzeko bermeekin, murrizketarik gabe, eta beste hobekuntza batzuekin. Urriaren 15ean Negoziazio Mahaiaren beste bilera bat dago, eta patronalak beste aukera bat du negoziazioak desblokeatzeko.

Azkenik, sindikatuok dei egiten diegu sektoreko langileei urriko eta azaroko 5 eguneko grebarekin bat egin dezaten.

Guardia Zibilaren inposizio onartezina Iruñean

Guardia Zibilak urriaren 12ko Iruñeko ekitaldiak Larrabide pabiloira eramatea erabaki du, eguraldi txarra iragarrita dagoelako. Nafarroako Gobernuaren bermea duen erabaki horrek azpiegitura horretan aurreikusitako kirol jarduera eta lehiaketa guztiak bertan behera uztea ekarriko du.

LABen ustez, inposaketa hau guztiz onartezina da, eta gainera, argi baino argiago uzten ditu Gobernuaren lehentasunak. Antza denez, trikornio-desfile bat garrantzitsuagoa da ehunka neska-mutilen kirol-jarduerak sustatzea baino. Kirol espiritua eta bizimodu osasuntsua sustatzeaz harro dago Nafarroako Gobernua, baina unea iristean bere hitzak irensteko gai da, erakunde militar baten mesedetan.

Euria berdina da guztiontzat. Konbentzituta gaude salbuespen hau ez luketela baimenduko polizia talde hau ez den beste inongo kolektiborekin. Gera daitezela haien kuarteletan, eta utz diezagutela herritarroi lasai bizitzen eta eguneroko jarduerak ospatzen, desfile barregarrien eta nagusikeria militarraren menpe egon gabe.