2025-12-30
Blog Page 968

Arcelor Mittal Zumarragako langileen kontrako epaiari helegitea aurkeztuko diogu

0

Eibarreko Sozialeko 1. Epaitegiak eman berri duen ebazpenean ontzat eman ditu Arcelor MIttal Zumarraga enpresatik Asturiasera derrigortuta lanera joango diren langileen lan baldintzak aldatzea, Asturiaseko langileen lan baldintzak ezarriz.

LABek ez du inolaz ere bat egiten epaiarekin, eta Arcelor Mittal Zumarraga enpresaren itxierak suposatu duen injustiziari zigor erantsi bat gehiago suposatzen du langileentzat. Lantokia isteko arrazoirik ez zegoen, orain Arcelor Mittalek berak publikoki onartu du sektorearen egoeraren hobekuntza nabarmena.

Asturiasera bidalitako langileen lan baldintzak aldatzeko inolako argudiorik ez ziguten prozesu osoan zehar eman, eta horretaz, LABek epai honi helegitea aurkeztuko dio, prozedura bera bertan behera gera dadin.

 

 

 

Sidenorreko akordio markoak enplegu galera dakar

0

LABentzat oso txarra da Zuzendaritzak UGT, CCOO, USO eta CSIFekin gaur Sidenorreko Akordio Markoko negoziaketan hitzartutako aurreakordioa. Inuxente egunean horrelako berri bat azaltzea ez da erraza, LABentzat, ez baita sinistekoa hitzartu dutena.

Ez da sinestekoa langileak euren lanaldiaren %50an ERTEra bidaltzeko akordio bat sinatu duen enpresa batek, orain bere lan baldintzak arautzeko akordioan lanorduak ikaragarri haunditzea:

• 2021an 5 egun gehiago lana egin beharko dute.
• Formakuntzarako beste 8 orduz lanaldia igo dute.
• Malgutasuna 72 ordu arte erabili ahal izatea lanaldia igotzeko.

%13tik gorako langabezia tasa dugun honetan gustu txarreko inozentada bat dirudi, baina ez, egiazkoa da.

Gure azterketaren arabera, ERTE adostu berri duen Sidenorrek, bere lanaldi handitzearekin 72 lanpostu desagertuko dira gutxienez, eta disponibilitatea erabiltzen badu, 181 lanpostu arte desagertaraziko lirateke. Guzti hau ezin da ulertu ERTE bat oraintxe adostu dutenean. Eta are gutxiago ulertzen ditugu akordioa sinatzeko prest egotea sindikatu batzuk.

5 urteko lanaldia adostu dute, 5 urtetan zuzendaritzak nahi duena egiteko, soldata igoera baxu batzuen truke. Ze, gogoratu nahi dugu, Sidenorrek %5ko soldata jeitsiera ezarri zuela 2013an.

Akordioa antisindikala da, lantokiaren etorkizunaren inguruko bermerik ezartzen ez delako, eta langileek soldatarekin enpresa finantziatzeaz gain lan gehiago egin beharko dutelako, baina akordioa antisoziala da baita ere, enplegua desagerrarazten duelako.

 

 

 

Mikel eta Begoña askatu!


Mikel Zuloaga eta Begoña Huarteren euskaldunak atxilotuak izan dira Grezian, errefuxiatuekiko elkartasun lanetan ari zirela. Euskal Herrira bidean ziren, zortzi errefuxiaturekin batera. Ekimen solidarioa egitea zuten helburu, Europako migrazio legeak salatuz. Gertaera honen harira eragile sozial, sindikal eta politiko ugarik bat egin dugu Bilbon, agerraldi jendetsu batean, bi aktibista euskaldunen ekimen solidarioarekin bat egin eta lehenbailehen aske utz ditzatela eskatzeko.

Komunikatu bateratu batean gogoratu dugu eskubide sozialak direla gure iparrorratza, ez lege injustuak. Horregatik, Europak migranteei ematen dieten tratu krudelaren aurrean, Zuloagak eta Huartek egin bezala, desobedientzia zibila aldarrikatzen dugu.


 

 

 

Pentsio sistema publikoaren defentsan dinamika abiatzera goaz


Madrilgo Gobernuak pentsioen arloan daraman politika antzua salatu du gaur LABek, politika horrek sistema publikoa suntsitu eta likidatzea dakarrela ikusita. Hala salatu dute prentsaurrean LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek eta politika sozialetako idazkari den Bea Martxuetak. Ondoan izan dituzte Joxean Urkiola, batzorde sozioekonomikoko kidea, eta Carlos Ruiz, LABeko pentsiodunen arloaren izenean. “Sistema txikitzen ari dira, errekurtso horiek beste helburu batzuetarako baliatuz”, salatu dute.

Eta horrela da. Kotizazioak erasotuz —diru-sarrera iturri nagusiak— pentsioen finantziazioa galarazten ari dira. LABek irmoki gezurtatzen du sistemaren bideraezintasuna bere izaera publiko eta unibertsalaren lotzen dutenen argudioa. “Hori ez da horrela. Politika neoliberalak dira sistema bideraezin egiten dutenak, publikoa dena suntsitzen dutelako. Publikotasunak aberastasunaren birbanaketa dakar, eta hor murritzagoa da espazio eta negozio pribatua. Sistema publikoa likidatzen ari dira jendeari gezurra esanez eta engainatuz, jendarteari bizkar emanda”, diote LABeko bozemaleek.

Horri, gainera, patronalen estrategiak gehitu behar zaizkio, “soldatak erasotzeko egindako lan erreforman oinarrituak”. Alegia, egungo soldatak dira sistemaren jasangarritasuna ezinezko egiten dutenak, ez adinekoen kopurua eta haien bizi itxaropena.

“Urteetan entzun dugu Espainiatik banatzeak euskal herritarron pentsioak arriskuan jarriko lituzkeela; orain, Espainiako Erreinua da likidazioaren bidea egiten ari dena”, salatu du Etxaidek. Ez du, gainera, benetako ekimen politikorik ikusten euskal instituzioen eremutik.

Madrilek bai ala bai bide hori egingo badu ere, LABek posible ikusten du Euskal Herrian bestelako bide bat urratzea. Hala ere, sindikatuaren kezka agerikoa da EAJk egingo duenaren aurrean, hari entzundakoak entzunda, “sistema pribatu osagarriak hemen garatzeko interes handiagoa dutelako, sistema publiko unibertsalaren alde (hemen eta Madrilen) borrokatzeko baino”.

LABetik diogu garaia dela pentsio sistemaren etorkizunari buruzko eztabaidari ekiteko euskal eragile politiko, sindikal eta sozialen artean. Ez dugu Espainiako sistemaren etorkizunaz hitz egin nahi, benetako eztabaida bat egin nahi dugu, Euskal Herrian guztiontzako pentsio duinak bermatzeko eztabaida, alegia.

Horregatik guztiagatik, LABetik “ekimen politiko eta instituzional erreal bat” aldarrikatzen dugu, gizarte segurantzako euskal sistemaren eraikuntzarako, enpleguaren sorrera helburu duen politika erreal eta eraginkor batekin. Eta ekimen berriak iragarri nahi ditugu: Gobernuak interpelatuko ditugu eta beren programetan sistema publikoa defendatu duten aldardiei aurkeztuko diegu gure proposamena, “ordua delako agenda neoliberalari aurre egingo dion eremu politiko eta sozial bat eratzeko”.

Pertsonen bizi kalitaterako hain erabakigarria den kontu bat ezin du “gaiari heltzeko asmorik adierazi ez duten” instituzioen esku geratu. Ordua da “eztabaida sozial erreal bat” egiteko etorkizuneko euskal pentsio sistemaren ereduaz eta bideragarritasunaz. Halaber, mobilizazio soziala berreskuratzeko deia egiten dugu, pentsio sistema publikoaren defentsan.
Horretarako ekimen berriak abiatzera goaz, “eztabaida soziala sustatu eta pentsio sistema publikoaren defentsa lantokietako agenda sindikalean berriro kokatzeko”.
 

 

 

Gobernuko proposamenak Europako sententziak eta gehiengo sindikalak defendatzen duen zerrenda bakarra ez ditu kontutan hartzen

0

2016ko abenduaren 27ko Nafarroako irakaskuntzako Mahai Sektorialean, Administrazioak datorren ekainean Irakaskuntzako oposizioak burutzeko duen egitasmoak azaldu dizkigu. LABen, aurreko asteetan esan dugun bezala, eta egun aurkeztu dizkiguten oposizioen edukiak ikusi ondoren, berriz ere denbora gutxiarekin deituko dituztela eta izan daitezkeen beharrak asetzeko baliagarriak ez direla uste dugu.

Aldi berean, Europako sententzien harira etor daitezkeen ondorioak kontutan hartu gabe, LEPa ateratzea, arriskutsua iruditzen zaigu.

Bukatzeko zerrenda bakarra ez dela betetzen gogor salatu nahi dugu, hau gehiengo sindikalaren ustez negozia ezina delarik. Zerrenda Bakarra ez onartzeak Hezkuntza Departamentuak bere horretan jarraitzen duela argi eta garbi erakusten du, Irakasle euskaldunen eskubide linguistikoak ukatuz. Napartheid-ek bere horretan darrai.

2017ko bigarren hezkuntzako oposaketen Administrazioaren proposamena

 

 

 
 

LABek euskal administrazioan 35 orduko lanasteari eusteko erabaki irmoa har dezan dei egiten dio Eusko Jaurlaritzari

Euskal Administrazioan 35 orduko lanastea berrezartzen zuen dekretua indargabetzen duen TSJ-ren epaiaren aurrean, LABek Espainiar Estatuaren inposizioen aurrean gehiengo sozial eta sindikalaren borondatea defendatu eta errespetatu dezan dei egiten dio Eusko Jaurlaritzari.

2012an lanaldia luzatzea ekarri zuen estatu araua euskal administrazioan ere ezarri zen, eta honen ondorioz milaka lanpostu suntsitu ziren, lan kargak handitu, eta aurrez ere oso kaltetuak ziren zerbitzu publikoen kalitateak are okerrera egin zuen, Osakidetzako itxaron zerrendak gehiago luzatu ziren, ikasgeletan irakaslearen ordezkorik ez egotearen ondorioak larritu, …

Langileok gogor azaldu ginen inposizio berri horren aurrean. LABek 37 ordu eta erdiko lanaldia ezarri ez zedin lanuzte deialdia egin genuen 2012ko uda aurreko hartan, sindikatu denak altxatu ginen negoziazio mahaitik, eta presio horren ondorioz Jaurlaritzak atzera egin zezan eta 35 orduko lanastea berrezartzea lortu genuen.

TSJ-ren epai berri honekin garbi geratzen da enplegu publikoa defendatu nahi badugu, gure zerbitzu publikoak defendatu nahi baditugu eta kalitatezkoak izan daitezela nahi badugu, gure herritargoaren beharrizanak defendatu nahi baditugu, eta herri honetako gehiengo sozial eta sindikalak adierazitako borondatea defendatu nahi badugu ezin garela behin eta berriz espainiar estatuak hartzen dituen erabakien menpe, eta lan harremanetarako euskal esparrua eraikitzea jada premiazko kontua zaigula.

Gaurko Gobernu Kontseiluak hartzen duen erabakiaren zain, oraingoz Gobernuaren hainbat eledunek egindako adierazpenek asko kezkatzen gaituzte, izan ere epaia etsigarria dela esan arren espainiar estatuari aldebiko harremanetarako, eta ekarrizketarako deia berriro ere egitea kaltegarria iruditzen baizaigu. Izan ere espainiar gobernuak behin eta berriz erakutsi baitu esparru laboral zein sozialen hartzen ditugun erabakiak ez errespetatzeko borondatea.

Zentsu honetan gure zerbitzu publikoak sendotzeko eta garatzeko euskal herritarrok dugun beharrizana defendatu dezan, gehiengo sozial eta sindikalak dituen aldarrikapenak eta behin eta berriz adierazia dugu borondatea defendatu ditzan, eta 35 orduko lanastea mantendu dezan dei egiten diogu Eusko Jaularitzari. Inondik ere ez dugu epai hau onartuko, eta lanaldia luzatzeko egon daitekeen edozein saiakeraren aurrean mobilizatuko garela iragartzen dugu.

 

 

 

Gure izenean ere ez, erraustegiari ez

0

Gipuzkoako Foru Aldundiak eraiki asmo duen erraustegiari ezezkoa emateko berriro kalera aterako gara bihar. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Donostian mobilizatzera deitu du abenduaren 27an eta LAB sindikatuak bat egiten du deialdiarekin.

Gure izenean ere ez, ez dezatela erraustegiaren proiektuarekin aurrera egin. Arrazoi ugari ditugu errausketaren kontra egoteko: 

– Ingurumena. Naturarekiko gure konpromisoa. Errausketa jarduera kutsatzailea da. 
– Osasuna. Langileon osasunaren aurka joko du bete-betean. Errauskailutik gertu bizi diren herritarrentzat minbizia izateko aukera biderkatu egingo da, zer esanik ez errauste plantako langileentzat. 
– Ez dugu ontzat ematen gutxi batzuren negozio pribatuak eta interes ekonomikoak gehiengo sozialaren eskubideen eta ongizatearen gainetik jartzea. 
– Hondakinen produkzioa gutxitu egin behar da: birziklatu, berrerabili. Zabortegi toxikoen aurrean, hondakinei beste trataera bat eman behar zaie. Alternatiba horiek guztiak ere enplegu sortzaile izan daitezke, gainera. 

Errauskailuak badauzka alternatiba egingarriak. Aldundiaren esku dago Gipuzkoan abiatu duen inboluzio prozesuarekin amaitu eta herritarrok esateko duguna entzuten hastea. Erraustegiaren proiektua geldiarazi eta hondakinen kudeaketarako egon litezkeen alternatiba ezberdinak aztertzea eskatzen diogu, gaia lantzeko prozesu sozial parte hartzaile bat irekiz, herritarrekin eta eragile ezberdinekin. 
 

 

 

EAEko Hezkuntza Sailaren proposamenaren aurrean, oposaketak atzeratzea eskatu dugu

0

Hezkuntzak 2017rako lan eskaintza deialdia presaka, planifikazio barik eta legeak baimentzen duen azken momentuan onartzeko asmoa du. Ikasturte hasieran, irailaren 7an, Cristina Uriartek Lanbide Heziketarako lan eskaintza izango zela iragarri zuen komunikabideetan. Ordutik hona, hainbat aldiz informazioa eskatu badugu ere, kezkatzeko moduko erantzunak jaso ditugu Hezkuntza Sailetik. Duela gutxi arte ez dute inolako informaziorik izan. Ez kidegoa, ez plaza kopurua, ezta oposaketak egongo ziren ere ez zekiten. Horregatik oposaketak atzeratzea eskatu dugu.

Hezkuntzak 2017rako lan eskaintza deialdia presaka, planifikazio barik eta legeak baimentzen duen azken momentuan onartzeko asmoa du. Ikasturte hasieran, irailaren 7an, Cristina Uriartek Lanbide Heziketarako lan eskaintza izango zela iragarri zuen komunikabideetan. Ordutik hona, hainbat aldiz informazioa eskatu badugu ere, kezkatzeko moduko erantzunak jaso ditugu Hezkuntza Sailetik. Duela gutxi arte ez dute inolako informaziorik izan. Ez kidegoa, ez plaza kopurua, ezta oposaketak egongo ziren ere ez zekiten. Horregatik oposaketak atzeratzea eskatu dugu.

Irakasleok jakin badakigu oposaketa batek zer nolako eragina duen langileongan eta zentroetan ere. Zenbat lan eta zenbat denbora eskatzen duen halako prozesu batean parte hartzeak. Lan eskaintzaren berri momentu honetan jasotzea erasotzat hartzen dugu. Gutxiengo baldintza batzuk ukaezinak dira. Abenduaren azken astean informazioa jasotzea onartezina da.

Hezkuntzako beharren araberako planifikazioa beharrezkoa da. Plantillaren adina eta jubilazioak, langileen %30tik gorako behin-behinekotasun tasa eta eskoletako plantillen egoera eta egonkortasun falta kontuan hartu eta kalitatea bermatuko duen kontratazio eta sarbide eredua planifikatu behar da. Egungo eredua aldatzearen beharra ere azpimarratu du ere Europako sententziak. Azken urteetako oposaketa deialdiek egungo egoera betikotu egiten dute, inolako planifikaziorik gabeko erabakien ondorio dira, unean uneko erabakien ondorio.

Horregatik guztiagatik, honakoa eskatzen dugu:

  1. 2017rako lan eskaintza bertan behera uztea.
  2. Aurreikusita dauden lanpostu horiek ondorengo deialdirako gordetzea. Langileek beharrezko denboraz, duintasunez aurkezteko denbora izan dezaten.
  3. Mahai tekniko bat irekitzea. Egungo egoeraren azterketa egin eta etorkizunera begira hezkuntzako beharrei eta langileen beharrei erantzungo dion kontratazio eta sarbide eredua planifikatzeko.

 

 

 

Arcelor Olaberrian greba arrakastasua egin dute

0


Arcelor Olaberriako Enpresa Batzordeak deituta egun osoko greba egin dute langileek. Jarraipen zabala izan du deialdi honek. Mobilizazio hauen bidez langileek enpresako hitzarmena bete eta ordezko langileak Olaberrian sartzea eskatzen dute, baita etorkizunean izango diren errelebo kontratuak ere Olaberrian ematea ere, horrela enplegu suntsiketa eragotziz.

Gatazka Enpresako Zuzendaritzak enpresako aurrejubilazioen inguruko akordioa ez betetzeagatik dator. 2016 urtean, 7 langile aurrejubilatuko dira eta beraien ordez sartuko diren langileak Olaberriatik kanpoko beste lantegi batean kolokatu nahi ditu enpresak.