2025-12-31
Blog Page 959

Akordioa lortu dugu Indaux enpresan

0

Aia eta Getarian aurkitzen den Industrias Auxiliares S.A.U (Indaux) enpresan, bi urteko negoziaketen ondoren, bi greba egunen ostean eta mobilizazioen ondorioz, akordioa lortu dugu.

Akordioa gaurko langileen asanbladak onartu du (153 baiezko, 12 ezezko eta 2 boto zuri). Negoziaketa amaigabe honi LABek hasieratik jarritako helburuak betetzen ditu, bereziki kontratazio berriek pairatzen zuten egoera bidegabearekin amaitzea.

Hauek dira akordioaren eduki nagusiak:

-Kontratazio berriekiko diskriminazioa eta hauen eskala bikoitzekin amaitzea lortu dugu: aurreko hitzarmenetik kategoria baxuago berri bat zegoen kontratazio berrientzat, %30 gutxiago kobratzeko. Hitzarmen honetan kategoria hau desagertarazi dugu.

-Aparteko orduek enplegua ez desagertaraztea, kobratzea debekatuz.

-Lan erreformaren kontrako klausula, lan baldintzak aplikatzea bermatuz.

-KPIari loturiko soldatak igoerak bermatzea, eta Enpresa barneko Tauletan ere aplikatzea.

-Enpresa euskalduntzeko Euskara plana garatzeko konpromisoa.

Akordio hau ez litzateke posible izango, Indauxeko langilegoaren parte hartze eta kohesiorik gabe. LABen iritziz, aurrerantzean hori izan behar da jorratu beharreko bidea, enpresan langile guztien eskubideak babesteko.
 

 

 

Enpleguaren aldeko akordioa lortu da Domiberia enpresan

0

Ugaoko Domiberia enpresako hitzarmena sinatu da langile batzarraren gehiengo zabalarekin (44 aldeko bozka eta 6 kontrakoak). Urte beteko negoziaketa luze eta gogor honek bere fruituak eman ditu eta hitzarmenean hobekuntza nabarmenak lortzea ekarri du. LAB sindikatua, langileen batasunarekin gai izan da akordio on bat erdiesteko.

Honi gehitu behar zaio LABek hitzarmen kolektibotik kanpo lortutakoa. Enpresak kontratazio politika aldatu behar izatea, LABen salaketaren bidez, eta enpresak gutxienez ABLEko 13 langileri kontratu mugagabe egitea lortu dugu. Lantokietan prekarietateari aurre egitea posible dela erakutsi dela uste dugu.

Hitzarmenaren edukiei dagokionez, hauek dira garrantzitsuenak:

• Lanaldia egun batez jaitsiko da, eta aldi berean, malgutasuna jaitsi eta honen prezioa igo dira. Lanaldi jaitsiera posible ezezik, dugun langabezia tasarekin beharrezkoa dela frogatzen ari gara.

• Erreformaren aurrean babestea lortu dugu: ultraktibitate klausula eta deskuelgearen kontrako klausula txertatuz eta derrigorrezko arbitraia ekidituz.

• KPIaren erreferentzia berreskuratu eta hemendik aurrera igoerak erreferentzia honetatik gorakoak izango dira.

Era berean, igoera ekonomikoa eman da gaueko plusean, elbarritasun plusean, eskola laguntzan… eta era berean oporretako eta martxoko ordainsarien kopuruak igo dira.
Azkenik, LABek jasotako babesa eta langilegoak erakutsitako batasuna eskertu nahi ditu, hori izan baita Hitzarmen hau sinatzea ahalbidetu duena.
 

 

 

Bizkaiko Hirugarren Adineko egoitzen kudeaketa eredua aldatzea eskatu dugu

Sektoreko langileek adierazi dute “kokoteraino daudela, hemen inork bere ardura ez duelako bere gain hartzen”. Langileei eskatu eta eskatu baino ez zaie egiten, esfortzu gehiago egin behar dutela esaten zaie, dirurik ez omen dago unibertsalak diren eskubideak modu egoki batean bermatzeko. Egoitzetako egoera langileek konpondu beharko balute bezala hitz egiten diete. “Arduragabekeria” irizten diote honi.

Zahar Egoitzetako langileek den-dena ematen duten lanean. Ahal eta behar dutena baino gehiago ematera daude behartuak, egoera tamalgarriak behartuta. Beti dabiltza presaka, lan karga fisiko izugarriekin, asteburu eta jai egun asko egiten dute lan, ez dugu atsedenerako tarte nahikorik… eta hau dena, haien bizien azkenetan dauden pertsonekin. Honek guztiak karga emozional eta psikologiko oso handia ere badakarrela esan behar da. Isilpean gordetzen den sufrimendua gehienetan. Euren lanak guzti hau bere ezaugarrien baitan ekarriko balu bezala, euren lanaren parte balitz bezala.

Sufrimendu eta neke orokortu hau ezin da barneratu lanaren parte izango balitz bezala. Ez da justua irakurketa hau egitea egoeraz. Egoera eta gatazka honek errudun eta erantzule zuzenak ditu eta Aldundia eta patronala dira.

Gertatzen dena hurrengoa da:
• 3. Adineko Egoitza gehien gehienak (148tik 125, gutxi gora-behera) esku pribatuek kudeatzen dituzte. Zerbitzu publiko pribatizatu eta prekarizatua bihurtu dute politikariek. Merkatuan etekinak ateratzeko dago diseinatua ia bere osotasunean. Aldundiak diru publikoa (denona den dirua) enpresarien eskuetan jarri eta langileak prekarietatean bizitzera kondenatzen gaituzte.

• Aldundiak ez ditu behar besteko neurriak jartzen hau guztia kontrolatzeko! Ez du bitarteko ekonomiko nahikoa bideratzen eta bideratzen den diruaren kontrola ere ez dela modu egokian egiten. Zertan inbertitzen dute enpresek jasotzen duten diru publikoa? Aldundiak ez al du hau kontrolatu eta mugatzeko betebeharra?

Eta langileok aldarrikatzen duguna hurrengoa da, beraz:
• Kalitatezko zerbitzu publikoetarako bidea egiten joan behar gara. Ez da bide erraza, baina denon mesedetan egiten joan behar garen bidea da.

• Ratio egokiak eta kategorietan zehaztuak: langile gehiago behar dira txanda bakoitzean lanean, eta honek ezin du gehiago itxaron.

• 1.592 orduko gehienezko lanaldia urtean. Hau da, egoitza publikoetan lan egiten den ordu kantitatea eta eurek 106 ordu gehiago egiten dituzte, soldataren erdiaren truke. Langileen gorputzek atsedena behar dute!

• Kontrol publiko handiagoa. Ezin da inor aberastu zerbitzu publiko bat eskaintzeagatik: Patronalari gehienezko irabazien muga ezartzea eskatzen du LABek, %2 baten inguruan egon litekeena.

Gatazka hau konpontzeko borondate politikoa behar dela aldarrikatu nahi du LABek. Politika sozialetan benetan inbertitu eta pertsonen mesedetan lan egiteko ordua heldu da. Orain izan behar da aldaketa, langileek ezin dute itxaron, kudeaketa ereduaren aldaketa da behar dena.
 

 

 

Akordioa, Gurutzetako Ospitaleko ordezkari sindikalen kontrako epaiketan

Gaurko egitekoa zen epaiketa ez da azkenean egin, aldeen arteko akordioa lortu delako non guztiak absolbituak gelditzen diren, hiru ordezkari sindikalak baita zinpeko zaintzailea ere. Gogoratu behar dugu salaketa gurutzatuak egin zirela. Zinpekoak, bere burua lesionatu ondoren, ordezkari sindikalen kontrako salaketa jarri zuen, eta ordezkariok zinpekoaren kontra.

Balorazio gazi-gozoa egiten dugu. Izan ere, nahiz eta zinpekoak egindako salaketa faltsuak ez duen aurrera jo, erasotzailea ondoriorik gabe atera da, inpunitate sentsazioa indartuz. Gure aldetik, jarraituko dugu gertatutakoa salatzen Ospitaleko Gerentziak dagokion ardura hartu arte eta Prosetecnisa enpresako zinpeko hau ospitaletik kanpo ikusi arte. Ez dugu onartuko halako jarrerarik, ez Gurutzetako ospitalean ez inon.
 

 

 

Elkarretaratzea egin dute Arabako ardogintzako langileek, lan hitzarmenaren alde


Joan den azaroan izan zen mahai negoziatzailearen azken bilera. Abenduaren 5ean, gehiengo sindikalak jabeari sinatzeko proposamena eskaini zion. Langileek ez dute erantzunik jaso oraindik, ez eta mahai negoziatzailearekin biltzeko proposamenik ere.

LAB eta ELA sindikatuek deituta, Arabako ardogintza arloko langileek elkarretaratzea egin zuten igandean Oionen, Plaza Nagusian. Hitzarmen duin baten alde egin zuten protesta, patronalaren jarrera ikusita. "Ardogintzaren langileek erantzun bat behar dutela uste dugu: lan hitzarmena berritu, lantegiak arriskutik kanpo geratu eta langileen erosteko ahalmena jaisteko bidetik atera", adierazi dute sindikatuek.

Elkarretaratzea egiten zuten bitartean, Oiongo alkateak harrera egin zien Arabako hainbat erakundeko ordezkariei; Nekazaritzako diputatu Eduardo Aguinako eta ahaldun nagusiaren ondoko Pilar Garcia de Salari, tartean. Langileek dokumentu bat helarazi zieten hauei, upategietako jabeen jarreraren berri izan zezaten.

2016. urtean lan hitzarmena ez zen berritu, nahiz eta egoera latz batetik etorri: azkena lau urtetarako izan zen (2012-2015), horietatik hiru urtetan lan saria izoztu egin zen eta batean (2013an) igoera % 1ekoa izan zen eta gainontzeko murrizketak jasota, aintzinatasunarena adibidez.

 

 

 

Ermuko TVAko enpresa hitzarmen duinaren alde mobilizatu gara

0

Negoziazio Kolektiboa ezinbesteko tresna da langileon eskubideak sortu, defendatu eta hobetzeko. LABentzat hitzarmen sektorialek ezinbesteko garrantzia dute; sektore horretako langile guztien gutxieneko baldintzak arautzen baitituzte. Era berean, enpresetako paktu eta hitzarmenek sektoretako gutxieneko baldintzak hobetu behar dituzte. Zoritxarrez, Ermuako TVA enpresan, UGT sindikatuak Eragin Mugatuko hitzarmena sinatu du, atzerakoia eta gainerako komiteko kideen ezkutuan. LAB, horrelako akordio bat, langileon oinarrizko eskubideen aurkako erasoa dela salatuz kalera irten da.

Langileon lan baldintzak hobetzeaz hitz egiten dugunean, Kolektibo osoaz ari gara; taldea eta langileak zatitzen dituzten akordioek bazterketa eta prekarietatea besterik ez baitute sortzen.

Horregatik guztiagatik, LABek beti defendatu ditugu Eragin Orokorreko Hitzarmenak, enpresa, sektore zein herrialdekoak izan. Esan bezala, Eragin Orokorrekoak direlako, bazterketa eta baldintzarik gabe, langile kolektibo osoa babesten dutenak. Eragin Mugatuko hitzarmenek langileen artean desoreka eta ezberdintasunak sortzen dituzte.

Zoritxarrez, Ermuako TVA enpresan, UGT sindikatuak Eragin Mugatuko hitzarmena sinatu du, atzerakoia eta gainerako komiteko kideen ezkutuan. LABentzako hori larria bada, are gehiago kezkatzen eta haserretzen gaitu, hitzarmen horretan kaleratzeak erraztu egiten dituztela eta, gainera, Bake Soziala onartzen dutela, langile guztiak egoera makur horretara hipotekatuz.

Enpresaren interesak babestu dituzte: eragin mugatuko hitzarmena, langileen arteko ezberdintasuna eta prekarietatea, kaleratzeak erraztu, Bake Soziala sinatu… Eta, gainera, horrelako akordio batek inguruko enpresetan eduki dezakeen eraginak ere asko arduratzen gaitu.

LABek horrelako akordio bat, langileon oinarrizko eskubideen aurkako erasoa dela salatu nahi dugu argi eta garbi, eta ez dugu sor daitekeen prekarizazioa eta eskubide galera onartzeko inolako asmorik.

Ez dugu inoiz lanpostu suntsiketan parte hartuko, ezta kaleratzeak erraztuko ere; ez Ermuan ezta beste inon ere.

 

 

 

Pineko langileek mobilizazioei ekin diete enpresaren salmenta salatzeko

0

Ingeteam taldeak Bizkaiaka dituen enpresetako ordezkariek mobilizazioei ekin diete “PINE una marca de INGETEAM, ez dago salgai!” lemapean. Zamudion urtarrilaren 20 egin zen elkarretaratzean taldeko den Pine enpresaren salmenta salatzeko eta gure ezadostasuna adierazteko. Egoera aldatu ezean mobilizazioekin jarraituko dute, hurrengo hitzordua jarria dute jada, urtarrilaren 27an, greba eguna izango dute.


 

 

 

Prekarietate krisiak eta desberdintasunen areagotzeak baieztatzen dute susperraldi ekonomikoaren onurak ez zaizkiola gehiengo sozialari iristen

Eustatek argitaratutako Biztanleria Jardueraren Arabera Inkestaren arabera, 2016a 129.300 langabeturekin amaitu zen EAEn. %49a emakumezkoak dira, lan merkatuan duten partehartzea (%51,8) gizonezkoena baino apalagoa izan arren (%61,3). Hala ere, langabetuen %30,5 ez dago Lanbideko bulegoetan erregistratuta. Honek nabarmen uzten du herritarrek ez dutela konfidantzarik Enplegu Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunean. Eta hau ez da harritzekoa, Lanbidek EAEn egiten diren kontratazioen %3an soilik parte hartzen duela kontutan hartzen badugu.

Bereziki larritzekoak dira kide guztiak langabezian dituzten 50.000 etxeetan bizi duten egoera. Batez ere, langabeziagatiko babesa etengabe behera egiten ari dela hartzen badugu kontutan.

Lanbidek emandako informazioaren arabera, enplegu zerbitzu publikoan langabetu bezala erregistratutako hiru pertsonetatik batek soilik jasotzen du langabeziagatiko prestazioren bat.

Bestalde, 205.000 soldatapekok aldi baterako kontratua dute edo kontraturik gabe ari dira lanean, Beraz, ondorioztatzen dugu 334.000 pertsona baino gehiago daudela prekarietatea eta langabeziaren artean bizitzera behartuta. Egoera larritu egiten da gero eta gehiago baitira epe luzeko langabezian daudenak.

Azken finean, prekarietate krisiak eta desberdintasunen areagotzeak baieztatzen dute susperraldi ekonomikoaren onurak ez zaizkiola gehiengo sozialari iristen modu justu eta ekitatiboan.
 

 

 

Alde guztiei arduraz jokatzeko exijitzen diegu La Milagrosaren itxiera ekiditeko

Atzo osteguna, Miranda Fundazioko patronatokideek, aho batez, Ikastolen Elkartearekin negoziazioak bereskuratzea erabaki zuten. Denboraren premiak ez du errazten negoziazioaren normaltasuna, hurrengo urtarrilaren 30ean zabaltzen delako matrikulazio epea. LABek bat egin du asteburuko mobilizazioekin.

Ardura daukaten beste bi instituzioei, Hezkuntza Saila eta Barakaldoko Udalari, negoziazio prozesuan bitartekari izatea ere eskatzen diegu, akordioa posiblea izateko. Aldi berean, negoziazioak apurtuko balira, La Milagrosa ez ixteko egon daitezkeen aukerak guztiak aztertzea eskatzen diegu.

Horretaz gain, LABek bat egiten du langileek eta familiek antolatutako mobilizazioekin:
• 21, larunbata eta 22, igandean, manifestazioa 12:00etan Ikastetxetik abiatuta, Barakaldoko udaletxeraino.
• 23, astelehenean, 8:45ean eta 17:00etan, elkarretaratzeak ikastetxean.

Bide horretan, Barakaldoko herriari, Hezkuntza komunitate osoari eta sindikatuei mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu.