2026-02-07
Blog Page 955

Sareri babesa eskaini diogu Madrilen

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide eta Bilbo eskualdeko arduradun Marijo Romero Madrilen daude Sareri babesa emateko, Espainiako Auzitegi Nagusianegindako bista dela eta. Hain zuzen ere, zenbait alderdi eta eragiletako ordezkarik egin dute agerraldia, epaitegien atarian, Guardia Zibilak Sareri bahitutako 104.000 euroen harira. 2015. urteko urtarrilaren 10ean, presoen alde Bilbon egindako manifestazio jendetsuan bildutako dirua berreskuratzeko auzitegietara jo zuen Sarek, eta auzia Madrilera iritsi da gaur, bi urte geroago.

Sarek mobilizazio batera deitu du gaur, 19:30erako, Bilbon. Elkarretaratzea Moyua plazan egingo dute.
 

 

 

Gutxienez 13.000 lanpostu finko sortu beharko lirateke Osakidetzan izandako langile galerak orekatzeko

0

Osasun Sailak eta Osakidetzak prentsa ohar bidez kritikatu zuten sindikatuok pribatizazioen aurka egindako mobilizazioak. Gezur ugari jasotzen dira ohar horretan eta beraz esandakoak gezurtatzeaz gain egindako mobilizazioen arrazoiak gogorarazteko beharra ikusi da. Hain zuzen ere, kalera irten gara aspalditik Osakidetzan zein gainontzeko administrazioetan ezartzen ari diren pribatizazioak geldiaraztea. Horrez gain azpimarratu nahi dugu gutxienez 13.000 lanpostu finko sortu beharko lirateke Osakidetzan orain arteko murrizketek eragindako langile galerak orekatzeko.

Atzo bertan, pribatizazioen kontrako sindikatuon mobilizazioak kritikatzen zituen Osasun Sailak eta Osakidetzak plazaratu zuten prentsa oharrak ez dauka nondik heldu. Bertan agertzen diren gezurrak hain borobilak dira, ezen erridikuloraino heltzen baitiren eta edozein pertsonaren inteligentziari burla egiten dioten.

Gure mobilizazioen helburu ezkutua funtzionarioen kopurua handitzea dela esatea ere, horrela delegatu gehiago izateko, txiste txarra baino ez litzateke izango, adierazpenen larritasunagatik izango ez balitz. Kontseilari Jaunaren eta EAJ-PSE gobernu honen argudio falta ageri uzten du nabarmen.

Hain zuzen ere, plantilla handitzea da gure borrokaren ardatzetako bat. Izan ere, azken urteotan EAJ eta PSEk ezarritako murrizketen ondorioz, Osakidetzako langile kopurua beharrezko diren gutxienekoetatik urrun dago gaur egun. LABen aburuz, gutxienez 13.000 lanpostu finko sortu beharko lirateke Osakidetzan orain arteko murrizketek eragindako langile galerak orekatu, langileak egonkortu eta jasanezina den behin-behinekotasun tasa jaitsi ahal izateko. Baina ez ordezkari sindikal gehiago izateko, lan baldintza duinetan lan egin ahal izateko eta euskal jendarteak merezi duen osasun arreta eman ahal izateko. Jendarteak badaki eta zuek ere bai.

Hala eta guztiz ere, azken mobilizazioen helburua bestelakoa izan da. Aspalditik Osakidetzan zein gainontzeko administrazioetan ezartzen ari zareten pribatizazioak geldiaraztea. Zuek badakizue garbiketa, sukalde eta lentzeria zerbitzu propioak dauzkaten ospitaleak egon badirela, adibidez, Gurutzeta, Basurto, Donostia edo Usansolo-Galdakaoko ospitaleak –azken hau, eskualdekoa, Darpon Jauna-. Hori bai, gero eta zailagoa da zuen pribatizazio politikatik bizirik atera izan den adibiderik aurkitzea. Eta zuek badakizue ospitale batean kirofanoen garbiketak edo pazienteen elikadurak zer nolako garrantzia daukaten, besteak beste.

Bestalde, guztiz faltsua da zerbitzuen pribatizazioa merkeagoa dela. Frogatuta dago, Urdulizen hasita eta nazioarteko adibide askotan amaituz, pribatizatutako zerbitzuek ez diotela publikoen kalitate mailari eusten, garestiagoak direla eta lan merkatuaren baldintzak kaskartu egiten dituztela. Ekuazioa erraza da. Enpresa pribatuak atera behar duen etekina nonbaitetik atera behar da: lan baldintzak prekarizatuz, zerbitzuaren kalitatea jaitsiz edo biak. Zuk, Darpon Jaunak, ederki dakizu hori, IMQtik heldu baitzara oraingo kargura.

Erantzun nahi ez duzuen galdera honakoa da: kalitate txarragokoa eta garestiagoa bada, zergatik jarraitzen dute pribatizatzen, azpikontraten eta osasun pribatuari deribazioen bitartez? Negozio itzela dagoelako, diru publiko milioi asko esku pribatuetara heltzen direnak, ate-birakariak… “Marguello auziak”, ahozko epaiketa fasean sartu berri denak, Osakidetza eta Osasun Saila ustelkeria eta komisio ilegalen balizko eskenatoki bezala kokatzen ditu. Ez dugu ezer asmatu.

Eusko Jaurlaritza eta Osakidetza zerbitzuak pribatizatzen jarraitzen dute eta horretan jarraituko dute gelditzen ez baditugu. Horregatik, LABek aurrera eramango du Osakidetzaren pribatizazioaren kontra eta lan-baldintza duinak dauzkan kalitatezko osasun zerbitzu baten aldeko borroka.

 

 

 

Prekarietateak hil egiten duela salatu dugu berriro

Garraiolari bat hil zen astelehenean, Ikaztegietan, kamioi istripu bat izan ondoren. Transportes Insausti enpresako autonomo faltsu bat zen, eta enpresa horretako egoitza nagusian elkartu gara gaur lan heriotza salatzeko, euskal gehiengo sindikalak deituta. Oiartzungo Lanbarren industriagunean izan da elkarretaratzea.

Zortzi pertsona hil dira lanean, urtea hasi denetik. Astelehenean hildako garraiolaria izan dute gogoan gaurkoan, Oiartzunen, baina Elorrion beste langile bat hil zen atzo. 
 

 

 

Ainhoa Etxaide: “Jaurlaritza berriari prekarietatearen eta pobreziaren kontrako plan orokor eta estrategikoa egitea eskatzen diogu”

Jaurlaritzak publiko egin berri dituen aurrekontuek agerian uzten dute datozen urteei begira hartutako norabidea. Merkatuari begira egindako aurrekontuak dira eta bien bitartean jendarteak geroz eta bitarteko ekonomiko gutxiago ditu. Gai honen inguruan LABek emandako agerraldian Ainhoa Etxaide, Idazkari Nagusiak, azaldu du egoera honek baduela konponbidea, “aberastasuna banatuz dirua ongizate sozialean inbertitzea eta dauden eskuduntzak baliatzea garapen eredu zuzen bat ezartzeko”.

2008. urteaz geroztik, krisiak eta krisiaren kudeaketa politikoak kostu ekonomiko eta sozial izugarriak ekarri dituzte. Garesti ordaindu dugu, suntsitutako enplegua, murrizketak eta inposatutako erreformak direla eta. Gaur aurkeztu dugun txostenean jasotzen denaren arabera “babesa behar duten kolektiboak handitzen ari dira”, prekarietatearen gorakadaren ondorioz geroz eta gehio dira lan munduan egon arren babes publikoaren beharra dutenak. Gainera azpimarratu behar dugu kolektibo hauek daukaten babes maila murrizten ari direla. Horrez gain gehien dutenen eta gutxien dutenen arteko aldea handitzen ari da, eta hala izaten jarraituko du politikak aldatu ezean.

Jaurlaritzak badu zer aldatu hala erabakiz gero, “egoera soziolaborala aldatzeko bidea martxan jarriz eta aurrekontu sozialak eginez”. Baina Politika ekonomiko eta soziala Confebasken eskutan uztea erabaki du. Jaurlaritzak uko egin dio ditugun premien araberako eta merezi duen herri proiektuaren araberako aurrekontuak egiteari. Alderantziz “Jaurlaritza berriaren asmoetan ez dugu egitasmo bat bera ere ikusi errealitate sozioekonomiko berri bat eraikitzeko helburuarekin”. Beste adibide askoren artean AHTa, prekarietatean oinarritzen den eta prekarietatea indartuko duten Industria 4.0 lerroa eta ikerkuntzan aplikatutako murrizketak aipatu ditu Etxaidek.

Alternatiba badago aldaketa eragiteko borondatea egonez gero. Horregatik, Jaurlaritza berriari prekarietatearen eta pobreziaren kontrako plan orokor eta estrategikoa egitea eskatzen diogu eta plan horren arabera marraztu daitezela erreforma fiskala, enplegu plan berria, babes sistemaren erreforma eta emakumeen egoera iraultzeko neurri espezifikoak. Urrats hau, Confebasken bulegoetatik urrun, egoera ekonomiko eta sozial berri bat eraiki nahi dugunokin eztabaidatuz eta akordioak eginez soilik lortuko da.

 

 

“Estatu bat nahi dugu, baina proiektu konkretu baterako: euskal sozialismoa”

LABek solasaldia egin du Iruñean, burujabetza prozesuari zein ekarpen egingo dion ezagutzera emateko. Sindikatuak berretsi du Euskal Herriak estatu propio bat behar duela aldaketa soziala gauzatzeko, eta nabarmendu du ezinbestekoa dela burujabetza maila guztietan berreskuratzea, Kapitalismotik haragoko alternatiba eraiki nahi bada.

LABek antolatutako solasaldi zikloak aurrera darrai, eta atzo Iruñean izan ginen, “Burujabetza garaia” lelodun hitzaldia eskaintzeko. Solasaldi bera Donostian egingo dugu bihar, 18:00etan, Egiako kultur etxean.

Garbiñe Aranburuk eta Igor Arroyok hartu dute hitza Iruñean, eta euskal langileriak zein prozesu behar duen eta sindikalismoak zein ekarpen egin dezakeen azaldu dute, beti ere burujabetza aldaketa soziala gauzatzeko bidea dela nabarmenduta.

Arroyok adierazi du egungo egiturazko krisiari aurre egin behar diola prozesuak, herria egin beharrean, herria desegiten ari direla ohartarazi eta gero. Hala, des-herria kontzeptua jarri du mahai gainean; solasaldi zikloaren lehen mahai inguruan aipatutako gaia, hain zuzen ere. “Krisi garaian, ez da apusturik egin herri ikuspegi batetik. Eredu neoliberalaren alde egin dute nabarmen, bi arrazoi nagusiengatik: estatuei aurre egiteko borondate faltagatik eta, batez ere, kapitalaren proiektu ekonomiko eta sozialari aurre egin nahi izan ez diotelako”, esplikatu du LABeko ordezkariak.

Hortaz, bere iritziz, langileek behar duten prozesuak egiturazko ibilbide bat egin beharko luke, Kapitalismotik haragoko alternatiba eraiki nahi bada. Hortarako, eredu ekonomiko eta sozial berri baten eraikuntza ahalbidetzeko, burujabetza maila guztietan berreskuratzea ezinbestekoa dela azpimarratu du: “Elikadura, energia eta herri mailan behar dugu burujabetza. Elite trasnazionalek eta estatuek bahitutako burubajetza berreskuratu behar dugu Estatu propio bat eraikitzeko, eredu ekonomiko eta sozial berri horren tresna izango den estatu bat lortzeko. Bide hori egin behar dugu, gaurtik hasita, Euskal Herria banatzen duten hiru errealitate instituzionaletatik abiatuta, Estatu Konfederal batekin lotzeko”, esan du Arroyok. LABek prozesu egituratzaile eta eraldatzaile bat defendatzen duela berretsi du, eta esparru berriak langileen gehiengoaren gizarte eskakizunei erantzun beharko liekeela azpimarratu du: “Aldaketa politiko eta soziala txanpon bereko bi aurpegi dira. Hala ulertzen dugu guk”, erantsi du.

Garbiñe Aranburuk Euskal Estatuaren proiektuari buruz hitz egin du: “Ez dago herri proiekturik egitasmo sozioekonomikorik gabe. Estatu bat nahi dugu, baina proiektu konkretu baterako: euskal sozialismoa. Hau da Euskal Herriko gehiengo sozialari egiten diogun eskaintza, prozesuarekin bat egin dezaten”.

Sindikatuak proiektu hori lortzeko ekimena hartu duela azaldu du, eta konpromiso hori 9. Biltzar Nagusian berretsiko duela jakinarazi du.

Era berean, LABek kontraboterearen paperean sakonduko duela adierazi du, kapitala eta erakundeen aurrean, aipatutako proiektua garatzeko egungo eredu ekonomiko eta soziala defendatzen dutenekin borrokatzea baino beste biderik ez dagoelako. “Gure eredu sindikala berritu dugu bizitzaren prekarizazioa geldiarazteko eta kapitalaren aurkako borrokan eraginkortasuna irabazteko”, aipatu du Aranburuk. “Patronala eta erakundeen arteko sinbiosia puskatu behar da. Instituzioek langileen gehiengo sozialaren zerbitzura egon behar dute”, esan du.

Burujabetza lortzeko prozesuak aliantzak behar dituela azpimarratu du. Zentzu honetan, adierazi du “logikoa eta beharrezkoa” dela beste gizarte sektore batzuekin herri akordioak lortzea. Gurpil-zoro batean gaudela onartu du, non EAJri interpelazioak egitera mugatu garen, jeltzaleek aldaketarako borondaterik ez dutenean. “Sindikatu, alderdi eta ezkerreko indarren artean zein akordio mota behar dugun planteatzeko ordua da, gurpil-zoro horrekin amaitzeko”, erantsi du.

Iruñeko solasaldia osorik

 

 

 

Elorrioko Metal Smelting enpresan hildako langilearen heriotza salatu nahi dugu

Honekin, 8 dira 2017an zehar Euskal Herrian laneko istripuz hil diren langileak. Istripu gehienen atzean bezala, kasu honetan ere, enpresaren egoera, lan baldintzen prekarietatea, laneko erritmo bortitzak eta lan gainkargak salatu behar ditugu.

Lehen Fundiciones San Eloy zena, konkurtso gogor eta luze baten ondoren, Metal Smelting-eko jabeak erosi zuen. Langileen arteko tentsioak, etorkizunaren belztasuna, eguneroko ika-mikak, negoziazioak… une gogorrak bizi izan zituzten; eta, gaur egun ere, ondorioak pairatzen dituzte.

Enpresa berriak egindako lehen gauza kaleratzeak eta lan baldintzen okertzea izan zen; baita beldurraren politika aplikatzea ere.

Presioa, laneko erritmoak, prebentzioarik eza… guztiz salagarriak dira enpresa honetan. 2014ko urrian laneko heriotza bat egon zen eta LABek, orduan ere, argi eta garbi salatu genuen egoera.

Administrazioek ordea, horrelako jardunak txalotu egiten dituzte, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa 2016ko ekainean diruz laguntzeko erabakia publiko egin zuen. Beste behin ere, politikariak kapitala babesten ikusi ditugu, langileak eta haien bizitzen gainetik.

Langileok ezin dugu onartu urtero istripuen kopuru hau. Ezin ditugu kapitalaren mesedetan diharduten politikak jasan. Presioekin, laneko erritmo bortitzekin, beldurraren politikaren… bukatu beharra dugu.

Elkarretaratzea, bihar, Oiartzunen

Ikaztegietan, atzo, beste langile bat hil zen; garraiolari bat, kasu honetan, errepide istripu baten ondorioz. Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzea egingo du bihar, asteazkena, Oiartzunen, lan heriotz hau salatzeko. 
 

 

 

Jasoko langileek 50 egun bete dituzte greban

0

Asteazkenero bezala, Ordiziako azoka dela eta, manifestazioa egingo dute bihar. Hamargarrenez hartuko dituzte Ordiziako kaleak, hitzarmen duin baten alde. Gaur, berriz, Itsasondoko lantegiaren kanpoaldean egin dute protesta. 2015 amaieratik hitzarmenik gabe daude, eta 16 hilabete eman dituzte jada negoziatzen.

Hauxe da Jaso Itsasondoko enpresa batzordeak gaur argitaratutako oharra:

Greba abenduaren 1ean hasi genuen batzarraren %70aren babesarekin. Gaur 50. greba eguna dugu eta bihar, 10. manifestaldia egingo dugu Ordiziako azokan. Aipatu behar dugu, 2015 amaieratik hitzarmenik gabe gaudela eta 16 hilabete daramatzagula negoziatzen. Martxoan aste beteko greba ere egin genuen, egoera desblokeatzeko helburuarekin.

Igoera ekonomikoen gainetik, eskubide sozialak lortu nahi ditugu eta enpresan dagoen diskriminazioarekin amaitu. Tailerreko langileen nominaren homogeneizazioan eta gaixotasun bajetan dago negoziaketa blokeatua. Helburua, presarik gabe baina pixkanaka tailerreko langileen egoera bulegoetakoarekin berdintzen joatea da. Ulertzen dugu ardura gehien duten langileek diru gehiago irabazi behar dutela, baina eskubide sozialek ere denentzako berdinak izan behar dute.

Greban sartu aurretik eta greban gaudela ere, langileak behin eta berriz hitzarmenaren gatazkari irtenbide bat eman nahian gabiltza eta enpresa berriz, ez da batere mugitzen.

Langileok mugimendu garrantzitsuak egin ditugu egoera desblokeatzeko, hoien artean:

– Lorturiko soldata igoera jaistea proposatu diogu zuzendaritzari homogeneizazioak duen kostu guztia konpentsatzeko.

– Gaixotasun bajei jarraipena egin eta absentismoak nabarmen gora egingo balu, hurrengo hitzarmenean baldintza okerragoak sinatzeko gure konpromezua hartu genuen.

– Ikusirik enpresan akordio batera iristea ezinezkoa zaigula ikusita, PRECOraen mediazioa deitu genuen eta erakunde neutral honek esandakoa onartzeko konpromisoa hartu genuen. Dakizuen bezala enpresa etzen agertu.

– Tartean mugimendu gehiago ere egin ditugu

Zuzendaritzak egindako mugimenduei dagokienez, ez dute mugimendurik egin eta horrelaxe aitortzen dute, ez direla beraien posiziotik mugitu.

Otsailaren hasierako batzarra

Bi hilabete greban egon ondoren, komenigarria ikusten genuen beste batzar bat egitea. Esan behar dugu, oso ondo joan zela, langileak oso indartsu gaudela eta denok argi dugula ez garela lanera sartuko zuzendaritzak punturen batean jarrera aldatu gabe. Helburua ez da garaipen batekin ateratzea, baizik eta bi aldeak akordioarekin pozik irtetea eta pixkanaka, eskubide sozialak lortzen joatea. Batzar hau, komitearentzat eta langileentzat oso garrantzitsua izan zen, batzarrak, indar handia duela erakutsi zuelako bi hilabete ondoren.

Gizarte geroz eta indibidualista eta egoistagoa dugun honetan, JASO Itsasondoko batzarra, elkartasun eta duintasunez betea dago. Greba babesten ez duten langileon inguruan, esan, JASOn gertatzen dena lotsagarria dela. Ez dago eskubiderik langile batzuen borroka eta sufrimenduaz lortzen diren hobekuntzak aprobetxatzea, beste batzuek ezertxo ere egin gabe. Badakigu, langile batzuk presio handia duzuela grebara irteteko, baina urrats hori eman behar duzue, zuen laguntzaz eta denok bateginik langileon eskubideak defendatzeko bidea askoz errazagoa izango baita. Presiorik ez eta greba babesten ez dezuten langileon jarrera ulergaitza eta onartezina egiten zaigu.

Oso kezkatuak gaude bai hitzarmen honekin eta batez ere gure etorkizunarekin. Zuzendaritzak jarrera aldatu behar du, langileak entzun egin behar ditu, horrela ezinezkoa da harreman normal bat eramatea enpresa baten barruan. Langileak eta zuzendaritza bat eginda ez bagaude, Plan Industrialik onenak ere ez du balioko gure enpresa aurrera ateratzeko. Langileok prest gaude elkarlan hori berreskuratzeko eta gure indar guztiak JASO indartsuago bat izaten laguntzeko baina horretarako, beharrezkoa da harremanetan eta eskubideetan enpresa justu eta demokratigoagoa izatea. Badakigu egun batetik bestera ez dela egiten baina hori izan behar da bidea.

Amaitzeko, gaur Goierri eta Tolosaldeako enpresa ezberdinetako delegatu sindikal ugari Itsasondon izan dira gure borrokari babesa eman eta elkartasuna adieratziz. Mila esker JASO Itsasondoko batzarraren partetik, gu ere zuekin izango gara behar duzuenean.
 

 

 

Osakidetzaren pribatizazioaren aurka irten gara kalera

0

Osakidetza pribatizatzearen aurka mobilizatu gara gaur Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Hain zuzen ere, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok erabaki dugu beharrezkoa dela berriro kalera ateratzea, Osakidetzak bere jarrera aldatzen ez duen bitartean. "Haien esku dago gatazka hau bideratzea", adierazi dugu gaurko protestetan.

Sindikatuok berriro ekin behar izan diegu mobilizazioei, pribatizazio gehiagoren mehatxuen aurrean. Zehazkiago esateko, Osakidetzak pribatizazio berri hauek azaldu ditu: Urdulizko Ospitaleko lentzeria eta sukaldaritza, Lezako Ospitaleko garbikuntza-zerbitzua, informatika-zerbitzua kanpora ateratzea edo Eibarko Ospitalea ireki orduko zenbait zerbitzu kudeaketa pribatuaren esku uztea, besteak beste, errehabilitazioarena.

Osakidetzak pribatizazioaren estrategiari eusten dio. Eta sindikatuok egiaztapen bat azpimarratu nahi dugu: osasun-sistemak zenbat eta pribatizatuago egon, orduan eta desberdintasun handiagoa osasun-zerbitzuak eskuratzeko. Guk apustu egiten dugu ekitatearen alde; baina, horretarako, ezinbestekoa da gure osasun publikoa sendotzea.

Osakidetzaren politikak gehiago begiratzen du interes pribatuengatik, herri-onuragatik baino, otsailaren hasieran egindako agerraldian azaldu bezala. Hortaz, hau guztia salatzeko, kalera irten gara gaur.

 

 

 

Ardura penal eta politikoak eskatuko dizkiegu Kutxabankeko iruzurraren berri zutenei

LAB, ESK, STEILAS, EHNE Bizkaia eta HIRU sindikatuok eta Pentsionistak Martxan eta EKA kontsumitzaileen elkarteak osatzen dugun akusazio partikularrak agerraldia egin dugu gaur Bilbon, Kutxabank auziaren balorazioa egiteko. "Akusazio partikular hau oso pozik dago urte honetan gauzatutako ibilbidearekin, baina gure egitekoa ez da hemen eta ez orain bukatzen", nabarmendu dugu.

Hauxe da akusazio partikularrak gaur egin duen irakurketa:

LAB, ESK, STEILAS, EHNE Bizkaia eta HIRU sindikatuok eta Pentsionistak Martxan eta EKA kontsumitzaileen elkarteak osatzen dugun akusazio partikularrak publiko egingo ditu epaiketaren ondorioak.

Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafel Alcortaren aurkako epaiketa, euskal aurrezki kutxak likidatzea eta berau banku batean bihurtzea eta 15 pertsonen esku akzioak kapital pribatuari saltzearen erabakia, euskal jendarteari egindako expolio horren barnean kokatzen da. Erabaki hori hartu duten alderdi politikoek, mesede tratuak, klientelismoa eta kromoen elkarbanatzea egin behar izan dituzte prozesu honetan, horrelakoak izan dira EAJ, PP eta PSEren arteko negoziazioak.

Behin epaiketan zuzeneko egileen adierazpenak entzunda, argi geratu zaigu arrazoia geneukala eta iruzur hau salatu beharra geneukala Euskal Kutxetan fede onez beraien aurrezkiak sartuta zituzten aurreztaileen alde. Akusatuen lekukotzek ezin izan dituzte ukatu leporatzen dizkiguen delituak: administrazio desleiala, dokumentuen faltsutzea eta bidegabeko jabetzea.

Frogatua geratzen da bestalde, ustezko iruzur honen bultzada politikoa ere. Oso argi utzi digute Mario Fernandezen adierazpenek epaiketan zehar. Cabieces kasua, ate birakarien betiko funtzionamenduarekin argitu nahi izan da. Baina guk argitara atera arte, kargu politiko ohi bat finantziatzeko modu bat baino ez zen, honek ustez lan egiten zuen enpresari inolako lan zerbitzurik eskeini gabe. Gogorarazi beharra dago gainera, Cabiecesek Kutxabanketik ia 6.000 euro kobratzen zituen momentu berean, antzeko kopurua kobratzen zuela Iberdrolako Administrazio Kontseiluko kide izatearren, eta horretaz aparte, 14.000 euro kapitalizatu zituen langabeziatik.

Akusazio partikular hau oso pozik dago urte honetan burutu dugun ibilbideaz, baina gure egitekoa, ez da ez hemen ez orain bukatzen, beharrezkoak izan gara Kutxabank auziko iruzurraren egile zuzenak akusatuen aulkian eseri daitezen, baina ahal dugun neurrian, lanean jarraituko dugu pribatizazio prozesu honetan eta kutxen akzioen salmenta prozesu ilun honetan beste bidegabeko ordainketarik edo klientelismorik egon den argitu dadin.

Gure ustez, orain arduradun politikoei dagokie aurpegia ematea eta beraien ardurak hartzea. Beraien gardentasun diskurtsoak eta ustezko zintzotasuna ez datoz bat harria bota eta eskua izkutatzearekin.

Akusazio partikular honek bi eta hiru urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu Kutxabankeko iruzurraren zuzeneko egileentzako, baina era berean, hauen berri jakin, eta BBKko patronatotik eta zuzendaritza organoetartik honen jakitun izan zirenei ardura penal eta politikoak eskatuko dizkiegu.

Kutxabank publikoa izatea exijitzen dugu, pribatizazio prozesuan atzera egin dadila, euskal ehun produktiboak eta orokorrean euskal jendarteak behar duena euskal sistema fiantziero publikoa delako. Horrela bakarrik ekidin daitezke esku artean dauzkagun iruzur hauek.