2026-02-07
Blog Page 953

Euskotreneko langileek epaitegiaren aurrean defendatu dute greba eskubidea

0

Euskotreneko batzorde iraunkorrak 24 orduko lan uzte bat deitu du gaurko, sindikatu guztien babesarekin. Hain zuzen ere, greba eskubidea defendatzeagatik zenbait langile epaitu dituzte eguerdian, eta haiei babesa emateko eta greba eskubidea bera aldarrikatzeko protesta egin dute Egiako epaitegien aurrean.

Greba "funtsesko" eskubide bat dela nabarmendu dute Euskotreneko batzordeko iraunkorreko ordezkariek, eta eraso horren aurrean ez direla besoak gurutzatuta geratuko adierazi dute. Gainera, azpimarratu dute epaitu dituzten langileek "inoiz egin ez den" greba batengatik dela, bertan behera geratu baitzen azkenean.

Bestalde, Euskotreneko langileek hainbat protesta egin dituzte otsailean zehar, lan gatazkak bere horretan jarraitzen duelako.
 

 

 

Gorrotoaren autobusak ez dauka tokirik Euskal Herrian

Chrysallis erakundeak ume transexualek bizi duten errealitatea jendarteak ikustarazteko egindako kanpaina eta gero, Hazteoir Madrilgo eskuin muturreko erakunde ultrakatolikoak gorrotoa bultzatzen duen kanpaina jarri du martxan. Ekimen honen gorroto mezua autobus laranja batean ibiliko da Estatu guztitik, eta Euskal Herrira ere helduko da martxoaren hasieran, martxoaren 8arekin bat. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egongo omen dira eskuorriak banatzen.

LABek ozen salatu nahi du aniztasun sexuala eta genero eskubideen aurkako urraketa hau. Oinarrizko eskubideen aurka jotzen dute eta gorrotoa bultzatzen dute. Hori dela eta, Euskal Herrian ez dugu onartuko horrelako mezurik gure kaleetan. Gorrotoa sustatzea zigortua egon behar da. Horrela bada, bi eskaera argi egiten dizkiegu dagokien administrazioei: alde batetik, ez dezatela baimendu autobus hori gure errepide eta kaleetan izaterik, ez autobus hori, ezta antzeko mezurik izan dezakeen beste ekimenik ere. Eta beste alde batetik, akusazio bezala ager dadila gorrotoa eragiten dutenen aurrean, horrelako mezuek indarkeria dakartelako. Kasu honetan, gainera, berez sistema heteropatriarkal honek zigortuta dauzkan haur transexualen aurka.

Autobusak testu hau darama: “mutilek zakila daukate”, “neskek alua daukate” “ez zaitzatela engainatu”, “gizon jaiotzen bazara, gizona zara” edo “emakumea bazara, izaten jarraituko duzu”. Oso ondo zaindu dute beraien mezua teknikoki salagarria izan ez dadin, baina aurrekariak dituzte, gure ikastetxeetara aniztasun sexualaren aurkako mezu guztiz argiak zeuzkan gidak bidali zituzten, zabaldu zitezen.

Erakunde honek egungo sistema ez aldatzea babesten du, aldaketari dio beldurra, eta horren aurrean, gure lana, diskurtso hori desmontatzea izan behar da. Oinarrizko eskubidea da generoa askatasunez aukeratzea, eta edozein adinetan horrela izan dadin bermatu behar dugu, bai ikastetxeetan, baita nagusiagoetan ere, lantokietan.
 

 

 

Bellotako Enpresa-Batzordeak mobilizazioak egingo ditu biltegi zerbitzua kanpora ateratzearen aurrean

0

Bellotako enpresa batzordeak, enpresak biltegi zerbitzua kanpora ateratzeko asmoa zuela jakin bezain laster, mobilizazioei ekitea erabaki du. Batzordearen iritziz premiazkoa da bestelako alternatibaren bat bilatzea. Helburu honekin hainabt ekimen martxan jartzea erabaki dituzte, besteak beste elkarretaratzeak egingo dituzte martxoaren 1 eta 2an.

Enpresa batzordearen oharra:

Kanporatzea, eta ondorioz, BHko biltegia ixteko iragarpenaren aurrean, jarraian duzuen balorazioa egiten du Enpresa-Batzordeak:

– Ez da biltegiaren arazoa Bellotarena baino, bere osotasunean, eta horrela egin behar zaio aurre.
– Itxiera honek jardueraren galera garrantzitsua suposatzen du Legazpiko Bellotan. 25 langileri eragiten dio.
– Eragin negatibo zuzena du enpleguan, langile finko zein aldi baterakoei eragiten dielarik.
– Egoera hau, beharrizan berriei egokitzeko beharrezko inbertsioen falta eta azken aldiko antolaketa gabezien ondorio da.
– Litekeena da neurri honen ondoren beste neurri batzuk etortzea, gu guztion etorkizuna arriskuan jar dezaketenak. Besoen lerroa Zumarraga lekualdatuko dela iragarrita dago, eta ez da ezta aukera moduan aurreikusten Bellota Legazpiko beste leku batean kokatzea.

Horregatik guztiarengatik, Enpresa-Batzordeak mota honetako neurriak gaitzesten ditu eta enpresari exijitzen dio, Bellotako atal eta lerroak kanporatzea izango ez den alternatibaren bat bilatzea.

Enpresa-Batzorde honek ulertzen du Bellotan enplegua izan nahi badugu, beharrezkoa da guztion mobilizazioa beranduegi izan baino lehen. Horregatik, zenbait ekimen jarriko dugu martxan eta asanblada orokorra ere deituko dugu. Asanblada honetan guztion artean erabakiko ditugu jarraitu beharreko urratsak.

Momentuz, Enpresa-Batzordeak kontzentrazioak egingo ditu enpresa atarian bihar, martxoaren 1a, eta etzi, martxoaren 2a, 13:30etik 13:30era.

 

 

 

martxoak 3, borrokarako eguna


1976ko martxoak 3an Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda Poliziak hil zituen Gasteizen. Urteak pasa arren, Gasteizko langileriaren eta hiritarren aurkako sarraski haren errudunek hor jarraitzen dute zigorgabe. Hau onartezina da, gertatutakoa aitortzea eta memoria kolektiboa eraikitzea ezinbesteko zeregina da. LABek gogoan ditu langile haiek eta haiek hasitako lana bururaino eramateko borrokan jarraitzen dugu. Aurten ere egun osoan zehar hainbat mobilizazio egingo ditugu.


 

 

 

Prekarietatearen aurkako dinamika Larratxora iritsiko da ostiralean

Pintxo prekario lehiaketa, garbi-kirolak, murala, denboraren tunela, aholkularitza sindikal eta juridikoa, mahai ingurua… Larratxoko Josu Artetxe plazan, hainbat jarduera egingo ditugu Ostiral Duinak dinamikaren baitan, 17:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, LAB elkarguneak antolatzen ari da Euskal Herriko hainbat txokotan, kapitalismoak eragindako gaitzari aurre egiteko. Altzara iritsiko da oraingoan, eta, 18:30ean, mahai inguru interesgarri bat proposatuko du, besteak beste: "Emakumea eta prekarietatea, zapalkuntzak bizi etapa desberdinetan" leloarekin, hain justu.

Prekarietatearen aurkako lehen elkargunea Gasteizen egin genuen, joan den otsailaren 10ean. Ondoren, leku hauetan gauzatuko dugu dinamika: Larratxon, ostiral honetan (martxoaren 3an); Iruñean, martxoaren 17an; Bilbon, martxoaren 24an; Oarso Bidasoan, martxoaren 31n.

Hain zuzen ere, prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin antolatu ditu LABek elkarguneak, lan prekarioa betetzen dutenek bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Dinamika honetan parte hartzera animatzen zaitugu, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

. 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu
. Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztuta
. Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko
. Gutxiengo orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian
. Laneko ikuskaritzak kontrol eragingorra egitea enpresei

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokitan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunik. Euskal Herrian langile txiroak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez, LABek egoera honetara ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu, eta emaitza latza da: langileen %80ek lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi dute, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen dizugu, denon eskubideen alde eragiteko!
 

 

 

Legebiltzarrean ere salatu dugu Mahai Orokorraren ez-negoziazioaren egoera

EH Bilduk eskatuta, aurreko ostiralean EAEko administrazioetako sindikatu nagusiok parte hartu genuen Gasteizko parlamentuko gobernantza batzordean, Mahai Orokorraren negoziazioaren egoera azal genezan. Aukera probestu, eta parlamentariei ere lehen eskutik azaldu genien zein den benetako egoera: Jaurlaritzaren aldetik murrizketei eutsi eta negoziaziorik ez, edukirik ez, konfiantzarik ez, borondaterik ez.

Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, Jaurlaritzak egindakoa baloratu genuen:

-Ez du arazoak konpontzeko eta zerbitzu publikoak garatzeko borondaterik.

-Ez du negoziatzeko borondaterik ere, sindikatuok planteatzen dugun enpleguaren gaiari ez dio heldu nahi. LAB prest dago behar ditugun zerbitzuak aztertzeko, eta plan bat egin ondoren guztiok konpromisoak hartzeko.

-Edukirik eta egutegirik gabeko negoziazioa da. Bakarrik murrizketak arintzera baina mantentzera mugatu nahi du bilera dinamika hutsalak.

-LAB ez da fidatzen akordioak alde bakarrez urratu eta betetzen ez dituen solaskide batekin. Negoziazio bat abiatzeko konfiantza ezinbestekoa da, eta Jaurlaritzak atzera bota beharko lituzke egindako murrizketak eta pribatizazio prozesuak.

-Beste erakunde askotan (udalak, aldundiak, Nafar Gobernua…) murrizketak atzera botatzeko eta negoziaziorako borondatea badago, gobernuetan kolore guztietako alderdiak egonik. Jaurlaritzak ez du borondate politikorik zerbitzu publikoen eta bere langileen egoerari buelta emateko.

Agerraldia Jaurlaritzak aurkeztu berri dituen aurrekontuen proiektuaren testuinguruan eman da, une erabakigarrian beraz. Sailburuordeak bileran esandakoaren berri eman genien parlamentariei, hau da «murrizketak ez ditu Jaurlaritzak egiten, parlamentuek baizik». Batetik, Jaurlaritzak ardura gainetik kendu nahi du, aurrekontu proiektua berak prestatzen baitu, murrizketa proposamen guztiekin. Bestetik egia da, parlamentariek erantzukizun handia dute Euskal Herriko sektore publikoa garatzeko bidean: edo horren aldeko apustua egiten dute, edo pribatizaziora eta prekaritatera goaz, neoliberalismo gordinean.

Legebiltzarrean egindako ekimena garrantzitsua izanik, ezin dugu zerbitzu publikoen eta langileon etorkizuna soilik agerraldi eta bilera instituzionalen esku utzi eta mobilizatzen jarraitu behar dugu. Adi beraz hurrengo deialdiei!
 

 

 

Gorabideko langileek borondatezko lanak egiteari utziko diote martxoaren 1etik aurrera, protesta neurri bezala

Gorabideko enpresa batzordeak manifestazioa egin du gaur Bilbon, Gran Vian. Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurretik abiatu da protesta, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean amaitu da. Akreditazio soziosanitarioko dispositiboa berehala zabaltzea exijitu dute, langileen lanpostuak arriskuan daudenean. Mobilizazioaren amaieran, inplikazioa eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari egungo hitzarmenaren negoziazioan. Hitzarmen honek ez du langileentzako hobekuntzarik izan 2011tik hona.

Langileek iragarri dute datorren martxoaren 1etik aurrera uko egingo diotela borondatezko lanak egiteari hitzarmenaren egungo egoeraren aurreko protesta neurri moduan. Enpresak egindako azken proposamenak hitzarmena 2019ra arte itxi nahi du enpresa-batzordea blokeatzeko asmo garbiarekin oso hobekuntza ekonomiko txikiarekin eta beste gainontzeko lan-baldintzak berraztertu gabe.

Zentro arteko Batzordeak, eskaintza ekonomikoan urte hauetan galdutako eros ahalmena neurri batean berreskuratzea ahalbidetuko duen igoera bat eskatzeaz gain, ordezkoei egonkortasuna eta lan-baldintza duinak bermatuko dizkien lan-poltsa baten sorrera eskatzen du, Aldundiarekin sinatutako lankidetza- hitzarmenak erakustea, langileei kontratatutako baldintzak (ratioak, euskalduntze planak) betetzen diren konprobatzea, etengabe gorant doazen kanpo aholkularitza zerbitzuen kontratazioari buruzko informazioa, kategoria profesionalen funtzioen errebisioa, permutei buruzko akordioak eta aurrejubilazioei buruzko lanerako mahaia.
 

 

 

Benetako industria politika bat martxan jartzeko eskatu diogu Jaurlaritzari, sektorearen egoera larria ikusita

0

Agerraldia egin dugu gaur, euskal industriak bizi duen egoeraren inguruan gure kezka azaltzeko. LABen iritziz, industriaren etorkizuna kolokan dago hartzen ari diren erabakien ondorioz. Azterketa sakon bat egin dugu, eta ateratako ondorio nagusiak prentsaurrekoan azaldu ditugu. "Basque Industry 4.0. kontzeptua asmatu du Euskoa Jaurlaritzak, errealitatea estaltzeko asmoz. Sinestarazi nahi du industriaren eraldaketa ematen ari dela, baina ez da horrela. Industria 4.0. prozesua, enpresen digitalizazio eta eraldaketa eman emango da, hemengo industriak biziraun behar badu, baina ez dira hori bultzatzen ari, ez dira ari industriaren eraldaketa laguntzen ari", adierazi dute LABeko ordezkariek.

"Ez dago benetako industria politikarik. Espainiako eredua da ezartzen dena: lan kosteak murrizten dira balio erantsia dituen produktuen aldeko inbertsioa bultzatu beharrean. Industria, teknologikoki aurreratua izateaz gain, aurreratuak izan behar du jendartearen ikuspegitik, baina baita lan baldintzen ikuspegitik ere. Tamalez, bai patronala bai Eusko Jaurlaritzaren apustua guztiz kontrakoa da", salatu dute LABeko kideek, Bilbon egindako agerraldian (ikus txostena).
 

 

“Bertan lan eta bertan erabaki” aldarrikatu dugu Santurtzi eta Pasaiako portuetan

0

Milaka lanpostu suntsituko ditu Espainiako Gobernuak, kaietako zamaketariei eragingo lieken dekretua aurrera eramanez gero. Santurtzi eta Pasaiako portuetako langileei, zein Ezkerraldeko eta Oarsoaldeko ekonomiei bete-betean eragingo lieke. Honengatik, elkarretaratzeak egin ditugu gaur, aldarri batekin: beharrezkoa deritzagu, Gernikako Estatutua sinatu eta 38 urte igaro diren honetan, euskal portuetako kudeaketa transferentziari, berriki sinatu den sindikatuen arteko itunaren babesean, Euskal Herrian bertan, lan baldintzak ados ditzagun.

PPren gobernuak legeak egin nahi ditu sektore oso bateko iraizpena legeztatzeko: enpleguak erregulatzeko espedienterik gabe. 2008. urtean amaitu zen zamatze lanak pribatizatzeko prozesua, oso emankorra den sektore berria pribatizatu da. Egungo egoera finkatzeko bide osoa egin dute.