2026-01-02
Blog Page 952

Aitzol Gogorzak etxean egon beharko luke

Oreretako presoaren kaleratzea aldarrikatu du Oarso-bidasoako gehiengo sindikalak. Bereziki kezkatuak gaude Aitzol Gogorzaren egoerarekin. Hain zuzen ere, obsesio konpultsiboa du, desoreka depresiboarekin batera. Krisialdiak izaten ditu bata bestearen atzetik, bere buruaz beste egiteko saio tartekatuak, aldiro ingresatua izan behar du Basurtoko ospitalean… Azken gertaera, joan den hilean sufritutako biriketako tronboenbolia izan da, zeinaren ondorioz berriz ere ospitalean ingresatua egon den. Espetxean mantentzeak bere osasuna larriki kaltetzen du.

Egoera hau giza eskubideen ikuspegitik onartezina dela iritzi dugu, eta, horregatik, elkar batu eta salaketa amankomun bat egin nahi izan dugu, Oarso-Bidasoako gehiengo sindikalaren izenean:

-Aitzolen berehalako etxeratzea exijitzen dugu. Bere egoerak hala eskatzen duelako eta beste edozein egoera mendeku gosetik soilik uler daitekeelako.

-Aitzolek bezala, beste preso askok ere salbuespen egoerak pairatzen dituzte. Hala izanik, langileak deitzen ditugu egoera hauek salatu eta mobilizazio desberdinetan parte hartzera.
 

 

 

Enpleguaren defentsa izango dugu ardatz EAEko Funtzio Publikoaren Mahaian

EAEko Funtzio Publikoaren Mahaian ordezkaritza daukagun lau sindikatuok negoziaziorako mahairako deialdia jaso ostean, LABek azpimarratu nahi du premiazkoa dela EAEko zerbitzu publikoetako langileen egoerari erantzun bat ematea. Helburu honekin, enplegu publikoa sortu, dagoena egonkortu eta murrizketak atzera botatzea izango dira LABen lehentasunak negoziatzerako orduan.

Pasa den urtarrilaren 19an EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean ordezkaritza daukagun sindikatuak negoziazio mahairako deialdia jaso genuen. LABen ustez, urgentea da EAEko zerbitzu publikoetan dauden langileen egoerari beharrezkoa duen garrantzia ematea. Urteetan jasandako murrizketak eta Europako epaitegietatik heldu diren sententziak, nahi eta nahi ez negoziazio mahai horren testuingurua baldintzatu egiten dute, aurtengo kasuan langileon alde.

Gobernutik planteatu zitzaigun bilerarako gai ordena ikusita, gure itxaropenak oso txikiak ziren. Bileran oso garbi gelditu zen Gobernuak ez dituela murrizketak atzera bota nahi, enpleguaren gaiarekin bide propio bat egiteko borondaterik ez daukala eta gainera langile publikoen eros ahalmena zigortzen jarraitu nahi duela.

Eusko Jaurlaritzaren jarreran ez da negoziaziorako borondaterik atzematen. Langile publikoen lan baldintzetan zentralak diren gaiak erabakitzen dituen negoziazio mahaia antzerki hutsa bihurtu du. Gainera, adostasunerako gonbitea luzatzen digu sindikatuoi, negoziazio egutegi edo dinamikari proposatzen ez duenean. LABen ustez, negoziaziorako borondatea frogatzeko bi baldintza bete behar ditu Jaurlaritzak: lehena, alde bakarrez hautsitako akordioak osorik bete, egindako murrizketa guztiak atzera botaz; bigarrena, mahaian aurrera egiteko negoziatzeko gaiak planteatuz, edota sikiera onartuz. LABen eta gainontzeko sindikatuen iritziz enplegua da hain zuzen gai garrantzitsuena.

LABek uste du jarrera hori onartezina dela. Jaurlaritzak erantzukizuna gainetik kendu nahian Espainiako aurrekontuak jartzen ditu mugarri, eta Eusko Legebiltzarraren teilatuan jartzen du langile publikoen lan baldintzen etorkizuna. Gure ustez zerbitzu publikoak defendatzeko eta garatzeko bidea hartu beharko genuke EAEn; horretarako beharrezkoak diren aurrekontuak aurkeztu behar dira eta oraingoz ez dugu horretan Eusko Jaurlaritza ikusten.

Bide propioa jorratzeko, ezinbestekoa da Enplegu Plan bat egitea. Hauek lirateke, LABen iritziz, nahi eta nahi ez jorratu behar diren gaiak:

Gaur egun Mahai Orokorraren eraginpean dauden administrazio ezberdinetan gutxienez 20.000 langileek finkatu gabeko lanpostu batean lan egiten dute, estrukturala den eginkizunak aurrera eramaten. Horren harira:

  • Lanpostuen Zerrendak berrikusi eta lanpostu horiek aitortu eta finkatu egin behar dira.
  • Egoera berezian dauden kolektiboei beraien espezifikotasuna onartu behar zaie.
  • Lekualdatze lehiaketara bakante dauden lanpostu guztiak atera behar dira.
  • Ordezkapenak lehenengo egunetik bermatu egin behar dira.
  • Enplegu plan oso bati lotutako Deialdi Publikoak egin behar dira, kontsolidazio deialdiak lehenetsiko dituena finkatutako bakanteen kasuan eta etorkizunean jubilatuko diren lanpostuen 100% kontutan hartuko duena.

Gure ustez enpleguaren gaiak daukan larritasuna dela eta, trataera berezitua eskatzen du, bertakoen adostasunetan oinarrituta, inposiziorik eta kanpoko injerentziarik gabe.

  • Langile publikoen eros-ahalmena berreskuratzeko plangintza bat egin behar da. EAEn azken 6 urteetan %13ko galera metatzen ari gara.
  • Gaixotasun arruntak direla eta, langile guztiei bere soldataren 100% osagarria ordaindu salbuespenik gabe. Aipatu behar dugu Gobernuak esanda neurri honen kostea 5 miloi eurotakoa dela, beste sailetan egiten diren inbertsioekin konparatuz txikikeria bat.
  • 2012 aparteko ordainsariaren zorra bere osotasunean ordaindu.
  • Pribatizazioak gelditu eta martxan dauden prozesuetan atzera egin. Gaur egun martxan dauden pribatizazio prozesuak ere Jaurlaritzaren sinesgarritasuna eta borondatearen zantzu argiak dira.
  • 35 orduen lanaldian atzera pausorik ez.
  • Mutualitateekin dauden kontratuak ebatzi eta bi motatako gertakairen kudeaketa Gizarte Segurantzara eraman.
  • Euskarari lehentasunezko trataera. Zerbitzua euskalduntzeko plana.
  • Aukera berdintasuna.

 

 

 

TPE hauteskundeak: lehen indarra gara Ipar Euskal Herrian eta bigarrena, departamendu mailan

0

Enpresa oso txikien hauteskunde sindikaletako emaitzen eta irakurketaren berri eman dute LABeko ordezkariek, Baionan.

LABeko ordezkariek agerraldi bat egin dute Baionan, TPE (enpresa oso txikiak) hauteskundeetako emaitzen irakurketa egiteko. Hain zuzen ere, sindikatuko kideek emaitzen berri eman dute, Euskal Herri mailari dagokionez. LABeko lagunek jakinarazi dute parte hartze zinez txikiegia izan dela, eta horrekin ezin direla pozik egon. Aldiz, nabarmendu dute emaitzek erakutsi dutela, "estatu frantses mailako sindikatu indartsuenak lurralde guzietan azkar jausten badira, ahatik LAB edo STC bezalako sindikatuak indartsu igotzen direla".

TPE hauteskundeetako emaitzen arabera, LAB lehen indarra izan da Ipar Euskal Herrian eta bigarrena, departamendu mailan.

Öcalan-en askatasunaren eta Kurdistanen estatus politiko baten aldeko martxa erasotua izan da

0

Pasa den otsailaren 1ean Luxenburgotik Öcalanen askatasunaren alde eta Kurdistanen Estatus politiko berri baten aldeko martxa bat abiatu zen. Herri ezberdinetako 80 bat internazionalistek, euren artean 6 Euskal Herritar, osatzen dute Estrasburgon datorren igandean, hilak 12, amaituko den martxa hau.

Atzo iritsi zitzaigun informazioaren arabera, herenegun arte martxak inolako arazorik gabe egiten ari zuen bere ibilbidea, baino herenegun gauean militante internazionalistek gaua pasa behar zuten tokira turkiar talde faxista bat azaldu zen eta internazionalistak mehatxatzeari eta iraintzeari ekin zioten era oso oldarkorrean. Atzo martxa ordu batzuetan zehar geldiaraztea lortu zuten eta martxako 2 kide atxilo eraman ditu frantses poliziak. Martxak aurrera jarraitu zuen eta atxilotuak ere askatu zituzten baina esan beharra dago, iritsi zaigun informazioaren arabera giroa urduria dela, izan ere, beste eraso bat jasateko kezka eta ezinegona nabaria da.

Bertan daudenek erran digutenaren arabera, ibilaldiaren hasieratik, Estatu frantseseko hainbat herritatik igaro da martxa eta toki ezberdinetan turkiar talde faxisten presentzia gero eta nabariagoa izan da, une oro internazionalistak zirikatzen eta probokatzen aritu direlarik. Horregatik, inoiz baino adiago egon behar dugula uste dugu Martxaren eta honen parte hartzaileen aurkako balizko eraso baten aurrean erne egon gaitezen.

LAB sindikatutik gertakari hauek gaitzetsi nahi ditugu eta martxaren parte diren talde internazionalistei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu eta baita martxan parte hartzen ari diren norbanako internazionalista guztiei ere.

Onartezina da modu baketsuan aldarrikapen politiko batek horrelako jazarpen faxista pairatzea. Egoera honek herri Kurduak pairatzen duen zapalkuntza agerian uzten du, baita Turkiako talde ultra-eskuindarren inpunitatea ere.

Bukatzeko LAB sindikatutik Kurdistango herriaren askatasunaren aldeko bere konpromisoa berretsi nahi dugu. Herri libre batean bizi nahi dugun pertsona libreak izan nahi dugun neurrian, Kurdoak Kurdistan libre batean bizi daitezen opa dugu.

Biji Kurdistan!

 

 

 

Metroaren 3. linea martxan jartzeak tarifak esponentzialki garestituko dituela salatu dugu

0

Hileko txartelak bete-betean jasango du “tarifakada“, Metro Bilbaon % 30 eta EuskoTrenen % 40 garestituko baita; 3. linean soilik bateratuko dira tarifak, EuskoTrenen gainerako zerbitzua kanpoan utzita; eta GPk txartel berriak sortuko ditu, oraingoak baino garestiago saldu eta bidaia gutxiago eskaini arren.

LAB sindikatuaren garraio alorrak, Metro Bilbao eta EuskoTreneko atalekin batera, metroaren 3. linea abiatzean jartzeak tarifetan zelan eragingo duen aztertu du.

Azterlanean landutako datuetatik ondorio nagusi hauek atera dira:

1.- “Metro sistema” deritzon eremua sortzen da, 1, 2 eta 3 lineekin, EuskoTrenen gainerako zerbitzuen ezberdina tarifei dagokienez (Durangorako linea orokorra, Bermeorako adarra, Txorierrikoa eta tranbia).

Esaterako:
San Mames-Txurdinaga bidaia bat 0,90 € aterako litzateke Barik bidez. San Mamesetik EuskoTrenen Ariz/Basauri geltokiraino (bi geltoki harantzago) 1,71 € 1, 2 eta 3 lineetan tarifak bateratu dira, gainerakoetan, ordea, MB tarifa + ET tarifa ordaintzen dira eta % 20 merkatzen da (orain arte bezala). Ondorioz, metroa etxetik gertu dutenen eta ez dutenen arteko aldea handiagoa izango da.

2.- Orain arte HILEKOA denak jasango du “tarifakada” gogorrena, Metro Bilbaon % 30 eta Euskorenena % 40 garestituz.

Esaterako:
Metro Bilbaoren hilekoa (gune bat) 35,3 € ateratzen da orain, eta EuskoTrenena 36, 5 € (bi gune). Tarifa berriarekin prezio hauek izango dituzte: 1 guneko hilekoa 46 €, orain baino 10,7 € gehiago (% 30 garestiago); 2 guneko hilekoa 51€, orain baino 14, 5 € gehiago (% 39,7 garestiago). Neurri horrekin hileko txartela erabiltzen duenak 125 eta 175 euro gehiago ordainduko ditu orain egiten dituen ibilbide eta bidaiak egiteko.

3.- Bizkaiko Garraio Partzuergoak 50 eta 70 bidaiako hileko txartelak sortuko ditu, “tarifakada” ezkutatzeko ahaleginean.

Esaterako:
2 puntuko adibide berberak hartuz: 50 bidaiako abonua, hilean, oraingo Super50 baino 2 euro gehiago aterako da batez beste (% 5 eta 7 artean, guneen arabera). Bidaiako abonua, hilekoak baino onura gutxiago ekarri arren, batez beste 2,5 euro garestituko da (% 5 eta 8 artean, guneen arabera). Neurri horrekin oraingo hilekoa baino baldintza okerragotan baina garestiago aterako zaizkigu abonuak. “Gutxiago gehiagoren truke”

4.-. Bidaia kopuru eta epe mugatuko 50 eta 70 txartelei metro sistematik kanpo erabiliz gero 2 bidaia kenduko zaizkie (bat metroan eta beste bat EuskoTrenen).

Esaterako:
Abonu berriekin San Mames-Zazpi Kaleak bidaia metroz egitean bat kenduko dit, eta gero Zazpi Kaleetan balioztatu eta Durangon irteten naizenean beste bat. Hartara, San Mames-Durango egiteko bi bidaia kentzen badizkit, txartel horiek ez dira “hilekoak” izango, joan-etorria egiten dudan egun bakoitzean 4 bidaia kenduko badizkit.

50 bidaiako abonuak 12 egun iraungo lidake horrela (15 egun asteburuan erabiltzen ez badut). 70 bidaiako abonuak 17 egun iraungo lidake (20 egun asteburuan erabiltzen ez badut).

5.- Txartel berri horiekin hilean zenbat bidaia egingo duen aurreikustera behartuko ditu erabiltzaileak. LABen iritziz, askoz ere praktiko, erraz eta aproposagoa litzateke BARIK sistemak berak zenbatzea zenbat bidaia egiten diren hilean eta tarifa graduala aplikatuz joatea, 50, 70 zein beste kopuru batzuen muga finkatzeko aukerarekin.

LABen txostenaren ondorioak:

• LAB ez dator bat “metro sistema” sortzearekin, metroa duten eta ez duten eremu eta herrien arteko aldeak areagotzen dituenez gero.

• Alabaina, neurri horrek erakusten digu benetako tarifa-bateratzea teknikoki egingarria dela. LABek uste du lehen urratsa “euskotren sistema” osoak (Tranbia, Txorierri, Linea orokorra eta Bermeoko adarra) “metro sistemaren” ezaugarri berberak izatea litzatekeela. Bigarren urratsean sistema horretan Bizkaibus, Bilbobus eta Bizkaiko udalerrietako hiri busak sartuko lirateke. Eta, azkenik, Renfe eta Feve erabat eta behin betiko baitaratzea etorriko litzateke. Hori guztia ibilbide eta tarifa berberen gerizan egingo litzateke, zer eta zenbat garraio-operatzaile erabiltzen diren aditu barik (txartel bakarra eta benetako tarifa-bateratzea).

• Bestela esanda, LAB bat etorriko litzateke metro sistemarako egindako planteamenduarekin eta egokia litzateke Bizkaiko garraio publikoaren sistema osora hedatuko balitz, zati batera mugatu gabe.

• Tarifak bateratzea teknikoki egingarria dela agerian geratu arren, LABek ez du uste horretara heltzeko tarifak esponentzialki garestitu behar direnik. Gure iritziz, garraio publikoa erabiltzea sustatzen eta automobil pribatuak hartzea murrizten duten politikak egin behar dira, bidaiak gehitzeak ekarriko bailuke txartelen salmentatik datorren dirua igotzea, tarifen igoerak ekarri beharrean.

• Une egokia da, gainera, erabiltzailearen adinean oinarritzen diren onurak amaitzeko. 65 urtetik gorakoa edo beherakoa izateak ez du bermatzen edo erabakitzen diru sarrerak izatea, edo diru sarrera handiago edo txikiagoak izatea (batzuetan hala bada ere). Pertsona bakoitzaren diru sarreretan oinarritzen den sistema askoz ere egokiagoa litzateke, eta justizia sozialaren printzipioa bermatuko liguke.

• LABek egindako kalkuluen arabera, Metro Bilbao eta EuskoTren erabiltzen duen jendearen gehienez % 10i etorriko zaio ondo “ustezko” tarifa-bateratze hori, gaur egun dituen bidaiarien % 90 kaltetuta irtengo den bitartean. L3 erabili eta L1 eta L2 garraio-aldaketak egiten dituztenei soilik egingo die on, eta gainerakoek oraingo zerbitzu bera baino prezio izugarri garestitan izango dute.
 

 

 

Sexu-erasotzaile bat Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko langile publikoen zerrendetan izango da

LABeko Aldundiko atal sindikalak honakoa salatzen du: sexu-erasotzaile bat Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaile-gidarien eskaintza publikoan izangaia da eta edozein dela deialdian falta den azkeneko ariketaren emaitza, orain arte lortu duen puntuazioak, gutxienez lan poltsan egotea ziurtatzen dio, karrerako funtzionario bihurtzea ere posible delarik.

Suhiltzaile izangai hau 2010. urteko ekainean hiru sexu- abusu delitu egiteagatik 3 urte eta 3 hilabetera kondenatua izan zen epai irmoz. Epaia egon arren, ez zuen inolako espetxe-zigorrik bete, Gobernu Espainiarrak indultatutako lehen erasotzaile sexuala izanda (1808/2011 Errege Dekretua, abenduaren 16koa).

Paradoxikoa da benetan Rodriguez Zapateroren gobernua, Berdintasunerako Ministerioa eta 3/2007 Lege Organikoa, emakume eta gizonen berdintasun efektiboa arautzen duena artikulatu zituenak, sexu-erasotzaile bat indultatu zuen gobernu bera izatea. Botere judizialaren eskumenetan zuzenean eskua sartzen duen erabaki politikoa da.

Harrezkero, indultua eta indarkeria matxistaren aurkako baztertze- sozialak sortutako eztabaida gizon honen aldamenean izan da. Ez ditu bere delituak aitortu. Kontrara, 2015. urtean Durangoko mugimendu feministaren kide baten aurkako salaketa aurkeztu zuen, froga ezagatik auzitegiak artxibatu zuena.

Salaketa hau egiten du LABek: 

1. LAB sindikatutik, indarkeria matxistaren aurkako erreakzio sozialaren parte bezala, Bizkaiko Foru Aldundiari exijitzen diogu argitzea nolako neurriak hartuko dituen, erasotzaile sexual bat bere langileen artean izatea oso posiblea delako. Zalantzarik gabe, erakundearen edozein berdintasunerako politikarentzako elementu nahaslea da. Aldundiak bere iritzia azaldu dezala eta erantzun publiko argia ematea ere exijitzen dugu, ea nola ikusten duen posible erasotzaile sexual bat emakume suhiltzaileak dauden plantillan sartzea, eta zehatz-mehatz zehaz dezala nola aplikatuko dituen hurrengo neurriak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Foru Planean jasota daudenak:

• SISZeko gizon eta emakumeen artean berdintasunezko lan harremanak erraztea eta estereotipoak deuseztatzea sustatzea.

• Bizkaiko Foru Aldundian maskulinitate berrien garrantzia sustatzea.

2. 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoaren 43. Artikuluaren arabera, LABek lanean jazarpen sexistaren aurkako protokolo espezifikoa sortzea exijitzen du. Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiko langileriak ez du jazarpen sexista prebenitzeko eta erauzteko inolako tresnarik.

LABek zero tolerantzia azaltzen dio indarkeria matxistak egindako edozein agerpeni, edonondik datorrela, eta onartezina deritzogu inongo administrazio publikotan erasotzaile sexual bat hartzeari, indultu lotsagarria jaso ostean zigorrik bete ez duena eta bere delituak aitortu ez dituena. Eta behar den eztabaida-leku guztietan eta behar hainbeste alditan salatuko dugu.

Beste sindikatuei, eragile sozialei eta Aldundia berari deialdia luzatzen diegu, gure salaketarekin bat egin dezaten.
 

 

 

Grebarekin jarraitzea erabaki dute Nicolas Correa enpresan

0

Negoziatzeko epea amaituta, egoerak bere horretan jarraitzen du Itziarko enpresan. Hortaz, instituzioei esku hartzeko eskatu diete langileek, eta aldebakartasunez aurreikusitako plana bazter dezala exijitu diote zuzendaritzari. "Ahalik eta merkeen langileak kaleratzea bilatzen ari da", salatu du enpresa batzordeak.

Hau da Itziargo Nicolas Correa enpresako enpresa batzordeak argitaratutako adierazpena:

EZ GEZURRIK ETA EZ IRUZURRIK

Urtarrilaren 13an NICOLAS CORREAko zuzendaritzak Itziarko lantegia itxi eta produkzioa eta langile guztiak Burgosera eramango zituela, produkzio eta antolakuntza arrazoiak medio, iragarri ondoren urtarrilaren 23an negoziazioen epealdiari hasera eman zitzaion, eta urtarrilaren 14 tik greba mugagabean gaude.

Guk lehenengo egunetik zuzendaritzari esan diogu, iruzurra egiten ari dela eta kaleratze merkeenak bilatzen ari dela planteamendu honekin, arazo ekonomikorik eduki gabe. Argi utzi diegu egin diren bost bileretan guk ez dugula ez Burgosera lekualdatzerik eta ez kaleratzerik negoziatuko.

Nahiz eta enpresak esan digun ordezko plan bat aurkeztu dezakegula, denborarik ez digu ematen horretarako, negoziazio epealdia legeak esaten duen, hamabost eguneko, gutxieneko denborara mugatuz. Enpresa gezurretan ari da, enpresak ez du nahi langileak Burgosera joaterik, eskaintzen dituen baldintzak barregarriak dira. Ahalik eta merkeen langileak kaleratzea bilatzen ari da.

Otsailak 7an enpresak amaitutzat eman du negoziazioen epea, noski ez da akordiorik egon. Orain Gipuzkoako hitzarmenak derrigortzen duelako PRECCOra jo beharra dauka arbitraje bat eskatzera, noski guk ez dugu horrelakorik onartuko.

Egoera aztertu ondoren grebarekin eta mobilizazioekin jarraitzea erabaki dugu eta bi eskaera garbi egin nahi ditugu. Bat instituzioei eskatzen diogu tamaina honetako iruzur baten aurrean beraiei dagokien papera jokatu dezatela bertako industria eta lan postuen defentsan. Eta bigarrengoz zuzendaritzari eskatzen diogu aldebakartasunez pentsatuta daukan plana bertan behera utz dezala eta horrela egiten ez badu epaitegietara joko dugula iruzur hau salatzera.
 

 

 

Errauste plantaren aurkako manifestazioan izango gara, otsailaren 19an

0

LABek bat egin du GuraSOS taldeak otsailaren 19rako deitutako manifestazioarekin. Donostiko Artzain Onetik irtengo da, 12:00etan, "Elkarrekin gehiago gara, adostasuna, besterik ez! Sin conflicto, la solución es el acuerdo" leloarekin. Sindikatuarentzat, azpiegitura txikitzaile bat da errauste planta, inposatutakoa, eta osasunarentzat kalte nabarmenak ekarriko lituzke.

GuraSOS taldeak agerraldi bat egin du eguerdian Donostian, otsailaren 19ko manifestazioari begira lortutako babesa aurkeztu eta protestara deitzeko. Manifestazioa Artzain Onaren katedraletik abiatuko da, Bulebarrean amaitzeko, San Martin kalea eta Foru eta Argentina Errepublika pasealekuak igaro ondoren. Behin baino gehiagotan agertu da LAB Zubietan eraiki nahi duten errauste plantaren aurka, eta hilaren 19an berriro irtengo gara kalera, osasunaren alde eta inponsaketaren aurka.
 

 

 

Poza adierazi nahi dugu Iñaki Montesen absoluzioaren aurrean

LABeko delegatua Aiaraldeko JEZ enpresan, kargu guztietatik absolbitu dute. Montes 2014ko martxoaren 3an atxilotu zuten, Bilbon botere ekonomiko eta politikoen ordezkariek, Troikako buruek eta murrizketa sozial eta laboralen erantzule nagusien presentziak erangindako protestetan.

Hala ere, Iñaki Montesekin batera epaitu duten bi pertsonetako batek 6 hilabetetik urtebeterako zigorra jaso izana gaitzetsi behar dugu, eta, era berean, hiru pertsona hauek (eta aurretik arrazoi beragatik Gasteizen zigortutakoak) gertakariak izan zirenetik pasatutako hiru urteak salatu behar ditugu, proportziorik gabeko zigor batzuen mehatxu eta ziurgabetasunarekin.

Azkenean erakutsi duten moduan, ez zuten inolako frogarik auzipetuen kontra, eta gertatutakoaren erantzule bakarrak egun horretan Bilbon elkartu ziren eta jendartearen gehiengoa prekarietatea eta pobreziara kondenatzen dutenak izan ziren.