2026-08-02
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakEnpleguaren defentsa izango dugu ardatz EAEko Funtzio Publikoaren Mahaian

Enpleguaren defentsa izango dugu ardatz EAEko Funtzio Publikoaren Mahaian

EAEko Funtzio Publikoaren Mahaian ordezkaritza daukagun lau sindikatuok negoziaziorako mahairako deialdia jaso ostean, LABek azpimarratu nahi du premiazkoa dela EAEko zerbitzu publikoetako langileen egoerari erantzun bat ematea. Helburu honekin, enplegu publikoa sortu, dagoena egonkortu eta murrizketak atzera botatzea izango dira LABen lehentasunak negoziatzerako orduan.

Pasa den urtarrilaren 19an EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean ordezkaritza daukagun sindikatuak negoziazio mahairako deialdia jaso genuen. LABen ustez, urgentea da EAEko zerbitzu publikoetan dauden langileen egoerari beharrezkoa duen garrantzia ematea. Urteetan jasandako murrizketak eta Europako epaitegietatik heldu diren sententziak, nahi eta nahi ez negoziazio mahai horren testuingurua baldintzatu egiten dute, aurtengo kasuan langileon alde.

Gobernutik planteatu zitzaigun bilerarako gai ordena ikusita, gure itxaropenak oso txikiak ziren. Bileran oso garbi gelditu zen Gobernuak ez dituela murrizketak atzera bota nahi, enpleguaren gaiarekin bide propio bat egiteko borondaterik ez daukala eta gainera langile publikoen eros ahalmena zigortzen jarraitu nahi duela.

Eusko Jaurlaritzaren jarreran ez da negoziaziorako borondaterik atzematen. Langile publikoen lan baldintzetan zentralak diren gaiak erabakitzen dituen negoziazio mahaia antzerki hutsa bihurtu du. Gainera, adostasunerako gonbitea luzatzen digu sindikatuoi, negoziazio egutegi edo dinamikari proposatzen ez duenean. LABen ustez, negoziaziorako borondatea frogatzeko bi baldintza bete behar ditu Jaurlaritzak: lehena, alde bakarrez hautsitako akordioak osorik bete, egindako murrizketa guztiak atzera botaz; bigarrena, mahaian aurrera egiteko negoziatzeko gaiak planteatuz, edota sikiera onartuz. LABen eta gainontzeko sindikatuen iritziz enplegua da hain zuzen gai garrantzitsuena.

LABek uste du jarrera hori onartezina dela. Jaurlaritzak erantzukizuna gainetik kendu nahian Espainiako aurrekontuak jartzen ditu mugarri, eta Eusko Legebiltzarraren teilatuan jartzen du langile publikoen lan baldintzen etorkizuna. Gure ustez zerbitzu publikoak defendatzeko eta garatzeko bidea hartu beharko genuke EAEn; horretarako beharrezkoak diren aurrekontuak aurkeztu behar dira eta oraingoz ez dugu horretan Eusko Jaurlaritza ikusten.

Bide propioa jorratzeko, ezinbestekoa da Enplegu Plan bat egitea. Hauek lirateke, LABen iritziz, nahi eta nahi ez jorratu behar diren gaiak:

Gaur egun Mahai Orokorraren eraginpean dauden administrazio ezberdinetan gutxienez 20.000 langileek finkatu gabeko lanpostu batean lan egiten dute, estrukturala den eginkizunak aurrera eramaten. Horren harira:

  • Lanpostuen Zerrendak berrikusi eta lanpostu horiek aitortu eta finkatu egin behar dira.
  • Egoera berezian dauden kolektiboei beraien espezifikotasuna onartu behar zaie.
  • Lekualdatze lehiaketara bakante dauden lanpostu guztiak atera behar dira.
  • Ordezkapenak lehenengo egunetik bermatu egin behar dira.
  • Enplegu plan oso bati lotutako Deialdi Publikoak egin behar dira, kontsolidazio deialdiak lehenetsiko dituena finkatutako bakanteen kasuan eta etorkizunean jubilatuko diren lanpostuen 100% kontutan hartuko duena.

Gure ustez enpleguaren gaiak daukan larritasuna dela eta, trataera berezitua eskatzen du, bertakoen adostasunetan oinarrituta, inposiziorik eta kanpoko injerentziarik gabe.

  • Langile publikoen eros-ahalmena berreskuratzeko plangintza bat egin behar da. EAEn azken 6 urteetan %13ko galera metatzen ari gara.
  • Gaixotasun arruntak direla eta, langile guztiei bere soldataren 100% osagarria ordaindu salbuespenik gabe. Aipatu behar dugu Gobernuak esanda neurri honen kostea 5 miloi eurotakoa dela, beste sailetan egiten diren inbertsioekin konparatuz txikikeria bat.
  • 2012 aparteko ordainsariaren zorra bere osotasunean ordaindu.
  • Pribatizazioak gelditu eta martxan dauden prozesuetan atzera egin. Gaur egun martxan dauden pribatizazio prozesuak ere Jaurlaritzaren sinesgarritasuna eta borondatearen zantzu argiak dira.
  • 35 orduen lanaldian atzera pausorik ez.
  • Mutualitateekin dauden kontratuak ebatzi eta bi motatako gertakairen kudeaketa Gizarte Segurantzara eraman.
  • Euskarari lehentasunezko trataera. Zerbitzua euskalduntzeko plana.
  • Aukera berdintasuna.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.