2026-01-01
Blog Page 951

Alerta gorrian dago Arabako osasun publikoa

0

Arabako osasun sistema publikoaren egoera oso larria da. Osakidetzaren aurkako erasoak etengabeak dira. Hauek osakidetza esku pribatuetan uztea dute helburu, herritar guztientzat izan behar diren zerbitzu publikoak bakan batzuen interes merkantilisten menpe geratzea. Politika horiei aurre egiten ez badiegu, osasun publikoa galzorian egongo da berandu baino lehen. Horregatik langileen ordezkariok ez dugu etsiko, kalitatezko osasun publiko eta unibertsalaren aldeko borrokan jarraituko dugu.

Osakidetza-Arabako langileen ordezkaritza-organoen izenean Arabako osasun publikoaren egoera kezkagarria salatzen dugu. Prentsaurreko honetan agerian utzi nahi ditugu Osakidetzaren aurkako eraso etengabeak. Eraso horien helburu bakarra Osakidetzaren izen ona lohitzea da, interes pribatuen alde egitearren, eta herritar guztientzat izan behar diren zerbitzu publikoak bakan batzuen interes merkantilisten menpean uztearren.

Orain dela zenbait aste, euskal herritarrok osasun-sistema publikoaren kolapsoa ikusi ahal izan dugu. Osasun-sailburu Jon Darponek horri erantzun dio esanez ospitaleetako larrialdi-zerbitzuak gainezka egon badira, gripearen erpina ustekabez aurreratu delako izan dela. Adierazpen horien aurrean, langileen ordezkariok ziurtasun osoz esan behar dugu sailburua euskal herritarrok nahastu nahian dabilela.

Gasteizko bi ospitaleetako larrialdi-zerbitzuak adibide garbia izan dira Osakidetzaren egoera larriaz ohartzeko. Zerbitzu horiek eskuarki gainezka badaude, aldi horietan are beteago egon ziren. Orduan denon ikusgai jarri zen Osakidetzak ezin diola erantzun asistentzia-eskariari bere baliabideekin bakarrik.

Ez da egia Gasteizko ospitaleetako larrialdi-zerbitzuak kinka larrian egotea salbuespenezko gertaera denik. Hainbatetan salatu izan dugun bezala, arazo hori egiturazkoa da, ez baitago baliabide fisikorik, ezta giza baliabiderik ere, larrialdi-zerbitzuetara doazenak artatu ahal izateko. Orain dela zenbait aste gertaturikoa sarri-sarri errepikatzen da urte osoan zehar. Arabako biztanleria eta inguruko eskualdeetakoa (Deba Goiena eta Legutianoren ondoko Bizkaiko herriak) gehiago hazi da, Osakidetza-Arabari bideratzen zaizkion baliabideak baino.

Gaur egun Txagorritxu Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuak 28 box baino ez dauzka, eta kopuru hori oso urria da. Urteak badira zerbitzu horretako tamaina egokituko dela iragarri zenetik; azkenean aurten hasiko dira obrak, antza. Hala ere, zalantza egiten dugu ea proiektu horren bidez arazoa konponduko ote den. Erabiltzaileek luzaro itxaron behar dute, dagokien arreta jaso arte, askotan itxaronaldi horiek korridoreetako andetan, ohatiletan edo aulkietan egon behar dira txanda noiz helduko zaien zain. Itxaronaldia are gehiago luzatuko da gaixoa ospitaleratu behar badute, batzuetan 5 orduz itxaron behar izan dute dagokien solairura eraman arte. Osakidetzak zenbait urtarotan ohe-kopuru bat ixten du, baina gero ustekabean ireki behar du berriro, bat-batean beharrezkoak direlako.

Argi dago egoera hori konpondu ahal izateko, plantilla ugaldu behar dela. Zerbitzu horretako profesionalen kopuruan defizita dago. Langileak urriak dira, eta horregatik lan-karga handiak eta presio itzelak jasan behar dituzte.

Santiago Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuak hartzen duen gaixo-kopurua igo da, eta zerbitzu horren erreforma onetsita bazegoen ere, obra hori geldirik egon da azkenaldian.

Egoera horretara ez gara txiripaz heldu. Osakidetzaren egoera urria ondoz ondoko gobernuek eta osasun-sailburuek zehatz-mehatz taxuturiko plan baten ondoriozkoa da. Langileen ordezkariak baztertuak izan gara Osakidetzaren plan estrategikoen gaineko negoziazio guztietatik. Plan horien helburu nagusia osasun publikoa ahultzea izan da, erabiltzaileei arreta eskasagoa eta txarragoa ematea, osasun pribatuaren beharra azpimarratzearren. Guk alarma-oihua egin dugu. Ikusi besterik ez dago nolako osasun-arreta genuen orain dela 10 urte, eta nolakoa dugun gaur egun.

Osakidetza-Arabako arreta-kalitatea eta lan-eskubideak beheraka joateko inflexio-puntua Arabako Unibertsitate Ospitalearen Plana izan zen, horretan ados gaude langileen ordezkari guztiok. Plan horrek, arabarren osasun-beharrizanak konpondu beharrean, Osakidetzaren gabeziak larriagotu egin ditu. Plan horren bidez hiriburuko akutuen arloko bi ospitaleetatik bat kendu da, Santiago Ospitale ospetsua. Zerbitzu mediko eta kirurgiko osoa ematen zuen ospitale horrek bere orain arteko eginkizunak alde batera utzi behar ditu, eta epe ertainera egonaldi ertaineko ospitale bihurtuko da. Txagorritxu Ospitaleak osasun-asistentziaren beharra bete ahal izango zuela sinestarazi ziguten, baina gaurko errealitatea ez da esan ziguten bezalakoa.

Arabako Unibertsitate Ospitalearen bategiteak ekarri diguna gaixoak eta langileak ospitale batetik bestera igaro behar izatea izan da, ez du ekarri ohe-kopurua handitzea, itxaron-zerrendak goraka doaz, bai kanpoko kontsultetan, bai ebakuntza kirurgikoetan. Santiago Ospitalea hutsik uzten ari dira, gero eta zeregin gutxiago, gero eta bertako profesional/langile gutxiago, gero eta azpikontrata gehiago, orain dela gutxi arte Osakidetzako langileek berek egiten zituzten lanak egiteko.

Bategite horrek zalantzaz beterik utzi gaitu: Eta Lezako Ospitaleak ba ote du etorkizunik? Eraikina zaharberritzeko herri-ogasunetik gastatu diren milioiak eta gero, nolakoa izango da ospitale horren izaera, baldin eta egonaldi ertainerako Arabako erreferentzia-zentroa Santiago Ospitalea izango bada? Gaur jakitera izan dugunez, ospitale horretako garbitegia pribatizatuko dute. Langileek eta haien ordezkariok borrokatuko dugu jarduera hori ospitalean egiten jarraitzeko, eta bertako langileek egiteko. Erabaki horrek langile bat kaleratzea ekarriko luke, eta baita osasun publikoaren beste zerbitzu bat pribatizatzea ere.

Osakidetza-Arabaren bigarren pausoa zera izan da: kudeatzailetza-zuzendaritza bakar batean biltzea ospitale-arreta eta lehen arreta, ESIak sortuz (ESI-Araba eta ESI-Arabako Errioxa). Antolamenduko eta kudeaketa ekonomikoko modu horrek lehen arreta fagozitatu du, zeren osasun-baliabideak eta politikak ospitalera bideratu dira, eta ez osasun-zentroetara eta PACetara. Bestela esateko, osasun-sistemako sarrera prekarizatu dugu. Orain ohikoa da familia-medikuek egun berean gaixoak artatzerik ez izatea, eta 3 bat egun itxaron behar izatea, osasun-zentroa zein den arabera. Pediatria-arreta are egoera txarragoan dago, lan-egunetan gainezka badago, asteburuetan aukera bakarra dago: Txagorritxu Ospitaleko Larrialdietara jotzea, hori baita Arabako pediatria-zerbitzu bakarra asteburu eta jai-egunetan. Hori dela-eta, zerbitzu horretan plantilla ugaltzea guztiz beharrezkoa da.

Aurreko guztiari gehitu behar dizkiogu austeritate-neurriak, Osakidetzak Espainiako Gobernuaren aginduei jarraikiz hartu dituen austeritate-neurriak. Bide horretatik Osakidetzak 3.000 lanpostu baino gehiago suntsitu ditu, Osakidetzako langileek egin izan dituzten eguneroko atazak pribatizatu ditu: garbikuntza, sukaldaritza, mantentze-ofizialak, abisu medikoak… ESI-Araban behin-behineko langileen portzentajea %45ekoa da. Euskaldunon hizkuntza-eskubideak ez dira bermatzen. Osakidetza ez da, dagoeneko, garai batean izan zen osasun publiko moderno eta puntakoa, bere herritarrenganako eta profesionalenganako ardura zuena. Oraingo langileok gutxiago gara, zaharragoak eta lan-karga handiagoekin.

Langileen ordezkariok ez dugu etsiko, kalitatezko osasun publiko eta unibertsalaren aldeko borrokan jarraituko dugu. Ez dugu bertan behera lagako langileen lan-eskubideen aldeko borroka. Osasun-sailburuak ez du egia esaten Osakidetzaren egoerari buruz, baina gu ez gara isilduko eta politika horiek salatzen jarraituko dugu. Politika horiei aurre egiten ez badiegu, osasun publikoa galzorian egongo da berandu baino lehen.

 

 

 

Solasaldi ziklo bati ekingo diogu, datozen urteetan sindikatuaren ardatz izango diren gaiekin

Otsailaren 16an hasi eta maiatzaren 24era arte askotariko gaiak landuko ditu LABek, guztiak datozen urteetako sindikatuaren lerroan zentralitatea izango dutenak: Euskal Herriaren egoera sozioekonomikoa, sindikalgintzaren erronkak, sindikalgintzaren ekarpena borroka sozialei, feminismoa sindikalgintzan, ekintza sindikal berria, Euskal Herrian mugaren alde bateko eta besteko harremanak eta sindikalgintza nazioartean, besteak beste.

2017ko maiatzaren 25 eta 26an, LABek 9. Biltzar Nagusia gauzatuko du “LAB 4.0 Gure Garaia” lelopean. Biltzar Nagusian eztabaidagai izango ditugun bi ponentziak urtarrilaren 19an aurkeztu genituen hedabideen aurrean. Egun horretan hasiera eman genion prozesu kongresualari, eta, geroztik, eskualdez eskualde martxan dira aurkezpen eta eztabaida batzarrak.

Ponentzia politiko-sindikalean zein antolakuntza ponentzian jasotzen dira datozen bost urteetan LAB sindikatuaren ildo sindikala markatuko duten erronka eta erabaki nagusiak zeintzuk izango diren.

Eztabaidagai nagusi horietan sakondu eta gogoeta prozesua aberasteko asmoz, LAB sindikatuak eta Ipar Hegoa Fundazioak elkarlanean antolaturiko SOLASALDI ZIKLOA aurkezten dizuegu orain. Otsailaren 16an hasi eta maiatzaren 24era arte askotariko gaiak dira, guztiak, esan bezala, datozen urteetako sindikatuaren lerroan zentralitatea izango dutenak: Euskal Herriaren egoera sozioekonomikoa, sindikalgintzaren erronkak, sindikalgintzaren ekarpena borroka sozialei, feminismoa sindikalgintzan, ekintza sindikal berria, Euskal Herrian mugaren alde bateko eta besteko harremanak eta sindikalgintza nazioartean, besteak beste.

Lehen solasaldia otsailaren 16an izango da, Andoaingo Martin Ugalde parkean. Gaindegiarekin elkarlanean antolatutako solasaldia da, LABeko Garbiñe Aranburu eta Gaindegiako Imanol Esnaolaren eskutik (ikus informazioa gehiago, beheko parrafoan).

Solasaldien artean nabarmentzekoa da ere, martxoaren 23an, Bilboko HIKA ATENEOAN Ainhoa Etxaiderekin egingo dena. Azken 10 urteek Euskal Herrian, sozialki euskal jendartean, lan munduan, harreman sindikaletan eta politikoki emandakoaren errepasoa egingo du LABeko idazkari nagusiak.

Solasaldi guztiak publikoari irekiak dira. Egutegia atxikita dago albistearen irudian.

‘DesHerria: hausturak eta etenak Euskal Herrian’

Aipatutako lehen solasaldiari dagokionez, Ipar Hegoa Fundazioak Gaindegiarekin batera ‘DesHerria: hausturak eta etenak Euskal Herrian’ azterlana argitaratu du. Euskal Herria zatikatu bat aurkezten digu azterlan honek, eta eremu eta eskualde ezberdinetan ematen diren desberdintasun sozio-ekonomikoak agerian uzten dizkigu. Esan bezala, lanaren aurkezpena datorren otsailaren 16ean, osteguna, Andoaingo Martin Ugalden izango da. Hizlariek azterketak utzitako ondorio nagusiak azalduko dituzte, eta errealitate horien aurrean LAB sindikatuak hartu beharreko erabaki eta konpromisoak ezagutaraziko ditu Garbiñe Aranburuk. Kasu honetan, gomendagarria da asistentzia baieztatzea fundazioa@iparhegoa.eus helbidean. Era berean, azterketa PDF formatoan deskargatzeko aukera dago Ipar Hegoa Fundazioaren webgunean.

 

SOLASALDIEN DATA ETA LEKUAK

DES-HERRIA: Hausturak eta etenak Euskal Herrian (Euskara)
OTSAILAK 16, 10:00etan Martin Ugalde. ANDOAIN
Garbiñe Aranburu eta Imanol Esnaola (Gaindegia)

BURUJABETZA GARAIA. Retos del sindicalismo: proceso soberanista y cambio social (euskara-castellano)
OTSAILAK 21, 18:00etan Katakrak. IRUÑEA
Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo

BURUJABETZA GARAIA. Retos del sindicalismo: proceso soberanista y cambio social (euskara-castellano)
OTSAILAK 23, 18:00etan Egiako Kultur Etxea. DONOSTIA
Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo

ALDAKETA SOZIALAREN GARAIA. El sindicalismo en las luchas sociales (euskara-castellano)
MARTXOAK 1, 18:00etan La Bolsa. BILBO
Bea Martxueta eta Igor Arroyo

ALDAKETA SOZIALAREN GARAIA. El sindicalismo en las luchas sociales (euskara-castellano)
MARTXOAK 2, 18:00etan Oihaneder Kultur Etxea. GASTEIZ
Bea Martxueta eta Igor Arroyo

ALDAKETA SOZIALAREN GARAIA. El sindicalismo en las luchas sociales (euskara-castellano)
MARTXOAK 15, 18:00etan Katakrak. IRUÑEA
Bea Martxueta eta Imanol Karrera

FEMINSMOAREN GARAIA. Sindikalgintzatik urrats feminista (euskara-castellano)
MARTXOAK 8, 10:00etan Villasuso. GASTEIZ
Ainhoa Etxaide, Garbiñe Aranburu, Eli Etxebarria eta Maite Barreña

SINDIKALGINTZAREN GARAIA. Ekintza sindikal berrirantz (euskara-castellano)
MARTXOAK 16, 18:00etan Plateruenea Kafe Antzokia. DURANGO
Garbiñe Aranburu eta Xabier Ugartemendia

SINDIKALGINTZAREN GARAIA. Ekintza sindikal berrirantz (euskara-castellano)
MARTXOAK 21, 18:30ean Kultur Etxea. TOLOSA
Garbiñe Aranburu eta Xabier Ugartemendia

LURRALDE BATASUNAREN GARAIA. Sindikalgintza mugaz gaindi (euskara)
APIRILAK 21, 10:00etan Autoport Gelan, Joncaux-N. HENDAIA
Izaskun Garcia eta Igor Arroyo

HAMARKADA BAT, SINDIKALGINTZATIK (euskara-castellano)
MARTXOAK 23, 18:30ean Hika Ateneo. BILBO
Ainhoa Etxaide

HERRIEN GARAIA. Una mirada sindical internacional (euskara-castellano-english)
MAIATZAK 24, 10:00etan Europa Jauregia. GASTEIZ
 

 

CETA itunarekin maiteminduta dauden alderdiak agerian utzi dituzte

0

Europako Parlamentuaren osoko bilkurak Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko Ekonomia eta Merkataritza Akordio Orokorraren testua bozkatuko du otsailaren 15ean; hots, CETA ituna, bere ingelesezko laburdurekin ezagutzen den tratatua. Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Bizkaiko eta Nafarroako TTIP/CETA ez plataformekin batera, hainbat mobilizazio antolatu ditu gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Mobilizazio hauen helburua merkataritza libreko hitzarmen honen alde bozkatuko duten alderdien jarrera salatzea izan da. Horregatik, elkarretaratzeak herritarren gehiengoarentzat horren kaltegarria den merkataritza libreko hitzarmen honen alde bozkatuko duten alderdien egoitzen aurrean egin dira.

Mobilizazioetako deitzaileek adierazpen hau irakurri dute:

Iritsi da San Valentin eguna, eta PNVko kideok ezin dizugu gure maitasuna aitortu gabe utzi. Zuri, CETA; zuri, negozio borobilari; zuri, kapital-metaketari; zuri, gure bezero sarearen boltsikoak betetzen jarraitzen lagunduko digun Kanada eta Europar Batasunaren arteko Nazioarteko Itun Ekonomikoari. Gure maitasuna aitortzen dizugu beste alderdi batzuekin batera, denok dirugoseak itsuta, aberastasunarekiko maitasun erromantikoaren ezaugarri bereizgarriena. Denok batuta zure aurrean makurtzeko, gure subirautza zure mesedetara jartzeko, ingurugiroa eta gure osasuna, gure eskubide sozial eta laboralak… gure bizitza osoa.

Maitasun honek itsutu egiten gaitu eta. Hainbeste itsutzen gaitu, ezen ez ditugu ikusten, ez digute inporta, itun neoliberal hauen ondorioek: benetako maitasunak edozein mugarekin ahal duelako, sakrifizio oro merezi duelako… batez ere herritarrek ordainduko badute, eta ez Guk.

CETA. Nazioarteko Arbitraia Auzitegien bidez (ISDS), multinazionalei kalte egiten dieten lege eta neurriengatik estatuak auzipetzeko bidea zabalduko duen Europar Batasuna eta Kanadaren arteko Itun hori. Horrela, multinazionalen neurrira egindako legediak bultzatuz, euren negozioei bidea erraztuz, enpresa handiak estatuen subirautzaren gainetik jarriz.

CETA, gure elikaduraren kalitatea amilduko duen Itun hori, orain arte debekatutako tratamenduei ateak zabalduz, kloratutako haragia eta produktu transgenikoak, adibidez.

CETA, multinazionalek ekoizpen kostuen azpitik inportatuko dituzten produktuekin ezin lehiaturik, komertzio txikia eta tokiko nekazariak porrotera eramango dituen Itun hori.

CETA, orain arte euren praktikak ingurugiroarentzat eta osasunarentzat kaltegarriegiak zirelako sartu ezin izan diren enpresei, europar merkatuen ateak parez pare zabalduko dizkien Ituna. Kanadako meatzaritza sektoreko enpresei, adibidez.

CETA, “arreta-printzipioa” bezalako kontrol neurriak galduaraziko dizkigun Itun hori, gure hozkailu eta sendagaiak balizko pozoiez betez.

CETA, zeharka Estatu Batuekin lortutako akordio izango den Kanadarekin sinatutako Itun hori, merkatuen bien loturaren ondorioz, TTIP-erako zubi.

CETA, bihar, otsailak 15aren, PNV, PSOE eta PPk “bai, nahi dut”-aren bidez Europar Parlamentuan onartuko dugun Itun hori. Aurrerago Espainiar Parlamentuan berriro ere betiereko maitasuna zin egingo diogun Merkataritza Itun hori. Diruak, eta eredu neoliberalaren garapenak, (gainerakoen) sakrifizio guztiak merezi ditu eta.
 

 

 

Sabeco Banaketako zuzendaritzak enplegua suntsitu eta lan baldintzak okertu nahi ditu

0

Sabeco Banaketa S.L. enpresak (SIMPLY dendak), langileen kontrako neurriak hartzeko asmoa adierazi du balizko salmenten jaitsiera argudiatuz. Izan ere, denda batzuen itxiera posibleaz gain (eta honen ondorioz emango liratekeen kaleratzeak), enpresak denda batzuen egungo funtzionamendu eredua aldatzeko nahia ere adierazi dio langileei. Aldaketek ordutegien erabateko liberalizaziora eramango lukete (urteko 365 egunak irekita, 18 ordu egunean) eta orain arte langileek borrokatutako lan-baldintzen galera suposatuko luke (denda batzuetan Simply- ko hitzarmen estatala aplikatzeko nahia, Bizkaiko elikadurako hitzarmena gutxika saltatu nahi dutelarik).

Honen aurrean, enpresak Bizkaian dituen zentro guztietako komite ordezkariek ondorengoa adierazi nahi dute:

• Salmenten jaitsiera argudiatzen dute, nahi ez dituzten lan-postu batzuk suntsitzeko (antzinatasun gehien dutenak edo langile nagusienenak).

• Enpresak ez digu inongo aukerarik eskaintzen lan-postuak bere horretan mantentzeko, “denda batek ez dituenean nahi dituzten emaitzak ematen, denda itxi eta jendea kaleratu”, hori da beraiek helarazten digutena.

• Denda batzuentzat proposatzen duten eredu berriak ez ditu Bizkaiko kontsumitzaileen ohitura eta kultura kontutan hartzen eta langileon lan-baldintzetan okertze nabarmenak ekarriko lituzke, ordutegien liberalizazioa eta igande eta jai-egunetako irekieretan oinarritu nahi delako. Horrela enplegua sortu edo mantendu eta salmentak handitzetik urrun, kontrako norabidea hartzen dugu, enpresaren asmo eta helburua lan-esku merke eta prekariagoa edukitzea delarik.

• Egun ez digute asmo hauen inongo zehaztasunik ematen eta langileak beldurtzeko estrategiarekin jarraitzen dute.

Beraz, eraso honen aurrean dei egiten diegu Sabeco Banaketak enpresako Bizkaiko zentro guztietako langileei lan-postu eta lan-baldintzen defentsan borrokara irten daitezen.

Mobilizazioei hasiera emateko, aste honetako deialdiak ondorengoak izango dira, gatazkak iraun bitartean astero Bizkaiko zentro ezberdinetan deialdiak egingo direlarik.

-Osteguna, otsailaren 16an Bilboko Simply saltokietan:
-09:30-10:00: Simply Rekalde
-10:15-10:45 Simply Gordoniz
-11:00-11:30 Simply Autonomia
-12:00-12:30 Simply Henao
 

 

 
 

Eusko Jaurlaritzako lan poltsen gaitegiak

0

Eusko Jaurlaritzak zazpi lan poltsetarako deialdia zabaldu du eta LABek, momentuz, lau lan poltsen gaitegiak prestatu ditu (Administrarien Kidegoa; Artxibo, Liburuzain eta DokumentazioaOrientatzaileak eta Osasun Publiko Eskala). Ez dugu ziurtatzerik beste lan poltsetarako gaitegirik prestatuko dugunik. Gaitegi berriak gehitzekotan orri honetan bertan aurkitu ahal izango dituzu.

Garbiñe Aranburu: “Onartezina da ekidin daitezkeen heriotzak ekiditeko neurririk ez hartzea”

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Donostian, Adegiren egoitzaren aurrean, “Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” leloarekin. Hain zuzen ere, ostiralean hildako Elgoibarko Betelu enpresako langilearen heriotza salatu dugu. Istripua otsailaren 6an izan zen, Azkoitiako Ibarmia enpresan, hildako langilea bertan baitzegoen azpikontratatua. Aranburuk gogora ekarri du Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok lan istripua izan zen egun berean bisitatu zuela Ibarmia, eta eredugarritzat jo zuela. Bada, ordu batzuk geroago gertatu zen lan heriotza. "Instalazioetan lan egiten ari diren langileen lan osasun baldintzak errespetatzeko gai ez den enpresa bat, guretzat, ez da inolaz ere eredugarria, eta instituzioentzat ere ez luke izan beharko", adierazi du LABeko ordezkariak.

Garbiñe Aranburuk nabarmendu du Ibarmiako zuzendari orokorra Adegiko presidenteordea ere badela. "Bere enpresan azpikontrata batean lanean ari zen langilearen lan osasun baldintzak errespetatzeko ardura zuen, eta ez zuen bete. Hala, Adegiri interpelazio zuzena egin nahiko genioke: enpresa eredu berriaz hitz egiten digute behin eta berriz; guk, ordea, ez dugu enpresa eredu berririk ikusten, ez dugu inolako salaketarik entzun istripu honen inguruan, ez dute ezer esan. Ikusten dugu zaharretik asko dagoela hemen, betiko eredutik asko dagoela; asko prekarietatetik, asko prebentzio neurri faltatik".

Azkoitiako lan istripuaz gain, Aranburuk azken orduetan jakinarazitako beste bi lan heriotza salatu ditu: Petronorreko langilearena eta gaur goizean A-1 autobidean lanean ari zen beharginarena; Muskizen bata, Agurainen bestea. “Ezaugarri bera ematen da hiru kasuetan: azpikontratetako langileak dira. Aurreko urteko balantzea egin genuenean, lan istripuen herena azpikontratetan ematen dela esan genuen. Hori oso adierrazgarria da, prekarietatearen isla delako”, berretsi du.

Hala, gehiengo sindikalak egoera hauek salatzen jarraituko duela azpimarratu du. "Heriotz hauek ekidin daitezke, eta onartezina da ekidin daitezkeen heriotzak ekiditeko neurririk ez hartzea. Inplikazio handiagoa behar da institzuoen aldetik, ez da nahikoa adierazpen instituzional batzuk onartzearekin, baldin eta ez baldin badira erantzule nagusiak seinalatzen eta interpelazio zuzen bat egiten patronalaren aurrean. Prebentzio neurri ezak eta prekarietateak hiltzen dute, eta bi ezaugarri horiek patronalaren erantzukizuna dira. Hortaz, instituzioek beste ardura batekin jokatu beharko lukete", erantsi du LABeko ordezkariak.

Bihar, elkarretaratzea Gasteizen

Bihar asteazkena, otsailak 15, beste elkarretaratze bat egingo du gehiengo sindikalak, gaur goizean Agurainen izandako lan heriotza dela eta. Hain zuzen ere, A-1 autobidean lanean ari zen gizon bat hil da, furgoneta batek harrapatuta. Elkarretaratzea 12:30ean izango da, Gasteizko Probintzia plazan, “Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” leloarekin.

 

 

 

Eusko Treneko zuzendaritzak hartutako bide judiziala salatzen dugu

0


EuskoTren enpresak sindikatuak, Batzorde Iraunkorra eta Amara eta Araso lan egoitzetako greba batzordea osatzen zuten pertsonak salatu ditu ustezko legez kanpoko deialdiagatik eta bere neurriz kanpoko erabileragatik. Salaketa hori dela-eta, datorren martxoaren 1ean epaiketa izango da. Greba eskubidearen aurkako eraso honen aurrean langileak kalera irtengo dira.

Greba eskubidearen aurkako eraso argi baten aurrean gaudela ikusten dugu. Ez gara ezer egin gabe geratuko. Ez dugu onartuko lan arazoen epaiketaratzeak greba eskubidea kaltetzea.

EuskoTrenen Zuzendaritzak emandako urrats judizialetan aspaldiko garaietako kutsua nabaritzen dugu, greba eskubiderik ez zegoen sasoietakoa. Langileek zigorrik gabe protesta egin ezin zutenetakoa. Demokrazian atzerapauso nabaria dudarik gabe eta Federazio hauetatik irmo salatzen duguna.

Atzerapauso larri honetan EuskoTrenen Zuzendaritzak hemendik aurrera izan daitezkeen greba formatoak “adostea” ere proposatu du. Inolako eraginik izan ez dezaten nahi dute eta greba bideragarritasunik gabeko tresna bihurtzea.

LAB, CCOO, UGT, ESK Federazioek eta INDEPENDIENTES sindikatuak bat egiten dugu EuskoTreneko Batzorde Iraunkorrak 2017ko martxoaren 1erako egin duen 24 orduko greba deialdiarekin, baita martxoaren 1ean egunean bertan Donostiako Epaitegien sarreran goizeko 11:30ean egingo den enkarteladarekin ere.

EuskoTrenen Zuzendaritzak bere jarrera errepresiboa, sindikatu eta greba eskubidearen aurkako erasoa eta jarritako salaketa bertan behera uztea exijitxen dugu.

EuskoTrenen Zuzendaritzak urte askotako langileen borrokak lortutalo eskubideen epaiketaratzetik gerta daitezkeen on dorioak asumitu behar ditu.

 

 

 

Koldarrak izan ez daitezela eskatu diegu EAJ, PP eta PSEri, Kutxabank auzia dela eta

Mikel Cabieces, Mario Fernandez eta Rafael Alcorta epaitzen hasi dira gaur Bilbon, Kutxabank auziko delituak direla eta. Akusazio partikularra osatzen dugun eragileok (LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE Bizkaia, EKA/OCUV eta Pentsionistak Martxan) elkarretaratzea egin dugu epaitegien aurrean.

"Ate birakariak, mesedeak eta Kutxabanken izandako ustezko iruzurra Euskal Kutxak eta Kutxabank pribatizatzea erabaki dutenen erabaki politikoak dira. Hortaz, gertaera hauei bultzada politikoa eman zieten alderdiek epaia kontutan hartuko ez balute, ardurarekin jokatu ezean, euren koldarkeria politikoa erakutsiko lukete".

Akusazio partikularra osatzen duten eragileon hitzak dira hauek, Kutxabank auziko delituengatik hasitako epaiketaren atarian egindakoak. Eragileok exigitzen dugu atzera egin dadila Euskal Kutxen likidazioarekin eta Kutxabanken pribatizazioarekin, izaera publikoa eta soziala babesteko, eta halako gertaerek tartea izan ez dezaten.
 

 

 

Lanuzteei ekingo diete Sestaoko ACBko langileek

0

Hiru dira euren aldarrikapen nagusiak: batetik, zortzi orduko eguneko lanaldira bueltatzea; bigarrenik, errelebo kontratuak Sestaon egitea, Asturiasen egin beharrean; eta hirugarrenik, plan industrial bat, lantokiaren etorkizuna bermatuko luketen inbertsioekin.

Sestaoko ACBko langileek asanblada izan zuten atzo, eta lanuzteen dinamika bati ekitea erabaki dute, gehiengo zabal batekin.