Arabako osasun sistema publikoaren egoera oso larria da. Osakidetzaren aurkako erasoak etengabeak dira. Hauek osakidetza esku pribatuetan uztea dute helburu, herritar guztientzat izan behar diren zerbitzu publikoak bakan batzuen interes merkantilisten menpe geratzea. Politika horiei aurre egiten ez badiegu, osasun publikoa galzorian egongo da berandu baino lehen. Horregatik langileen ordezkariok ez dugu etsiko, kalitatezko osasun publiko eta unibertsalaren aldeko borrokan jarraituko dugu.

Osakidetza-Arabako langileen ordezkaritza-organoen izenean Arabako osasun publikoaren egoera kezkagarria salatzen dugu. Prentsaurreko honetan agerian utzi nahi ditugu Osakidetzaren aurkako eraso etengabeak. Eraso horien helburu bakarra Osakidetzaren izen ona lohitzea da, interes pribatuen alde egitearren, eta herritar guztientzat izan behar diren zerbitzu publikoak bakan batzuen interes merkantilisten menpean uztearren.

Orain dela zenbait aste, euskal herritarrok osasun-sistema publikoaren kolapsoa ikusi ahal izan dugu. Osasun-sailburu Jon Darponek horri erantzun dio esanez ospitaleetako larrialdi-zerbitzuak gainezka egon badira, gripearen erpina ustekabez aurreratu delako izan dela. Adierazpen horien aurrean, langileen ordezkariok ziurtasun osoz esan behar dugu sailburua euskal herritarrok nahastu nahian dabilela.

Gasteizko bi ospitaleetako larrialdi-zerbitzuak adibide garbia izan dira Osakidetzaren egoera larriaz ohartzeko. Zerbitzu horiek eskuarki gainezka badaude, aldi horietan are beteago egon ziren. Orduan denon ikusgai jarri zen Osakidetzak ezin diola erantzun asistentzia-eskariari bere baliabideekin bakarrik.

Ez da egia Gasteizko ospitaleetako larrialdi-zerbitzuak kinka larrian egotea salbuespenezko gertaera denik. Hainbatetan salatu izan dugun bezala, arazo hori egiturazkoa da, ez baitago baliabide fisikorik, ezta giza baliabiderik ere, larrialdi-zerbitzuetara doazenak artatu ahal izateko. Orain dela zenbait aste gertaturikoa sarri-sarri errepikatzen da urte osoan zehar. Arabako biztanleria eta inguruko eskualdeetakoa (Deba Goiena eta Legutianoren ondoko Bizkaiko herriak) gehiago hazi da, Osakidetza-Arabari bideratzen zaizkion baliabideak baino.

Gaur egun Txagorritxu Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuak 28 box baino ez dauzka, eta kopuru hori oso urria da. Urteak badira zerbitzu horretako tamaina egokituko dela iragarri zenetik; azkenean aurten hasiko dira obrak, antza. Hala ere, zalantza egiten dugu ea proiektu horren bidez arazoa konponduko ote den. Erabiltzaileek luzaro itxaron behar dute, dagokien arreta jaso arte, askotan itxaronaldi horiek korridoreetako andetan, ohatiletan edo aulkietan egon behar dira txanda noiz helduko zaien zain. Itxaronaldia are gehiago luzatuko da gaixoa ospitaleratu behar badute, batzuetan 5 orduz itxaron behar izan dute dagokien solairura eraman arte. Osakidetzak zenbait urtarotan ohe-kopuru bat ixten du, baina gero ustekabean ireki behar du berriro, bat-batean beharrezkoak direlako.

Argi dago egoera hori konpondu ahal izateko, plantilla ugaldu behar dela. Zerbitzu horretako profesionalen kopuruan defizita dago. Langileak urriak dira, eta horregatik lan-karga handiak eta presio itzelak jasan behar dituzte.

Santiago Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuak hartzen duen gaixo-kopurua igo da, eta zerbitzu horren erreforma onetsita bazegoen ere, obra hori geldirik egon da azkenaldian.

Egoera horretara ez gara txiripaz heldu. Osakidetzaren egoera urria ondoz ondoko gobernuek eta osasun-sailburuek zehatz-mehatz taxuturiko plan baten ondoriozkoa da. Langileen ordezkariak baztertuak izan gara Osakidetzaren plan estrategikoen gaineko negoziazio guztietatik. Plan horien helburu nagusia osasun publikoa ahultzea izan da, erabiltzaileei arreta eskasagoa eta txarragoa ematea, osasun pribatuaren beharra azpimarratzearren. Guk alarma-oihua egin dugu. Ikusi besterik ez dago nolako osasun-arreta genuen orain dela 10 urte, eta nolakoa dugun gaur egun.

Osakidetza-Arabako arreta-kalitatea eta lan-eskubideak beheraka joateko inflexio-puntua Arabako Unibertsitate Ospitalearen Plana izan zen, horretan ados gaude langileen ordezkari guztiok. Plan horrek, arabarren osasun-beharrizanak konpondu beharrean, Osakidetzaren gabeziak larriagotu egin ditu. Plan horren bidez hiriburuko akutuen arloko bi ospitaleetatik bat kendu da, Santiago Ospitale ospetsua. Zerbitzu mediko eta kirurgiko osoa ematen zuen ospitale horrek bere orain arteko eginkizunak alde batera utzi behar ditu, eta epe ertainera egonaldi ertaineko ospitale bihurtuko da. Txagorritxu Ospitaleak osasun-asistentziaren beharra bete ahal izango zuela sinestarazi ziguten, baina gaurko errealitatea ez da esan ziguten bezalakoa.

Arabako Unibertsitate Ospitalearen bategiteak ekarri diguna gaixoak eta langileak ospitale batetik bestera igaro behar izatea izan da, ez du ekarri ohe-kopurua handitzea, itxaron-zerrendak goraka doaz, bai kanpoko kontsultetan, bai ebakuntza kirurgikoetan. Santiago Ospitalea hutsik uzten ari dira, gero eta zeregin gutxiago, gero eta bertako profesional/langile gutxiago, gero eta azpikontrata gehiago, orain dela gutxi arte Osakidetzako langileek berek egiten zituzten lanak egiteko.

Bategite horrek zalantzaz beterik utzi gaitu: Eta Lezako Ospitaleak ba ote du etorkizunik? Eraikina zaharberritzeko herri-ogasunetik gastatu diren milioiak eta gero, nolakoa izango da ospitale horren izaera, baldin eta egonaldi ertainerako Arabako erreferentzia-zentroa Santiago Ospitalea izango bada? Gaur jakitera izan dugunez, ospitale horretako garbitegia pribatizatuko dute. Langileek eta haien ordezkariok borrokatuko dugu jarduera hori ospitalean egiten jarraitzeko, eta bertako langileek egiteko. Erabaki horrek langile bat kaleratzea ekarriko luke, eta baita osasun publikoaren beste zerbitzu bat pribatizatzea ere.

Osakidetza-Arabaren bigarren pausoa zera izan da: kudeatzailetza-zuzendaritza bakar batean biltzea ospitale-arreta eta lehen arreta, ESIak sortuz (ESI-Araba eta ESI-Arabako Errioxa). Antolamenduko eta kudeaketa ekonomikoko modu horrek lehen arreta fagozitatu du, zeren osasun-baliabideak eta politikak ospitalera bideratu dira, eta ez osasun-zentroetara eta PACetara. Bestela esateko, osasun-sistemako sarrera prekarizatu dugu. Orain ohikoa da familia-medikuek egun berean gaixoak artatzerik ez izatea, eta 3 bat egun itxaron behar izatea, osasun-zentroa zein den arabera. Pediatria-arreta are egoera txarragoan dago, lan-egunetan gainezka badago, asteburuetan aukera bakarra dago: Txagorritxu Ospitaleko Larrialdietara jotzea, hori baita Arabako pediatria-zerbitzu bakarra asteburu eta jai-egunetan. Hori dela-eta, zerbitzu horretan plantilla ugaltzea guztiz beharrezkoa da.

Aurreko guztiari gehitu behar dizkiogu austeritate-neurriak, Osakidetzak Espainiako Gobernuaren aginduei jarraikiz hartu dituen austeritate-neurriak. Bide horretatik Osakidetzak 3.000 lanpostu baino gehiago suntsitu ditu, Osakidetzako langileek egin izan dituzten eguneroko atazak pribatizatu ditu: garbikuntza, sukaldaritza, mantentze-ofizialak, abisu medikoak… ESI-Araban behin-behineko langileen portzentajea %45ekoa da. Euskaldunon hizkuntza-eskubideak ez dira bermatzen. Osakidetza ez da, dagoeneko, garai batean izan zen osasun publiko moderno eta puntakoa, bere herritarrenganako eta profesionalenganako ardura zuena. Oraingo langileok gutxiago gara, zaharragoak eta lan-karga handiagoekin.

Langileen ordezkariok ez dugu etsiko, kalitatezko osasun publiko eta unibertsalaren aldeko borrokan jarraituko dugu. Ez dugu bertan behera lagako langileen lan-eskubideen aldeko borroka. Osasun-sailburuak ez du egia esaten Osakidetzaren egoerari buruz, baina gu ez gara isilduko eta politika horiek salatzen jarraituko dugu. Politika horiei aurre egiten ez badiegu, osasun publikoa galzorian egongo da berandu baino lehen.