2026-01-02
Blog Page 936

Ainhoa Etxaideri galderak egiteko aukera zabaldu dugu


Ainhoa Etxaidek Idazkari Nagusi ardura hartu zuenetik ia hamarkada bat igaro da. Urte horietan krisi ekonomikoak eta erreformek gogorki kolpatu dute euskal langileria, eta euskal sindikalgintzaren aurkako enbata ere ez da nolanahikoa izan. Etxaideren gidaritzapean, ekaitz horri aurre egin dio LAB sindikatuak, eta ez hori bakarrik, garai berri bat irekitzeko oinarriak ezarri ditu, datorrena gure garaia, langileon izan dadin. Biltzar Nagusiaren atarian gauden honetan, honen guztiaren inguruan Ainhoa Etxaiderekin solasteko tartea hartuko dugu martxoaren 23an, Bilboko Hika Ateneoan arratsaldeko 18:30etan. 

Zuri ere elkarrizketa honetan parte hartzeko aukera zabaldu nahi dizugu. Beraz galderaren bat luzatu nahi bazenio, bidali ondoko helbidera: www.lab.eus.

Elkarrizketa Ekhiñe Atorrasagasti eta Maite Asensio kazetariek gidatuko dute eta zuzenean ikusteko aukera izango da LAB sindikatuaren Facebook orritik.
 

 

 

Urdulizko ospitale berriko urgentzien eta ospitalizazio zerbitzuen irekieraren atzerapen berria salatu nahi dugu

0
LABek ospitaleko zuzendaritzaren kudeaketa kaskarra salatu nahi du. Jakin izan dugu urgentziak eta ospitalizazioa ez direla martxan jarriko agindutako datetan, baizik eta lehenengoa, gutxienez bi hilabeteko epean eta bigarrena, uda pasatu arte.

Aipatutako zerbitzuek martxan egon behar zuten 2016ko azaroaz geroztik. Oraingo atzerapen hau are larriagoa da, zerbitzu horietan lan egin behar zuten langileak bertan baitaude jadanik dena prestatzen, baina ez euren lanpostuei dagokien ordutegi zein txandetan. Langile horietako batzuek euren jatorrizko lanpostuetara bueltatu beharko dute momentuz, eta gainontzekoak ospitalean geldituko dira, baina artatzeko publikorik gabe eta haien kartelera egin gabe.

Hau langile zein erabiltzaileoi adar jotze hutsa baino ez da. Aurreikuspen falta guztiz salagarria da eta, batez ere, sindikatuok pairatu behar dugun informazio falta, ez baitzaigu ezer komunikatu. Gure aldetik, urgentziazko bilera exijitu diogu zuzendaritzari, azal ditzaten atzerapen zergatiak eta langileei (euren lanpostuetan hasi baino lehen dagoeneko haserre dagoen plantilla hain zuzen ere) eman beharreko irtenbideak. Ostegunerako, martxoak 23, ospitalean bertan egingo dugun asanblada batera deitu ditugu bertako langileak.
 

 

 

Pribatizazioen aurka mobilizatu gara Lezako ospitalean

0

Pribatizazio berri bat salatu dugu gaur; Lezako ospitaleko garbitegiarena, hain zuzen ere. Mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu Osakidetzako arduradunen politika salatzeko. Urrutira joan gabe, Osasun Delegaritzen aurrean elkartuko gara apirilaren 4an, 11:00etan.

Sindikatuak pribatizazioen kontrako kanpainan bete-betean ari gara LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuak. Osakidetzako zuzendari Maria Jesus Mugikaren hitzak dira erakundearen negozioa osasuna dela. Hitz horiek bete-betean azaltzen dute Osakidetza zuzentzen ari direnen filosofia, osasuna negozio iturri nahi dute. Iturri emankorra, baita bertan aritzen diren enpresentzat. Hona hemen hiru adibide:

-Garbialdi: azken hiru urteetan 1.518.797 eurotako irabaziak izan ditu. Garbialdik Osakidetzarentzat 30 milioi eurotik gorako gastua suposatzen du.

-IMQ Zorrozaurre: azken hiru urteetan 8.895.937 eurotako irabaziak izan ditu.

-Mapfre: Estatu mailan 1.148.310.000 eurotako irabaziak izan ditu.

Negozioa zabaltzen dute gizartearen osasun arretaren eta langileen lan-balditzen kaltetan. Osasun publikoa narriatzen duten neurrian handitzen da enpresa pribatuen negozioa. Noizko sindikatuok neurri hauek hartzea justifikatzen duten txostenak publiko egitea?

Eta, gainera, jendaurrean pribatizaziorik egiten ez dutela diote. Sindikatuokin sinaturik dute ez dutela zerbitzu berririk pribatizatuko, baina, Urdulizko Ospitalearen ondoren, Lezako garbitegiaren pribatizazioa dator orain.

Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontu proiektua argitaratu du. Aurrekontuei buruzko eztabaida oso momentu egokia da Osakidetzak enpresa pribatuei bideraturiko 350 milioi euroak berrikusteko.

Bien bitartean, sindikatuok mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu, ez diegu utziko modu baketsuan osasun-arreta eta lanpostu publikoak suntsitzen utziko.
 

 

 

Errauste plantaren aurkako manifestazioarekin egin dugu bat

0

Hainbat arrazoi daude Zubietako proiektua baztertzeko: ekonomikoki ez da bideragarria eta osasunarentzat eta ingurumenaretzat kaltegarria da. Honetaz gain, alternatibak daude: "Badago errausketaren alternatiba, Gipuzkoako herri askok jadanik aplikatzen dutena: murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea. Geratzen den errefusa tratatzeko instalazio malguagoak, merkeagoak eta gutxiago kutsatzen dutenak asmatuta daude". Halaxe adierazi dugu sindikatuok, gaur Donostian egindako agerraldian. Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitutako manifestazioa datorren larunbatean izango da, 17:00etan, Donostiako Anoeta estadiotik abiatuta.

Hauxe da sindikatuok egin dugun adierazpena, hondakinen kudeaketari buruz:

Hemen elkartu garen sindikatuok gizarteari orokorrean eta bereziki langileei honakoa adierazi nahi diete:

Ezin dugu onartu, besterik gabe, gaur egun Foru Aldunditik inposatu nahi diguten errauste planta arrazoi hauek direla medio:

-Hainbat ikerketek diotenez erraustegiak kaltegarriak direlako bere inguru zabal batean bizi diren pertsonentzat, dioxinen eta metal astunen ondorioz: sortzetiko malformazioak, minbizi desberdinak, arnas aparatuko arazoak, etab ugariagoak dira. Erraustegiaren inguruko langileen osasuna ere kaltetua izango litzateke, eta ezin ditugu ahaztu honelako instalazioetan gertatzen diren istripuak, langileengan duten arrisku zuzenagatik eta ondorioz sortzen den kutsaduragatik.

-Zaborren errausketaren ondorioz klima aldaketa sortzen duten gasen isurketa (C O2 eta N Ox) asko handituko delako eta honekin batera lehorte edo uholde arriskua.

-Inguruko nekazari eta ganaduzaleen produktuak balorea galduko dutelako, hauek eduki dezaketen kutsaduraren ondorioz.

-Behin eta berriz ikusten ari den bezala, Gipuzkoako herritar askoren iritziaren aurka, herritarren partehartzerik gabe eta Europatik datozen aginduen aurka egin nahi delako. Bereziki, langileok hitza izan nahi dugu eta erraustegiaren gaian erabaki.

-Dirutza handia suposatuko dielako gure Udalei, bai eraikuntzak, bai funtzionamenduak, eta diru hau multinazional baten esku pribatuetara joango delako, zerbitzu publiko baten truke. Gipuzkoan ere bizi dugun emergentzia sozialeko egoera honetan, lehentasunak pertsona zein natura izan beharko lirateke eta dirua oinarrizko eskubide sozialak bermatzera bideratu: enplegu duina, etxebizitza eskubidea, elikadura burujabetza, pobrezia energetikoari aurre egin, aberastasuna banatzeko mekanismoak, hezkuntza…

-Lanpostu gutxi sortuko dituelako (80 Foru Aldundiaren esanetan); aldiz, hondakinen hierarkian oinarritutako eredu jasangarriak jarraituz 15 bider gehiago sortu ahalko lirateke.

-Badagoelako errausketaren alternatiba, Gipuzkoako herri askok jadanik aplikatzen dutena: murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea. Geratzen den errefusa tratatzeko instalazio malguagoak, merkeagoak eta gutxiago kutsatzen dutenak asmatuta daudelako.

Honegatik guztiagatik dei egiten diegu langileei eta herritar guztiei martxoaren 25ean egingo den manifestazioan parte har dezaten. Langileok ere ozenki esan dezagun: ALTERNATIBA DAGOELAKO, ERRAUSKETARIK EZ.
 

 

 

Agur eta ohore, Martin McGuinness

0

Gaurko egunarekin, Irlandako Sinn Fein alderdiko eta Irlandako mugimendu Errepublikarraren lider historiko den eta aldi berean Irlanda Iparraldeko Lehen Ministro orde zen Martin McGuinnessen heriotzaren berri tristea jaso dugu. LAB sindikatutik bere familia, lagunei, Sinn Fein alderdiari eta Irlandako mugimendu Errepublikarrari hain gogorrak diren momentu hauetan gure doluminak bidaltzen dizkiegu, eta momentu zail hauetan zuekin gaudela ere adierazi nahi dizuegu.

Martin McGuinness, Irlandako askatasunarekin betidanik konprometitua egon zen pertsona bat eta bakearen, justiziaren eta Irlandako gizon eta emakume guztien parekidetasunaren aldeko borrokalari bat izan zen, bere pertsona eta bere gizatasun osoa ezagututa bakarrik uler zitekeen konpromisoa, hain zuzen ere.

Ez zen, ordea, borrokalari nekaezin huts bat izan. Martin McGuinness pertsona zoragarri bat izan zen, internazionalismo politikoa bere ideal politikoan txertatuta zuen pertsona bat. Euskal Herrian ezagutzeko aukera izan dugu, eta horregatik, hain zuzen ere, euskal gatazka politikoari justizia eta demokraziaren norabidean irtenbide bat bilatzeko egindako lan guztia eskertu beharrean gaude.

Hau ez da agur mezu bat, sarri arte esateko mezu bat baizik. Garaipenaren egunean berriz elkar ikusiko dugu; Euskal Herriaren eta Irlandaren askatasuna ospatzeko Martin McGuinnessek eta beste hainbestze pertsonek borrokaturiko askatasun,a hain zuzen ere.
 

 

 

Herri-akusazioak positiboki baloratzen du Kutxabank auzian emandako kondena


Kutxabank kasuko akusazioa osatzen duten eragileek (LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, EKA eta Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformak) prentsaurrekoa eskaini dute Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafael Alcortaren kontrako epaiaren balorazioa egiteko. Bertan adierazi dute sententziak herri-akusazioak orain arte egindako salaketei forma juridikoa eman diela.

Zentzu horretan, argi eta garbi geratzen da akusatuak bidegabeko jabetzearen delituaren errudun direla, Kutxabankeko funtsak erabili dituzte entitatearentzat ez zuzenean ez zeharka lanik egin ez zuen pertsona bati milioitako soldatak ordaintzeko. Mikel Cabiecesi ordainketak egin zitzaizkion, bere ardura utzi zuen politikari bat izate hutsagatik.

Bestalde, berriro ere egiaztatzen da delituak bultzada politikoa izan zuela. Mario Fernandezen deklarazioen arabera, esangura politiko handiko pertsonek Cabiecesi soldata ordaintzeko bideak aurkitzeko beharra adierazi zioten. Politiko horietako inor, ez eta egileak, ez zen kezkatu Cabiecesek hilabetean Kutxabanketik jasotzen zituen 6.000 euroak zegokion lan prestaziokoak ziren baieztatzeaz. Momentuan argitaratu zen pertsonaia politiko esanguratsu horiek PPko Basagoiti eta Patxi Lopezen gobernuko kontseilari bat zirela, baina gure iritziz, Sabin Etxeak eta Mario Fernandez Kutxabankeko lehendakaritzan jarri zutenek hau guztia bazekiten eta hain zuzen ere, erabaki hau bultzatu zuten.

Gainera salatzen dugu bidegabeko jabetze delitua gertatu zen egoera Kutxak-Kutxabanken pribatizazioaren testuingurua zela eta tesguinguru honetan. EAJ, PSE eta PPren babesak pribatizazioari konpaktatzeko asmoz, borondate politikoak horrelako jarduerekin indartzen ziren. Pribatizazioa oinarri bat izan da gauza hauek gertatu ahal izateko.

Era berean, oso modu positiboan baloratzen dugu herri-akusazio honek egindako lana, modu erabakigarrian lagundu duelako txostenak eta frogak eskuratzen, herri-akusazio honek eskatutako lekukotzek abalatuak. Ziur gaude epaiketa honen emaitza ez zela berdina izango herri akusazio hau gabe. Hemen aitortza orokorragoa egin nahi dugu herri-akusazio eta akusazio partikularren presentzia indartzeko egungoa bezalako kasuak argitzeko tresna moduan.

Azkenik salatu nahi dugu, Mario Fernandez eta berarekin erabakiak hartu dituztenen ohorearen inguruan, zalantzan geratzen dela ez soilik epaiketa honetan gertatu denagatik, Kutxabanken barruan egin duen ibildeagatik ere.
Bere kudeaketa, finantza entitatearen buru bezala desastre bat izan da eta egoerarik okerrenean utzi ditu Euskal Kutxak-Kutxabank egoera ekonomikoa, prestigio soziala eta herritarrekiko zerbitzuari dagokionez.

Mario Fernándezke BBKren agintean, eta ondoren Kutxabankekoan, hartu zuen lehen erabakietakoa izan zen Caja Sur erostea. Honek itzelezko zuloa eragin du. Kutxabankeko funtsetatik 3.000 milioi euro bota dira zakarretara, BBKk Kutxabankeko akzio gehienak izateko helburu bakarrarekin.

Kutxabankek 2.000 enplegu suntsitu ditu bere agintepean eta ona da bere kontuen egoera baliabide gutxien dutenei itzelezko komisioak kobratzen dizkielako. Modu bortitzean murriztu du bere obra soziala eta honekin lotura zuten hirugarren sektoreko ehundaka lanpostu suntsitu ditu. Eurek aukeratutako 15 pertsonaren eskuetan utzi dituzte bankuaren akzioen salmentari buruzko eta Kutxabankeko aktiboen kudeaketa esku pribatu eta inbertsio-funtsen esku uztearen erabakiak. Eskubideak, partizipatuak eta jabego higiezinak saldu dituzte kutxa egin eta estres testak gainditzeko.

Mario Fernandezek egin duena EAJ, PP eta PSEren erabaki politikoen egile moduan, Euskal Kutxak-Kutxabanken euren aurrezkiak jarri dituzten herritarrei eta finantzazio beharra duen enpresa txiki eta ertainari egindako iruzurrik handiena da.

Guzti horrengatik poztu egiten gara bidegabeko jabetza delitua aitortu duelako epaiak. Jarraitzen dugu exijitzen bultzatzaile politikoek aurpegia eman dezatela eta behingoz estrategia negargarri honi amaiera ematea. Instituzio finantziero publikoak ezabatu dizkigute, ezinbestekoak direnak gure ehun ekonomiko, sozial eta enpresarialerako. Helburu horiek lortu artean lanean jarraituko dugu.
 

 

 

EAEko eskola jangeletako katering enpresen estrategia diruzalea kritikatu dugu

Beste behin gaude EAEko eskola jangeletako langileen lan-baldintzen negoziazio sasoian. Bilerak egin dira eta alde sozialaren eta enpresaren artean proposamenak elkartrukatu dira. Enpresak, gaurko egunera arte, bi proposamen jarri dituzte mahai gainean, LABentzat, gu mobilizazioetara eramateko probokazio argia suposatzen dutenak. Enpresa hauen estrategia beti izan da negoziazioa blokeatzea Eusko Jaurlaritzak eskuhartzeko helburuarekin, horrela konponbidea ekonomikoa eskuratzeko eurek euro bakarra ordaindu gabe. Negoziazio honetan berezitasun batekin egiten dugu topo. Enpresek, lizitazioetan, bota egin dituzte prezioak pastelaren zati handiena eskuratzearren, horrela, langileen lan-baldintzak hobetzea ez da lehentasuna enpresa hauentzat.

Enpresek hartuta diote neurria kolektibo honi, oso ondo dakite euren eskubideen alde borrokan egiten duen kolektiboa dela, baina baita zerbitzuaren kalitatea eta umeen ongizatearen alde. Beste behin euren intereserako erabili nahi gaituzte eta ez diete ondorioek axola, ezta jangelak kaltetzeak eta askoz gutxiago jangela zerbitzua gelditzeak, aurreko negoziazioan gertatu zen moduan. Inolako lotsarik gabe bahitu moduan erabiliko gaituzzte langile, ume zein gurasoak Eusko Jaurlaritzari presionatzeko, negoziazioan esku hartu dezan eta gatazka ekonomikoki konpondu. Ez die axolako nondik ateratzen den konponbidea, edo aurrekontuetatik edo familien poltsikoetatik, beti ere euren irabazi asmoak ikutzen ez diren bitartean.

Berriro diogu, eskola-jangelak kudeatzeko eredu hau guztiz agortuta dago. Duela ez asko ezagutu genuen enpresen jarrera ustela euren negozioa banatzeko. Lehiaren Epaitegiak 18 milioi eurotako isuna bota zien eta orain langile eta familiek erdibana ordaintzea nahi dute, denok ezagutzen dugulako eta etengabe albistea delako nola ari den kaltetzen jangela zerbitzua, kalitatez zein kantitatez. Ez da kasualitatea kaltetze hau isun-mamuaren (zalantzak digu bere exekuzioaz) eta eskandaluzkoa izango den prezioaren jaitsieraren ondorengoa izatea. Argi daude ondorioak.

Beste alde batetik, jendartea beste zerbait eskatzen ari da eta lerro desberdin batean ari da lanean. LABetik, beste eragile eta gurasoen elkarte batzuekin, jangela- eredu berria ari gara diseinatzen, publikoa, osasungarria, burujabea, integrala eta integratzailea eta Hezkuntza proiektuaren zati izango dena. Horregatik, enpresak dituen asmoak lan-baldintzetan kosteak murrizteko, familiek duten asmoa jangeletan beste eredu bat izateko eta langileen borroka legitimoa euren lan-baldintza prekarioak hobetzeko ikusita, negoziazio gogor eta gatazkatsua iragartzen digute.
 

 

 

Prekarietatea eta kontrol bertikalak EITBko albistegien kalitatearen kontra jotzen dute

0


Informazioaren ekoizpen egokia lortzeko proposamenean profesionaltasuna, talde-lana eta esku-sartzerik eza jasotzen du EITBKo LABek gaur parlamentuan EHBilduk gonbidatuta azaldu duen txostenean. Diagnostikoan azpimarratutako arazoak agenda propioaren falta; erredaktoreen espezializazio falta, beldurra eta prekaritatea; eta gestoreen kudeaketa sistema adiskidezkeriakoa eta bertikala izan dira. Hauek zentsurara eta autozentsurara eramaten dute, bai eta espezializaziorako eta lanbide karrerarako aukerak ukatzera ere. Txosten osoa ikusgai atxikitako dokumentuan.

Parlamentuko talde politikoak bat etorri dira LABek egindako diagnostikoarekin orokorrean, EAJ ezik. EAJ ez da bat etorri agerraldia egiteko EH Bilduk egin duen justifikazioarekin, EITBn zentsura edo kontrola dagoela alegia, eta bere iritziz albistegiak bat datoz EITBren helburuekin. Erredakzio estatutuari aipua eginez, kazetarien lana bermatuta dagoela azaldu du. Halere, argigarriena izan dena PNVren biluzketa ideologikoa izan da, «kazetariek beldurrik izatekotan kontratazioari beldurra izango dela» onartu duenean.

LABeko ordezkariek ondo argitu dute:

• Beldurra eta kontrola hain zuzen, komunikabide gehienetan bezala, kontratazio prekarioan datzala. Kontratu prekario batekin nekez egin diozu aurre zentsurari eta autozentsurari. Langile batek 17 urtetan 1.400 kontratu edukita, kalera joateko beldur izatea lojiko izan daiteke.

• Erredakzio estatutua eta kontseilua ez zirela EAJrekin inoiz adosterik izan, baizik eta hain zuzen alderdi hau boterean egon ez zenean.

• Gestore sistema bidegabeaz gain, legez kanpokoa dela epaitegiek onartu duten bezala. Ardura postuak etxeko langileekin bete behar dira kanpotik inor ekarri gabe, agintzera zein aginduak betetzera.

 

 

Migranteek hartu dute hitza

Xenofobia eta Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da bihar, eta LABek mahai inguru bat antolatu du migranteei buruz; Bartzelonako kaleetan, bizirauteko borrokan ibiltzen diren saltzaile ibiltariei buruz, hain justu. Solasaldiaren aurretik, “El peso de la Manta” dokumentala proiektatu dugu. Mbolo elkarteko eta Kataluniako Sindicato Opular de Vendedores Ambulantes-eko bana ordezkarik hartu dute hitza.

LABen Bilboko egoitzan egindako jardueran, Sidil Moctar izan dugu gogoan. Moctar aipatutako saltzaile hauek pairatzen duten jazarpenaren adibide da: bost urteko kartzela zigorra ezarri diote, Bartzelonako Guàrdia Urbanak kolektibo honen kontra egin ohi dituen sarekada baten ondorioz.

Otoxo Productions ekoiztetxearen dokumentalak migrante hauek bizi duten egoera azaltzen du, baita euren aldarriak zeintzuk diren zehaztu ere: kontzientzia, duintasuna eta elkar ulertzeko prestutasuna. Arrazismo bortitzaren eta poliziaren oldarraldien biktimak dira, eta, urte luzeetako isiltasuna alde batera utzi eta gero, sindikatu bat sortzea erabaki dute. Hain zuzen ere, bertako ordezkari batek hartu du parte mahai inguruan.