2025-12-14
Blog Page 921

Multinazionalen basakeria salatu dute Bilbon

2013ko apirilaren 24an, Rana Plaza eraikinean (Bangladesh) ia 1.300 emakume hilak izan ziren, eta 2.000 zaurituak, ehunkien industriarentzat baldintza penagarrietan eta soldata immoral baten truke lan egiten zuten erakin hura behera etorri zelako. Hala, gaurko egunez, apirilak 24, egun hura gogora ekarri du Emakumeen Mundu Martxak.

Erresistentziarako eta borrokarako egun gisa izendatu dute gaurko eguna, merkataritza askeko tratatuen botere eta inpunitatearen aurka zein esplotazio kapitalista neoliberalaren era guztien aurka kalera ateratzeko eguna. Protesta Bilbon egin dute, eguerdian, Eliptika plazan, "Rana Plaza edonon dago!" leloarekin.


 

 

 

Ainhoa Etxaidek erabakitzeko eskubideari buruzko mahai inguru batean parte hartuko du bihar Zarautzen

0

LABeko idazkari nagusiak solasaldi batean parte hartuko du bihar, apirilak 25, Zarautzen, ELAko ordezkari Joseba Villarealekin batera. Moderatzailea Imanol Murua Uria kazetaria izango da. "Erabakitze eskubidea eta burujabetza ekonomikoa" izango da mahai inguruaren izenburua, Zarauztarron Erabakia dinamikak antolatuta. Antoniano Aretoan egingo dute, 19:30ean. Urola Kostan bertan, Azpeitian, beste hitzaldi bat antolatuko dute asteazkenean; Ainhoa Etxaide ere izango da bertan, euskal esparru sozioekonomikoari buruz solasteko.
 

 

 

Iruñeko San Jose zentroaren egoera konpontzeko premia dago

San Jose Zentroko egoiliarren profila aldatzeko asmoak sortutako arazoak direla eta, behin ikusita PAGNAk ez duela oraindik konponbide eraginkorrik eman eta apirilaren 19an LABek Lan Ikuskaritzan aurkezturiko segurtasun eta lan osasunaren inguruko salaketari jarraiki, sindikatuak Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuarengana ere jo du oraingoan, horren esku hartzea eskatzeko.

Aipatu ekimena, PAGNAren (ANADP, Agencia Navarra de Autonomía y Desarrollo de las Personas, gazteleraz) asmoak ezagutzera eman zenetik LABek egindako gainerakoekin bat egiten duena, beste ekimen batekin batera ekartzen dugu: Administrazioari luzatutako deia, gizartearen aurrean alegia. Nafarroako Gobernuak hemendik legealdia bukatzera bitarte hainbat lege aldaketa egiteko asmoa duela jakinda, aipatu aldaketek zentroetan eta beraien arretan eragina izanen dutela kontuan hartuta, zera eskatzen diogu Administrazioari: konpromisoa hartzeko, gizartearen aurrean gainera, aipatu aldaketak langileekin adostuko dituela eta horien ekarpenak kontuan hartuko dituela azalduz. Ondokoak ditugu horren helburuak: arreta benetan hobetzea eta langileen eskubideak bermatzea.

PAGNAko arduradunek zuzen erantzuteko eskaera da, behin ezagututa Nafarroako Gobernuak aldatu nahi dituela ratioen zein Gizarte Zerbitzuen Zorroaren dekretoak eta 15/2006 lege foru bera ere, abenduaren 14koa, Gizarte Politikoetakoa. Gure ustetan, aukera baliotsua da errealitatearekin bat egin behar duen arautegia lortzeko, besteak beste beharrei erantzun ahalko lieketen berariazko arloetako langileen taldeak ezarriz.

Jakin badakigu arauen aldatzearena epe ertain-luzeko bidea dela. Baina jakin badakigu arazoak segitzen duela ere, egunerokoan, eta Administrazioak aurre egin behar dio lehenbailehen. Hori dela eta, batetik, irtenbide eraginkorrak jartzeko eskatzen diogu PAGNAri, eta bestetik, deia luzatzen diegu langileei deituko ditugun mobilizazioetan eta elkarretaratzetan parte hartzeko.
 

 

 

Burujabetza aldarrikatuko dugu eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko


Aurtengo hau izan daiteke garai berri baten atariko Maiatzaren Lehena: “Euskal Herrian eta gure mugetatik harago ematen ari diren gertakariek aukera berriak zabaltzen dituzte. Erronka ekonomiko eta sozialei aurre egin ahal izateko, burujabetzarako bidea egiten ari dira Catalunya eta Eskozia. Gurean ere gero eta gehiago gara geure lan eta bizi baldintzen gainean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugunok”. Prentsaurreko bidez Igor Arroyo Nafarroako bozeramaileak adierazi duenez, “badira bi urte Nafarroan aldaketa instituzionala gauzatu zenetik. Aurrera egin da, nabarmen, gure herrialdearen demokratizazioan. Bazterketa sozialaren kontrako hainbat neurri hartu dira. Alabaina, aldaketa soziala eginkizun dago oraindik; berau gauzatzeko, bi oztopo nagusiri aurre egin behar zaie”.

Lehenengo oztopoa Nafarroan bertan legoke: Patronala. “Frankismoan nahiz posfranksimoan aberastu den elite ekonomikoak botereari eusten dio” adierazi du Arroyok. “Bere estrategia, batetik, lan erreformak emandako baliabideen bidez lan baldintzak prekarizatzean datza; eta bestetik, ahalik eta zerga gutxien ordaintzean. Honela, lan kosteak murriztuz eta zergei ihes eginez, bere etekinak areagotu nahi ditu. Ez da egongo aldaketa sozial sakonik, Patronalaren politikari muga jartzen ez bazaio eta momentuz Nafarroako Gobernuak ez du horretarako asmorik agertu”.

Bigarren oztopoa Madrilen dago LABen arabera. “Azken hamarkadan hartutako erabakiek agerian utzi dute Nafarroaren ustezko autogobernua erabat mugatua dagoela. Sektore publikoaren garapena oztopatzen duten hamaika arau ezarri dizkigu Espainiako Gobernuak. Nafarroako Parlamentuak onartutako 17 legeren kontrako helegiteak aurkeztu ditu, tartean frackinga debekatzeko eta desjabetzeekin amaitzeko lege bana. Bestalde, Nafarroak ez du lanbidearteko gutxieneko soldata finkatzeko edota eskubide laboralak bermatzeko eskumenik”.

Arroyok adierazi duenez, “Herri galdeketarik gabe Foru Hobekuntza ezarri zenetik 25 urte igaro direnean, nafarrok geure etorkizunaren inguruko erabakiak har ditzagun garaia da. Estatus berri baten inguruko eztabaida instituzional eta soziala irekitzeko konpromisoa hartu zuen Gobernuak, Akordio Programatikoan jasotzen denez. Konpromiso hori gauzatzea eskatzen diogu LABetik. Zabal dadila behingoz eztabaida. Jar ditzala mahai gainean nork bere proposamenak. Gure aldetik ez dugu zalantzarik: estatu propio bat eratzea da nafar langileon lan eta bizi baldintzen hobekuntzarako bide emankorrena. Menpekotasunak sozialki kaltetzen gaitu. Murrizketa, prekarietate eta inposaketen garaia gainditu eta berri baten bila goaz: langileon garaia, burujabetzaren garaia, aldaketa sozialaren garaia”.

Iruñeko manifestazioa

LABek hiru manifestazio egingo ditu Euskal Herrian, eremu administratibo bakoitzeko bana: Baiona (11:00etan, geltokitik), Bilbo (12:00etan, Zabalburutik) eta Iruñea (12:15ean, Gaztelu plazatik). Azken honetan, lau bloke antolatuko dira, lan baldintzak aldatuko dituzten neurri zehatzak hartu ahal izateko, burujabetzaren beharra nabarmentzeko. Ernai gazte antolakundeak bosgarren bloke bat antolatuko du eta martxan zehar “pikete feministak” ere (lan arloko diskriminazio egoerei aurre egiteko LABek diseinatutako tresna berria) presentzia izango du.

Lau blokeak oinarrizko lau aldarrikapenen inguruan antolatuko dira: 35 orduko lan astea, 1200 euroko gutxieneko soldata, 1080 euroko gutxieneko pentsioa eta zerbitzu publikoen garapena. Jarraian azaltzen da horietako bakoitzaren inguruko ezaugarritzea.

Burujabetza osoaz… 35 ordu

Kapitalaren logika Bizitzaren logikaren kontrakoa da. Milaka lagun lanik gabe dauden bitartean, enpresek gehiago ekoiztu nahi dute jende gutxiagorekin, dela robotizazioaren bidez (Industria 4.0 eta abarrak), dela malgutasunaren eta lanaldiaren luzapenaren bidez. Zentzugabekeri horri amaiera jartzea premiazkoa da, 35 orduko lan astea ezarriz. Kontrako bidea egin behar da inposatutako lanaldi partzialei dagokionez; horiek mugatzea da gure eskaria, Europako hainbat herrialdetan bezala gutxieneko lanaldi bat finkatuz.

Burujabetza osoaz… LGS 1200 euro

Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 707 eurotan dago. Horrekin ez dago bizimodu duin bat izaterik Estatuan eta gutxiago Nafarroan, hemen bizitzaren kostea handiagoa baita. Gutxieneko soldata hileko 1200 eurotaraino igotzea, prekarietatearen kontrako borroka nagusietako bat da. Lantokiz lantoki eta sektorez sektore aritu behar gara horren alde. Baina langile guztientzat ezar dadin, Nafarroak lan arloko eskumenak izatea nahitaezkoa da.

Burujabetza osoaz… 1080 euroko gutxieneko pentsioa

Duela gutxi, Pentsionistak Martxan plataformak sustatu eta LABek babestutako Herri Ekimen Legegilea eztabaidatu zen Nafarroako Parlamentuan. Bi eskari egiten zituen: nafar orori gutxieneko pentsioa bermatu eta horretarako Nafarroan Gizarte Segurantzako kutxa propioa kudeatu. Alabaina, Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerrak bat egin zuten UPN-PP-PSNrekin, horretarako eskumenik ez dagoela argudiatuz. Galdera beraz honako hau da: nafar orori pentsio duin bat bermatzen ez dion “autogobernua” ontzat eman behar al dugu?

Burujabetza osoaz… Zerbitzu publiko duinak

Nafar guztien hezkuntza, osasun arreta eta babes soziala bermatzeko zerbitzu publiko duinak behar ditugu. Horretarako UPNk ezarritako eredua errotik aldatu beharra dago, zerbitzuen publifikaziorako plan bati ekinez, administrazioa demokratizatuz eta behin behinekotasuna %5era murriztuz. Gaurdanik urratsak eman daitezke norabide horretan, izan ere LAB hainbat hobekuntza lortzen ari da. Hala ere, Espainiako Gobernuak krisiaren aitzakiaz inposatutako salbuespenezko legediak Nafarroako zerbitzu publikoaren garapena mugatzen du.

 

 

 

Elkartasun osoa adierazi nahi diogu Venezuelako Herriari

0

LAB sindikatutik gure elkartasun osoa bidali nahi diogu Venezuelako langile klaseari eta orokorrean Venezuelako herriari bizi duten egoera zail honetan. Era berean Venezuelako Iraultza Bolibariarra suntsitzeko inperialismoak abian jarri duen estrategia gaitzetsi eta salatu nahi dugu.

Ez da gauza berria Venezuelako Iraultza Bolibariarra inperialismoaren jomugan dagoela. Hainbat eta hainbat izan dira Venezuelako iraultza indargabetu eta suntsitzeko egindako saiakerak; bertzeak bertze 2002an Hugo Chavezen aurka eginiko estatu kolpea, herriaren mobilizazioak bertan behera utzi zuena.

Indarkeriaz betetako gerra ekonomiko eta mediatiko baten aurrean gaude, dena inperialismoaren adar guztiak ongi koordinatutako estrategia bati erantzuten. Elite ekonomikoek gerra ekonomikoa egiten diote gobernuari ekonomia kolapsatzeko helburuarekin, bitartean Estatu Batuen laguntzaz eskuin kolpistak biolentziaz erasotzen ditu kaleak eta azkenik inperialismoaren zerbitzura dauden komunikabide nagusi guztiek errealitate guztia desitxuratzen dute gobernua eginez egoeraren errudun.

LABek argi du egoera honen guztiaren atzean Iraultza Bolibariarra suntsitzeko helburu garbi bat dagoela. Inperioarentzat onartezina da langile klasearen eta herri xumearen zerbitzura dagoen Iraultza bat egotea, eta aurreko egoerara itzuli nahi dute; hau da, elite baten eta Estatu Batuen interesen zerbitzura dagoen eredu ekonomiko batera betikoek irabazten dutelarik langile klasearen miseriaren kontura.

Horregatik gure ikuspegi internazionalista berretsiz, eta langile klasearen interesen defentsaren aldeko hautu garbia eginez, gure elkartasuna adierazten diogu Venezuelako Iraultza Bolibariarrari eta Venezuelako herriari. Gguzti honekin batera aprilaren 22an Donostiako Alderdi Ederren arratsaldeko 7etan eginen den mobilizazioa babestu eta bertan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

 

 

Vithas San Josek emakumeak diskriminatzen dituela salatu dugu ospitalearen aurrean

Gasteizko Vithas San Jose ospitaleak kirurgiarako bloke berri bat irekitzeko asmoa dauka. Giza baliabideen sailetik curriculumak jasotzen hasi dira langileen aukeraketarako. Jakin izan dugu sail honek emakumeentzako diskriminatzaileak diren irizpideak erabiliz aukeratzen dituela langileak, eta egoera hori salatzeko elkarretaratze bat egin dugu gaur, ospitalearen kanpoaldean.

Egoera salatzeko agerraldi bat egin genuen duela egun gutxi, eta Vithas San Jose ospitalearen jarrera gogor kritikatu genuen. 
 

 

 

Kontratazio berriak eta inbertsioak behar dira Arcelor Mittaleko lantokiek etorkizuna izan dezaten

0

LAB oso kezkatuta dago Euskal Herriko Arcelor Mittaleko lantokiek pairatzen duten egoerarekin. Xehetasunak xehetasun, Hego Euskal Herriko lantokien egoera berdina da: enplegu suntsiketa, langile falta, prekarietate gehiago eta inbertsiorik ez dago. Kontratazio berririk gabe eta inbertsiorik gabe, Euskal Herriko lantokien etorkizuna kolokan dagoela begibistan dago. Hala, LAB sindikatuak agerraldi bat egin du gaur, Bilbon, Arcelor Mittaleko Euskal Herriko lantegien egoerari buruz egiten duen analisia jakinarazteko. Sindikatuko Industria Federazioko kide Jonan Goñik hartu du hitza, eta Arcelor Mittalek Euskal Herrian dituen lantegi guztietako ordezkariek hartu dute parte.

Arcelor Mittal multinazionalaren aldetik ez dugu ikusten, ez apusturik, ez konpromisorik lurralde honekiko. Bitartean, langileen lan baldintzak etengabe okertzen ari dira. Azpikontratazioa gero eta handiagoa da, Arcelorrek betidanik eskaini dituen zerbitzuak azpikontratatuz (laborategia, biltegia…).

Egoera honek beste lurraldeetan egin dituen inbertsioekin eta kontratazio berriekin talka egiten du, Asturiasen bezala. Beraz, inbertsioak badaude, baina ez Euskal Herrian.

-ENPLEGU GALERA:

2007. urtean Mittalek Arcelorreko altzairutegiak erosi zituenetik, 1.758 lanpostu inguru suntsitu ditu, langileen %51 baino gehiago, hau da, lanpostuen erdia baino gehiago. Galera hau, gainera, lantoki guztietan ematen da:

2007- 2017, aldea:
  
-Lesaka-Legasa: 847-425 (-422)   
-Etxebarri: 773-394 (-379)
-Olaberria*: 440-430 (-10)   
-Bergara: 350-155 (-195)   
-Sestao: 510-238 (-272)   
-Zumarraga: 488-8 (-480)   
-Guztira: 3.408-1.650 (-1.758)  

*Olaberriko lantokian enplegu galera txikiagoa izan da Madrilgo Villaverde itxitako lantokitik etorritako langileak bere gain hartu dituelako.

Honela jarraituz gero, 2027rako ez da langile bakarra geldituko Euskal Herrian.

-EZ DAGO INBERTSIORIK:

Lantokien beharrezko funtzionamendutik haratago doan inbertsiorik ez dago, salbuespen bakarra Etxebarriko lantokia dugu:

Inbertsioak (azken 5 urteetan)
Lesaka: 1.100.000 €
Etxebarri: 3.500.000 € .
Olaberria: 0
Bergara: 0
Sestao: 0
Legasa: 0

Euskal Herriko lantokietan ia inbertsiorik egiten ez den bitartean, Espainiako beste lantokietan ia 270 miloi eurotako inbertsioa onartua dago, Asturiasen bezala.

Beraz, argi geratzen da Arcelor Mittalek Euskal Herriko lantokiekiko mantentzen duen jarrera krudela argindarraren prezioa eta altzairu txinatarraren izeneko krisia baina askoz lehenagotik datorrela.

Gainera, Arcelor Mittalek Italiako Ilva altzairutegia erosiko balu, euskal altzairutegien etorkizuna are gehiago okertuko luke (2.300 miloi eurotako inbertsioaz hitz egiten ari da).

HONEN AURREAN, ZER EGIN? LABen PROPOSAMENA

LAB sindikatua errealitate hau Euskal Herriko lantokietako langileekin konpartitzen hasia da dagoeneko. Arazo globalen aurrean, konponbide globalak. Bada ordua lantoki bakoitzaren eremua gainditzeko eta herri gisa aritzeko. LABek Euskal Herriko lantokiak batzeko garaia dela uste du, honakoa defendatzeko:

1. Euskal Herriko lantokien etorkizuna bermatuko duten inbertsioak ekarri behar ditugu.
2.Enplegu berria sortu.
3.Kalitatezko enplegua defendatu. Eskubide galera gehiagorik ez!, azpikontratazio gehiagorik ez!

Horretarako:

-Elkarlana bilatuko dugu gainontzeko sindikatuekin, aipatutako helburuak lortzeko helburuarekin, konponbidea langileen eskutik etorriko denaren konbentzimendutik. Denon artean erabaki ditzagun eman beharreko urratsak eta mobilizazioak.

-Multinazionalari zera exijitzen diogu, Euskal Herriko lantokien aldeko apustu argia egin dezala, kalitatezko enplegu berria sortuz eta lantokien etorkizuna eta bideragarritasuna bermatuz. Ez da zilegia euskal eta nafar erakundeei diru laguntzak exijitzea enplegua suntsitzen eta lantokiak ixten dituen bitartean.

-Erakundeei exijitzen diegu, lehenik eta behin, ez diezaiotela multinazionalari babes gehiago eman, ahalegin handiagoa eskatuz langileei. Argitara eman ditugun datuen arabera, argi erakutsi dugu denbora honetan zehar langileek murrizketak baino ez dituztela jaso. Bigarrenik, instituzioetatik eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, inplikazio gehiago eskatzen dugu. Ziurtatu behar dute eman dezaketen edozein diru laguntza publikoek aurreko helburuak betetzen dituztela, alegia, enplegua sustatzen dela, produkzioan onura nabarmenak ekarriko dituen inbertsioak egiten direla eta lantokien etorkizuna bermatzen dela.

Eta, azkenik, Zumarragako lantokia orain dela urte bat itxi zutenetik eta jada albiste ez garenez, badirudi altzairuaren arazoa desagertu dela, eta harrezkero ez da gurekin biltzen. Galdera zuzena egin nahi diogu Eusko Jaurlaritzari: ze nolako neurriak hartu ditu denbora honetan altzairuaren sektorea Euskal Herrian bizi irauteko? Alegia, zer nolako politika industriala dauka altzairuarekiko? Guk, langileok bederen, ez dugu ezagutzen. Alor honetan ziur gaude Eusko Jaurlaritzak orain arte egin duena baino askoz gehiago egin dezakeela. Ez diogu antzematen Eusko Jaurlaritzari altzairua babestu eta bultzatu beharreko sektore estrategikoa denik. Asturiasen sekulako inbertsioak egiten ari diren bitartean, nola liteke Euskal Herrian altzairutegiak ixtea?

LABen iritziz, aurrez aurre ditugun arazoei aurre egiteko garaia da. Ezin dugu ez ikusiarena egin. Gure etorkizuna arriskuan dago. Ekimen berriak martxan jartzeko garaia da.
 

 

 

Multinazionalen basakeriaren aurkako kale ekintza bat egingo du Emakumeen Mundu Martxak, astelelehenean

2013ko apirilaren 24an, Rana Plaza eraikinean (Bangladesh) ia 1.300 emakume hilak izan ziren, eta 2.000 zaurituak, ehunkien industriarentzat baldintza penagarrietan eta soldata immoral baten truke lan egiten zuten erakin hura behera etorri zelako. Hala, apirilaren 24ko eguna berretsi dute erresistentziarako eta borrokarako egun gisa, merkataritza askeko tratatuen botere eta inpunitatearen aurka zein esplotazio kapitalista neoliberalaren era guztien aurka. Protesta Bilbon izango da, 12:00etan, Eliptika plazan, "Rana Plaza edonon dago!" leloarekin.
 

 

 

Euskal esparru sozioekonomikoari buruz arituko da Ainhoa Etxaide, Azpeitian

0

LABeko idazkari nagusiak solasaldi batean parte hartuko du apirilaren 26an, ELAko Batzorde Eragileko Xabi Anzarekin batera. Gure Esku Dago dinamikak antolatu du hitzaldia, "Ukazioaren beste aldea. Euskal esparru sozio-ekonomikoaren egoera eta erronkak" leloarekin. Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan.