2026-08-02
HomeEkintza SozialaHerriarentzako aurrekontuak eskatu ditugu, alderdiarentzat izan beharrean

Herriarentzako aurrekontuak eskatu ditugu, alderdiarentzat izan beharrean

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du EAJ alderdiak herritarron izenean bere alderdiaren interesak defendatzen dituela eta euskal zerbitzu publikoak bere "aldebikotasun" kontzeptutik baztertzen dituela, PPrekin hitzartutako akordioaren harira. Agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, eta EAJk PP alderdiak zerbitzu publikoen ahultze estrategiarekin bat egin duela nabarmendu dugu.

Ukaezina da herritar gehienon ahotan egon dela Eusko Alderdi Jeltzaleak Espainiako Erreinuko aurrekontuak aurrera ateratzeko Alderdi Popularrarekin akordioa egin duela. Komunikabideek lan paregabea egin dute herritarron agendan guztion mesederako akordioa izan omen den bi alderdien arteko akordio hau kokatzen. Denetarik izan dugu; gerturatzeak, haserreak, telefono dei pribatuak eta azkenik, ezkontza. Hori guztia aldebikotasuna eta EAJren zentralitatea herri honen zentzuzko aukera bakarra kokatzeko helburuarekin.

Akordioa eta aurrekontuen proposamena ikusita, ordea, zalantza guztiak uxatzen zaizkigu zerbitzu publikoetako langileoi. Agian, gutako norbaitek pentsatzen zuen EAJk bere alderdi interesak alde batera utzi eta zerbitzu publikoen defentsarako akordio bat aterako ziola PPri. EAJko hainbat kargudun haserre agertu ziren CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek Montoro ministroarekin lortutako akordioa sinatu zutenean. Aukera ezin hobea izan du bere negoziazio gaitasuna zerbitzu publikoen alde erabiltzeko, baina azkenean argi gelditu da soilik bere alderdi interesak defendatzera joan dela.

Aurrekontuen proiektuan zerbitzu publikoen kontrako neurriak garbi agertzen dira:

• Enpleguaren atalean CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek adostutako akordioaren funtsa mantentzen da; horrek esan nahi du birjartze tasek zerbitzu publikoen garapena kimatzen jarraituko dutela.

• Zerbitzu publikoen errebertsio prozesuak zailtzeko neurriak hartzen ditu.

• Erosahalmenaren atalean %1aren soldata igoera eskasa balioztatzen da.

Finean, EAJren aldebikotasun eta zentralitateak langile publikoei ekartzen digun ondorioa zerbitzu publikoen ahultzea izango da. Pentsa dezakegu izan dituzten negoziazio gogorretan ezin izan dituztela gure zerbitzu publikoak defendatu. Baina errealitatea bestelakoa da; EAJ ados dago PPk zerbitzu publikoei begira daukan estrategiarekin, zerbitzu publikoen ahultzearekin hain zuzen. Azken finean bi alderdiak eskuin neoliberal beraren bertsio zentralista eta autonomista baino ez dira.

Langile publikook gure eskubideen defentsan jarraitu behar dugu. Argi dago estatutik etortzen zaiguna murrizketa eta debeku gehiago izango direla. Larriena EAJ horren guztiaren konplizea izatea, hemen itxura egiteko publikoki esaten dituen hainbat gauza Madrilen ez defendatzea. Oraingoan ezin izango ditu eskuak garbitu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.