2026-06-18
Blog Page 911

Elkartasuna adierazi diegu Kutxabanqueko langileei

0

Langileak berriro karrikan ziren atzo Baionan, Macronen erreformak salatzeko. Mobilizazio hori baliatuta, LABek ekintza bat egin du Kutxabanque-ko langileei elkartasuna adierazteko. Hain zuzen ere, Kutxabanqueko bulegoak ixtea erabaki dute, eta, ondorioz, 23 langile kaleratu Ipar Euskal Herrian.


 

 

 

Osakidetzak azken sektore mahaietan eskainitako negoziazioa ezerezean gelditu da

0
LABek Osakidetzari dei egiten dio ahalik eta azkarren Sektore Mahaia konbokatzeko, pendientea dugun negoziazio prozesuarekin hasteko. Jendarteak merezi duen kalitatezko osasuna emannahibadugu, langileok lan baldintza duinak izan behar ditugu.

Osakidetzak aurreko ikasturteko Sektore Mahaietan (martxoaren 23an, ekainaren 5ean eta ekainaren 23an) honako puntu hauek mahaigaineratu zituen, bertan parte hartzen dugun sindikatuokin akordio batetara ailegatzeko:

1.- 2017ko EPE programazioa (2016ko EPEarekin batera burutuko dena).
2.- 2018ko EPErako plaza kopuru eta kategorien negoziazioa.
3.- Kontratazio zerrendetako irizpideak finkatu.
4.- 2017 urterako Lekualdatze Lehiaketa eta 2018tik aurrera irekia eta iraunkorra izan behar den lekualdatze lehiaketa sistema berriaren prestaketa.
5.- 2007-2008 eta 2009ko Akordioa ordezkatu behar zuen Lan baldintzen Akordio berriaren aurrerepen moduan, Lizentzia eta Baimenen atala negoziatu.
6.- ESIen Estruktura Dekretua onartu.
7.- Osakidetzan ematen diren Pribatizazioak.
8.- Hainbat Batzordekin lan egin (Lan Osasuna, Euskara, Berdintasuna)
9.- Lana kalitatearen hobekuntza plana indarrean jarri.
10.- Aldizkako kontrataziorako Akordio berria.
11. Hautaketa eta hornikuntza Dekretua.
12.- Lanpostu funtzionalen Dekretua.

Urrian gaude eta esan dezakegu puntu guzti hauetatik Osakidetzak ez duela bete ezta %10a.

Gogoratu behar da ekainaren 23ko Sektore Mahaian, Osakidetzak presa handia zuela akordio batera iristeko eta azkenean SATSEk, SMEk eta UGTk bi puntu hauek sinatu zituzten: 2017ko EPEa eta 2017ko Lekualdatze Lehiaketa. LABek bere momentuan eskaintza eznahikoa zela adierazi zuen.

Osakidetzaren hitzetan, gelditzen ziren gainontzeko puntuak hurrengo Sektore Mahaietan negoziatuko genituzke, baina gaur da eguna oraindik ez gaituztela deitu.

Hau dela eta LABek salatu nahi du Osakidetzak adierazten duen arduragabekeria eta seriotasun falta. Negoziatzeko pendiente dauden puntu guztiak garrantzitsuak dira, baina LABek onartezina jotzen du 2009tik Lan baldintzen Akordio berririk gabe egoteak. Osakidetzan lan egiten dugun langileok ezin dugu hitzarmenik gabe egon. Lizentziak eta baimenez gain, langileok gizarte eskubideez, gure jardunaldi eta atsedenaldiaz, gure eskubideaz, gure euskalduntzeaz, gure segurtasun eta osasunaz, gure soldataz… negoziatu nahi dugu. 2009ko Lan baldintzen akordioak ez digu balio, zaharkituta gelditu baita. Gure eskubidea da Hitzarmen gaurkotua izatea.

Langileok kontutan izan behar dugu Hitzarmena izatea gure lan baldintzak hobetzeko eta gure eskubideak defendatzeko tresna garrantzitsua dela. Enpresa guztiak beraien hitzarmen propioa izateko borrokatzen ari dira, bada garaia guk ere berdina egiteko.

LABek Osakidetzari gogora arazten dio soldataren %1a igotzea ez dela nahikoa, langileok honekin ez baitugu galdu dugun erosahalmena berreskuratulo; gaixorik egoteagatik ez dugu penalizaziorik nahi; lan zamak arintzeko ordezkapenak lehenego egunetik nahi ditugu; jubilatzeko adina aurreratzeko plan bat nahi dugu…
 

 

 

Patricia, pentsioduna: “Zailtasunak ditut hilabete bukaerara iristeko”

"Lan duina, bizi duina" ekimen ibiltariaren laugarren eguna da gaur. Lizarran izan gara prekarietatea salatzeko, eta, jardueratik jarduerara, pentsiodunekin egoteko aukera izan dugu. Hain zuzen ere, alde zaharrean muntatutako infogunean izan ditugu gurekin, elkarretaratze bat egin baitute. Klase subjektua bere osotasunean proiektatu eta kolektibo zehatzei eskaintza egiteko prest gara LABetik, eta pentsiodunen kolektiboa oso presente dugu. Patriciak bere lekukotasuna utzi digu, pentsiodunen errealitate gordinaren adibide.

“Familia laguntzen dut nire pentsioarekin, koordainketa sanitarioari egin behar diot aurre eta zailatsunak ditut hilabete bukaerara iristeko. Zoritxarrez, bost axola diegu instituzio eta alderdi politikoei, EAJ-PP-PSOE-UPN alderdiei. Urteak eman ditugu 1.080 euroko pentsio duin bat aldarrikatzen”.

Patriciak bertatik bertara ezagutzen du prekarietatea. Hala, LAB sindikatura gerturatzeko deia egiten diegu pentsiodunei, lan eta bizitza duin baten alde borrokatu eta antolatu daitezen.
 

 

 

Prekarietatea salatu dugu Lizarran, Sar Quavitae enpresaren aurrean

Ekimen Ibiltaria Lizarrara iritsi da gaur, eta "Lan duina, bizi duina" mezua lau haizetara aldarrikatu dugu. Hainbat jarduera egin ditugu; horien artean, Sar Quavitae enpresaren aurrean egindako elkarretaratzea. Hain zuzen ere, enpresa honen kontratazio politika, soldatak eta jardunaldi murriztuak salatu ditugu, prekarietatearen adibide gisa.

Ekintza sindikaleko tailerrarekin abiatu dugu eguna, eta sindikatuko 15 bat ordezkarik hartu dute parte bertan. Topaketa amaitu ostean, industriagunera joan gara prekarietatea salatzeko.

Ondoren, Lizarrako alde zaharrera itzuli gara, eta, osteguneko azoka baliatuta, Ekimen Ibiltariaren panelak jarri eta propaganda banatu dugu.


Lizarratik Tuterara

"Lan duina, bizi duina" dinamikak Lizarratik Tuterara egingo du jauzia bihar, urriak 20. Goizean, ekintza sindikaleko tailerra gauzatuko dugu, eta, ondoren, ustezko autonomoen egoera salatuko dugu Uvesa enpresaren aurrean.

Arratsaldean, etorkinek pairatzen duten egoera salatuko dugu, eta, eguna amaitzeko, kalejira bat antolatu dugu.
 

 

 

Epaitegietara jo dugu Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen aurka, zerrenda subsidiarioen lanerako eskubidearen alde


Bide hau erabiliz, maiatzaren 16an Gizarte Ongizateako Diputatuak argitaratutako agindu foralak bertan behera uztea eskatzen dugu. Foru agindu horietan, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundean (GOFE) data hori baino lehenago lan egin ez dutenei aldi baterako lanerako Zerrendetan Subsidiarioetan parte hartzea oztopatzen zaie. Honen guztiaren berri gaur eman dugu, epaitegien atarian, salaketa jartzeko unean.

Hamar urte baino gehiago daramatzagu Enplegu Eskaintza Publikorik gabe eta Gerentziari eskatu genion, gutxienez, 22 lanpostutarako zerrenda subsiadiarioak zabaltzea. Hau egin zen, baina baldintza batekin, azken 5 urteotan gutxienez 10 egunetan GOFEn lan egin izana. Neurri hau, diskriminatzaileaz gain ilegala da, gure arautegian jartzen baitu titulua eta nahia duen pertsona orok sartzeko eskubidea duela.

Gu guztiz kontra egon arren, aurrera egin dute prozesuarekin eta eskandaluzkoa izan da lan egindako denboraren baldintza ez betetzeagatik kanpoan geratu den langile kopurua. Badaude onartutako hautagai bakarra, edo 2 edo 4 hautagai soilik dituzten zerrendak.

Aipatu deialdia komunikabideetan iragarriz egin zuten publiko eta esperantza handiak zabaldu zituzten pertsona askorentzat, baina aipatutako baldintza zehaztu gabe, onartutako pertsonen kopuru erridikulu hau ekarri duena.

Gainera, kanpoan utzitako hautagaiek aurkeztutako norbanako helegiteen aurrean eta Gerentziak erantzunik eman ez duenez, lan-poltsak ez daude indarrean, ondorioz, biderkatu egin dira hautagaiak lortzeko arazoak.

Aipatu diskriminazioaren kontra gaudela jakinarazi diogu Gerentziari izandako hainbat bileretan eta zuzenketa bat eskatu diogu Diputatuari formalki eta konponbideren bat bilatzeko gure jarrera berretsi. Horrela egin genuen maiatzaren 11 eta 25ean eta ekainaren 16an, inolako erantzunik jaso gabe. Era berean, berarekin eta Diputatu Nagusiarekin ekainaren 26an izandako bileran, berriro eskatu genuen agindu foraletako baldintza kentzea.

Modu paraleloan, mozioa eskatu zen Batzar Nagusietan guk eskatzen genuenaren termino berdinetan.

Erantzun gabeziaren aurrean, ekainaren 14an berraztertze-errekurtsoa sartu genien GOFEn 22 foru-aginduei. Honi, uztailaren 27an erantzun zioten gure eskaria gaitzetsiz.
Konbentzituta gaude ezin zaiola inori administrazio publikoan lan egiteko eskubidea mugitu eta negoziazio-bide oro agortu ondoren, aurrera jarraitzen dugu gure salaketarekin, oraingoan epaitekietan, 22 agindu foralak nulotzat jotzea eskatuz eta administrazioari berriro ere dei eginez ez dadin bere erabaki injustua tematu eta zerrendak zabaltzeko, eurek ere sinatu duten araudian zehaztutako baldintzetan.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzaren aldetik negoziazioari ez eta murrizketei bai


Gaur berriro ere bere menpean dauden langileen lan baldintzak negoziatzeko borondate falta argia adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, ez du elementu berririk planteatu nahi izan Mahai Orokorraren bileran. LABek planteatutako enpleguaren arazoa konpontzeko, eta lan baldintzak eta eros-ahalmena berreskuratzeko planen inguruan ez du ezer entzun nahi izan administrazioak. Entzungorrarena ere egin du gaixotasunen jarraipena mutualitateen ordez osasun zerbitzu publikoak egitearen proposamenaren aurrean. Bileraren aurretik, elkarretaratze bat egin dugu Gasteizen, ELArekin batera, “Zerbitzu publikoak garatu. Lan baldintzak hobetu. Enplegua egonkortu” leloarekin, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Aste honetan, Jaurlaritzak ia 1.000 milioi gehiagoren diru-bilketa egongo dela jendaurrean ozenki iragarri duenean, ez du zerbitzu publikoak hobetzeko proposamen berri bat ere egin. Urkulluk dagoeneko erabaki baitu bankuekin duen zorra kitatzeko erabiliko duela, ez ordea bere langileekin duen zorra arintzeko. Aste honetan ere Madrilek aurrekontuak luzatuko dituela jakin da, eta horrek Jaurlaritzaren proposamenetan izango duen eraginaz aipamenik ez. PNVk eta PPk politika ekonomiko bera dutelako, eta estrategia bera dutelako, eta langileok erosahalmena are gehiago galduko dugu. Ez dira muga legalak Jaurlaritzak dituenak, baizik eta borondate mugak.

Gaur alferrik galdutako negoziaziorako aukera Eusko Jaurlaritzak propagandarako erabiliko duela argi dugu. Bilera antzuen dinamika bat negoziatzeko borondate bezala erabiliko du, propaganda hutsa alegia. Bitartean murrizketak egiten jarraituko du.
 

 

 

Gutxienez, 45 langile hil dira urte hasieratik Euskal Herrian istripuen ondorioz

Atzo, urriaren 18an, Lemoako 57 urteko langile autonomoak bizitza galdu zuen Zeberion, etxeko obra batean, elektrikari lanak egiten ari zenean.

Hildako langilea LABeko afiliatua da. Lehenik eta behin, gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi diogu hildako langilearen senide eta gertukoei momentu gogor hauetan. Aldi berean familiari eskaini nahi diogu sindikatuko bitarteko, laguntza eta babes osoa, istripua argitu dadin.

Heriotza honekin gutxienez 45 langile dira lan istripuz edo istripuen ondorioz Euskal Herrian urte hasieratik bizitza galdu dutenak.

Istripu honen eta gainontzeko istripu guztien atzean prekarietatea dago, lan bizi baldintza kaskarrak daude . Azkenik, LAB sindikatutik deia egiten dugu datozen egunetan artikula litekeen erantzunean parte hartzera.
 

 

 

La Naval salbatzeko eratuko den mahaian azpikontratak ordezkatuak egotea eskatzen dugu

0

La Navalen etorkizunaz eta haren iraunkortasuna bermatuko duen industria-planaz hitz egiteko, agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, azpikontratetako ordezkariekin batera. LAB ere bat dator La Navalen konponbideari ekingo dion mahaia eratzearekin, erakunde publikoek parte hartuz. Ontziola azpikontratazio handienetakoa ematen den sektorea da. Sestaoko ontziolan 215 bat langile kontratatzen ditu La Navalek zuzenean, eta azken urteotan, azpikontratatuak 1.800 bat izan dira, hau da, langile-kopuru osoaren %90a. Datu hau kontutan hartuz, ezinbestekoa deritzogu talde hau aintzakotzat hartzeari, La Navalen etorkizunari eta egon daitezkeen irtenbideei ekiteko. Horregatik eskatzen dugu azpikontraten ordezkaritza egon dadila ontziola salbatzeko eratuko litzatekeen mahaian.

La Navalen pribatizazioak berekin ekarri zuen lan eredua azpikontrataziorik basatienean oinarritzen zen, eta hortaz, lan baldintzak kaskartzean (erreferentzia moduan hartu beharreko gutxiengo hitzarmena ez da aplikatzen, soldata-eskala bikoitzak, lanaldi bukaezinak, soldata ordaintzen ez zitzaielako lanpostua utzi behar izan duten langileek,…). La Navalen etorkizuna ezin daiteke iraganari eusten dion lan eredu batean mamitu, lan baldintzen esplotazioan eta prekarizazioan oinarritua. Eta hori azpikontratetako langileek bakarrik berma dezakete.

LABen iritziz, ontzigintza sektore estrategikoa izanik, honako galdera egiten diegu geure buruei: Eusko Jaurlaritzaren ustez, ontzigintza sektore estrategikoa al da? Industria-politika ezak egunero ikusten ditugun ondorio lazgarriak dakarzkigu. Eusko Jaurlaritzak dabilen politika bakarra enpresa handien jarduna erraztea da, euskal kapitalez osatutako enpresak atzerriko kapitalari saltzen lagatzea da. Horretan datza Eusko Jaurlaritza horrenbeste harrotzen duen euskal kapitalaren konpromisoa. Horrela jokatuz, erakundeei dagokien interes sozialen zaintzari uko egiten zaio. Horixe da hain zuzen berriro jazoko dena, oraingoan La Navalen.

Ontzigintza estrategikoa da Euskal Herriarentzat, Ezkerraldeko eskualdean sortzen duen enpleguagatik eta beste industria-enpresetan sortzen dituen sinergiengatik. Eusko Jaurlaritzak argi eta garbi egin behar du sektore honen aldeko hautua, industria-egitasmoa landuz.

Itsasontzi handiak eraikitzen jardungo den, kalitateko enplegua sortuko duen eta lan baldintza duinak bermatuko dituen ontzigintza sektorea behar dugu. Horretarako ezinbestekoa deritzagu erakunde eta eragindako eragileek langile azpikontratatuak konponbidearen alderditzat onartzeari.

Azpikontratutako langileak kontuan hartu barik, La Navalek ez du konponbiderik.
 

 

 

Amiantoak hildako langileak gogoan izan dituzte CAFen

0

CAFen amiantoarekin lana egitearen ondorioz hil dira azken hilabeteotan bi lankide: J.L.V.R, 60 urte zituela uztailean hil zen; eta J.A.B.D, 72 urte zituen eta irailean hil zen. Heriotza hauen aurrean, Enpresa Batzordeak deituta, omenaldia, geldialdia eta elkarretaratzea egin dituzte CAF Beasaingo sarrera nagusian amiantoaren biktimen omenez eginiko monumentuaren inguruan.

Beasaingo lantegian dagoeneko 31 langile dira, beraien lanpostuetan amiantoa erabiltzearen ondorioz hildakoak eta beraien heriotza amiantoa manipulatzeak eragin duenaren errekonozimendua lortutakoak.

Gai honetan nahastuta dauden enpresen jarrera salatu du enpresa batzordeak, gaixo edo hildakoengatik kalte ordainak edo laguntzen errekarguak eskatzeko oztopoak jartzen baitituzte.

Administrazioen jarrera itxia ere salatu du, biktimak laguntzeko bideak zaildu eta Europako beste hainbat herrialdetan funtzionatzen duten konpentsazio fondo baten sorrerari eragozpenak jarri baitizkiete urtez urte. Borroka askoren ondoren eskaera hau errealitate bihurtzen ari dela badirudi ere, amiantoarekin kutsatutako biktimekiko errekonozimendua instituzioen aldetik, berandu datorrela uste du enpresa batzordeak.