2026-10-16
HomeIndustriaFederazioaBeste industria politika bat aldarrikatu dugu Kursaalen

Beste industria politika bat aldarrikatu dugu Kursaalen

Elkarretaratze bat egin dugu gaur Kursaal kanpoaldean, Eusko Jaurlaritzaren eredua prekarietatean eta industriaren aldeko benetako apusturik ez egitean oinarritzen dela ohartarazteko. Mobilizazioa Basque Industry4.0. kongresua egiten zuten bitartean gauzatu dugu, Eusko Jaurlaritzaren industria politika eza estaltzeko propaganda ekitaldi erraldoia besterik ez dela salatzeko. Hain zuzen ere, “Zuen eredua Prekarietatea 4, Industria 0” eta “Kea saltzen ari zarete, gezurrik ez!” leloekin egin dugu protesta. 

LABeko Industria federazioko kide Zorion Ortigosak hartu du hitza, Kursaal aurrean: "Salatu nahi dugu propaganda honen guztiaren atzean dagoen industriaren benetako errealitatea oso larria dela. Arduragabekeria itzela da Eusko Jaurlaritza egiten ari dena industriaren egiturazko arazoaren aurrean".

Ortigosaren hitzetan, "ekitaldi honekin estali nahi du industriaren egiturazko desabantaila, ikerkuntza eta garapenean, berrikuntzan, maila teknologikoan. Ekitaldi honekin estali nahi du pertsonetan industriak duen desabantaila (jakintzaren galera gazteak kanpora joanda, prekarietatea). Ekitaldi honekin estali nahi du digitalizazioari, 4.0. eraldaketari herri bezala erantzuteko beharrari, industriaren eraldaketari, bereziki enpresa txiki eta ertainetan".

Hala, Eusko Jaurlaritzak "ke honekin guztiarekin" zer saldu nahi duen azaldu du Ortigosak, eta ke horren atzean General Electric, Gamesa Siemens, Arcelor Mittal, CEL, Edesa Industrial, Xey eta beste hainbat enpresetako langileak daudela jakinarazi du:

-Espainiako lan erreformaren bidez enpresa ehuna txikitzen ari dira multinazionalak, nahi dutena egin dezakete.

-Industriak egiturazko arazoak ditu, balio erantsian lehiatu beharrean kostuetan lehiatu nahi duelako, prekarietatearen bidez. Basque izena jarriko diote baina Espainiako eredua da.

-Enpresen deslokalizazioak ematen ari dira, eta erabakiguneak kanpora ateratzen ari dira, geroz eta gehiago dira kanpoko fondoen esku dauden enpresak.

-Aberastasuna ez da banatzen: inoizko irabazi handienak biltzen ari diren garaietan, lotsagarria da negoziaketa kolektiborako eskubidea industriako langile askorentzat ukatua egotea. Irabaziak eta prekarietatea gora doaz, baina inbertsioak eta aberastasunaren banaketa behera.

LABeko ordezkariaren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak, eztabaida publikoari bide eman gabe, gobernuak alde bakarrez hurrengo 5 urteetako industria plana onartu du. Guk uste dugu gauzak beste era batetara egin litezkeela, 10 neurri jasotzen dituen dekalogo bat proposatzen du LABek, frogatzen dutenak, bestelako industria politika bat egingarria dela. Hortaz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu bertan behera uzteko multinazionalentzat egin duen bere industria plana, PREKARIETATEA 4, INDUSTRIA 0 plana, eta eztabaida ireki dezala eragile guztien artean"

Euskal Herriak etorkizunean izan beharreko industriaren eztabaida ematea eragile eta sindikatu guztien parte-hartzearekin beharrezkoa da, "baina ez dago horretarako borondaterik", erantsi du Ortigosak. 
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Iberiar penintsulako estaturik gabeko nazioek orain arte nola iraun duten azaldu nahi duen ‘Enigma’ dokumentala egi bihurtzen lagundu

Euskal Herriak, Galiziak eta Herrialde Katalanek indarrak batu dituzte estaturik gabe nola bizirik iraun duten azaltzea. Horixe du helburu Enigma proiektuak. Dokumentala finantzaketa kolektibo...

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.