2025-12-16
Blog Page 91

Arabako Esku Hartze Soziala eta Aniztasun Funtzionaleko sektoreak publiko bihurtzea eskatu dugu

Mobilizazioa egin du Gasteiz, Gizarte Ongizaterako Foru Erankundearen (GOFE) aurrean, pribatizatuta dauden zaintza sektoreetako zein GOFEko langileen aldarrikapenak bateratuz.

Zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldarrikapenarekin bat eginez, LABek, pribatizatuta dauden zaintza sektoreen publifikazioaren aldeko borrokan sakontzeko, sektore hauen negoziazio kolektiboak baliatuko ditu ekiparazio prozesuak sustatzeko.

Urte bukaeran hasiko dira Arabako Esku Hartze Sozialeko (EHS) IV. hitzarmenaren eta Aniztasun Funtzionaleko (AF) sektoreko II.aren negoziazioak hasiko dira eta LABek, Arabako GOFEko baldintzekin ekiparazioa aldarrikatuko du bi mahai negoziatzaileetan.

Pribatizatuak dauden zaintza sektoreetako prekarizazioari aurre egiteko, ezinbestean ikusten dugu ekiparazio proposamen sindikal eta politikoa mahai gainean jartzea. LABek aldarrikatzen du pribatizatutako zaintza langileak langile publikoak direla, eta ezinbestean, publikoa eta pribatuaren arteko arrakala sakonak gainditzeko apustua egiten du. Sistema publikoa indartzeko borrokan gaude, eta sistema publikoa indartzeko pribatizatuta dauden sektore horien publifikazioa exijitzen du LABek.

Araban irekitzen diren pribatizatutako zaintza sektore hautako negoziazio prozesuetan, soldata eta lanaldiaren ekiparazioa izango da LABen proposamenaren oinarria. Hortaz, bi aspektu hauek izango dira gauzatuko dugun borrokaren funtsak. Esan bezala, Arabako AFren II. eta EHSekoaren IV. hitzarmenen negoziazioan zehar, LABen asmoa izango da, sektoreko langileen eros ahalmena bermatzeaz gain, GOFEko langileen baldintzekin ekiparazioan urrats garrantzitsuak ematea.

Gaur egungo soldata aldeari dagokionez, hurrengo datuak partekatu nahi ditugu:

• Sektore pribatuetako goiko kategorian lan egiten duten langileek, urtean 35.429 euro kobratzen dituzte. Aldiz, administrazio publikako kategoria antzekoetako langileek, 67.213,10 euro kobratzen dituzte urtean. Aldea, %89,7koa izanda, 31.783 euro urtean.

• Beherengo kategoriei dagokienez, urtean 22.329 euro kobratzen dituzte urtean. Administrazio publikoko kategoria antzekoetako langileek aldiz, 28.208 euro kobratzen dituzte urtean. Aldea, %26,6koa da, urtean 5.880 eurokoa.

• Ondorioz, sektore publiko eta pribatuaren arteko aldea %51koa da bataz beste. Beraz, sektore pribatuetako langileek 15.534 euro gutxiago kobratzen dituzte urtean bataz beste.

• Soldatari dagokion aldeaz gain, pribatizatutako sektoreetako urteko lanaldia GOFEkoa baino 100 ordu inguru gehiagotakoa da nahiz eta bi arloetan, publikoetan eta pribatuan, lan berdina egin.

Lan berdinagatik lan baldintza ezberdinak izatea administrazio publikoen errua da. Aldundiek, udalek zein Eusko Jaurlaritzak politika pribatizatzaileak egiten dituzte. EAJ-PSEren eredu neoliberala da, hortaz, zaintza sektoreko langileen miseriaren erantzule. Horregatik, Arabako Aldundia interpelatzen dugu lan baldintzen arrakala gutxitzeko eta lan baldintzak parekatzeko.

Arabako Gizarte zerbitzuen kudeaketan aldaketarik egon ezean, publikoan zein pribatuan, zerbitzu publikoen gainbeherak bere horretan jarraituko du. EAJ, ohituta gaituen zaintzak pribatizatzeko eredu merkantilista zaharrean tematuta dago, zaintzaren eredu prekarizatzailea bultzatuz eta pribatizazioaren aldeko apustu garbia eginez.

Foru Erakundea aparatu burokratiko-administratibo edota zerbitzu pribatuen kontratista soila bihurtzeko asmoan, alde batetik, plaza eta zaintza-zerbitzu gehiago sortu arren, horien kudeaketa hirugarrenei lagatzen zaie, etekin ekonomikoak handitzea helburu duten enpresei, administrazioek pertsonen zaintzarekin duten erantzukizuna alboratuta. Bestalde, ez dira aintzat hartzen egoitza-arretako eta eguneko arretako foru-zerbitzuak, ahaztu egiten dira zuzeneko arretako profesionalak eta langileek jasan behar duten lan-gainkarga.

Zerbitzu publikoen gainbehera honi aurre egiteko ezinbestekoak dira, besteak beste, GOFEko plantilla handitzea eta egonkortzea eta gure lan-baldintzak arautzen dituen akordioren eguneratzearen negoziaketa.

Zaintza lanen negozioaren bukatzeko eta Arabako Aldundiak egoera honetan duen ardura bere gain hartzea exijitzeko batu dira GOFEko, Eskuhartze Sozialeko eta Aniztasun Funtzionaleko LABeko ordezkariak.

Beharrezko urratsak eman ditzatela eta zaintza-sistema publikoa indartzeko hartu behar diren konpromisoak hartu, arlo publikoa zainduz eta indartuz eta pribatizatutako langileekin parekatzearen aldeko konpromisoa hartuz. Zaintza ez delako negozioa, eskubide bat baizik.

Kanpaldia egiten ari gara Gasteizen EAEko anbulantzia zerbitzua publikoa izatea eskatzeko

Gaur eguerditik hasita eta asteartera arte, 24 ordutako kanpaldia egiten ari gara Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan. Ekimen honekin, dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari orain arteko pribatizazioaren bidean atzera egin eta anbulantzia zerbitzuaren publifikazioari ekin diezaion, bere erantzukizunari iskin egin gabe. Asteartean amaituko da kanpaldia, 12:30ean egingo den mobilizazioa batekin.

LAB sindikatuak berresten du EAEn anbulantzia zerbitzua publiko egiteko borroka eta mobilizaziorako konpromisoa, kudeaketa pribatuak eta azpikontratazioak larriki kaltetu duen funtsezko zerbitzua baita. Nahiz eta atzo, zerbitzua hartuko omen duten enpresek urriko nominak ordaindu zituzten, berandu eta langileekin dituzten gainerako zorrak ordaindu gabe egin zen. Egoera horrek LABen uste sendoa indartzen du, hau da, enpresaz aldatzeak ez duela egiturazko arazoa konponduko.

Hilabeteetako ez ordainketen eta lan baldintzen okertzearen ondoren, LABek inoiz baino beharrezkoago ikusten du kalera irtetea eta borrokari eustearen beharra. Egoerak benetako eta premiazko konponbideak eskatzen ditu, eta ziur gaude kudeaketa pribatuaren egungo eredua jasanezina dela. Eusko Jaurlaritzak, langileentzako prekaritatea eta herritarrentzako zerbitzu eskasa baino ekarri ez duen ereduaren aldeko apustua egiten jarraitzen du.

Orain, inoiz baino gehiago, huts egin duen azpikontratazio ereduari nahikoa dela esateko eta funtsezko zerbitzu duina eta lan baldintza egokiak bermatzeko unea da. LABetik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu arduraz jokatu, langileekin dauzkaten zor guztiak ordaindu eta anbulantzia zerbitzuaren pribatizazioa amai dezala.

Jardueraz betetako egitaraua

Kanpaldia kontzentrazio eta aurkezpen batekin hasi da, eta beste hainbat jarduera ere prestatu dituzte egun honetarako. Horrela, 3 tailer egingo dituzte 16:00etan (Buru-bihotz bizkortzea, marrazketa eta pankartak egitea), txokolatada eta eskuorri banaketa 19:00etan eta musika zuzenean 22:00etan.

Azaroaren 12an ere izango dira jarduerak. Horrela, 9:00etan, gosari solidarioa egingo dute Valentziarekin eta 10:00etan, buru-bihotz bizkortze tailerra egingo dute.

LABek herritar guztiak animatu nahi ditu ekimenean parte hartzera eta anbulantzietako langileei eta publifikazioaren aldeko aldarrikapenei babesa adieraztera.

Dei egiten diogu Confebaski EAEko gutxieneko soldata hobetzeko dagokion ardura har dezan

1.600 euroko gutxieneko soldata ezartzeak bizitza duina bermatuko lieke EAEko 210.000 langileri.

Hego Euskal Herriko langileon lan harremanen araudia Madrilen erabakitzen da, Madrilek zehazten du bertako negoziazio kolektiboaren baldintzak zeintzuk diren, baita langile guztion gutxieneko eskubideak ere, tartean Lanbidearteko Gutxieneko Soldata. Euskal Herriko langileontzat premiazkoa da lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren eraikuntzan urratsak ematea, eskumen berriak eskuratuz batetik, baina baita eskumen horien baitan eskuratu daitezkeen eskubide eta hobekuntzak lortuz ere. Euskal langileok premiaz behar dugu bertako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bat, eta badaude formula juridikoak bide hori eskuratzeko.

Gaur, gutxieneko soldata propio baten beharrizana EAEko eremura ekarriz, Confebaskek duen ardura azpimarratu nahi dugu, berari dagokio EAEn milaka langileren lan eta bizi kalitatea hobetuko lukeen gutxieneko soldata baten inguruko akordioa egitea

Bestetik, Eusko Jaurlaritza ere interpelatu nahi dugu. Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak onartu du EAEn gutxieneko soldata propio bat behar dugula, eta hori, berri positiboa da EAEko langileriarentzat. Baina beharrizana aitortzeaz gain urratsak behar ditugu, eta Jaurlaritzari dagokio patronalari honelako akordio baten alde egin dezala eskatzea. Era berean, epe ertainean, gutxieneko soldataren eskumena bereganatzeko lan egin behar luke Jaurlaritzak.

Langileok premia dugu gutxienez 1.600 eurokoa izango den soldata eskuratzeko

Egun Hego Euskal Herrian ezarritako gutxieneko soldata erabat askieza da bizitzaren kosteari aurre egiteko. Gutxieneko soldata propioa behar dugu. Europako Karta Sozialak egindako gomendioa aintzat hartuz gero, batez besteko soldataren %60 izan beharko luke, gutxienez; hau da, 1.600 euro gordin, 14 pagatan.

Egun EAEn gutxienez 210.000 langile daude, soldatapekoen laurdena, 1.600 euro gordinetik beherako soldatekin, eta horietako 10etik 6 emakumeak* dira. Alegia, soldatapeko guztien laurdenak ez dauka soldata nahikorik bere gutxieneko beharrizanak asetzeko, eta langile horien artean emakumeak* dira gehiengoa. Soldata gero eta apalagoa izan, emakumeen* presentzia handituz doa.

Horrelako akordio batek beraz, EAEko langile askoren soldatak hobetzea ekarriko luke, eta bide batez, soldata arrakalak murrizteari (sexu-generoaren araberakoa, adinaren araberakoa edota jatorri eta arrazializazioaren araberakoa) bide emango lioke. Nori hobetuko lioke soldata, beraz, horrelako akordio batek?

– Emakumeen* %28ari.

– Migratu eta arrazializatuei dagokienez, ezin atera zenbateko zehatza, baina ehuneko oso altu bati. Datu gisa, Espainiako Estatutik kanpoko nazionalitatea daukaten langileen soldaten batazbestekoa 1.600 euroen azpitik dago (21.700 eurotan, eta 1.600 eurokoa balute 22.400 eurotakoa izango litzateke).

– Gazteen %42ari.

Nagusiki zerbitzuetako langileei eragingo lieke, eta oso modu esanguratsuan nekazaritza eta abeltzaintzako langileei. Gaur ordea, zera azpimarratu nahi genuke, ia sektore guztietako kategoriei eragingo liekeela, oso neurri transbertsala izango litzatekeelako.

Horrelako akordio bat posible da juridikoki eta ekonomikoki, borondatea baldin badago

Juridikoki posible da, Langileen Estatutuko 83.3 artikuluak arautzen duen materia zehatzeko akordioaren bidez lan harremanak EAEn garatzen dituen langile orori aplikatuko litzaioke.

Bestetik, enpresek badituzte nahikoa baliabide langile prekarizatuenen soldatak igotzeko. Badago aberastasun nahikoa, eta aberastasun hori gero eta modu desorekatuagoan banatzen da. Soldatak duintzea da, zerga-politikarekin batera, aberastasuna banatzeko gako nagusi bat. Confebaskek ezin dio uko egin soldatak hobetzeari, justizia sozial kontu bat da.

Gaur, gutxienez 1.600 euroko soldata ezartzeko materia zehatzeko akordio batek modu berezituan eragingo dien sektore horietako langileekin ari gara egiten agerraldia. Sektore feminizatuak gehienak, bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren eremuetakoak asko: ostalaritza, saltoki handiak, etxeko langileak, telemarketina, garbiketa, elikagaien merkataritza, nagusien egoitzak, ileapaindegiak, etxez-etxeko laguntza, enplegu zentro bereziak eta metalgintza.

Gaur, EAEn gutxieneko soldata bat ezartzearen zilegitasuna eta beharrezkotasuna aldarrikatu nahi dugu. 1.600 euro azpiko soldatak ez dira zilegi, ez dira bizitza duin baterako berme. LABek, akordio hori gauza dadin indar guztia jarriko du, langileak mobilizatuz, gainerako indar sindikalak borroka honetara batzeko lan eginez, eta baita materia zehatzeko akordioa gauza dadin negoziazio markoak bilatuz ere.

Patronalak absentismoari buruz egindako jardunaldien hurrengo egunean hil da urteko 52. langilea

Gaur goizean, A.S.O. 57 urteko langilea hil da Tubacexeko Amurrioko Aceralava enpresan, istripu ez traumatikoan. Hildakoa Construcciones Jagoba Zamalloa SL enpresako langilea zen. Gaurkoarekin, gutxienez 52 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. LABek bere elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren senide, inguruko eta lankideei.

Azkeneko lan heriotza honetan, bat egin dute laneko heriotza ugaritan aurki ditzakegun bi ezaugarrik. Batetik, azpikontrata bateko langilea zen hildakoa, eta bestetik, istripu ez traumatikoa izan du.

Gainera, heriotza hau Confebask patronalak absentismoari buruz antolatutako jardunaldien hurrengo egunean izan da, eta horrek, berretsi baino ez gaitu egiten behin baino gehiagotan salatu dugunean, patronalarentzat laneko osasun eta segurtasuna ez direla lehentasunak, ez diola prebentzioari garrantziarik ematen eta doan ateratzen zaiola araudia ez betetzea.

Azkenik, istripu ez traumatiko honetan gertatutakoak argitzeko lanean jarraituko dugu.

LABek beste lau kanporatze gelditu ditu Osakidetzan, 15 milioi eurotako zenbatekoa dutenak #LortuDugu

Garbiketa, garraioa eta ikuztegien pribatizazioak dira.

LAB sindikatuak Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren (KEAO) 4 ebazpen jaso ditu aste honetan, sindikatuaren salaketak aintzat hartu eta pleguak, iragarkia eta esleipen prozedura baliogabetzeko. Era berean, KEAOk jakinarazi digu ikerketa berezi bati ekin diola LABek inpugnatutako beste prozedura batean.

Horiek dira Osakidetzak kanpora atera nahi zituen lanak, sistema publikoa ahultzeko eta azken urteetako langileak mespretxatzeko politikarekin jarraitzeko asmoa erakusten dutenak. Osakidetzak milaka pertsona ditu zerrendetan lan horiek egiteko gaitasuna dutenak:atizazioak bultzatzen dituztenei aurre egingo diegu. LABek eskatzen du Osakidetzan milaka lanpostu jokoan jartzen dituen praktika horri muga argiak jartzeko.

Honezkero ohikoa bihurtu da sindikatu honek erabat justifikatu gabeko kanporatzeak geldiaraztea. LABek, pribatizazioen aurkako estrategia abian jarri zuenetik, 193 milioi eurotik gorako balioa duten hogei pribatizazio baino gehiago geldiarazi ditu.

– Bereziki garrantzitsua da Gorlizko Ospitaleko ikuztegi-zerbitzua geldiaraztea; izan ere, hirugarren aldiz gelditu dugu Bizkaian ikuztegiak kanpora ateratzea. Lan-hitzarmenean honela idatzita dago: “Osakidetzak, akordio hau sinatzean, bere gain hartzen du erakunde publikoak Bizkairako ikuztegiko zerbitzu propio bat sortzeari buruzko konpromiso espezifikoa, eta konpromisoa hartzen du Akordioa indarrean dagoen bitartean abian jartzeko, Osakidetzako zentroek azpikontratatutako zerbitzuak pixkanaka bere gain hartzeko, dagozkien kontratuak amaitu ahala.”

16 urteren ondoren, Osakidetzak argi utzi du ez duela hitzartutakoa beteko, eta LABek ahalegin guztiak egingo ditu egungo zuzendaritza bete gabe dauden konpromisoak hartzera behartzeko eta Osakidetzak, gutxienez Bizkaian, garbitegi zerbitzu propioa izan dezan. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Santa Marinako garbitegia kanpora ateratzea geldiarazi zuen epaiaren ondoren, Osakidetzari maniobra-marjina ahalik eta gehien murrizten dion beste albiste handi bat da hori.

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko pabiloien arteko barneko osasun-garraioa langile publikoek egin beharreko lanei dagokie. Sektore publikoko kontratuen legeak argi uzten du administrazioaren lehentasuna zereginak bitarteko propioekin egitea izan behar dela. Ehunka pertsona ditugu zerrendan, Osakidetzaren deiaren zain, osasun-garraioko zereginak egiteko. Hala ere, Basurtuko Zuzendaritza gezurretan ari da bere pleguetan, lan hori egiteko giza baliabiderik eta baliabide materialik ez duela ziurtatu baitu. Gainera, baieztapen horrek, faltsukeriaren ondorioz, ez du argudiorik; beraz, KEAOk arrazoia eman dio LABi.

Emergentziak-eko eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Garbiketa- eta desinfekzio-lanei dagokienez, agerikoa da Osakidetzak kanpoko enpresak elikatzen jarraitu nahi duela, Osakidetzako zentroen garbiketa-lanez pixkanaka jabetzen ari direnak, zerbitzuetako langileen plaza kopurua gutxieneko mailetara murrizteraino. Denok dugu garbiketa publikoko langileen profesionaltasunaren berri, ez bakarrik Osakidetzan, baita administrazio gehiagotan ere. Galdera da: zer interes ezkutatzen dira lan horiek enpresa pribatuei esleitzean? Badakigu interes horien izaera interes orokorraren aurkakoa dela, eta, beraz, berriro diogu kudeaketa horren helburua osasun publikoa apurka-apurka desegitea dela, osasungintzaren kontura bizi nahi duten enpresen mesedetan.

LABek lortutako gelditze ugarien ondoren, badakigu zentro horietako zuzendaritzak eta Osakidetza bera egoera konprometituan daudela; izan ere, hainbat zerbitzu kanpora ateratzeko tematuta egotea ez da onargarria egungo egoeran. Adibide batzuk ditugu, hala nola Arabako ESIko instalazio termikoen mantentze-lanak kanpora ateratzea; 5 saiakera egin baitituzte eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kontrako epaia eman du.

Hala ere, zentroetatik alde egin behar zuten enpresek dirua egiten jarraitzen dute, zuzendaritzaren pasibotasunari esker; izan ere, honek ez ditu behar adina langile jartzen legez kanpoko pleguetan hitzartutako lanak bere gain hartzeko.

Pribatizazioaren alde egiteko darabilten azkartasuna ez dator bat osasun-sistema indartzearen norabidean doazen akordioak betetzeko erakusten duten pasibotasunarekin. Lankidetza publiko pribatuaren apologia egiten dutenek ezkutatzen dutena da kapitala eta gaitasun profesionalak eremu publikotik pribatura eramaten ari direla.

Kudeaketa-eredua aldatu egin behar da, eta Osakidetzaren deskapitalizazioa eta hustuketa gelditu egin behar dira. Ezin da onartu administrazioari dagokion kudeaketa enpresa pribatuen esku uztea. LABen ustez, ezinbestekoa da pribatizazio horiek Osasun Mahaian aztertzea, eta hala adierazi du bere ekarpenetan. Pribatizazioa osasun publikoa nabarmen ahultzen ari den minbizia da.

Gaur egun, LABek erakutsi du Osakidetzak egin nahi dituen kanporatze guztien jarraipena egitea eta haien inpugnazio formala, gizarte-mobilizazioarekin batera, direla neurri eraginkorrenak. Gaur egun inork ez ditu positiboki baloratzen osasun publikoaren pribatizazio horiek.

Osasun publikoa indartzeaz hitz egiten duten bitartean oraingo honetan geldiarazitakoak bezalako pribatizazioak bultzatzen dituztenei aurre egingo diegu. LABek eskatzen du Osakidetzan milaka lanpostu jokoan jartzen dituen praktika horri muga argiak jartzeko.

Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua: bidea zabalik pribatizatzeko

LAB sindikatutik, Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua zehatz-mehatz aztertu ondoren (une honetan ekarpenak egiteko fasean dago), egiaztatu dugu ezen, onetsiz gero, zailtasun asko egon daitezkeela osasun zerbitzu publikoari eusteko eta herritar guztiei osasun arreta egokia emateko, bai eta langileek gaur egun dituzten lan baldintzak eta eskubideak mantentzeko ere.

Aurreproiektuak hutsune asko ditu, eta Gobernuak dituen asmoen adierazpen ezin argiagoa da: erakunde pribatuekiko lankidetza bultzatzea, Osasunbidearen eta bertako langileen araubide juridikoa aldatzea, osasun eskualde bakarra ezartzea eta langileen arloan hobekuntzak sustatzeko asmorik ez.

Guk ere uste dugu beharrezkoa dela lege berri bat idaztea, baina aurreproiektu honek ez du betetzen osasun arreta publikoa mantentzeko eta blindatzeko beharko liratekeen neurrietatik bat ere. Horregatik, LABek argi eta garbi arbuiatzen du Osasunbidearen egungo izaera deuseztatu nahi duen aurreproiektu hau, zeinak arriskuan jartzen baititu bai arlo publikotik ematen den arreta, baita langileen eskubideak ere.

Aurreproiektuaren funtsezko zenbait puntu nabarmendu nahi genituzke, langileek eta herritarrek jakin dezaten nolako ondorioak ekar ditzakeen departamentuak proposatutako neurriak ezartzeak:

Osasunbidearen eta NOPLOIren izaera juridikoa aldatzea

Osasunbideari enpresa-erakunde publiko izaera eman nahi diote eta horrek baliabideak zuzenean kudeatzeko atea irekitzen du. Horrek arazoak ekarri ditu beste erkidego eta sektoreetan, eta zerbitzuak pribatizatzeko bidea ematen du.

Osasunbideko “funtzionario” figura kentzea

Osasunbideko langileak lan kontratudun langile bihurtuko dira, eta haien eskubideak aldatuko dira ordainsariei, mugikortasunari, sustapenari eta abarrei dagokienez. Bestalde, lanpostuak amortizatzeko aukera irekiko da, kasuan kasuko gobernuaren asmoen arabera. Puntu hori ez da behar bezala azaldu, ez negoziatu, ez adostu. Izugarrizko erasoa da Osasunbideko langileen autonomiarentzat. Horren ondorioz, litekeena da administrazio berean figura juridiko bat baino gehiago egotea elkarren ondoan eta alde handiak izatea batzuen eta besteen artean.

Lankidetza publiko-pribatua

Asmo hori argi eta garbi ageri da aurreproiektu osoan, funtsezkotzat jotzen baita baliabideak erakunde pribatuetara bideratzea inolako kontrol-mekanismorik ezarri gabe. Zerbitzu publikoak blindatzearen alde egin beharrean, beharrezko jotzen da osasungintzaren negozio pribatua sustatzen jarraitzea. Gainera, prekaritate-nitxo bat sortzen da enpresa pribatuetako langileentzat; izan ere, enpresa horiek, kasu gehienetan, Osasunbidekoak baino nabarmen okerragoak diren lan hitzarmenen bidez arautzen dira.

Osasun eskualde bakarra

Kontuan harturik gure nagusiek gauzak antolatzeko erakusten duten ezintasuna eta gaur egun dagoen profesionalen falta, zalantza handiak ditugu neurri horren aplikazioaz. Badirudi eskualde bakarra herritarren eta langileen mugikortasunaren ondorioetarako aplikatuko dela, baina testuan ez da garbi zehazten zer den Administrazioarentzat “presakotzat” egin beharreko mugikortasuna. Eskualde bakar horrek alderdi jakin batzuei baino ez die eraginen, eta beste alderdi batzuk alde batera uzten ditu, nahita.

Hizkuntza-eskubideak

Lege honen eta departamentuaren lehentasuna ez da Nafarroako errealitate linguistikoa normalizatzea. Hizkuntza-eskubideen errespetuari buruzko aipamen bakar bat ere ez dago urte askoan indarrean egon daitekeen lege honetan.

Langileriaren arloan neurririk ez

Osasunbidean, langileen behin-behinekotasun tasa % 30etik gorakoa da oraindik ere, eta, erretiroen aurreikuspenak ikusita, ez du ematen egoera hobetuko denik. Gure iritziz, behar-beharrezkoa da ratio egokiak ezartzea, hautapen prozesu sinplifikatuak, kontratazioaren arloko neurriak, errelebo-kontratua… Testuan neurri horiei buruzko aipamenik ez dagoenez, argi dago ez dagoela arlo horretan jarduteko kronograma bat egiteko asmo handirik. Alde handiak daude oraindik Osasunbide-ko langile batzuen eta besteen artean, ez baitago ekitaterik, eta plantillaren zati handi bat, hau da, “langile ez-sanitarioak”, bigarren kategoriako langileriatzat hartzen da.

Behar-beharrezkotzat eta lehentasunezkotzat jotzen dugu osasunari buruzko Foru Lege berri bat idaztea, etorkizuneko osasun politikaren ildo nagusiak zehaztuko dituena.

Administrazioak aurkeztutako aurreproiektuak neurri interesgarriak jasotzen ditu, hala nola barruti soziosanitarioak, arretaren humanizazioa, kudeaketa-autonomia… Hala ere, askoz neurri gehiago jaso beharko lituzke besteak beste arlo hauek hobetzeko: langileria arloa, hizkuntza-normalizazioa, kontrol mekanismoak eta gardentasuna lankidetza publiko-pribatuaren arloan eta osasun jardueraren arloan… Hori guztia osasungintza publikoa blindatzeko eta arreta-eremu guztietan indartzeko.

LABentzat funtsezkoa da inplikatutako alderdi guztiekin negoziazio eremu bat irekitzea foru lege berri hau benetan izan dadin herritarrek, plantillak eta osasun sistema publikoak behar dutena.

Ez dago benetako absentismo arazorik, lan osasuneko araudia errespetatzen ez duen patronala baizik

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dute Bilbon, Plaza Eliptikotik The Artist hoteleraino. Izan ere, Confebask EAEko patronalak jardunaldi batzuk egin baititu bertan, “Revisión y análisis del absentismo laboral en Euskadi” izenburupean.

Hilabeteak daramatzagu ongi antolatutako patronalaren kanpaina baten aurrean, oso mezu argia duena: “langileok bajak hartzen ditugu alperrak garelako eta beste motako baimen batzuk baliatzen ditugu lana egin nahi ez dugulako”, eta absentismoaren inguruko diskurtso hori indartzeko ekimentzat jotzen dugu Confebaskek antolatutako jardunaldia.

Argitu behar da absentismoak hainbat kontu barnebiltzen dituela, hala nola bajak, amatasun edo aitatasun baimenak, lizentziak, grebak, jarduera sindikala, etab.

Honela, “fake news”-en kanpainatzat hartzen dugu patronala zabaltzen ari den mezua. Horrela, urteetan, enpresek eta euren mutualitateek neurri ezberdinak bultzatu dituztela absentismoaren aurka, hala nola, baja arrunten kontrola mutualitateen esku uztea, enpresa espezializatuak erabiltzea baja arrunten fiskalizazioa egiteko. Neurri guzti horiek absentismoak gora egitea besterik ekarri ez dutela adierazi du Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko idazkariak eta gaineratu du enpresek badakitela prebentzioa bermatuz gero, lanpostu osasuntsuak sortuz gero, bajen kopurua modu nabarmenean jaitsiko litzakeela.

Salatu dugu guzti honen atzean langileek beren borrokaren bidez urteetan lortutako eskubideen aurkako joera dagoela, baimenak, lizentziak eta abar murriztea dela patronalak bilatzen duena. Era berean, baja arrunten aurrean familia medikuen eskumenak ezabatu nahi dituztela ere nabarmena da, langileak gaixo egonda ere lanera bidaltzeko. “Ideia beraz, boterea eskuratzea da eta horixe dago guzti honen atzean. Honetarako osasun publikoa ahultzea ezinbestekoa zaie”, gaineratu dute Iriartek.

Era berean, nabarmendu behar da ez dagoela bajen iruzur arazorik, baizik eta lan osasuneko araudia errespetatzen ez duen patronala, laneko eskubideak zein eskubide sozialak arazotzat hartzen dituena, horien aurka bere makinaria eta botere guztia erabiltzen ari dena, komunikabide, politikari eta instituzioak erabiliaz, eskubideen garapena eta egonkortzea ekidin nahian etengabe.

Patronalak absentismoaren inguruko benetako kezka izango balu, erretiro adina atzeratzearen aurka egongo litzateke, izan ere absentismoa txikitzeko, beste batzuen artean, prebentzio lanak egin edota lanaldia murriztea dira neurri eraginkorrenak.

Patronala zabaltzen ari den mezuaren aurrean, hainbat datu ere jakinarazi ditugu gaurkoan:

– Europa mailan, Espainiako Estatua absentismo txikiena duten bost herrialdeen kokatzen da.

– Espainiako Estatuan, baja arrunten inguruko iruzurra (gaixorik egotearen itxura egin baja lortzeko) %4ean kokatzen da, eta presentismoa (lanera gaixo edo lesionaturik joatea) %41ean.

– Hego Euskal Herrian absentismoa Espainiako Estatuko beste lurralde batzutan baino altuagoa da industriak pisu handiagoa duelako (eta ondorioz, lan istripu gehiago gertatzen dira), sindikalizazio altuaren ondorioz garaipen sozial gehiago lortu ditugulako, gatazka sindikal eta greba gehiago egiten ditugulako, langileria bataz beste gero eta zaharragoa delako, emakume gehiago daudelako lan mundu ordainduan, eskubideen erabilpena gehiago gauzatzen dugulako, eta abar. Hau ez da negatiboa, gizarte garatuago baten isla baizik, eta, hala ere, oraindik urrats asko eman behar dira Europar Batasuneko eskubideen bataz bestekora iristeko.

Era berean, gogoratu dugu 2023an 100.000 lan istripu komunikatu zituztela Hego Euskal Herrian, horietatik erdiak egun bat baino gehiagoko baja eragin zuelarik, eta 2024an gutxienez 51 lan-heriotza izan ditugula Euskal Herrian urte hasieratik. Kopuru hauek adierazten dute enpresariek ez dutela prebentziorik egiten baina egoera honek ez du kezkatzen patronalari, ezta instituzioei ere. Prebentzio kulturarik ez dago, eta prebentzioaren legea betearazteko borondate politikorik ere ez.

Absentismoa, enpresek laneko segurtasun araudia bete eta langileon segurtasuna bermatuz jaitsiko litzateke. Prebentzioa indartuz, modu erradikalean jaitsiko litzateke absentismoa.

Eserialdia, txistualdia eta Jaurlaritzari deia

Confebaskek antolatutako jardunaldira iritsi direnean, eserialdia egin dute lurrean LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuon deialdiari erantzunez Bilbon mobilizatu diren langileek, eta minutu bateko txistualdi ozena eskaini diete patronalaren ekimenean parte hartu dutenei.

Gainera, Jaurlaritzai eskatu diogu patronalaren diskurtso faltsuarekin bat ez egiteko ez eta gaitzetsi egin dugu Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enpleguko Lehendakariordeak Confebaskek antolatutako jardunaldietan parte hartzea.

Kolonbiako ordezkaritza batekin bilera egin dugu

Gaur LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenzek bilera izan du Kolonbiatik etorritako ordezkaritza batekin, Iruñeko gure egoitzan. Ordezkaritza hau Kolonbiako Preso Politikoekiko Elkartasun Komiteko lehendakari den Oscar Ramirezek eta Estatu Krimenen biktimen Mugimendu Nazionaleko (MOVICE) bozeramaile Rosario Montoyak osatu dute, haiekin batera etorri den Intersindical Catalanako Jordi Campadabalekin batera.

Bileran Kolonbiako egoera eta aldaketa prozesuaren nondik norakoak hurbilagotik ezagutzeko aukera izan dugu, baita haien testigantza gogorrak erem giza eskubideen urraketen biktima diren neurrian.

LABetik haien borrokari elkartasun osoa helarazi diogu, eta aldaketa prozesuari gure babesa adierazi diogu, giza eskubideen urraketa larri hauek iraganeko gauza izan daitezen.

Kolonbiak bakea eta egonkortasuna eta demokrazia gehiago behar ditu, eta horregatik herrialdean ematen ari diren erabateko bakerako saiakerak babesten ditugu, giza eskubideen urraketa hauei konponbidea aurkitzeko eta justiziazko bake agertoki bat lortzeko.

Valentziako herriari elkartasuna adierazi eta larrialdi ekologikoak arrisku laboraleko protokoloetan jaso daitezen aldarrikatzen du LABek

Larrialdi ekologikoaren eraginak ukaezinak direla adierazten du LAB sindikatuak, eta Valentzian jazotakoa kudeaketa neoliberalaren emaitza dela.

Oraindik ere Valentziako herrian zein inguruan gertatutako hondamendiaren kalte humano eta materialak neurtu ezinak dira. Astebete igarota, ordea, hainbat gogoeta egiteko moduan gaude.

Urteetan turismoaren ekonomiari eta neurrigabeko urbanismo basatiari bide eman zaio Mediterraneo aldeko kostaldean, naturarekiko inolako begirunerik gabe eta uholde arriskuko eremuetan eraikuntzak sustatuz, herritarrak haien bizilekuetatik kanporatuz eta langile jendearen bizitzak pobretuz eta prekarizatuz. Hamarkadetako politika neoliberal horiek zein klima larrialdiaren negazionistek kudeatutako instituzioen utzikeriak hondamendi naturalen aurreko erantzunean eragin zuzena dute, LABen ustez.

Egoera honi, PPk Gobernatzen duten Valentziako Generalitatearen politika eta kudeaketa negargarria gehitu behar zaizkio, alerta egoera berandu eta gaizki aktibatuz. Agerikoa den patronalaren biolentzia eta jarrera kriminala ere. Larrialdi egoera betean, milaka langile lan egitera behartuak izan dira, haien lanpostuetan jarraitzeko aginduak jasoz eta are, alarma guztiak piztuta haien lantokira joateko derrigortasunarekin. Egoera, gainera, DANA igaro osteko egunetan ere mantendu da: langileek uholdearen ondorioei aurre egiteko dituzten beharrez edota lantokiraino iristeko garraio zailtasunez ezaxola, lanpostura joatera derrigortzen dituzte enpresariek. Patronalak beste behin argi utzi du etekin ekonomikoak langileon bizitzen gainetik jartzen dituela eta nahiago gaituela arriskupean edo hilik produkzioa etetea baino.

Testuinguru horretan, gogor salatu behar dugu eskuin muturrak hondamendia bere agenda erreakzionarioa ezartzeko baliatzeko saiakera egin izana. Erantzunkizunak hirigintza eredu neoliberalean, berandu erreakzionatu zuen Valentziako Gobernuan edota patronalean bilatu beharrean, ezegonkortasuna eragin eta botere eremu guztiak bereganatzea dute helburu.

LABek aspalditik egin ditu bere krisi ekosozialaren diagnostikoak eta krisi klimatikoaren arriskuak. Urgentziazko trantsizio energetiko justua defendatzen dugu, langileon bizi baldintzak bermatuko dituena eta berotegi efektuko gas isurien erantzule diren erregai fosilen mendekotasunetik aterako gaituena. Izan ere, krisi ekologikoaren ondorioen artean, aurreikusi gabeko fenomeno meteorologiko bortitzei aurre egin beharko diegu, gero eta gehiagotan. Horregatik, gure ekintza soziosindikalaren bidez, langileon bizitza eta planetaren zaintza patronalaren etekin ekonomikoaren gainetik jartzeko borroka dagokigu, zalantzarik gabe.

Norabide horretan aritu gara bero garaian lan osasunaren ikuspegitik tenperatura altuei aurre egiteko protokoloak lantzen. Eta, bide beretik, Valentzian jazotakoen irakaspenak gurera ekarrita, Lan Ikuskaritzan, Osalan eta NOPLOIren alerta egoera abisuak berariaz arrisku laboralen protokoloan lanaldia eteteko arrazoi gisa jaso daitezen iniziatibak erregistratuko ditugu, larrialdi egoerek salbuespenezko jokabideak eskatzen dituztelako, eta egoera horietan lehentasunez langileak babestu behar direlako, berme guztiekin eta txantaiei aurre egiteko tresnekin, euren lanpostua uzteko aukera izan dezaten.

Inizitiba sindikal honekin batera, LABek Valentziako herritarrekin elkartasunez eta Intersindical Valentzianako bidelagunekin elkarlanean, lantokietara eramango du DANAren kaltetuentzako dirua biltzeko proposamena. Modu berean, larunbat honetarako deituta dagoen mobilizazioan parte hartuko du sindikatuak. Larrialdi egoerak aurreikusi, bizitzak babestu eta neurri politikoak hartzeari uko egiten diotenek dagokien ardura eta erantzukizuna hartu behar dute. Valentziar langileen aldarriarekin bat egin eta PPren Gobernuaren ardura seinalatzen dugu, Mazon presidentearen dimisioa eskatzen dugu eta eskuin muturra hondamendi betean egiten ari den instrumentalizazio lotsagarria salatzen dugu.

Gurea klase elkartasuna delako, larunbatean Valentzian izango gara, lantokietan elkartasuna antolatuko dugu eta krisi ekosozialaren aurrean langileon bizitzak eta, planetaren zaintza lehenetsita, iniziatiba sindikalak hartzen jarraituko dugu.

Valentziar herria, zuen ondoan gara.