2026-11-13
HomeZerbitzu PribatuakAnbulantziakKanpaldia egiten ari gara Gasteizen EAEko anbulantzia zerbitzua publikoa izatea eskatzeko

Kanpaldia egiten ari gara Gasteizen EAEko anbulantzia zerbitzua publikoa izatea eskatzeko

Gaur eguerditik hasita eta asteartera arte, 24 ordutako kanpaldia egiten ari gara Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan. Ekimen honekin, dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari orain arteko pribatizazioaren bidean atzera egin eta anbulantzia zerbitzuaren publifikazioari ekin diezaion, bere erantzukizunari iskin egin gabe. Asteartean amaituko da kanpaldia, 12:30ean egingo den mobilizazioa batekin.

LAB sindikatuak berresten du EAEn anbulantzia zerbitzua publiko egiteko borroka eta mobilizaziorako konpromisoa, kudeaketa pribatuak eta azpikontratazioak larriki kaltetu duen funtsezko zerbitzua baita. Nahiz eta atzo, zerbitzua hartuko omen duten enpresek urriko nominak ordaindu zituzten, berandu eta langileekin dituzten gainerako zorrak ordaindu gabe egin zen. Egoera horrek LABen uste sendoa indartzen du, hau da, enpresaz aldatzeak ez duela egiturazko arazoa konponduko.

Hilabeteetako ez ordainketen eta lan baldintzen okertzearen ondoren, LABek inoiz baino beharrezkoago ikusten du kalera irtetea eta borrokari eustearen beharra. Egoerak benetako eta premiazko konponbideak eskatzen ditu, eta ziur gaude kudeaketa pribatuaren egungo eredua jasanezina dela. Eusko Jaurlaritzak, langileentzako prekaritatea eta herritarrentzako zerbitzu eskasa baino ekarri ez duen ereduaren aldeko apustua egiten jarraitzen du.

Orain, inoiz baino gehiago, huts egin duen azpikontratazio ereduari nahikoa dela esateko eta funtsezko zerbitzu duina eta lan baldintza egokiak bermatzeko unea da. LABetik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu arduraz jokatu, langileekin dauzkaten zor guztiak ordaindu eta anbulantzia zerbitzuaren pribatizazioa amai dezala.

Jardueraz betetako egitaraua

Kanpaldia kontzentrazio eta aurkezpen batekin hasi da, eta beste hainbat jarduera ere prestatu dituzte egun honetarako. Horrela, 3 tailer egingo dituzte 16:00etan (Buru-bihotz bizkortzea, marrazketa eta pankartak egitea), txokolatada eta eskuorri banaketa 19:00etan eta musika zuzenean 22:00etan.

Azaroaren 12an ere izango dira jarduerak. Horrela, 9:00etan, gosari solidarioa egingo dute Valentziarekin eta 10:00etan, buru-bihotz bizkortze tailerra egingo dute.

LABek herritar guztiak animatu nahi ditu ekimenean parte hartzera eta anbulantzietako langileei eta publifikazioaren aldeko aldarrikapenei babesa adieraztera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...