2026-05-14
Blog Page 898

Kalera irten dira Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako kontratetako langileak

0

Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako kontratetako langileek mobilizazioak egin dituzte gaur Leioa, Donostia eta Gasteizen, hitzarmen duin baten alde, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta. "Ikastetxee eta unibertsitateko garbikuntza kontraten hitzarmena negoziatzen hasi ginenetik bi urte eta erdi igaro dira jada; eta egoerak hasieran bezain blokeatuta jarraitzen du. Ez dago hitzarmenik eta ez dirudi hurrengo hilabetetan akordiorik lortuko denik. Patronalak egoera erabat blokeatuta dauka eta gainera, jarrera probokatzaile bat mantentzen du, bere langileenganako erabateko errespetu falta erakutsiz", adierazi dute langileek.

Hauxe da sindikatuok argitaratu dugun oharra:

Urteetan zehar, garbiketako langileak behargin ikusezinak izan gara, gure uniformeaz horniturik, gela, jolastoki, komun eta jangelak garbitu ditugunak, betiere ahalik eta zarata gutxien egiten. Langile nekaezinak, urtez urte gure lan-eskubideen narriadura jasan behar izan dugunak, Hezkuntza Saila eta kontraten onespenaz. Azkenengo bi urtetan, garbiketako zerbitzuen enpresa esleipendunek pliegoak %20raino beheratu dituzte, eta beherakada hori langileen eskubideak murriztearen kontu baino ez dute gauzatu. Soldaten izoztea inposatzeaz aparte, ez dituzte bajan dauden langileak ordezkatzen, gutariko bakoitzak jasaten dugun lan karga handituz, gero eta gehiago lan egin behar dugu, kaleratzeen ondorioz gutxiago geratzen garelako, behin behineko kontratuak kateatzen ditugu, lanaldi partzialak (langileen %40a lanaldi partziala daukagu) eta ozta-ozta 600 eurotara heltzen diren soldatak. Gutariko askok, gainera, egunerokotasun honi ondoezak jota aurre egin behar diogu: bizkarreko mina, artritisa, herniak eta lunbalgiak. Gurea bezalako lan fisikoetan gaitz komunak, baina, oraindik ere gaixotasun profesional gisa aitortu nahi ez dituztenak.

Hitzarmena izoztuta dago, KPIak gora egiten jarraitzen du (%10a 2010etik) eta dagoeneko zazpi urte igaro dira gure soldatak eguneratu behar izan zituztenetik, baina enpresek, egia esanda, ez daude horretarako prest. Eta hau guztia gutxi balitz, soldataren edozein igoera, absentismo-indizearekin lotu nahi dute. Soldaten eguneratzea absentzia indizeari lotzea onartzen baldin badugu, gure osasuna zaintzeko eskubidearen aurkako eraso gordina baimentzen egongo ginateke. Gure gorputza zaintzeko eskubidea dugu, are gehiago mediku batek hala agintzen duenean. Osasunaren eta soldata dezente baten arteko hautua egitera behartuko gintuzkete.

Ez dugu astakeria honen aurrean amore emango eta horregatik zutunik jarraitzen dugu eta, oraindik ere, ez diogu guretzat eta gure familientzat duina izango den bizitza bati uko egiten.

Taula-joko honen fitxarik ahulentzat hartu gaituzte, eta lan erreforma baliatzen dute baina erakutsiko diegu zeinen okertuak dauden. Nekatuta gaude eta ez dugu onartuko, inondik inora, gure eskubideak murrizten jarrai dezaten. Ikastetxeetako garbiketa burutzen dugu, hauen garapen egokirako ezinbestekoa den funtzioa, eta ez dugu etengabeko prekarizazio prozesu honen aurrean sorgor begietsiko. Horregatik, urrian, zenbait MOBILIZAZIOie hasiera emango diegu, grebarekin amaituko liratekenak, patronalak bere pretentsio makabroetan etsitzen ez badu.
 

 

 

EAEko helduen egoitzetarako dekretu proposamenak egungo eredua betikotzen du, ez du errealitatea aldatzen eta ez ditu egoitzetako zerbitzuak hobetzen

LABek bere iritzia agertu nahi du EAEn adineko pertsonen egoitzak arautzen dituen dekretu proiektuaren proposamenaren inguruan. Hau legebiltzarreko batzordera eraman zen urriaren 23an. Duela bi urte, LABek nazio mailako kanpaina bati ekin zion Hego Euskal Herrian gizarte zerbitzuen sektorea arautzen zituen bi dekretuen aldaketa sustatzeko, bere osotasunean sektore sozio-komunitariotzat jotzen duguna. Nafarroa EAEko dekretuak zaharkituak zeuden, duela ia 20 urtekoak zirelako. Geroztik ezagutarazi genuen analisian, ulertzen genuen legeria gaur egun jendarteak bizi duen errealitateari egokitu behar zitzaiola. Arazoaren tamaina izugarria zen, eta oraindik ere horrelakoa da, dekretu hauek gizarte zerbitzuen hiru esparru arautzen dituztelako: instalazioak, eskakizun profesionalak eta langileen kopurua erabiltzaile bakoitzeko.

Bi erkidegotan egin genuen kanpaina arrakastatsua gertatu zen. Behar beste indarrez hornitu ginen eta behar beste ezagutarazi genuen, erakundeek dekretuak aldatzeko konpromisoa har zezaten. Dekretu hauek hiru araupetze esparruak zituztela jakin arren, irizten genion pertsonei eskainitako zerbitzuak hobetzeko, erabiltzaileko langile kopurua handitu behar zela, edo bestela esanda, pertsonako ratioa handitu behar zela.

Gaur egun penaz ikusten dugu lardaskeria arrakastaz mozorrotu nahian dabilela EAEn gobernatzen, legeak egiten eta agintzen ari den EAJ. Nahiko ohituak gaude honetara. Aldaketatzat aurkeztu digute berriro errealitate berari eta gizarte zerbitzuetako egitura berari ejstea.

Pertsonak ardatza duen esku-hartze eredu batez mintzatzen zaizkigu, irizpide ekonomikoak jartzen dituzte arretaren kalitatearen aurretik, azpikontratazio edo kontzertazio administratibo ereduaren irizpide kapitalista berdinei eutsiz, dirutzak pribilegiatu gutxi batzuen eskuetan egongo litzatekeen kapital pribatu bihurtzea ahalbidetzen dutenak soilik. Horren adibide lotsagarriak jar genitzake, irabazi asmorik gabeko zeregin sozial batez mozorrotuak. Instalazioak hobetzeaz edo banakako logelak 3 metro kuadro handitzeaz hitz egiten digute. Handiagotzea, ez da proportzionala izatera ere iristen, logela bikoitzetan erabiltzaileko 2,5 metro egokitzen delako. Programak, tailerrak, elkarren arteko barne sartzea eta abar. Dena adineko pertsonei eskainitako zerbitzuen erabiltzaileei zuzendua.

LABen ustez, gobernu horrek ez zuen ulertu eta ez du ulertzen, duela ia bi urte ekin genion kanpainaren espiritua. Uste dugu ez dutela ulertzen, bestela, zertarako balio digute dutxarik modernoenek egoitza batean, ez badugu behar besteko langilerik erabiltzaile guztiez arduratzeko? Zertarako inplementatu inklusio edota partaidetza komunitarioen programak, ez badugu behar beste langilerik haiek laguntzeko? Zertarako balio digu jantoki modernoagoa izateak, logelak handiagoak izateak, sektorean lan egiten duten langileek izugarrizko lan-zamak jasan behar izaten badituzte haien egunerokoan? Zertarako balio digu gela politagoa izateak, bizitza ahitzen zaigun egunetan lagunduko gaituen inor ez badago? Gobernu honi gogorarazi nahi diogu sektore honetan gihar eta hezurduraren lesio kopurua industrian baino hiru bider handiagoa dela. Eta horrek ez duela hornikuntzarekin zerikusia bakarrik.

Beatriz Artolazabal Albeniz Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburua etxea teilatutik eraikitzen hasi da. Ez da konturatzen zaintza, lantokietan diharduten langile kopurua handituz hobetzen dela, ez logela handiagoekin, ez eta lauza berriekin ere. Sektore honetan pertsonekin egiten dugu lan, eta zaintzaren kalitatea aipatutako zerbitzuez arduratzen diren langileak zainduz lortzen da. Zaintza, lan-zamak txikiagotuz eta lan baldintzak hobetuz lortzen da. Gobernu hau, beste askotan bezala, berriro geratu da itxurakerian eta azalean. Horrez gain, esplizituki alde batera uzten du sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea. Horrek oso arazo larria dakar berarekin, jendarteari egiten zaion iraina dugu, erkidego honetako herritarren dirua zuzen kudeatzen denaren bermatzailea delako.

LAB sindikatuak gobernu honen jarrera deitoratzen du, Europara begiratu baino nahiago duelako Madrilera begiratzea, gutxi batzuen interesak babesteko. Europarekin konparatuta atze-atzean gaude gu, hango egoitzetako ratioa erabiltzaile bakoitzeko 1,3 langiletakoa delako. Deitoratu egiten dugu gobernuaren politikak emakumeak zapaltzean eta esplotatzean oinarritzea oraindik, eta egunerokoan betetzen duten eginkizun handia aitortu gabe jarraitzea. Gobernu honi gogorarazi nahi diogu jendarte baten bizi mailaren kalitatea hark bere parekoak zaintzeko duen gaitasunaren araberakoa dela.

Berriz adierazi nahi dugu lanean jarraituko dugula EAJk aspaldidanik darabiltzan politiketatik aldenduko gaituen eredua lortu arte. Dekretu honek ez du errealitatea aldatzen, ez ditu egoitzetako zerbitzuak hobetzen, egungo eredua betikotu egiten du soilik.
 

 

 

Bizkaiko bulegoetako langileek manifestazio bat egingo dute gaur, hitzarmenaren alde


LAB eta ELA sindikatuok deituta, Bilboko Plaza Biribilatik abiatuko dugu protesta, 19:00etan. Bost urte hitzarmenik gabe egon ostean, aurtengo otsailean azkenean eratu zuten Bizkaiko Bulego eta Despatxuetako hitzarmena negoziatu behar duen mahaia. Patronalak krisialdia erabakitzat jo eta sektorea arautu gura zuelakoan geunden, baina zortzi hilabete igaro eta zazpi bilera egin ostean, haren asmo bakarra soldatak mugagabe izozteko oniritzia ager genezan zen. Eta ez dugu halakorik onartuko. Hau dela eta, mobilizatuko gara.

 

 

 

Konponbide globalak aldarrikatu ditugu, Bergarako Arcelor Mittaleko enplegu suntsiketaren aurrean

0

Bergarako Arcelor Mittaleko lantokian 350 langile zeuden 2007an, eta 153 langile daude 2017an. Multinazionalak beste 41 lanpostu suntsitzea planteatzen du orain. Enpresaren asmoa aurrera ateraz gero, 10 urtetan Bergarako lanpostuen %68 desagertuko liratezke., hau da, 2007an zeuden 10 lanpostuko egun 3 bakarrik geldituko lirateke.

Egoera hau ez da soilik ematen Bergarako lantokian, Euskal Herriko Arcelor Mittalen lantoki guztietan baizik. LABek jakinarazi zuenez, 2007an Arcelorrek zituen 3.408 lanpostutatik, egun 1.755 lanpostu geratzen dira. Arcelor Mittalek azken 10 urtetan lanpostuen %51 desagerrarazi ditu.

Egoera hau, gainera, Eusko Jaurlaritzaren konplizitatearekin ematen ari da. Oso larria da. Onartezina da! Noiz arte egongo da Tapia sailburua isilik? Arcelorrek jasotzen duen diru publikoa enplegu suntsiketa finantziatzeko erabiltzen du.

Bergarako kasuan, egoera are larriagoa da, enpresak egun egiten den tona kopuruari eutsi nahi baitio. Horrek esan nahi du, espedientea inondik inora justifikatuta ez egoteaz gain, multinazionalak kaleratutako langileak beste azpikontratatutako langileekin ordezkatu nahi dituela. Beraz, multinazionalak iragarritako plana iruzurra izateaz gain, enpleguaren prekarizazio gehiago ekarriko du.

LABek enplegu suntsiketari argi eta ozen esaten dio ezetz. LAB prest dago aurrejubilazioetaz hitz egiteko, horregatik exijitzen diogu multinazionalari errespeta dezala Bergaran indarrean dagoen enpresa hitzarmena eta errelebo kontratua aplika dezala. Txantai eta mehatxu gehiagorik ez! Multinazionalak langileekin hitzartutako konpromisoak betetzea exijitzen dugu.

Egun Bergarako langileak pairatzen ari diren txantaia, atzo Sestao eta Zumarragako langileek pairatu zuten, bihar Olaberria, Lesaka edota beste lantokietako langileak izango dira.

Arazo globalen aurrean, konponbide globalak. LABek Euskal Herriko lantokiak batzeko garaia dela uste du, honakoa defendatzeko:

1.- Euskal Herriko lantokien etorkizuna bermatuko duten inbertsioak ekarri behar ditugu.
2.- Enplegu berria sortu. Errelebo kontratu guztiak Euskal Herriko lantokietan egingo dira.
3.- Kalitatezko enplegua defendatu. Eskubide galera gehiagorik ez!, azpikontratazio gehiagorik ez!
 

 

 

Bost greba egun egingo ditugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok azaroan eta abenduan egingo ditugun greba deialdien erregistroa egin dugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Ekimena hiru sindikatuok elkarlanean kalitatezko hezkuntzaren alde adostutako mobilizazio egutegiaren baitan kokatzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan hainbat mobilizazio egiten ari gara ikasturte hasieratik, eta hurrengo asteetarako deitutako grebek osatuko dute protesten dinamika. Kolektibo desberdinetan egingo ditugu lan uzteak azaroan, ostegunez, astean zehar hainbat jarduera egin eta gero; abenduan, berriz, kolektibo guztiek egingo dute bat protesta egiteko garaian, abenduaren 12rako iragarritako greban. Hauxe da greben egutegia:

-Azaroak 9, Haurreskolak
-Azaroak 16, garbitzaileak eta sukaldariak
-Azaroak 23, heziketa bereziko langileak
-Azaroak 30, irakaskuntza
-Abenduak 12, kolektibo guztiak

Mobilizazioek jarraipena izango dute datozen egunetan. Hain zuzen ere, manifestazioak egingo ditugu larunbata honetan Bilbon (Gran Via, 17:30), Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plaza, 17:00) eta Donostian (Alderdi Eder, 17:00). Hezkuntza arloko langileak, ikasleak eta familiak daude deituak.

 

 

 

Miserikordian izan gara Ekimen Ibiltariarekin, “prekarietatearen mekan”

Iruñera itzuli da gaur Ekimen Ibiltaria, duela bederatzi egun bertatik abiatu eta gero. "Lan duina, bizi duina" dinamikaren bitartez, prekarietateak kutsatutako eremuak ari gara identifikatzen, eskualdez eskualde. Bada, Iruñeko Miserikordia zaharren egoitzan izan gara eguerdian, bertan lan egiten duten langileen lan eskubideak urratzen direla salatzeko. Hain zuzen ere, Miserikordiak egindako kontratuen %40,2 behin behinekoak dira eta 26 emakume daude lanean duela zortzi urtez geroztik, behin behineko kontratupean. La Meca bezala da ezaguna Miserikordia, bertako kudeatzaileek hala izendatuta. Eta izen aproposa dela iruditzen zaigu, "prekarietatearen meka" baita. Hau guztiagatik, Pikete Feministak hartu du parte Miserikordia etxeko prekarietatea salatzeko mobilizazioan.

Miserikordian egindako protestaz gain, delegatuen batzarra eta ekintza sindikaleko tailerra izan ditugu goizean Iruñean. Ekimen Ibiltariak jarraipena izango du arratsaldean. Hain zuzen ere, Nabarreria plazan Infogunea ezarriko dugu, 18:00etan, eta, ordu bat geroago, aldaketa soziala eta burujabetza hizpide izango dituen hitzaldia gauzatuko dugu, Iruñeko gaztetxean, Nabarreria plazan bertan dagoena.

"Lan duina, bizi duina" dinamika Zangotzara eta Irunberrira abiatuko da bihar, urriak 26. Delegatuen batzarra egingo dugu 10:00etan, Zangotzako kultur etxean; prekarietatearen aurkako mobilizazio bat egingo dugu 12:30ean, Kale Nagusian dagoen ETT Manpower aurrean; eta arratsaldean, Infogunea jarriko dugu Zangotzan eta Irunberrin, 17:00etan eta 18:30ean, hurrenez hurren.


 

 

 

Euskal gehiengo sindikalak babesa eman dio azaroaren 5ean Galdakaon Gure Esku Dagok deitutako herri-kontsultari

Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuetako ordezkariok agerraldi bat egin dugu gaur, kontsultekin bat gatozela adierazteko: "Hitz egin, eztabaidatu, konfrontatu, erabaki… eta ondoren, herritarrei kontsulta egitea zeharo normaltzat jotzen dugu", esan dugu.

Hauxe da kaleratu dugun oharra:

Zalantza izpirik gabe, Euskal Herriko herritarrei dagokie beren etorkizun politikoa askatasunez erabakitzea. Ez dago gizarte eskubiderik herritartasun demokratikorik gabe, eta era berean, ez dago demokrazia herritarrik erabakitzeko ahalmenik gabe, gehiengoaren borondate demokratikoaren errespetuan oinarrituta, alegia.

Langile guztiak bultzatu nahi ditugu parte hartzera, guztiz islatuta sentitzen baikara ariketa demokratiko berarekin. Gure esparruan ere ukatzen digute gurekin zerikusia daukaten erabaki guztietan parte hartzea, eta horixe, hain zuzen ere, aldatu nahi dugu gurean. Langileok erabaki nahi dugu nolakoak izan behar duen lan esparruak, eta egunerokoan ahalegintzen gara hala izan dadin, ahalduntze prozesuaren eragile nagusia langileok izan behar dugularik.

Lan esparruan gure erabakien jabe izateko bitartekoak eskuratzea ezinbestekoa bazaigu, bestelako arloetan ere premia berdina agerian dago. Hala, nola hezkuntzan, zerbitzu publikoetan, pentsio sisteman edo gizarte babesaren arloetan.

Beraz, Galdakaoko kontsultan parte hartzera gonbidatzeaz gain, udalerri honetan ere, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauza dezan lanean jarrai dezazuen animatu nahi zaituztegu.
 

 

 

Langileen murrizketen eta ohe-itxieraren aurkako elkarretaratze bat egin dugu Barakaldoko San Eloyko ospitalean

0

Barakaldo Sestao ESI‐ko Zuzendaritzak, “aurrekontu eza” dagoela argudiatuz, paziente eta langileei ondorio kaltegarriak ekarriko dizkien aldaketa garrantzitsuak ezarriko ditu. LAB, SATSE, ELA, ESK, SME, UGT, CCOO eta SAE sindikatuok ez diogu inolako justifikaziorik ikusten aldaketa hauek egiteari. Lanpostuak kendu, gure eskubide gehienak urratu eta kalitatezko zerbitzua hondatuko dituzten murrizketen aurrean, gure ezinegona adierazi dugu.

Hauek dira aurreikusitako aldaketak:

-Urte honen bukaerara arte, bertan behera utziko dituzte arratsaldeko kirofanoaren jarduerak (peonadak), ospitaleko solairuetako oheak itxiz.

-San Eloyko ospitalean kanpoko kontsultaren lanak berrantolatu eta Zaballako anbulategian espezializatutako kontsultetan lanaren edukiak aldatuko dituzte.

LAB, SATSE, ELA, ESK, SME, UGT, CCOO eta SAE sindikatuok murrizketa horiek salatzen ditugu, hurrengo arrazoiengatik:

-Kontratazio ugari ezabatuko dira (medikuak, erizainak, erizain-laguntzaileak, zaindariak eta administrari laguntzaileak), jardueraren murrizketa, ohe‐itxiera eta kontsulten berrantolaketaren eraginez.

-Pertsonalaren murrizketa eta gehiegizko lan zama kontsultetako osasun langileentzat.
Zuzendaritzak pertsona batek bere txanda bakarrean bizpahiruren lan egitea nahi du.

-Langileen lan‐baldintzak hondatzea, soberazko pertsonalari nahitaez beste unitate batzuetara mugitzera behartuz, lan gainkarga eta estresa sortuz, langileen akatsen arriskua gehituz eta kalitatea hondatuz.
 

 

 

Bilboko lorezaintza zerbitzuan ematen ari den diskriminazioan oinarritutako kontratazioa gainditzeko deia egin diogu Udalari

Espacios Verdes Bilbao URBASER-CYCASA Aldi Baterako Enpresa Elkartea da Bilboko parke eta lorategien mantenu-zerbitzua kudeatzen duen enpresa. LABeko atal sindikalak salatu nahi du enpresa udatik hona egiten ari den kontratazioetan ematen ari den prekarizazio kezkagarria.

Indarrean dagoen hitzarmenaren negoziazioetan, hilabetez luzatu zirenak pasa den ekainera arte, enpresa- batzordeko kideek ikusi ahal izan zuten enpresak zeukan asmoa, kontratazio berriekin langileen kalse prekarioa sortzeko. Horrela, gainontzeko langileen lan berdina eginda, langile hauek ez ziren negoziazio horretan onartuko liratekeen soldata-tauletara lotuta geratuko.

Behin hitzarmena sinatuta, zeinean ez zen enpresaren asmo hori jaso, Estatuko legeriak ahalbidetu ditzakeen baldintza diskriminatorioei heldu die enpresak helburu horrekin jarraitzeko. Honela, irailetik hona 10 langile kontratatu dituzte, usteko “praktiketan”, lan berdina egiten duten lankideen soldataren %60a ordaintzeko helburuarekin.

Hau are larriagoa da kontuan hartzeko badugu, langileen baja edo/eta oporrak estaltzen egon izan diren aldi baterako langileak berritu ez direnean. Hauek bai kobratzen zituztela soldatak berdintasun baldintzetan, hitzarmenean jasotako soldaten-taulen arabera.

Hortaz, bilbotarrentzat zerbitzu publikoa egiten duen kontrata honetan langile berriak argiki diskriminatzen ari direla ikusten ari gara, berdintasun printzipio inolako lotsarik gabe urratuz eta prekarietate baldintza argietan dagoen lankideen talde berria sortuz.

Gainera, gehiegikerian sakonduz, enpresak langile prekarizatu hauen Gizarte Segurantzaren %50arekin gelditzen da, hau diru-kutxa publikora bideratu beharko zenean. Horrela, kontua askoz garesti eta kaltegarriagoa da interes publiko eta sozialetarako.

Iñaki Aretxaga Bilboko Udalaren lorezaintza kontrata honetako LABeko delegatuaren arabera: “Zalantzan jartzen dugu Bilboko Udalak kontratazio hauen xehetasunak ezagutzen dituenik. Inork ezin dezake onartu, eskuin neoliberalenak kenduta, ezin du utzi prekarioen dagoen langileen klase baten sorrera. Honek dakarrena da, gure begien aurrean eta diru-kutxa publikoak kaltetuz, pobreziaren mugan dagoen langileria deitu izan dena. Hitzarmenetik kanpo dauden langileak, baina lan berdina eginez eta ordutegi berean. Garbiki diskriminatuak, inolako lotsarik gabe. Horrelako da enpresarioen klase hau, kontratatzen dituzten langileen duintasun eta lan- baldintzekiko inolako begirunerik gabe. Eurentzat, zenbakiak baino ez dira, hauek ordezkatzeko kontratatzen jarraitu ez dituzten langileak zenbaki hutsak izan diren bezala.

LABetik, dei egiten diegu botere publikoei eta Bilboko Udala bezalako instituzioei, “langile guztien duintasun eta berdintasun baldintzak berma ditzaten, orain arte izan den bezala”. Guztion arte zuzen dezakegu enpresarioen joera hau “gure begien aurrean prekarietaterik lotsagarria sortzen ari dena”. Era berean, adierazi nahi dugu daukagun asmoa “gure esku dagoen guztia egingo dugu kontratu hauek kontrata honetatik desager daitezen eta hitzarmenari osoki lotutako kontratuekin eta berdintasunean egindakoekin ordezka daitezen”, pasa den irailera arte gertatu den bezala.