2026-01-13
Blog Page 892

Hatortxurock-ekin bat #HTX20


ELA, LAB, ESK, CGT, STEILAS eta HIRU sindikatuek bat egiten dugu Hatortxurock-ekin. Hatortxurock musika-jaialdi bat baino gehiago da. Elkartasunezko ekimen bat da, euskal presoei aplikatzen zaien sakabanatze-politikaren ondorioak salatzeko, eta hein batez arintzeko.

Sakabanatze-politika zigor gehigarri bat izan da euskal presoentzat, eta baita haien ahaide eta lagunentzat ere (helduak, haurrak eta adinekoak). Horiek astero milaka kilometro ibili beharrez daude. Diru-hustea eta nekea ez ezik, errepidean istripuak izateko arriskua ere badago, eta arrisku hori benetakoa da, orain arte ehunka ahaidek zauriak eta kalteak jasan dituzte errepideetan, eta haietako 16 hilik geratu dira.

Sakabanatze-politika gizagabea eta mendekuzkoa da. Politika horri gaur egun eustea onartezina da, kontuan hartuz ETAk alde bakarretik jarduera armatuari utzi zionetik sei urte igaro direla, eta erabateko armagabetzetik hiru hilabete.

Horregatik ELA, LAB, ESK, CGT, STEILAS eta HIRU sindikatuok dei egiten dugu Hatortxurock jaialdian parte hartzera, eta batik bat igandean, uztailak 30, eginen den sakabanatzearen aurkako ekitaldian.

 

 

 

Espainiako Gobernuko presidenteordeak Mercedes-Benzera egindako bisita arbuiatu dugu

0

LABek irmoki arbuiatu du Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariaren bisita, Gasteizko Mercedes-Benz lantegira. Berak eta bere gobernuak Espainia Eredua ordezkatzen dute, eta eredu horrek prekarietatea eta iruzurra besterik ez ditu ekartzen. Euskal Herriko langile klaseak arbuiatzen duen eredu bat da, hain justu.

Espainiako Gobernuak Mercedes-Benz enpresari babesa ematen diola ulertzen dugu bisita honekin, eta hori larria da oso, kontratazioan egindako iruzurra dela eta, 550 kontratu mugagabe egitera behartu baitzuen enpresa Lan Ikuskaritzak. Gainera, enpresak jarraitzen du ehunka pertsona behin behinekotasun egoeran izaten. Hain zuzen ere, iruzurrean sakontzen ari da behin behineko langileak kaleratzen dituelako, kontratazio berriekin ordezkatzeko, kontratu mugagabeak egitea saihesteko. Hau guztia gutxi balitz, erabateko malgutasuna aplikatzen du lantegian eta osasunean eragin kaltegarria duten lan erritmoak mantentzen ditu.

Hau guztiaren aurrean, LABek bisitaren aurkako jarrera erakutsi du, eta enpresaren zuzendaritzak antolatutako harreran parte hartzeko gonbidapenari uko egin dio -ELA eta ESK sindikatuetako sekzio sindikalak bezala-. Uste dugu gonbidapen hori egun batetik bestera egin dutela, sindikatuen aurkako jokabide antidemokratikoengatik aurpegia zuritzeko langileen eta langileen ordezkarien aurrean.

LABek Euskal Herriaren burujabetza eta enplegu duina aldarrikatzen jarraituko du, prekarietatea dakarren Espainia Ereduarekin amaitzeko bidean.
 

 

 

Euskal Osasun Zerbitzuan Berdintasun Plana ezartzeko benetako urratsak eman behar dira

0

Osakidetzako Berdintasun Batzordea osatzeko lehengo bilera egin da. LABek parte hartu du negoziazio kolektiboaren barruan Osakidetzak proposatu zuen batzorde honetan. Honekin batera beste bi proposatu zituen Osakidetzak: Lan Arriskuen Prebentziorako ( dagoeneko bildu dena) eta Euskara Batzordea, aste honetan bertan ere deituta dagoena.

Osakidetzako Berdintasun Batzordea osatzeko lehengo bilera egin da. LABek parte hartu du negoziazio kolektiboaren barruan Osakidetzak proposatu zuen batzorde honetan. Honekin batera beste bi proposatu zituen Osakidetzak: Lan Arriskuen Prebentziorako ( dagoeneko bildu dena) eta Euskara Batzordea, aste honetan bertan ere deituta dagoena.

Azkenik, Osakidetzak ekin dio Berdintasun Egitasmoa ezartzeari haren Antolakuntzan; horri onuragarria deritzagu, aspaldi onartu zirelako Berdintasun Legeak, EAEn 2005. urtean eta Espainiako Estatuan 2007.ean; hortaz, esan dezakegu, Egitasmo honi aspaldi ekin behar zitzaiola.

Kontuan hartu behar da egun arte hartu diren erabakiak eznahikoak izan direla, izan ditugun emaitzak ikusirik. Beraiek eman dituzten datu batzuk ekarrita, esan, emakumeak ia langileen %80a izanik, ikus dezakegu buruzagitzako lanpostuak emakumeez baino, gizonezkoez osatuak daudela, lanaldi murriztuen %89,20a emakumeei egiten zaiela. Honek dakar, honetan sortzen den soldata-arrakala emakumeen kaltean dagoela %24,44an. Horri gehitu behar diogu, besteak beste, emakumeen behin-behinekotasuna gizonena baino handiagoa dela (% 38,55a eta %28,58a hurrenez hurren).

Honen guztiaren kasuistika, gehienetan, zaintzari lotzen zaio, eta Osakidetzak berdintasunez aipatzen digunean, gogora datozkigu lanaldi murriztapena eta lan-utzialdi zatitua lortzeko, hizkera sexista eragozteko, “kristalezko sabaiak”, haurdunaldiak eta kontratazioa salatzeko… izan ohi ditugun hamaika eragozpen.

Generoen araberako rolak ezerezteko eta erantzunkidetasun kanpainak bultzatzeko egin den ahalegin urriak goian aipatu emaitzak dakartza, ardura publiko eta pribatuen baturako lanketa integratzailea egitearen aldeko hautua ez delako ari hartzen.

Ez dugu mintzatu behar familia-kontziliazioaz, bizitza-kontziliazioaz baizik. Pertsona guztiak elkarren menpekoak gara. Ez dago zaintzarik gabeko bizitzarik, eta hauek, batik bat, emakumeei egokitzen zaizkie. Datuok esanguratsuak dira. LABek badaki, paperean behintzat, emakumeoi aukera berdinak egokitzen bazaizkigu ere, hura ez dela errealitatean islatzen, gizarte-egiturak gure lanaren oraina eta geroa baldintzatzen dituelako. Horrela, sinestarazten zaigu gezurrekoa den berdintasun egoera batean bizi garela, eta gure lanpostuetan aurre egiten ez badugu, ez dugulako nahi, edota urratsik egiten ez dugulako izan ohi dela, saihestuz hura ezinezko egiten duten egiazko eragileak.

Berdintasun egitasmo hau, zeinetan diagnostikoa egiteko orduan ere langileok zein eragile sozialak baztertuak izan garen, Osakidetzaren irudia garbitzeko aitzakia baino gehiago izan behar da, hau da, epe labur zein ertaineko neurri zehatzen bitartez benetako hobekuntza eta emaitzak eskuratzeko giltzarria.

 

 

 


Migratzaileen borrokarekin egin dugu bat Euskal Herritik Melillara

Tarifako hondartzan egindako performance ikusgarria.

Uztailaren 14an, Euskal Herritik Melillarantz abiatu zen Mugak Zabalduz karabana, etorkinek eta errefuxiatuek Hego Mugan pairatzen duten Giza Eskubideen urraketa sistematikoa salatzeko. Melillara iritsi da gaur, hainbat geldialdi egin eta gero. Bardeetako poligono militarrean, Madrilgo Diputatuen Kongresuaren aurrean, Sevillako aireportuan, Algeciraseko atzerritarrentzako internamendu zentroan, Tarifako hondartzan… hainbat protesta egin ditu egunotan karabanak; azken protestetako bat gaur bertan egin dute, Melillako hondartzan. LABek bat egin du karabanarekin. Hain zuzen ere, sindikatua ere egon da ordezkatua bidaian.

Bardeetako poligono militarrean egindako ekintza.

Ongi Etorri Errefuxiatuen Plataformak Mugak Zabalduz Karabana antolatu du aurten. Iaz Greziara abiatu ziren eta aurten, Melillara. Ekimenaren helburu nagusia politika migratzaileen salaketa izan da. LABek helburu hori konpartitzen du. Ongi Etorri Errefuxiatuen borrokak, migratzaileen borrokak, LABen borrokak ere baitira. Hau dela eta, gure bederatzigarren Biltzar Nagusian, hurrengo ebazpena onartu genuen. Bertan agertzen diren aldarrikapenen alde borrokan arituko gara hurrengo urteetan:

Munduan zapalduta eta esplotatuta gauden herrietako langile guztiok helburu bera dugu: sistema kapitalista, heteropatriarkala eta neokolonialarekin amaitzea, gure gorputz, herri, bizitza eta planeta kolpatzen dituelako.

Krisi global bati aurre egiten ari gara, krisi sistemiko eta zibilizatzailea, aurrekaririk gabekoa gizaki mailan. Sistema honen ezaugarri nagusien artean krisi ekologikoa daukagu, horren ondorioz, desertifikazioa, natur baliabideen agortzea, lur eta uren arpilatzea, eta komunitateeen deserriratzea ematen dira. Inperialismoak herrien burujabetza merkataritza askeko Tratatu berrietara oinperatzeko estrategiak topatzen ditugu. Horrez gain, gerrak eta gatazka anitzak bultzatzen ditu, eta honen ondorioz oker izendatutako errefuxiatuen krisia sortu du, migranteen heriotz zenbaezinak Mediterraneoan eta munduko muga desberdinetan sortuz, emakumeen kontrako indarkeria eta emakume eta umeen trafikoa areagotuz. Eta guzti honekin batera zaintza-lanen krisia ematen da, mundu mailako emakumeak egin ohi diren zaintza lanen kate globalak areagotuz, migrazioak bultzatuz eta gure herrietan sortzen diren lanpostu prekarioak eta batzuetan semi-esklabotzan bultzatuz. Halaber, mobilizazio sozialak kriminalizatzen dira. Hauek guztiak sistemaren diru-gosearen ondorio dira, kapitalaren metaketa bere ikur bilakatu baitu.

Madrilgo Kongresuaren aurrean egindako protesta.

Milioka pertsona daude behartuta euren herriak, bizilekuak, lanak eta familiak uztera, arrazoi ekonomiko, ekologiko edo gatazka belikoen ondorioz. Kalkulatzen da azken garaiotan 65 milioi pertsona desplazatu egon dela. Bigarren Mundu Gerrak eragin zituen kopuruetatik gertu gaude. Badakigu badaudela gerrak. Gerra hauen arrazoi eta erantzukizunak ezkutatu egiten zaizkigu, ez da interesatzen ezagut daitezen. Lotsak, delituak eta negozioak milaka heriotzaren kontura, bortxaketak eta askotariko indarkeriak argitara aterako lirateke eta ez da interesatzen. Informazioa manipulatuta heltzen zaigu, bloke ekonomikoen interesak oso handiak baitira. Batez ere, mundu mailako statu quoa mantendu behar da. Halaber, armagintza lobbiek (2014an, 10 armagintza enpresa nagusiek 30.000 milioi dolarretako irabaziak izan zituzten), lobby ekonomiko eta finantzarioek zehatz dezaten bizi egingo garen ala hil, eta nola egin behar dugun.

Milaka pertsona pilatzen dira Europako herrialdeen ateetan, bizitzeko aukera bat topatu nahian. Europaren erantzuna, ordea, urrun dago elkartasunezkoa, eskuzabala izatetik. Segurtasunaren izenean, horma eta arantzadun hesiak jartzen dira, eta kontrol militar eta polizial zorrotzak. Europak bertan behera uzten ditu, heriotzaren atarian, gizon, emakume eta umeak. Milaka ume Europan zehar galdurik daude, trata eta esplotazioaren mehatxupean. Europak oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu. Europar instituzioek gaur hartutako politika eta neurriek gurekin zerikusirik ez duten, eta lotsarazten gaituzten interes ekonomiko, finantzario eta belikoei erantzuten diete. Bestelako neurriak beharrezkoak ditugu, hala nola:

Sevillako aireportuan, protestan, deportazioak bultzatzen dituzten konpainien jarduera salatzeko.

Produkzio eta kontsumo sistemaren eraldaketa. Produkzio eta kontsumo sistema gisa, Kapitalismoaren gehiegikeriak kalteak eragiten ditu ingurumenean, eta aldaketa klimatikoaren ondorioak azkartzen ditu. Honek zigor erantsi bat ekartzen du: etorkizunean, gero eta pertsona gehiagok migratu beharko dute bizirauteko, euren jatorriko eremuetatik kanpo.

Emakumeen eta adingabeen trataren kontrako neurriak indarrean sartzea. Pertsonen trata, bereziki emakume eta adingabeak pairatzen dutena, saretua dago eta interes ekonomiko hutsak bultzatuta areagotzen ari da. Egoera horren kontra borroka zuzena egin behar dugu, etekin ekonomikoak ateratzeko, trata bultzatu, babestu eta sustatu egiten dituzten taldeen kontra salaketa publikoa egin behar eta neurri eraginkorrak bermatu. Lan hau aurrera eramateko gizonezkoen inplikazio aktiboa ezinbestekoa da.

Migrazio politikei buelta ematea, gerren eta multinazional eta estatu inperialisten baliabideen kontrolaren isla direlako. Pertsona guztiek eskubidea dute euren lanaren emaitzarekin duintasunez bizitzeko euren herrialdean; eskubide hori inork ez lieke ukatu beharko, gaur egun gertatzen den bezala.

Arrazakeria eta xenofobiarekin amaitzea eta migranteak eta errefuxiatuak kriminalizatzen dituzten politikak desegitea. Pertsona migranteak ez dira mehatxu bat. Gure benetako etsaiak austeritate politikak dira, segurtasunaren eta beldurraren izenean bultzatzen dituzten politikak, interes inperialisten neurrira egindako politikak. Ez gaitezen tranpan erori. Herrien eta pertsonen arteko elkartasuna bultza dezagun.

Lan arloan neurri eta politika publiko eraginkorrak bultza ditzaten eskatzen diegu Nafarroako eta EAEko instituzioei. Esklabotza eta pobreziara eramaten gaitu bizitza eta lana prekarizatzen duen prozesuak. Erabateko erasoa pairatzen ari gara langileen bizi eta lan baldintzei dagokienez, eta, horretan, langile migranteak dira kaltetuenak: kontratu prekarioenak dituzte (kontratua badute), soldata baxuenak ere, eta eskubide sozial eta sindikalak ukatu egiten zaizkie. Ulertu behar dugu gure borroka guztiak borroka bakar bat direla.

Algeciraseko internamendu zentroaren kanpoaldean egindako mobilizazioa.

Politika publiko eraginkorrak emakume migranteek pairatu ohi duten diskriminazioa eta kalteberetasunarekin amaitzeko. Emakume migranteak kaltetuenak dira. Lan prekarietatearen biktima nagusiak dira. Hauetako emakume asko eta asko diskriminazio eta kalteberetasun egoeran daude. Askok etxeko lanetan eta zaintza zerbitzuan lan egiten dute, eta arazoak dituzte lan baldintza, lan jardunaldi, soldata edo kontratuarekin.

Harrerarako sistema propioa. Harrerarako baldintza propioak izateko, euren gain erabateko eskumena hartzeko eskatzen diegu euskal administrazioei, gure errealitate produktibo eta sozialaren araberakoa, nazioarte mailako elkartasun eta kooperazio gisa.

Langile guztiak eskubide berdinak eduki behar ditugu edonon. Jendarte berri bat denon arten eraikiko dugu, benetan Euskal Herri berri anitza eta justua lortu nahi badugu. Hemen bizi garenok edonondik etorrita, paperekin edo paperik gabe, aukerak behar ditugu bizitzako esparru guztietan duintasunez aritzeko.

 

 

 

Arabako kirol jardueren sektoreko langileek greba egingo dute uztailaren 23tik 31ra

0

LAB sindikatuak uste du egoera honen erruaren zati handi bat instituzioek daukatela, eskaintza merkeena egiten duenari esleitzen dizkiolako zerbitzuak, euro batzuk aurreztearren. Horrek gero enpresek langileen baldintzak hobetzeko tarterik ez izatea ekartzen du, arazoak sortaraziz, eta instituzioek erantzukizuna saihestu egiten dutelarik.

Arabako hirugarrenentzat kirol jardueren sektoreko langileek greba deialdiaren aurrean, LAB sindikatuak muturreko erabaki hori hartzera behartu dituzten arrazoiak ematera dator:

Kolektibo honek sorosleak, kirol monitoreak, atezain edo instalazio kontrola, zaintzaileak… osatzen dute. Neurri handi batean instalazio publikoetan lan egiten dute (igerilekuak, gizarte etxeak, kiroldegiak, frontoiak, futbol zelaiak,…), eta gehiengo handiz Vitoria-Gasteizko udalarentzat.

Bi urte daramatzagu Herrialdeko hitzarmena berritzen saiatzen. 2015ko urtarrilean iraunaldia galdu zuen. Sektoreko patronalak negoziazioaren zati gehienan zehar ez du aurrera joateko borondaterik erakutsi: helarazi zigun lehendabiziko idatzizko eskaintza 2017. urteko urtarrilekoa da. Gainera, mahai gaineratu dituen proposamenak partzialak izan dira, hau da, kategoria guztientzat ez zeuden hobekuntzarik. Kolektiboa zatitzeko saiakera modu bat bezala interpretatu dugu hau, nahiz eta helburua ez duten lortu.

Oinarrizko aldarrikapenak ondorengoak dira:

– Soldata duinak kategoria prekarizatuenentzako (atezain edo instalazio kontrola, zaintzaileak)
– Soldata izoztuta mantendu izan dituzten sorosleek eta kirol monitoreek azken 8 urte hauetan galdu duten erosahalmena berreskuratzea
– Asteko egun guztietan errefortzu moduan dauden udako sorosleentzako ordaina
– Igande, jai egunetan eta gauetan lan egindako orduko prezioa igotzea
– Hitzarmena deskuelgeen eskaeren aurrean blindatzea

Urjentziazko irtenbidea behar dituzten hainbat egoera kezkagarriak ditugu sektorean: kategoriarik prekariatuenak miseriazko soldata daukate (ordu gordina 6,22 €, edo beste modu batera esanda hilean 786 € lanaldi osoa duenak). Lana izan arren, pobreak dira langile hauek.

LAB sindikatuak uste du egoera honen erruaren zati handi bat instituzioek daukatela, eskaintza merkeena egiten duenari esleitzen dizkiolako zerbitzuak, euro batzuk aurreztearren. Horrek gero enpresek langileen baldintzak hobetzeko marjinik ez izatea ekartzen du, arazoak sortaraziz, eta instituzioek erantzukizuna saihestu egiten dutelarik.

LAB sindikatuak erakundeek ardura bat dutela azpikontratetan lan egiten dugun langileekin, eta pairatzen ari garen egoeraren aurrean ezin direla beste leku batera begira egon aldarrikatzen du. Erakundeek, zerbitzu edo lan bat azpikontratatzerakoan, behetik lizitatzen duten enpresak ez saritzeko, eta azpikontratatutako langileen lanpostuak eta lan baldintzak bermatuko lituzteketen klausulak ezartzeko gaitasuna dute.

Borondate politiko kontua da, baina esperientziak erakusten du euskal instituzioak zuzentzen dituztenen aldetik, gaur egun ez dutela.
 

 

 

Altsasuko gazteak aske uzteko eskatuko dugu Barakaldon

0

Elkarretaratze batera deitu dugu hainbat eragileok asteazkenerako, 19:30ean, Barakaldoko Justizia Jauregian aurrean. LAB sindikatuarekin batera, hauek dira muntaia polizialen aurkako protestari atxikimendua erakutsi dioten eragileak: Berri Otxoak, Eguzki, Ekologistak Martxan, HerriKolore, Sasiburu, Iretargi, Ernai, ELA, ESK, Steilas, CNT, EH Bildu, Irabazi, Podemos, Ezker Anitza, Equo, PCE-EPK, Antikapitalistak eta Sortu.
 

 

 

LABek eta ELAk eutsi egin diogu delako Gizarte Elkarrizketarako Mahaian parte ez hartzeko erabakiari

Eusko Jaurlaritzak Gizarte-Elkarrizketarako Mahaia delakoa deitu du biharko, uztailaren 18rako. ELA eta LAB sindikatuak ez dira bilera horretara joango.

Hauek dira arrazoiak:

Elkarrizketa sozialik ez dago. Gobernuek, baita Eusko Jaurlaritzak ere, politika neoliberalak aplikatzen dituzte, eta horretarako ez dira saiatzen mugimendu sindikalarekin adostasunik lortzen. Langile-klasearentzako bizi- eta lan-baldintza duinak ezartzeko lagungarri litzatekeen guztia gobernuek horrelako mahaietatik kanpo erabakitzen dute, gehienetan patronalarekiko bitariko elkarrizketan: lan eta pentsio erreformak, fiskalitatea, aurrekontuak, gizarte-prestazioak, osasungintza, hezkuntza, etab. Politika neoliberalen inposizioa medio edukirik gabeko mahai hutsalak besterik ezin dira eratu; hauen xedea da sindikalismoak laguntzea gobernuen erabakiak, horrela “parte hartze” itxura guztiz faltsua emateko. Horixe egiten dute CCOOk eta UGTk.

Biharko deitu den mahaia jatorrian ere gabezia demokratiko larri batekin sortu zen: bera osatzen dutenak gutxiengo sindikala eta patronal guztiz autoritarioa dira, azken honek ELA eta LAB lan mundutik kanporatu nahi dituela gainera. Ez dago langilerik mahai honek aurrerapausorik egin duela esango duenik. Gobernuek politika antisozialak aplikatu dituzte, eta patronalak lan erreformei ahal zuen zuku guztia atera die.

Mahaia azkenekoz duela urtebete bildu zen, aurreko gobernua irtetear zela. Bilera hartan, iazko uztailaren 22an, akordio bat sinatu zuten, eta honek areagotu egin zuen elkarrizketa sozial honen izaera antidemokratikoa. Akordio haren asmoa zen negoziazio kolektiboan gutxiengo sindikalari gehiengoak duen pisua aitortzea.

Eusko Jaurlaritzak posizio hau babestu egin zuen, eta gainera beste urrats bat egin zuen erabaki zuenean EHAAn argitaratzea gutxiengoan sinatutako hitzarmenak; hau ordurarte izan zuen jokabidea aldatzea zen.

Ez litzateke koherentea bilera horretara joatea, aurkeztu den gai-ordenaren arabera estrategia kontinuista sakontzeko izango baita, zeina guk errefusatzen dugun. Lehen puntua izango da 2016ko uztailaren 22ko bileran Gizarte-Elkarrizketako Mahaian negoziazio kolektiboari buruz iritsitako akordioen jarraipena. Hain zuzen, akordio horren aurka mobilizatu ginen.

Gai-ordeneko beste puntu batean Gizarte-Elkarrizketako organo Iraunkor bat erakundetzea aipatzen da (hau ere 2016ko uztailaren 22an erabaki zen). Ez daukagu honi buruzko informazio zehatzik, baina urrats honekin ere parte hartzen dutenei finantzazio publikoa emateko bidea ireki liteke. Hau betidanik salatu eta kritikatu izan dugu, borondateak erosteko modu bat baita.

Gai-ordeneko bostgarren puntua da Basque Industry 4.0 estrategiaren garapena da, hain zuzen pertsonengan (enplegua eta lan harremanak) duen inpaktuari dagokionez. Eusko Jaurlaritzak ez dauka halako estrategiarik, eta estalki bat besterik ez da estaltzeko Industria sailak duen eraginkortasun eta ekinbide eza, baita Confebasken politikei ematen dien erabateko babesa ere. Honen ondorioak industriako langileek ondo asko ezagutzen dituzte, bereziki Grupo CEL, CNA Fagor, Unipapel, Ingemar, Aernnova, Ofita, General Electric, STS, Bosch, Pine, Vicrila, Energy… enpresetakoek: Lan baldintzen prekarizazioa eta enplegu suntsipena.

ELAk eta LABek gure konpromisoari eutsi egingo diogu: erakundeek aplikatzen dituzten politikak goitik behera aldarazteko lan egingo dugu. Bide hau ezin da bateratu Mahaietan parte hartzarekin, mahai horietan sindikatuen presentziak ondorio bakarra baitauka, pairatzen ari garen eskubide laboral eta sozialen aurkako erasoak babestea. Halaber, borrokan jarraituko dugu Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Esparrua finkatzeko estrategiaren alde; esparru hori blindatu egingo dugu Negoziazio Kolektiboa estataliza ez dezaten, ez da prekarizazioa dakarren ezer sartuko, soldaten erosteko ahalmena berreskuratzeko baliagarri izango da eta lan erreformatik blindatuko gaitu.
 

 

 

Kaleratzeen aurka mobilizatu gara Garagartzan

0

LAB eta ELA sindikatuok, Edesa Industrial eta Geyser Gastecheko Enpresa-batzordeetako ordezkariekin eta langileen presentziarekin, agerraldi bat egin genuen ostegunean. Aste honetarako mobilizazioak iragarri genituen, eta horietako lehena gaur egin dute langileek, Arrasateko lantegiaren kanpoaldean. Asteazkenean, 18:30ean, Arrasateko enparantzara eramango dute euren ezinegona.
 

 

 

Lan heriotzen aurka protesta egin dugu Iruñean, Lan Departamentuaren aurrean

Lau langile hil dira azken hamar egunetan Euskal Herrian, azkena Aritzun. Hala, euskal gehiengo sindikalak elkarretaratze bat egin du gaur lan heriotzak salatzeko. "38 langile hil dira dagoeneko aurten, horietako bederatzi Nafarroan. Egoera biziki larria iruditzen zaigu", adierazi du LABeko ordezkari Rosa Iriartek.